Abe 26 07

Napartarra eta Amayur Euskal Prentsaren Lanak webgunean

XX: mende hasierako Nafarroako euskarazko prentsaren bi erakusle esanguratsu dira Napartarra eta Amayur. EAJren abaroan sortua, 1911ko urtarrilaren 8an abiatu zen Napartarra, elebiduna. 1917ko ekainetik azarora bitarteko etenaldi batekin (Salvador Garijo zuzendariaren heriotzarekin batera), 1919ra arte iraun zuen. Euskarazko testuak idazten Larrekok pisu handia izan zuen, eta baita 1918 eta 1919an zuzendari izan zen Jose Agerre Gurbindok. Azpimarratzekoa da “Lili-artean” saila, euskaraz emakume abertzaleei zuzenduriko atala. Nafar gizartean nor ziren beste hainbat sinadura ere ikus daitezke agerkarian, gaztelaniazko artikuluetan: Joaquin San Julian sortzailea, Urmeneta, Cunchillos, Esparza, Aranzadi, Urtasun…

Euskarazko prentsak Nafarroan hutsunea izan zuen II. Errepublika garaian Amayur astekaria eta Diario de Navarra-ren euskarazko atala kaleratu ziren arte. Euzko Alderdi Jeltzalearen bultzadapean sortua Amayur, Jose Agerreren ekimena atzean zeukala, euskaraz idazten zutenen artean Fermin Irigarai Larreko eta Joseba Azkarate daude. 1931ko maiatzaren 23tik 1936ko uztailera bitartean kaleratu zen, 1934ko urritik 1935eko azarora etenaldia izan zuela (Pachot jeneralaren “ordeno y mando” baten kausaz).

Jose Agerre Santesteban, idazle eta militante jeltzalea, izan zen proiektu bietan jardundakoa. Diario de Navarran euskarazko atala idazten hasia, alderdiaren baitan eta prentsaren alorrean jardun zuen gerraren etena iritsi zen arte. Idazle ere izana, Joxemiel Bidadorrek bildu zituen liburu batean Agerreren gerra osteko olerkiak: Jose Agerre Santesteban. Gerra ondoko olerki-lanak (1949-1962)

Euskal Prentsaren Lanak webgunera ekarri ditugu bi publikaziootako euskarazko orrialdeak, euskal prentsaren ondarea aberastera datozenak.

Agenda

Efemerideak

Kritikak