Hunik arrats artean
Anjel Lertxundi

Kriselu, 1970

 

 

PRESENTAZIO GISAN

 

        Garai haietan atzazkalak jaten ez dituzten gizonak sortuko nituelakoan nengoen. Arotzak egurra landa eta bankeroek denori lagundu: Hau zen nere politikaren helburu nagusiena.

        Zein gaitza den ideien iturrietaraino joatea! Zihur nengoen: Errexil-go baserritarrak ez zijoazten bide onetik bainan egun ondo dakit gure bideak ilunak badira areago direla etorkizunak eta zelai guztietako belarrak.

        «Sonetoak ez dira euskaldunak eta nik ez dakit sonetorik egiten» idatzi nuen behin kontzientziz jantzirik eta arrazaren maitasunez. Bainan ez nintzen lojikoa izan. Silojismo bat egin behar eta «nik euskaldun den zerbait egin nahi dut; zortziko txikia euskalduna dut. Has nadin zortziko txikiak idazten». Bainan hau silojismo jator bat delarik ere, ez da oso lojikoa bizitza beste eratako lojikaz nnugitzen bait da.

        Do-re-mi-fa-sol-la-si... do... re; abesten oso ondo omen dakigu euskaldunok bainan oso eskala exkaxa betetzen dugu. Ondo kantatzearen mitoa pasa dela uste dut eta egun asko hitzegitearen mitoa iritxi.

        Hunelaxe gabiltza bata bestearen aurka. Denak espiralera jotzen du. Hertz bat beste hertzarengandik urrutiratzen dijoakio eta ez dira behinere elkartuko. Harmiarma-sare handi bat eginen da eta han itoko bere bizitzan zehar harmiarmak itotzen ahalegindu zirenak.

        Lurperaturik bizitzea merezi dugulakoan nago, ezkonduz gero semerik izan ez edo-ta labean berotutako neurri handi, ikaragarrizko argizai bati su handi, ikaragarri bat eman betiko iraun dezan gure bekatu aztunenak erretzen.

        Hil al gera? Ez dugu gehiago ogirik izanen. Eskolastikoak, kondaira-zaleak eta estruturalistak itsasora erori dira auto borobil batean borobilduta.

        Hemen gaude, itsasoaren bekatu-zulo batean, pentsaera-ekintza bikotea, bizitzaren samina, aingeruen, pipiza eta atomoaren puskatzean aztertu nahian. Zer eginen zeniozuke zuk, hau irakurtzen ari zeran zuk, gosea izateko eskubidea eta askatasuna kendu dizkizun gizon bati? Nik, soka batean zintzilikatu, bitartean ni zintzilikatzen ez banaute. Demagojia. Bai, eta zer?

        Hauxe da nik dizuetena: Beltzekerietan eta dolarretan alferrik galdutako indarrak mila harmaza leen eskuetan erortzen direnean entzunen dira siko Marquez-ko Lezama-k zuzendutako bizkarren oihua.

        Platerean dago okela aho-zulo baten zai bainan olio gehiegi dauka amets hunek, gatza gehiegi hamalau tristeziren negarrak.

 

Hunik arrats artean
Anjel Lertxundi

Kriselu, 1970