Ots 05 14

Mikel Ibargurenen
Ahapetik poema liburua

2007ko Kutxa Sariaren irabazle, liburu sarituek, bereziki poesia liburuek, izaten duten bazterketaren biktima dugu Ahapetik bilduma. Ez dateke erakunde antolatzailearen errua bakarrik. Mikel Ibarguren poeta ezaguna zen ordurako, indar handiko bi poemategiren egilea, bata kartzelan eta kartzelaz, bestea aterpeturik eta aterpeaz. Indar handikoak, hain zuzen, gaiaren interpretazioa nitasun batetik ematen zigulako autoreak. Poeta zela, alegia. Ahapetik tituluak berak iradokitzen duen tonu apalean dago emana testuaren poesia bere hirugarren obran, aitorpenetan ari zaigu: zalantzak, esperantza apurrak, maitaleen aurka antolatua dagoen oraina eta eguna, gorputz urrunduak, absentzia, ezaldia… Maitemina harresiez haratago ere, mugez haratago. Mintasun garden bat.

Urt 22 14

Joxean Muñozen
poesia apurtzailea

Poetak, oro har, gazterik jalgi ohi dira plazara. Barne sukar batek umotzen ditu azkarki hitzeraino. Autore gazte hauen estreinako obrak, gainera, pindarka egiten du batzuetan begira. Horrela jo gintuen 1984an Joxean Muñozen Parentesiak (etabar) bildumak: zehaztasun obsesiboa sekulako estiloan. Gaur, 30 urte geroago, harrigarria egiten zaigu gramatika apurtzaile hura, poetak jauzi estetikora ematen digun bultzazo gupidagabea. Ildo bereko lirikan eta planteamendu ausartean publikatu zuen Begien bizkar, maitasun poema sorta bat (Susa aldizkariaren separata, 1992), Jose Luis Otamendiren sarrera argigarri batekin: “Luze isilean gordetakoak peto-petoan deklaratzen dakizki, ez da amarrurik, ez eskupekorik, ez keinu lagunkoirik. Zauri zahar eta berriek zimelduak ditugu barnemuinak. Estimatzen diogu. Muñozek ez dio beldurrik poesiari”.

Urt 15 14

Ibon Sarasolaren Poemagintza

Ibon Sarasolak (Donostia, 1946) hogeita hiru urte zituela argitaratu zuen Poemagintza liburua (Kriselu, 1969). Gure inoizko poetarik goiztuenak ordea nortasun poetiko heldua agertu zuen titulu xume eta aldi berean fierraren azpian: arruntkeriaren aurkako borroka bat, delikateziaz eta espiritu landuan egina. Irudi eta baliabide klasikoen ukoa, banalitateak izan zitezkeen gaien hautua, gauzen deskripzio sotil eta sutila… Ildo berri bat, zaila, ausarta, ebaki zuen Sarasolak. Estilo biluzi eta erritmikoan garatuak, Poemagintzako poemek intimitate hauskor batean biltzen gaituzte, pianoak sortuak balira bezala.

Abe 12 13

Itxaro Borda, Just love

Orain hogeita bost urte, 1988ko abenduan plazaratu zuen Maiatz argitaletxeak Itxaro Bordaren hirugarren poema liburua: Just love. Poetaren ahotsak dimentsio berri bat hartu zuen, eta idazlearen liburu ederrenetako bat da zalantzarik gabe. Orain sarean osorik eskaintzen dizugu, eman izan genituen bezala Itxaroren lehendabiziko bi liburuak: Bizitza nola badoan poema bilduma eta Basilika eleberria, biak 1984an argitaratuak.

Abe 03 13

Pendrive, Arrate Mardaras

Historiako aro ezberdinetan gertatutako maitasunezko kontakizunak dakartza Arrate Mardarasen lehendabiziko liburuak: Pendrive. Harpeetan, erromatarren garaian, Erdi Aroan, 36ko gerran… zertarako bizi, maite duzunarengandik urrun bada? Norbaitek galdu egin duen pendrive bateko testuez eta ipuinez osatutako liburua da, botila baten barruan jaurtitako mezuaren antzekoa balitz bezala. Joan den astean aurkeztu zuen Mardarasek Pendrive, eta sarean ere emana duzu orain.

Aza 27 13

Azken afaria, Xabier Montoiaren nobela berria

Bilboko txoko batean bazkaltzeko bildu dira lau gizonezko, gaztetan elkarrekin ikasten ibilitakoak. Ospakizun alaian solasean ari dira, zer bihurtu diren elkarri zirika. Oraindik ez dakite, arazo larri bat sortuko dela laster. Gau batez ertzainak bortizki sartuko dira lagun horietako baten etxean eta atxilotuta eramango dute semea. Gertakari horrek lardaskatu egingo du lau adiskideen arteko harremana. Xabier Montoiak aste honetan aurkeztuko du Azken afaria, bere zazpigarren eleberria.

Aza 22 13

Aldous Huxley hil zen
duela 50 urte

Kontrapuntua (1928), Bai mundu berria (1932) eta Irla (1962) nobelak idatzi zituelako ezagutzen dugu Aldous Huxley ingelesa, nahiz eta poema, ipuin, antzerki eta saiakera beti berezien egilea ere izan zen. Gaur 50 urte dira Hollywooden hil zela, 1963ko azaroaren 22an. Xabier Amurizak Bai mundu berria (Brave New World) euskaratu eta Lur argitaletxeak plazaratu zuen 1971n, orain osorik sarean eskaintzen dizuguna. Londresen abiatzen da kontakizuna, 2540. urte inguruan. Distopia literario klasikoetako bat da, Jack Londonen Burdinazko orpoa, Ievgeni Zamiatinen Gu eta George Orwellen 1984 nobelekin batera.

Aza 07 13

Albert Camusen bi nobela

Gaur ehun urte dira Albert Camus idazle frantsesa Algerian jaio zela. Hiru nobela argitaratu zituen: L’Étranger (1942), La Peste (1947) eta La Chute (1956), eta horietatik bi lehenak euskarara itzuliak dituzu: Arrotza, 1970ean Joxe Mari Agirrek; eta Izurria, Imanol Tapiak 1993an; biak sarean osorik emanak daude. Luchino Viscontik Arrotza nobelan oinarritutako film egokitzapena egin zuen Marcello Mastroianni aktorearekin, eta Luis Puenzok Izurria nobelan oinarritutakoa William Hurt eta Robert Duvallekin.

Urr 30 13

Koldo Izagirre,
Parisen bizi naiz

Hiria da Koldo Izagirreren poema liburu berriaren ardatz nagusia: hiria, aldirietako batek begiratua eta epaitua. Maila urbanoan eta sinbolikoan, maila pertsonalean eta kolektiboan, maila historikoan eta literarioan eta linguistikoan… eraikitako begiratua da Izagirrerena. Parisen bizi naiz honetan elkartzen dira urbearen porrota, krisi politikoa eta poetaren heldutasuna. Liburua osorik eskaintzen dizugu sarean, bihar Donostian jendaurrean aurkeztu aurretik.

Urr 03 13

Euli-giro, Uxue Alberdi

Bederatzi ipuineko sorta da Uxue Alberdik gaur aurkeztu duen Euli-giro liburu berria. Bederatzi kontakizun ezusteko eta durduzagarri. Liburuko protagonista emakumezkoak ez ditu ez adinak ez ogibideak lotzen, ezta bizi duten momentuak ere, baina euren gorputzek eta fisikotasun horretatik sorturiko sentipenek toki zentrala dute narrazioetan; bizi-grinak mugitzen ditu orain amorruz, orain desiraz, orain samurtasunez, orain mendekuz. Uxue Alberdiren prosa gardena da kontaeran, bizitasuna dauka erritmoan, aberatsa da detaileetan, zorrotza da estrategian.

Ira 05 13

Amikuzeko toberak 1991

Bethi gibelekoz aintzina gaia hartuta, Mattin Irigoienek tobera idatzi zuen 1991n. Lehendabiziko emanaldia irailaren 22an izan zen Donapaleun, bigarrena urriaren 20an Muskildin. Liburu batean jaso zituen testuak eta argazkiak Maiatz argitaletxeak, Antton Lukuren hitzaurre eder batekin: “Hiltegiak eta SPAVIA lantegia hesten, postu galtze administrazionean, kontestu hits horretan sortu zen Amikuze-Iholdin kultur astearen egiteko ideia. Toberaren paradan, karrika ibilaldian, dantzari eta epailetarik kanpo, anitz pertsonai ezberdin agertzen dira: jendarme, burges, andere eta bereziki zirtzilak”. Osorik eskaintzen dizkizugu 1991ko Amizukeko toberak.

Abu 14 13

Exkerraren zain,
Clifford Odets-en antzezlana

New Yorkeko taxilariek 1934an egindako grebetan oinarritutako obra da Exkerraren zain (Waiting for Lefty), Clifford Odetsek idatzi eta Group Theatre taldeak 1935ean estreinatua Sanford Meisner-en zuzendaritzapean. Koldo Izagirrek itzuli zuen antzezlana 1998an, Joserra Fachadok gidariturik Donostian taularatzeko. Gaur 50 urte dira Clifford Odets hil zela, XX. mendeko antzerkigile nagusietarik bat. Zinemara ere eraman ziren haren lau lan: Golden Boy (1937), Clash by Night (1941), The Big Knife (1949) eta The Country Girl (1950).

Uzt 17 13

Auxtin Zamoraren
Hatsaren bustia

Hatsa elkartearen gidaria den aldetik da ezaguna batzuentzat Auxtin Zamora, 1998az geroztik “Hatsaren poesia” ekitaldiak antolatzen dituena urtero Senperen apirileko lehen asteburuan. Baina poesia zaleek zatiaz lehenagotik jarraitzen diote, Maiatz argitaletxearekin 1986an bere estreinako liburua (Ezin errana) plazaratu zuenetik. Gaur, hala ere, Zamoraren bigarren poema bilduma dakarkizuegu: Hatsaren bustia (1988), digitalizatu eta sarean eman dugu osorik.

Eka 19 13

Jean Louis Davanten
Itsasoak iraultzan

1977an idazten hasi eta 1980an kaleratu zuen aurreneko liburua Jean Louis Davantek, bertsozkoa: Makila gorria. Ondoren, bestelako urrats bat egin nahi zuela erabakirik abiatu zen poesiaren bideetan, 1980ko udan. “Amodiozko poema sail bat idatzi nuen, eta Azkue Sarian aurkeztu”, baina Joseba Sarrionandiaren lehen liburuarentzat izan zen saria. Davanten poema bilduma hura, Itsasoak iraultzan, Maiatz argitaletxeak plazaratu zuen gero 1986an, eta orain osorik emana duzu interneten.

Eka 03 13

Nazim Hikmet hil zela 50 urte

1963ko ekainaren 3an hil zen Nazim Hikmet poeta turkiarra. Bere bizitza eta idazletza militantzia politikoari estu lotuak joan ziren; Alderdi Komunistako kide, hainbat aldiz kartzelatu zuten. Azken espetxealdian 12 urte iragan ondoren, Varsovia eta Moskura alde egin zuen, eta han idatzi bere azken lanak. Hantxe hil zen, 62 urte zituela. Gabriel Arestik ekarri zion euskarari lehendabizikoz Hikmet, 1971n, Lau gartzelak liburua itzulita. Iñigo Aranbarrik ere poeta turkiarraren 12 poema euskaratu zituen, Susa argitaletxearekin kaier txiki batean 2007an plazaratuak. Horiez gain, poema solterik ere itzuli eta argitaratu denez, denak bildu ditugu.

Agenda

Efemerideak

Kritikak