Ots
21
02
Mendata herrian sortu zen, Bizkaian, Bitoriano Gandiaga Artetxe, 1928an. Arantzazuko ikastetxean plastika eta euskarako irakasle aritu zen. Arantzazu, Euzko Gogoa, Egan eta Olerti-n eman zituen argitara bere lehen idazlanak, eta hainbat sari ere irabazi zuen bere poemekin. 1962an eman zuen argitara lehen liburua: Elorri. Forma tradizionaletan landuak, izadiari buruzko poema lirikoak dira Elorri-koak. 2001 otsailaren 21an hil zen. Bere poemak irakurri gura izan ezkero, irakurgai dituzu Koldo Izagirrek apailaturiko XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman.
Ots
21
02
Ixaka Lopez Mendizabal 1879ko apirilaren 11n jaio zen Tolosan eta, duela 25 urte, Tolosan bertan hil zen 1977ko otsailaren 27an. Euzkel-Ikastolaren sortzaileetarik bat izan zen (1922); euskararen irakaskuntzak oso keztatua zeukan Ixaka (hiztegiak eta gramatikak), baina ziur aski bere onenak haurrentzako argitalpenetan eman zituen: “Umearen laguna”, “Zenbakiztiya”, “Martin txilibitu” eta “Xabiertxo” gogoangarria, John Zabalo Txiki-ren irudi ederrekin (ikus Oh! Euzkadi aldizkariaren 7. zenbakian Koldo Izagirreren Gerraurreko eskola literaturaz ohar batzuk). Espainiako gerraren ondorioz, 1938an Buenos Airesera erbesteratu zen (Belgrano kalea), eta han sortu zuen Ekin argitaletxea, oraintxe 60 urte, Andres Irujo Ollorekin batera (eta Sebastian Amorrorturen inprimategiari esker). Ixaka 1965ean itzuli zen Euskal Herrira. Tolosako Solana kaleko Lopez Mendizabaldarren moldiztegi zaharra ikusgarria da, Ballastegi-Enean. Informazio gehiago: Xabier Telleriak idatzitako liburuxkan (Bidegileak).
Ots
21
02
Gabriel Arestik 1967ko urtarrilean aurkeztu zuen zentsurara Euskal Harria eta beste 119 olerki liburua. Madrilen Francisco Fernández Jardón zentsoreak (abokatua eta udal-epailea) arkatz gorriz markatu zituen 15 folio. Zentsore-irakurleen nagusiak, ziurtasun handiagoa nahi izanda, Antonio Albizu debarrari agindu zion beste irakurketa bat. Honek idatziko dio: “No hay una página limpia de toda demagogia e irrespetuosidad. NO PUEDE AUTORIZARSE“. Euskal Harria ezin argitaratuaren ebazpenaren berri 1967ko otsailaren 27an eman zioten Gabriel Arestiri. Poetak ez zuen amore eman nahi, eta José Antonio Zarzalejosi idatzi zion pasarte zentsuratuak zehazteko eskatzen. Martxoan jaso zuen erantzuna: 157 folio gorriz eta urdinez markatuak eta 36 poema osorik kanporatuak. Arestik zati batzuk kenduta, pasarte batzuetan aldaketak eginda, hasierako 120 poematatik 60 baizik ez zituen plazaratu 1967ko azaroaren 8an Kriselu argitaldariarekin (1.000 aleko edizioa, 41.846,50 pezetako inprenta gastuak). Xehetasun gehiago: Joan Mari Torrealdairen Artaziak liburuan, Angel Zelaietaren Gabriel Aresti Biografian eta Susak berrargitaratutako Euskal Harria liburuaren aurkibidean (kolore gorriz markatuta daude lehen edizioan agertu ez ziren poemak).
Ots
08
02
Maiatz aldizkariaren lehen zenbakia 1982ko otsailaren 12an argitaratu zen Baionan (Pontrique karrika 15), Hendaiako Mugalde etxeak inprimatua. Orotara 35 zenbaki plazaratu dira ordutik, 2001eko azaroan berriena. Maiatz aldizkariaren abiapuntua hala ere 1981eko maiatzaren 10arekin lotuta dator, egun horretan batu baitziren Itxaro Borda eta Luzien Etxezaharreta literatur aldizkari baten sortzeko ideiarekin, hain zuzen Mitterrand lehendakari bilakatu zen igande hartan.
Ondoren deitu zituzten bilkuretara Iparraldeko orduko idazle gehienak: Casenave, Arkotxa, Xarriton, Erdozaintzi-Etxart, Lanatua, Tanburin, Zamora, Pelot… Maiatz aldizkariaren lehen aleko aitzin solasak hauek izan ziren: “Aldizkari bat, gurea. Gauza batzu, denetarik, euskaraz, lantuak. Gure literatura. Literatura, zertarako? Gure sendimenduak ez diten bakarrik pasa bainan bizi ditzagun. Maitasuna, lana, tristezia eta mendiak, esperantza eta gau baten zoriona, euskaraz. Gureak euskaraz direlakoan. Literatura guretako. Ez gauza hil batzu, ikerketa hotzetarakoak eta errautsez bete erakustokietarakoak. Literatura bizirako“. Maiatz aldizkariaren lehen zenbakiak Etien Salaberrik 1968an idatzitako “Nigar egiten dut zutaz” poema dakar lehen testutzat, eta Itxaro Bordaren “Zail dira usantzak” poema bigarrena.
Urt
31
02
Parisen maiz elkartzen ziren Jon Mirande eta Andima Ibiñagabeitia erbesteratua literaturaz jarduteko, eta haiengana ere biltzen ziren batzuetan Peillen anaiak. Ibiñagabeitia, ordea, Ameriketara joan zen 1954an Jokin Zaitegiri (eta Orixeri) Euzko Gogoa aldizkaria egiten laguntzera, eta Mirande goibel eta bakar samar geratu omen zen. 1962ko otsailean Txomin Peillenek Jon Miranderen adorea berpiztu zuen, Saint Germain boulevardeko 15.ean erredakzio bat ezarriz. Hantxe sortuko zuten IGELA – euskaldun heterodoxoen errebista: aldizkari satirikoa, “propaganda politiko eta erlijiozkorik gabea”, hiruhilabetekari izateko asmotan. Pariseko zuberotar bukinista batek lagundu zien aldizkaria roneotipoz edo multikopiaz egiten, bigarren zenbakia lehenbailehen ager zezaten Ibiñagabeitiak “dirulaguntza ederra” bidali zien Caracastik… eta berehala eskandalizatu ziren Euskal Herrian, Enbatakoak besteak beste. Kritikei aurre egin zieten Mirandek eta Peillenek, bereziki Igelaren 1962ko urriko alean. Igelak sei zenbaki argitaratu zituen 1963ko udazkena bitartean.
Urt
24
02
1952ko urtarrilean, duela 50 urte, Kuliska Sorta bilduma abiatu zuen Itxaropena argitaletxeak Zarautzen, Patxi Unzurrunzaga editore zuela. Svensson-en “Noni eta Mani” nobela (Plazido Mujikak euskaratua) izan zen lehen zenbakia. Kuliska Sortak 77 zenbaki (55 liburu) eman zituen argitara 1973 bitartean, besteak beste: “Olerki berrizte” (Emeterio Arrese), “Ipuiak” (Jautarkol), “Joanak joan” (Jon Etxaide), “Euskalerriko ipuinak” (Anjel Irigarai), “Poli” (Agustin Anabitarte), “Pedro Mari Otañoren bertsoak”, “Zirikadak” (Juan San Martin), Harri eta Herri (Gabriel Aresti), “Umeentzako kontuak” (Martin Ugalde), “Gauaz ibiltzen dana…” (Txomin Peillen), “Arantza artean” (Xabier Gereño), “Teatrogintza eta yakintza” (Antonio Maria Labaien, Kuliska Sortako azken zenbakia); eta zenbait berrargitalpen: Kresala (Txomin Agirre), Biotz begietan (Xabier Lizardi), Peru Abarka (Joan Antonio Mogel).
Kuliska Sortak argitaratutako liburu guztien zerrenda ere kontsulta dezakezu.