Anjel Lertxundiren estreinakoa
Hunik arrats artean (1970), Anjel Lertxundiren estreina publikoa, “ipuin” hitza etnografiaren, kostunbrismoaren eta literatura pedagogikoaren menpekotasunetik atera eta genero autonomo baten adierazle bihurtuko zuten hamasei ildo edo hamasei ereduren bilduma dugu: hasi eta bukako fikzio labur libreak, norberaren bizikizunetan edo garaiko errealitatean, baita linguistikoan ere, oinarrituak. Bilduma hau modernotasun saio bat izan zen, aurreneko ipuin liburua Hegoaldean. Anjel Lertxundik gure literaturari ekarri zion arnasa, besteak beste, irakurlea garaiko korronte estetiko nagusietan kokatu zuelako genuen berri. Ipuingintzaren gaztetze hau Lur editorialak Euskal Elerti 69 argitaratu zuen bilduman atzeman zitekeen, baina Lertxundirena ezinbesteko froga izan zen generoaren aldarrian: ikuspuntua, pertsonaiak, egitura… Ia mende erdi bat geroago irakurririk, nekerik gabe atzemango dugu idazle baten sena bideratu zuela genero baztertu honek.