Botoiletan
Antton Luku

Maiatz, Uhargi 36, 1998ko apirila

 

Botoiletan

 

        Bizi garen etxearen gibelean Ezterengibeleko erreka eta ur haundiak juntatzen diren lekuan, ariñordoki bat bada biziki ederra, hondartzaño bat. Hemengoek sablategia erraten diote.

        Ohartu gabe hartzen ditugu usaiak eta lanetik landa edo goizetan jeikitzean deus karkulatu gabe bospasei minuta xahutzen ditut hor. Arraintzariak urari so egoiten direlarik bezala. Nire gogoan herri hau gehienik sinbolisatzen duen gauza da ura eta honi natzaio berehala ohartzen, honen azantzaz jabetzen egun batendako ere uzten dudalarik Ezterentzubi.

        Ur-hasteen biharamunekoa zait gehienik atsegin, mendiko harri eta lohien usaina, ezpel izerleka, orbel lizun eta goroldio bustiaren hatsa hartuz, sablategia arramoldatu duelarik urak. Beti iduritu zait menaia haundiaren egiteko haserrez jeikitzen den etxekanderearen axola duela Errobiak, bere hegien xahatzeko xedez. Hondartzan, harriak bakoitza bere lekuan ohatuak atzematen ditugu biharamunean: urrunenik hare arinena, ondotik legarra azkenik gahalla edo kallaba pizuak, hauek urak oraino milikatzen ari. Teila puxkek eta berinakiek lekuz tronpatuak ematen dute sablearen erdian. Ez dira horgoak egia erran, gizonen mundukoak baizik, eta ez daitezke uraren afera.

        Sinbolo emea omen da ura eta trufaz, nihauren buruari diot ardura fetoaren likidoari azimila dezakegula euskaldunok. Bordeleko istudianteen artean zabaldua omen da ideia, euskaldun bat ezagutzen dela, asteburu guziz etxera joateko behar gorritik. Beren ama uretarat, Bizkaiko sentsuan. Sorgian bainatzen bada bat, teoria hori dudan ezarriko du laster.

        Ur bazterrekoak ditut orroitzapen hoberenak, hemengo zaharrekilako solas goxoenak. Arraintzaz oroitzean ez zaizkit arraintza ekintzak gogorat heldu, lotzen ez delarikako mementoak baizik. Arraintzari zaharren solasak sustut. Hegian jarriak, sarats bustien tantak lepoan, haltzen leka usaina, Garaztarren xukako euskara, uraren marmararekin nahasten.

        Errobia ez da nihon Ezterenzubin bezain ederra, gorago joan eta ederrago. Hau da arraintzari gazteen ustea, ur haundia uzteraino. Erreka tipi guziak miatzen dituzte beren denborapasa canyoningarekin nahasiz. Han beti gorago, erreka ñimiño baten xurrusta peko putzu batean, arrain mitiko ahantzi baten menturan. Ofizioak urari ongi so egitea erakusten du, harri guzien mezua hartzen, pikarren uhinak segitzen, eta zahartzeak ur haundiagoa edo onduagoa maitarazten digu.

        Arraintzariaren biziak ura segitzen du. Zaharrago eta beherago. Errobiaren maitasunak lasterregi zahartarazi nau eta Baionako treineko leihotik ageri diren Arrosa, Orzaize, Bidarrai, Itsasuko osinetara ereman azken izokinen ondotik. Hor Errobiak beste itxura dauka. Ur bazterreko haltz-leizarrak beheretik uholdeen heina arte plaztikez beteak dira. Osin saihetsetan lautada ibaien itxura hartzen du, han hemenka aintzirak sortuz. Zoko sekretuetan, Ortzaizeko harroken artetik, gune ahantziak badira, ur erotuak baretzerat heldu diren hondartza tipi kukutuak, zola hare legunezko Alibabaren harpearen idurikoak. Horietan metatuak dituzte urteek leheneko telebista eta bildumetako on litezkeen lehen irratiak, gauza insolitoak, polistirena eta enbor ustel orgatara batzuen artean.

        Raft oihutsuek bakea ematen dutelarik xarma zerbait atzeman lekieke eta behin, usaian bezalako izokinik gabeko egun batez, holako hondartzaño batean jarririk nengoen euliaren hautatzen. Ur berria zen eta lehena nintzen harearen markatzen. Aroa goibel zen, ura oraino azkarxe, Black doctor izeneko euli gorri beltza lotu nion hariari eta xutitu. Koropiloa tinkatu aitzin haria listuz bustitzen ari nintzen, hegiz hegi nihoan osin bururat, euliak angulu hoberenez pikarra orrazta zezan. Zabal zabala erori nintzen legarrean, amu haga sasuan eta amua erian sartua. Ardillona zitzi barnean sartua ez zela ohartzeak geldiarazi ninduen sakreka hastetik.

        Itzuli nintzen automatikoki zangartekoa eragin zidan abarraren ostikatzeko. Botoila tutun bat zen legarretik erdi ateratua. Urak sartuak baitziren, aise gibelago zen zabor metarat aurtikitzeko asmoz hartu nuen eta barnean bildua zen paperrari ohartu nintzaion.

        Begiak apaldu zitzaizkidan sablategiari buruz. Urhaste guzien ondotik bezala altxatuak ziren hare, legar eta gahallak. Zorabio batek hartu ninduen, aments tzar batean bezala ugarte desertuen iruditegi guzia nekusan eta beldurra iragan zitzaidan bizkar-hezurretik. Pizu eta molde bereko guziak, urtez urte hor altxatu zituzkeen urak. Altxor baten menturaren ikaraz, belaunikatu nintzen eta eskuz legarra kentzen hasi.

        Izokina lotzen ez delarik zaharrek diote dantzarazi behar zaiola zizare lodi bat mokoaren aitzinean, pitoarazi ondoan ausiki bat ematen ahal diola. Hori entzunez geroztik beti jarraikarazten nuen aitzur tipi gider labur bat bizkar zakuan.

        Ortzaitzeko pekaldian, Arrobiak izeneko osinen saihetsean, arraintza ahantzirik, metra bat barnako zilo baten erdian nintzen iluntzean. Liburu honetan agertuko diren hameka testuen geriza mendreak ziren hamaika botoilak berexiak ziren. Zaharrena barneen lurperatua. Errobi gainekaldeko memoria nonbeit han.

 

 

Botoiletan
Antton Luku

Maiatz, Uhargi 36, 1998ko apirila