Eka
13
07
Debekuaren ostean, 1977an Jakin aldizkaria atzera plazaratu zenean, liburuei eskainiriko atala zeukan, eta horren baitan liburuen kritika jasotzen zuen atala, Ibon Sarasolak gidatua. Gerora Jon Kortazarren ardurapean jarraitu zuena, 1980ko hamarkadako erdira arteko liburu produkzioaren azterketa egin zuen. Garai honetan euskal literaturan oso esanguratsuak izan diren liburuen komentarioa egin zen aldizkarian (Ene Jesus, Guardasola ahantzia, Bizipenen bultzadaz, Termitosti, Etiopia, Elsa Scheelen, 100 metro, Zergatik panpox…), kritika hutsetik haratago liburuaren azterketa artikuluak baitira. Hemen eskaintzen dizkizugu. (gehiago…)
Eka
12
07
Beobideko Frai Krispin frantziskotarraren bi lan datoz gaurkoan Klasikoen Gordailua aberastera, biak urte berean kaleratuak: 1885ean. Alde batetik, “gure Aita len santu, Franziskoren bizitza labur” eta “txikia baña txit ona” eskaintzen du Asisko loria izenburua daramanak. Bestalde, Jesus Aurraren bederatzi-urrena izenburua duen liburua “gure Jesus aurraren maitatzalliai” zuzenduta dago eta bederatzi egunean egiteko bederatziurren ezin interesgarriagoa eskaintzen dio irakurle piadosoari. Jakina, irakurle, probetxurik aterako badiezu, bi-biak irakurri beharko zenituzke “ez nola nai, ez arinki, baizikan geldi ta arretarekin bera al dezun moduan iduritzeko, imitatzeko asmuarekin”.
Eka
10
07
Imre Kertesz, Gyorgy Konrad edo Danilo Kisen akuilukide. Kertesz eta Konrad hungariarrak, Kis serbiarra, Norman Manea (Bukovina, 1936) errumaniarra. Lau ipuin ilun eta itogarri irakur daitezke Tusquets argitaletxeak kaleratu berri duen “Felicidad obligatoria” (“Fericirea obligatorie”) liburuan.
Eka
06
07
50 urte bete zituen 2006an Jakin aldizkariak, 50 urte euskal kulturaren sustapen eta zabaltze lanean. Eta literatura garrantzitsua izan da 50 urte horietan, euskal kultura eta hizkuntzaren adierazpena den aldetik. 1956an Hugo Wast-en Bide ezkutua liburuaren kritika plazaratu zuenetik, 50etik gora izan dira aldizkariak argitaratu dituen liburu kritika eta komentarioak: iruzkin laburrak batzuk, literatur eta estilistika azterketa sakonak asko, ika-mika sorturiko artikuluak zenbait. 1980ko hamarkadara bitarteko hainbat libururen azterketa jaso izan du Jakin-ek, polemika entzutetsu zenbait tarteko. 1980ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, kritikagintza beste aldizkari eta egunkarietan sendotzen hasten delarik, jaitsi egingo da Jakin aldizkarian ere. Hemen dituzu Jakin-ek berak lehen aroa deitzen dion epean, 1977ra bitartekoan, plazaratuak. (gehiago…)
Eka
05
07
Bigarren liburua zuen Zerura igotzeko Joxean Sagastizabalek, Susarekin 1986an kaleratua. Aurreko urtean Jolasean plazaratua baitzuen Hordago argitaletxearekin. Ipuinak dira, itxuraz eta errekurtso narratiboei dagokienez haur literaturakoak direla ematen dutenak, Zerura igotzeko honetan Sagastizabalek dakarzkigunak. Baina helduoi zuzendutako narrazio laburrak dira. Imajinazioari atea irekita osatutako hamar ipuin. Hementxe dituzu denak.
Eka
03
07
“Beat” belaunaldikotzat hartzen dute katalogo eta antologietan, baina gorroto zituen “beat”-ak. Azalean gelditzen omen ziren. Behatzaile, irakurle, artista: poeta zen Kenneth Rexroth (1905-1982). Ekainaren 6an 25 urte beteko dira hil zela. San Frantziskoko (AEB) berpizkunde kulturalaren motorretako bat izan zen. Eta idazle fina.
maiatza
31
07
Jon Mirandek 27 urte zituela, Andima Ibinagabeitiak elkarrizketa egin zion Parisen 1953ko otsailean. “Poema liburua orrazten ari omen zara, Jon, laster argitaratzeko”, eta Mirandek: “Bai, egia da (…); poematan irauli ditut nere maitasun, maitakeria, sinesmen eta sineskeriak. Filosofiari buruz ere nerak oro jaulki ditut, neuk entelegatu eta pentsatu bezala. Hantxe irauli ditut nere atsegin eta etsipenak ere (…); ene barne egia izan daitezen ahalegindu naiz. Hori bederik iritsi dut, zenbait eskandalizatuko badira ere”. Baina liburua ez zen inoiz plazaratu. Mirandek aldizkarietan argitaratu izan zituen poemak eta eskuizkribuak idazlea hil ostean agertu ziren liburura ekarrita (Andolin Eguzkitzaren, Txema Larrearen eta Xabier Olarraren edizioetan). Klasikoen Gordailuan Miranderen poemak batu ditugu, eta baita ere hogeita bat artikulu (1951-1962).
maiatza
30
07
Irri egiteko nobela duzu Amaia Ezpeldoi detektibearen abentura berria, akzioz mukuru betea. Jalgi hadi plazara nobela groteskoa da itxuraz, baina funtsean erromantikoa eta melankolikoa. Ezpeldoik mandatu misteriotsu bat izan du: Iparraldeko euskaltzain apez bat aurki dezan, ez baita ageri onomastika bilkura batera Bilbora joan zenez gero. Bilbon laguntzaile bizkorrak elkartuko zaizkio Amaiari: bere maitale Carmen idazlea, honen adiskide Estevez ertzaina, honen ezagun Zokil neska gazte armatua, eta Haizemin abeslari transexuala. Berehala ohartuko dira ez dela euskaltzain bakarra falta dena, lau baizik! Itxaro Bordak ekainaren 1ean (ostirala) 10:30etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan nobela aurkeztu aitzin, lehen bost kapituluak eskaintzen dizkizugu. Argitaldaria: Susa.
maiatza
30
07
Laugarren eleberria zuen Joxemi Pablo Sastrek, eta Kontuak ipuin-liburua ere argitara emana zuen. Joxemik Euskal Herria utzi behar du, Polizia segika duela, eta bidaia hasten du borrokakide batzuekin. Eta bidaia horretan hainbat herri zapaldutan egiten du geltokia, hainbat injustiziaren lekuko da. Bere idazkera blaitzen duen freskotasunaren mesedetan, ahozkotasunaren aldeko apustua egin zuen Pablo Sastrek, dialogoen bitartez istorioaren ekintza garatzen duen liburuan. Hemen daukazu Joxemi osorik.
maiatza
27
07
Anagrama etxeak Ricardo Pigliaren “La invasión” berrargitaratu du. Orduko hamar ipuinei zazpi gehitu dizkie egileak: aldizkarietan kaleratutako bost, eta guztiz plazaratu berriak diren bi.
maiatza
23
07
Inork argitaratu nahi ez eta, azkenean, Gabriel Arestiren eskutik Lur argitaletxeak 1970ean argitaratutako Haur besoetakoa nobela dakarkigu Klasikoen Gordailura. Eleberria gipuzkeraz idatzi zuen Jon Mirandek, eta 1959an Andima Ibinagabeitiari bidaltzean honela azaldu zion: “Berrogeita hamar bat orrialde dauzka makinaz joak (…); maitasunezko ipuin-berri bat da (…); koformistek eta ergelek esango lukete noski abnormal den maitakeria bat kontatu dudala (…); ez dut uste euskaldunek abegi onik egingo diotenik (…); Mitxelenari igorri nion ea Egan-en argitararazi nahi zuenentz edo beste nonbait, liburuxka baten forman, zentsurari ihes egiteko bide bat aurki baleza. Ez dit oraindik jakinarazi zerbait aurkitu duenentz; zail baino zailago izango dela irudiarazi dit ordea. Zuk beharbada Amerika horietan publikatzeko bide bat atzeman zenezake?”. Gipuzkerazko bertsio hura ere ekarri dugu Gordailura, eta bide batez baita ere Miranderen ipuinak eta narrazio itzulpenak, 1951-1963 bitartean plazaratuak.
maiatza
22
07
Biotz-begietan argitaratu zela 75 urte bete direnean, gerraurreko kritikak batu ditugu duela bi aste. Gerraostean ere sortu zen eztabaida berririk. Lizardiren poesiaz Koldo Mitxelenak esandakoen harira, Orixe eta Gabriel Aresti poetak mindu egin ziren. Mitxelenak 1960an: “la más alta cima de la lírica vasca (…) es extraño que su poesía sea personal”. Orixek 1961ean Mitxelenari erantzunez: “Lizardik bertso-gaia bere-bereki du”. Eta Arestik 1964an: “Mitxelena jauna barkatu beharko dut, nire bihotzean ilusio deseagarri bat hiltzeko arriskuan jarri baita”.
- Historia de la literatura vasca,
Koldo Mitxelena, 1960
- Lizardi, Orixe, 1961-05-28
- Lizardi, poeta, Gabriel Aresti, 1964-04-19
- Lizardi, euskaldun, Gabriel Aresti, 1964-08-02
maiatza
21
07
Gizaeuropa izeneko bi osagaiak aurkituko ditu irakurleak Joseba A. Urizar eta Omar Nabarroren Gizaeuropa (Susa, 1986) poema liburuan: gizakia eta Europa. Inoiz, Aintzina, Geroago, Oraintsu, eta Beti ataletan banatuta, Europako mitologia eta historian une garrantzitsuak izandakoen inguruko poemak dira lehen ataletakoak, beti ere gizakien iragazitik pasatutako historia. Pertsonaia historikoak dituzte oinarri hurrengo ataletan poemek: Lenin, Bertrand Russell, Friedrich Nietzsche, Albert Einstein. Europako gerrak —nolabait beti izan den bortxazko egoerak— hartzen du, azkenik, Beti izeneko azken atala. Osorik eskaintzen dizugu Gizaeuropa liburua.
maiatza
20
07
30eko hamarkadan laudatua, urte luzetan ahaztua. Hollywoodeko gidoilari kaskar gogoratzen zuten gehienek. Bukowskik, saldu zutenean, argitaletxez ez aldatzeko, John Fanteren (1909-1983) lanak argitaratzeko baldintza jarri zuen. Charles Bukowskik benetan gogoko zituen Fanteren lanak. Errealismo zikinaren aita, Bartzelonako Anagrama argitaletxeak “West of Rome: Two Novellas (Al oeste de Roma)” liburuarekin, Coloradon jaiotako idazlearen obra guztia argitara ekarri du.
maiatza
16
07
Emankorra izan zen 1930eko hamarkada euskal literatur produkzioaren alorrean, bereziki poesia atalean, mugarri gertatu diren liburu batzuen argitalpenarekin (Bide barrijak, Biotz-begietan, Barne muinetan…), Euskaltzaleak elkartearen lanagatik, antolatu zituen poesia egunak… Eta zurrunbilo horren isla da literatur kritika. Garaiko egunkari eta agerkarietan plazaratua —gehienbat Euzkadi, Argia, El Día—, liburuen kritikaz gain, poesi egunen kronikak, poemen azterketak, estilo literarioen inguruko gogoetak… Gure poemagintza eta literaturari buruzko konpendio oso bat burutu zuten. Zornotzako Udalaren ekimenez eta Labayru argitaletxeak 1996an kaleratua, Koldo Izagirrek eta Iñigo Aranbarrik aztertu eta bildu zituzten artikuluok. Lehenago Bide barrijak eta Biotz-begietan liburuei zegozkienak eman ditugula, hona hemen gainerakoak —90etik gora—, liburu oso esanguratsuen komentarioak barne direla —Biozkadak, Barne muinetan, Aberri oyuak…—. (gehiago…)