Urt 29 08

Antzerti aldizkaria Armiarman

Xabier Lizardik jarri zion izena: Antzerti. Ixaka Lopez Mendizabalek moldiztegia eta babesa. Eta gogoa eta gidaritza Antonio Maria Labaienek. Eta halaxe, 1932ko urtarrilean hasita, 1936ra bitartean, 54 zenbaki (hainbat bikoitzak) plazaratu zituen Antzerti aldizkariak, euskal antzerkigintzaren erreferentzia ezinbesteko bilakatuz. 46 obra bildu zituen, antzerki lanak, bakarrizketak, hizketaldiak. Euskarazko jatorrizkoak gehienak, baina baita euskaratuak ere. Eta garai hartako izen ezagunak: Toribio Altzaga, Xabier Lizardi, Andoni Arozena, Antonio M. Labaien, Tene Mujika, Joseba Zubimendi, Jose Markiegi…

Artean Antonio M. Labaien bera aurkezpena egitera animatu zela, 1982an berpiztu zen Antzerti aldizkaria, Eusko Jaurlaritzako Antzerti Eskolaren babespean oraingoan. Eta 1985 bitartean beste 29 zenbaki kaleratu, 30 antzerki lan zekartzala, euskal autore klasiko eta berriez gain, euskarara ekarriz literatura unibertsaleko hainbat egile: Carlo Goldoni, Jean-Paul Sartre, William Shakespeare, Dario Fo, August Strindberg. Armiarmara ekarri dugu Antzerti aldizkaria, eta osorik eskaintzen dizkizugu zenbaki guztiak, beren obra, albiste, iragarki eta komentarioekin, eta baita kaleratutako ale guztien irudi faksimile banarekin.

Urt 24 08

Itxaro Bordaren
Zeruetako erresuma

Mende bortitz baten erretratua egin zuen Zeruetako erresuma liburuan (Susa, 2005) Itxaro Bordak, Otsabideko jendeak XX. mendea nola bizi izan zuen idaztean. Emigrazio eta gerla sasoi makurretan korapilatu zituen herri oso baten zoritxarrak eta bozkarioak hamasei istorioren bidez, eta horietatik bitan pertsonaia guztiak elkartuz: hileta egun batez eta ezteietan. Zeruetako erresuma osorik eskaintzen dizugu orain.

Urt 17 08

Laurent Diharasarriren lanak

Eliza katolikoa hain mugitua dagoen honetan, egoki iritzi dio Klasikoen Gordailuak Diharasarriren idazlanak eskaintzeari. Oraingoan, bada, haren Erlisionearen ixtorioa (1890) izeneko itzulpena dator lehendabizi, non munduaren hasieratik hona igaro diren sei mila urteen historia eskaintzeaz gainera, egungo egunean Elizak dituen “etsairik gaixtoenak” ere identifikatzen baitira. Giristino legea laburzki (1892) izeneko katixima gisakoan, bestalde, “Erlisionearen irakaspenik beharrenak” biltzen dira oro har. Azkenik, “laguntza berezi baten sari” idatzitako San Antonio Paduakoa (1897) lan hagiografikoarekin batera, Aphezen dretxoak eta eginbideak eletzionetan (1890) lantxo zoragarria dakarkigu Orzaizeko erretoreak. Aski garbi erakusten da bertan nola baliatu behar duten apaizek hauteskundeen bidea. Honela dio Diharasarrik, Erromako buruaren hitzak baliatuz: «Giristinoek sustengatu behar dituzte zuzentzat ezagutuak diren, eta Eliza katolikoaren alderdia atxikiko duten gizonak; eta sekulan, zer nahi arrozoin izan dezaten, ez zaiote haizu, hek utzirik, hautatzea erlisionearen kontrako gizonak». Epe laburrean orainaldi bilakatuko den etorkizunak esan beza!

Urt 15 08

Poli argitaratu zela 50 urte

Gazte literaturako gure klasikoetako bat da Poli pertsonaia, Augustin Anabitartek sortu eta orain dela 50 urte Kuliska Sortan argitaratu eleberrikoa. Honela aurkezten du narratzaileak lehen kapituluan hamabost urteko donostiarra: “Umezurtza zen, oso bizkorra mutila. Bazirudien –ezin litekeena– noizbait hogei urte izan eta, gehitu beharrean, gutxitu egin zitzaizkiola urteak. (…) Bihurria mutila; zer galarazi huraxe egin behar. Norbaitek, mendian behera, “agur, mutil” esaten bazion, ezta erantzun ere. Bera ez zen mutila. Bere adineko mutilak, guztiak gutxiesten zituen eta hutsagatik zartakoa eman. (…) Ahal izanez geroz, noiznahi jaten zuen, ez zuen otorduetako garai jatorrik; lo, edozein bazter ezkutuan. Inork begiak itxita ikustea nahi ez. Lana, nahi zuenean. Batzuetan, kaiko harrikatz puska haundiak zangoz bultzatuz uretara bota, gauez; eta hurrengo goizean larru-bizirik murgildu, harrikatza atera eta saldu egiten zuen. (…) Poli Donostian jaio beharrean, txinatarren artean jaio izan balitz, itsaslapurra. Oraindik pataria (kontrabadista) izan zitekeen”.

Urt 09 08

Simone de Beauvoirren jaiotzaren mendeurrena

Duela 100 urte jaio zen, 1908ko urtarrilaren 9an, Parisen, Simone de Beauvoir. Idazlea, pentsalaria, eragile soziala, XX. mendeko pertsonaia nabarmenen artean tokia egina du paristar emakumeak. Saiakera eta literaturaren alorrean hainbat lan egindakoa, feminismoari egindako ekarpenak gogoratzen zaizkio batik bat, eta, bizitza osoan bere emakumetasuna aldarrikatu zuenari, Jean Paul Sartrerekiko (eta existentzialismoarekiko) harremana. Eleberriak, saiakerak eta memoria liburuak idatzi zituen, baina euskaraz bakarra irakur daiteke: Besteen odola. Ibaizabalek Literatura Unibertsalaren bilduman kaleratua, Oier Alonso Etxebarriak euskaratua, osorik eskaintzen dugu. (gehiago…)

Urt 03 08

Jean Pierre Arbelbide, erlijio dibulgazioaren gailurra

Idazlari handi bat dakar aste honetan Klasikoen Gordailuak: Jean Pierre Arbelbide. Lafitteren arabera, haren euskara Axularrena berarena baino ederragoa omen da batzuetan. Iritzi eta gustu kontua izango da, jakina, baina dudarik ez dago XIX. mendeko erlijio dibulgatzaileen artean gailenetakoa dugula baxenafarra. Hala ote den ebazteko, hementxe dituzu haren bi obra handi: Bokazionea (1887) eta Erlisionea (1890). Aurrez sarean zegoen Igandea edo Jaunaren egunarekin batera, Arbelbideren obraren zatirik nagusiena biltzen dutenak.

Abe 26 07

Napartarra eta Amayur Euskal Prentsaren Lanak webgunean

XX: mende hasierako Nafarroako euskarazko prentsaren bi erakusle esanguratsu dira Napartarra eta Amayur. EAJren abaroan sortua, 1911ko urtarrilaren 8an abiatu zen Napartarra, elebiduna. 1917ko ekainetik azarora bitarteko etenaldi batekin (Salvador Garijo zuzendariaren heriotzarekin batera), 1919ra arte iraun zuen. Euskarazko testuak idazten Larrekok pisu handia izan zuen, eta baita 1918 eta 1919an zuzendari izan zen Jose Agerre Gurbindok. Azpimarratzekoa da “Lili-artean” saila, euskaraz emakume abertzaleei zuzenduriko atala. Nafar gizartean nor ziren beste hainbat sinadura ere ikus daitezke agerkarian, gaztelaniazko artikuluetan: Joaquin San Julian sortzailea, Urmeneta, Cunchillos, Esparza, Aranzadi, Urtasun… (gehiago…)

Abe 19 07

Jose Inazio Aranaren lanak

Klasikoen Gordailuan ez da ezezaguna Jose Ignazio Arana azkoitiarraren obra, aspaldi sareratu baitziren San Ignazio Loiolakoaren bizitza laburtua (1872) eta Bai, pekatu da liberalkeriya (1888) idazlanak. Oraingoan, beste hiru lan interesgarri jartzen dira irakurlearen eskura: batetik, Jesusen Bihotzeko Kongregazioko otoitz eta kantez ehundutako Liburutxoa (1870); bigarrenik, Amabirjinaren bitartez urtetako indulgentziak irabazteko ere balio duen Ofizio laburra (1872) izeneko debozio-liburua, “latinezko itz neurtuetatik euskerazko zorzikoetara itzulia”; eta, azkenik, irakurtzeagatik bakarrik berrogei eguneko indulgentziak eman ditzakeen Loiolako oroitza txiki bat (1888), Loiolako etxejaunez, santuaren bizitzaz eta otoitzez egindako remixa. Hiru lanok, jakina, “Euskal-erriaren erdi-erdiko” euskaran idatziak daude.

Abe 18 07

Ezinezko maletak nobelaren hiru kapitulu alemanez

Elkarrekin haserreturik dabiltzan hiru lagun nafar Londresera iritsi dira, hileta batera joanak, koadrilakoa izandako laugarrena (Carlos) hil egin baita han. Horrela abiatzen da Juanjo Olasagarreren Ezinezko maletak (2004, Susa). Nobelaren lehen hiru kapituluak alemanez jarri ditu Gabriele Schwabek; Fermin, Harakin eta Jexus Mari nor bere ikuspuntutik gertakariak kontatzen.

Abe 12 07

Telesforo Monzonen Menditarrak antzezlana

Otea goitizenez sinaturik, Telesforo Monzonek bere antzezlan ezagunena argitaratu zuen orain dela 50 urte Euzko-Gogoa aldizkarian: Menditarrak. Ilegorri eta Begibeltz artzainak dira protagonistak, eta azken honen alaba Maialen eta Jakes senargaia.

Abe 11 07

Macbeth euskaraz
duela 50 urte

William Shakespeareren Macbeth euskaratu eta Euzko-Gogoa aldizkarian argitaratu zuen 1957an Bedita Larrakoetxeak, Argentinako erbestealdian. Euskal Esnalea aldizkarian agertu zituen bere lehen itzulpenak Larrakoetxeak, grekeratik. Exilioan Shakespeareren lanak euskaratzeari ekin zion eta denera 37 obra itzuli zituen.

Abe 04 07

Juan Jose Mogelen idazlanak

Aspaldi sareratua zuen Klasikoen Gordailuak Juan Jose Mogel debatarraren Baserritar nekezaleentzako eskolia (1816). Orain, berriz, liburu hartan oinarritutako bigarren bertsioa kaleratu nahi du. Halaz ere, Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia (1845: 1991) liburua, teorian bestearen bigarren edizioa izan behar zuena, aski aldatua argitaratu zen Gasteizko inprimategian. Mogelek berak ematen du horren arrazoia: “Bigarren aldiz urteten dau argitara liburutxu onek […] zelan denporeen gora beraak agertu oi ditubeen premiña barrijak, geituten jakoz gauza asko ta ikasbide txito biarrak, eldu garian egun negargarrijetarako”. Baserritarrei zuzendua, bertan dotrina-gaiak tratatzen dira pertsonaien arteko elkarrizketak nabarmenarazten dituen oinarri-oinarrizko ehundura narratibo baten barnean. Larramendik erlijio-gizon erdaltzaleen aurka irekitako lubanetatik, Juan Jose Mogelek Peru Abarka (= baserritar) ororen berezko jakintzaren inguruko tesi kontraesankorra baliatzen du izenburuan bertan. Amaitzeko, bazkalburuko gisara, Egunoroko lan-on ta erregubak (1820) idazlana eskaintzen da. Esan gabe doa, irakurle, “liburu onetan ikasi daikezu zeure bizi moduba zuzenduteko biar dana”.

Aza 28 07

Haragia, Eider Rodriguezen bigarren ipuin liburua

Hamabi narrazioz osatuta dago Eider Rodriguezen bilduma berria, eta liburuko lehen kontakizunak eman dio izena: Haragia. Aiztoaren ahoan ebakitzeko kinkan diren pertsonaiak dituzu ipuinotan: bizi-aldi berri baten atarian, harreman gatazkan gainbehera, urraduran ezpala sartuta. Narratzaileak gaiztoz eta krudel gobernatzen ditu gehienetan, gupida higatu batez noiztenka. Haragia abenduaren 3an (astelehena) 11:00etan aurkeztuko du Susa argitaletxeak.

Aza 22 07

Gotzon Barandiaranen poema liburu berria: Katamalo

Duela bi urtetik hona gorpuzten joan den poema bilduma da Katamalo. Zer ezkutatzeko mozorrotzen gara, horixe izan zuen lehen bulkada Gotzon Barandiaranen bigarren liburu honek. Kantuaren ederra eta bertso librean indar espresiboa maneatuz apailatua dator. Liburuko poema batzuk abesti bihurtu dira; adibidez, Iruntzi dana izenekoa, bihotz bakartien klubak Gor disketxearekin grabatua.

Aza 21 07

Jose Ignazio Gerrikoren Saiakera

Euskal Literaturaren Historian beste askotan suertatu legez, Jose Ignazio Gerrikoren Kristau doktriña guztiaren esplikazioaren saiakera liburuak ere egilea hil arte itxaron behar izan zuen argia ikusteko aukera izateko. Eta orduan ere ez zen kaleratu, aurrikusi bezala, 1850ean, Agirre Asteasukoaren Erakusaldiak bildumarekin batera, zortzi urte beranduago baizik. Azkenean, halere, emakume aberats baten pietateak eta diruak gauzarazi zuten segurarraren asmoa. Guztiarekin ere, zorte txarrago egokitu zitzaien Gerrikoren beste lan batzuei, argitaratu gabe geratu baitziren bazterren batean galdurik. Parrokoei zuzendua, hogei minututan garatzeko sermoi gisakoek osatzen dute gaurko saiakera mardul hau. Argitaratu bezala eman nahi du Klasikoen Gordailuak haren lana, hots bi liburukitan banatua: Kristau doktriña guztiaren esplikazioaren saiakera (1) eta Kristau doktriña guztiaren esplikazioaren saiakera (2) (1805: 1858)

Agenda

Efemerideak

Kritikak