Api 15 10
Eztia eta ozpina Basaurin
Patxi Zubizarretaren Eztia eta ozpina liburua izango dute hizpide apirilaren 15ean (osteguna) 19:00etan Basauriko Pozokoetxe kultur etxean.
Api 15 10
Patxi Zubizarretaren Eztia eta ozpina liburua izango dute hizpide apirilaren 15ean (osteguna) 19:00etan Basauriko Pozokoetxe kultur etxean.
Api 14 10
Pamiela argitaletxeak Lewis Carrollen Aliceren abenturak lurralde miresgarrian eta Ispiluan barrena Manu Lopez Gaseniren itzulpenez argitaratu zituenean (1989-1990), Erramun Landaren azal liluragarri birekin agertu ziren; kutxa artistiko bat zen sortzez, collage paregabeekin. Erramun Landak harreman estua izan du beti literaturarekin. Hemen eskaintzen dizkizugu, beste bi adibide. Lehendabizikoa, Xabier Iñarrairaegik eta Karlos Erizek 2005ean egindako bideozko erreportaje bat: Denbora ez da distantzia erakusketakoa, Edorta Jimenezen testu poetikoez edertua. Bigarrena, 2007ko grabatuak, Salvador Puig Antich anarkista gogoan zuela eginak: Harresi ostean pareta, Koldo Izagirreren poema errezitatuekin eta Nora Ancarolaren bideoarekin.
Api 13 10
Duela hamar urte, 2000ko apirilaren 13an, Erroman hil zen Giorgio Bassani eta Ferrarako juduen hilerrian ehortzi zuten. Faxismoaren garaian Giacomo Marchi izengoitiarekin argitaratu behar izan zuen lehendabiziko lana: Hiri bat lautadan (1940). Bassani izenez, poesiazkoa izan zen bere aurreneko liburua: Maitale pobreen istorioak. Feltrinelli argitaletxeko zuzendari zela, Giuseppe Tomasi di Lampedusaren Gattopardo eleberria plazaratu zuen. RAI telebistako lehendakari-ordea ere izan zen, eta zinemarako lanak egin zituen Michelangelo Antonioni, Mario Soldati, Luchino Visconti eta Vittorio De Sicarekin. Hain zuzen ere, De Sica izan zen Giorgio Bassaniren Finzi-Continitarren lorategia (1962) nobela film bihurtu zuena (1970ean). Koldo Bigurik euskaratu zuen 1997an Literatura Unibertsala bildumarako.
Api 11 10
Hatsaren Poesia egunaren 12. ekitaldia egingo dute apirilaren 11n (igandea) Senperen. Hatsaren Poesia 2010 liburua aurkeztuko dute eta, bazkal ostean, errezitaldia izango da.
Api 10 10
Omar Nabarrok (Edorta Jimenez) Haragizko amoreak poema liburuan oinarritutako errezitala egingo du apirilaren 10ean (larunbata) 21:00etan Gernikako gaztetxean. Musika zuzenean: Rafa Rueda, Txuma Murugarren eta Francis Diez (Doctor Deseo).
Api 09 10
Agurtzane Ortizek Manex Erdozaintzi-Etxart liburua aurkeztuko du apirilaren 9an (ostirala) 10:30ean Baionako Elkar dendan.
Api 07 10
Tristram Shandy eleberri handiaren egileak, Laurence Sternek, bidaia luzea abiatu zuen 1765ean tuberkulosiak jota zegoela, Doverretik Parisera aurrena eta handik Napoliraino ondoren, hegoaldeko giro lehorren bila. Eta halaxe idazten hasi zen Bidaia sentimentala Frantzia eta Italian zehar liburua (1768ko otsailaren 27an argitaratua, idazlea hil baino bi aste lehenago); kontakizuna lau zatitan ematekoa zen Sterne, baina tamalez lehendabiziko biak baino ez zituen amaitu; beraz Italiarik ez da ageri, baina Parisen oso ondo pasatuko duzu. Tristam Shandy eleberrian agertzen zen Yorick elizgizona da hemen protagonista, Hamlet-en adiskide bufoiaren izen berekoa. Josu Barambonesek itzulirik plazaratu zen 1998an euskaraz, hitzaurre gisa Virginia Woolfek 1928an liburuari buruz idatzitako artikulu eder batekin.
Mar 30 10
Oier Guillanek Eskuen sustraiak errezitaldia egingo du martxoaren 30ean (asteartea) 20:30ean Gasteizko Parral Tabernan. Antolatzailea: GEU elkartea.
Mar 30 10
Zapatari txiro baten semea zen Hans Christian Andersen danimarkarra, 1805eko apirilaren 2an jaioa. Jonas Collin antzerki zuzendari eta adiskidearen laguntzari esker bilakatu zen idazle. Eleberriak, antzerkiak, poema bildumak, bidaia liburuak argitaratu zituen, baina 156 ipuinengatik da mundu osoan ezaguna, horietako asko eta asko antzezlan, ballet eta film bihurtu izan baitira. Nork ez ditu ezagutzen Enperadorearen jantzi berria, Ahatekume itsusia, Berunezko soldadu irmoa edo Sirenatxoa? Horiexek eta beste batzuk gehiago euskaraturik dituzu Hemeretzi ipuin bilduman, Literatura Unibertsala sailean 1997an argitaratua.
Mar 27 10
Xabier Mendigurenek Joseba Sarrionandiaren narraziogintza hitzaldia egingo du martxoaren 27an (larunbata) 10:00etan Literatura Eskolan, Durangoko Liburutegian.
Mar 26 10
Yolanda Arrietak Off-On errezitaldia egingo du martxoaren 26an (ostirala) 21:00etan Aulestiko Ubilla tabernan. Musika: Juantxo Zeberio.
Mar 26 10
Fernando Morillok Bilbo Samurai liburu berria aurkeztuko du martxoaren 26an (ostirala) 11:30ean Bilboko Elkar Aretoan. Argitaldaria: Txalaparta.
Mar 25 10
Fermin Etxegoienen Autokarabana nobelaz mintzatuko dira martxoaren 25ean (osteguna) 20:00etan Algortako Aldai Patronatoan, Uribe Kostako irakurleen txokoan.
Mar 25 10
Karlos Linazasororen Etxe hutsean poema liburuaz mintzatuko dira martxoaren 25ean (osteguna) 20:00etan Gasteizko irakurle klubean (Hikaateneoan, Pintore kalean). Gidaria: Iban Zaldua.
Mar 24 10
Harkaitz Canoren Zinea eta literatura saiakeraz arituko dira martxoaren 24an (asteazkena) 18:30ean Arrasateko literatur solasaldietan (Kultur Ate). Gidaria: Mikel Ayerbe.