Urr 03 06

Pablo Sastreren nobela berria

Enpleguaren arbola izena du Pablo Sastreren zazpigarren nobelak. Hogeita sei urteko Mixaren hart-honatak kontatzen ditu; siberiarra da jaiotzez, eta duela urte eta erdi Andoainen bizi da. Inserzio soziolaboraleko programa bat betetzera behartu dute, bestela kendu egingo dizkiote orain dituen diruzko laguntzak. Programak sei hilabete iraungo du: formazio aldi bat, frogazko lan aldi bat, eta azkenean, agian, hartuko dute enpresaren batean. Mixaren lagun Koskak beste asmo batzuk ditu: furgoneta bat hartu eta bidea egitea. Bi zati ditu nobelak, eta zati bakoitzak bere kontalaria. Mixak bere koadernoan idatzitakoek eman diote Enpleguaren arbola izenburua nobelari.

Urr 01 06

Literaturaren literatura, izuen gordelekuetan barrena

Duela 25 urte eman zuen argitara Joseba Sarrionandiak bere aurreneko liburua: Izuen gordelekuetan barrena, Resurreccion Maria Azkue poema lehiaketa irabazi berri zuen bilduma. Europako beste literaturetatik edateko beharra, baliabide poetikoen aniztasuna eta hizkera berezi propio baten guraria ikusten ziren Sarrionandiaren lan honetan.

Urr 01 06

Madame Bovary nobelak 150 urte

Gaurkoa bezalako egun batez, duela 150 urte, Gustave Flaubert-en Madame Bovary nobela zatika argitaratzen hasi zen La Revue de Paris aldizkaria. Sei emanalditan agertu zen: 1856ko urriaren 1ean eta 15ean, azaroaren 1ean eta 15ean, abenduaren 1ean eta 15ean. Orduan bezalaxe, Literatur Emailuetan zatika eta segida berean agertuko dugu Madame Bovary euskaraz, 1993an Patxi Apalategik itzulia eta Ibaizabal argitaletxeak plazaratua. Gaur lehen emanaldia ematen dugu; hamabost egun barru, jarraipena. (gehiago…)

Ira 27 06

Jim Thompson-en jaiotzaren mendeurrena

1906ko irailaren 27an, duela100 urte, jaio zen AEBetako Oklahoman Jim Thompson idazlea, eta 1977an hil. Bere herrian hasieran arrakastarik izan ez bazuen ere, genero beltzaren maisutzat hartzen da gaur egun, askoren ustez Hammett eta Chandlerren pare. Euskarara ere ekarria izan da Jim Thompsonen lana: 1.280 arima (Elkar, 1986) Xabier Olarrak euskaratua, Ihesa (Igela, 1991), Juantxo Zigandak euskaratua, eta Emakume demonioa (Elkar, 1994), Idoia Gillenea euskaratzaile duela. Azken bi hauek osorik eskaintzen dizkizugu. Udazken honetan, bestalde, Miel Anjel Elustondok itzulita, Igelak Hiltzaile bat nire baitan kaleratuko du. (gehiago…)

Ira 24 06

Chuck Palahniuk: Nihilista? Erromantikoa

Mendebaldeko egungo gizartearen satira zorrotz jorratzen duen idazlea da Chuck Palahniuk, zinemak mundura hedarazitako Fight Club nobelaren egilea, besteak beste. Gerora ezagun bakarrik ez, ikono eta guru ere bilakatu da. Belaunaldi oso baten ordezkaria da: Bret Easton Ellis, Irvine Welsh eta Douglas Couplandekin X belaunaldia eramaten edo ekartzen omen du lerroetara. Satirarako duen gaitasunak harritzen du bere liburuetan. Hauntedda bere azken lana.

Ira 21 06

Jon Aranoren poemak

1985ean argitaratu zuen Susa argitaletxeak Jon Aranoren Bileterik gabe poemarioa. Ahots kritiko eta mutiria zekarren plazara, baina ez estilorik gabea, ez zalaparta hutsa, idazlearen garaiko oihua izanagatik ere, jantzi klasikoagoez ere janzten bazekiena. Aranoren poesiaren oihartzuna Malezia sorta liburuak berretsi zuen (Susa, 1990), eta 2002an XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman jaso zen haren poemen antologia bat. Hemen irakur dezakezu.

Ira 21 06

Bernard Larregiren lanak

Bi liburutan kaleratu zuen Bernard Larregik Royaumonten Biblia ospetsuaren euskal bertsioa, biak izenburu berarekin: Testamen Zaharreko eta Berriko Historioa. Guztiarekin ere, argitaratze orduko premiak zirela eta, lehen liburukian (1775) argitaratu ez ziren Testamentu Zaharreko hainbat atal ere eskaini zituen printzipioz Testamentu Berriari bakarrik zegokion bigarren liburuan (1777); horrezaz gainera, saindu batzuen bizitzak ere erantsi ziren bigarren liburuki hartan. Nahasmendu hori guztia gogoan harturik, eta horrelako testuei zor zaien begiruneari inolako traiziorik egiten ez zaiolakoan, Klasikoen Gordailuak hiru multzo desberdin baina trinkotan banatu du Larregiren obra guztia: Testamentu Berriaz diharduena, Testamentu Zaharrari dagokiona eta, azkenik, sainduen bizitzez ari den atala. Jadanik sareratuta dagoen Testamen Berriko Historioa (1777) delakoari, bada, Testamen Zaharreko Historioa (1775-1777) eta Zenbeit sainduen bizitzea (1777) eransten zaizkio gaurkoan, hiruak liburu desberdinak balira bezala. Parada ezin hobea, beraz, lehenago emana ez genuen Abisua irakurtzailleari delako proemiotik hasi eta Larregiren hizkuntz bizitasuna dastatzeko.

Ira 14 06

Juan Kruz Igerabideren poemak

XX. Mendeko Poesia Kaierak bildumak Juan kruz Igerabideren poemen antologia jaso zuen 2002an. Hainbat jenerotan jarduna —narrazioak, saiakera, eleberria, aforismoak—, poesia du bere literaturgintzaren zutabeetako bat Juan Kruz Igerabidek, eta bereziki nabarmentzekoa da haur eta gazteentzako poesiaren alorrean egindako lana. Ildo horren arrastoekin, ahots propioa garatu du idazleak bere poemarioetan: Notre-Dameko oihartzunak (Elkar, 1984), Bizitzarekin solasean (Elkar, 1989), Sarean leiho (Alberdania, 1994) eta Mailu isila (Alberdania, 2002). Hona hemen Susak kaleratu zuen Poesia Kaiera.

Ira 14 06

Mendibururen idazlan guztiak sarean

Sebastian Mendibururen idazlan guztiak sareratzeko xedea bete nahi du gaurkoan Klasikoen Gordailuak. Hori zela eta, oiartzuarraren Euskaldun onaren biziera (1762) liburua eta hainbat irakurlek faltan nabari zuten otoitzgaien sorta mardula (Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I) (I) —1759, 1904—, Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II) —1760, 1904— eta Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III) —1760, 1905—) erantsi zaizkio orain arte eskainitako idazlanen zerrendari. Erlijiozko literaturaren zaleek ez ezik, hizkuntzaren dastatzaileek ere badute non bazka, beraz

Ira 13 06

Literatur Emailuen bloga

2002ko urtarriletik astero igorri ditugu literatuaren inguruko albiste eta ekitaldien iragarpenez osatutako Literatur Emailuakbidalketa guztiak ikusgai dituzu—. Aurrerantzean, orain arteko Emailu bakoitzeko albiste guztiak batu eta Emailuen bloga izango dugu; astero astero elikatuko duguna. Hamaika sail ezberdinetan, hemendik aurrera ere; orain arte bezala, literaturaren inguruko albiste, argitalpenen berri, efemerideen gaineko lotura eta literatur ekimen ezberdinen agenda osatuko dugu. Blogean gainera, susa-literatura.eus eta armiarma.eus guneetako informazio gehiago (Kritiken hemeroteka, nazioarteko efemerideak…) izango ditugu eskura.

Ira 10 06

Leonard Cohenen erorkizuna

Kantu egile gisa goretsia, idazle gisa erdeinatua. Abeslari baino lehen poeta, abestiak egiterakoan ere poeta. Mende erdi bete da Leonard Cohenek Let us compare mythologies poema liburua kaleratu zuenetik.

Ira 07 06

Pako Aristiren poemak

Narratiba eta kazetaritza lanekin batera, poesiak aparteko tokia du Pako Aristiren literatur lanean. Iraileko ipuin eta poemak (Elkar, 1989) liburuan publikatu zituen lehen poema haien ondotik, segida xamarrean kaleratutako bi poemarioek —Castletown (Erein, 1996) eta Oherako hitzak (Erein, 1998)— erakutsi ziguten Aristiren poesigintzaren ildo nagusia: egunerokotasuna, bizitzea, amodioa, konpromiso etikoa… Bere poesiarik narratiboena dakar Libreta horiko poemak (Susa, 2003) lanak,  kaleratu duen azken poema liburuak. 2001ean XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman kaleratu zuen Susak Aristiren poemen antologia batOsorik eskaintzen dizugu orain.

Abu 31 06

Nagib Mahfuzen heriotza

95 urte zituela hil da, 2006ko abuztuaren 30ean, Kairon noski, Nagib Mahfuz idazlea. XX. mendeko Egiptoko idazle eta intelektual inportantea, Mirarien karrika liburua medio ezagutu da, hein handi batean, Mendebaldean, eta batez ere 1988an Nobel saria jaso zuelako. Ipuinak idazten hasitakoa, 1947koa da Mirarien karrika, eta 50eko hamarkadakoa bere obrarik esanguratsuena, Kairoko Trilogia (Bi jauregien artean, Azukrearen kalea, Desiraren jauregia). Lehenago hasitako eleberri historikoak utzi eta arlo sozialagoko narrazioetara lerratua zen Mahfuz. Gerora beste hainbat eleberri, ipuin-bilduma eta filmetarako gidoi idatzia da literatura arabiar modernoaren aitatzat jotzen den Nagib Mahfuzek (Lapurra eta zakurrak; Miramar…). Euskaraz ere irakur daiteke. Patxi Zubizarretak ekarri du euskarara Mila eta bat gauen gauak, eta Txalapartak kaleratu 2006ko maiatzean. Mirarien karrika ere, Literatura Unibertsala bildumakoa, euskaratua du Zubizarretak, aurten argitaratuko dena.
Mila eta bat gauen gauak liburua eskaintzen dizugu.

Abu 31 06

Joseba Sarrionandiaren poemak

Unibertso bakarra akaso, baina mundu diferenteak aurki daitezke Joseba Sarrionandiaren poemetan. Mundu diferenteak edo munduari begiratzeko modu diferenteak. Izuen gordelekuetan barrena (BAK, 1981) poemariotik hasi, eta Marinel zaharra (Elkar, 1987) eta Gartzelako poemak (Susa, 1992) liburuetan barrena, Hnuy illa nyha majah yahoo (Elkar, 1995) obraraino. Bilakaera bat, eta baita bilaketa bat ere. Horien guztien antologia irakur dezakezu Susa argitaletxeak kaleratutako XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman, Sarrionandiaren poemen antologian.

Abu 24 06

Iñigo Aranbarriren poemak

XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman jaso zen Iñigo Aranbarriren poemen antologia. Jonas Poisson (Susa, 1986) eta Dordokak eta Elurrak (Susa, 1989) poemarioekin hasitako bidearen sendotzea ekarri zuen Harrien lauhazka (Susa / Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa, 1998) lanak. Euskal poesiaren alorrean erreferentzia, beste hainbat jenerotan ere jarduna da (eleberria, kronika, saiakera). Hemen daukazu Iñigo Aranbarriren Kaiera osorik.

Agenda

Efemerideak

Kritikak