Maiatz aldizkariak 20 urte
Maiatz aldizkariaren lehen zenbakia 1982ko otsailaren 12an argitaratu zen Baionan (Pontrique karrika 15), Hendaiako Mugalde etxeak inprimatua. Orotara 35 zenbaki plazaratu dira ordutik, 2001eko azaroan berriena. Maiatz aldizkariaren abiapuntua hala ere 1981eko maiatzaren 10arekin lotuta dator, egun horretan batu baitziren Itxaro Borda eta Luzien Etxezaharreta literatur aldizkari baten sortzeko ideiarekin, hain zuzen Mitterrand lehendakari bilakatu zen igande hartan.
Ondoren deitu zituzten bilkuretara Iparraldeko orduko idazle gehienak: Casenave, Arkotxa, Xarriton, Erdozaintzi-Etxart, Lanatua, Tanburin, Zamora, Pelot… Maiatz aldizkariaren lehen aleko aitzin solasak hauek izan ziren: “Aldizkari bat, gurea. Gauza batzu, denetarik, euskaraz, lantuak. Gure literatura. Literatura, zertarako? Gure sendimenduak ez diten bakarrik pasa bainan bizi ditzagun. Maitasuna, lana, tristezia eta mendiak, esperantza eta gau baten zoriona, euskaraz. Gureak euskaraz direlakoan. Literatura guretako. Ez gauza hil batzu, ikerketa hotzetarakoak eta errautsez bete erakustokietarakoak. Literatura bizirako“. Maiatz aldizkariaren lehen zenbakiak Etien Salaberrik 1968an idatzitako “Nigar egiten dut zutaz” poema dakar lehen testutzat, eta Itxaro Bordaren “Zail dira usantzak” poema bigarrena.