Botoiletan
Antton Luku

Maiatz, Uhargi 36, 1998ko apirila

 

Denek baditugu
guhauren defaut ttipiak

 

        Istorio hau Garazi Baigorriko behar den bezalako familia batean gertatu zen eta idatzia behar den bezalakoa zer den esplikatzearen beharrik ez dutenentzat. Munduak jakin dezan makurrak etxe guzien atean jo dezakeela.

        Etxalde honek segida bazuen, semea hogeita hamasei urtekoa, etxen esposatua lapurdiko infirmiersa batekin, lan segurra baitzuen Kanbon. Beste bi neska ere hirian bizi, auzoei esplikatzen ahal ez zaien ofizio batzuekin, baño ortofonista kostaldean, bestea museo batean erakusketa muntatzen arte orientalaz eta noiz nahi joaten zen bidaiaz bere diruaren xahutzera. Hobe lukete... Ez ziren ez bata ez bestea ezkonduak nahiz eta 25 urte aspaldixe pasatuak. Oraiko arak omen dira eta bi haurrekin gelditzen dira gero, zaharregi direlakotz. Esposatzen badira. Aitak erraten zuen fontzionerrak zirela, sinpleago zen eta hobeki konprenitzen zuten jendeek... ez zutela ardirik deizten. Batzutan gezurrak egia baino egiago dira.

        Bigarren semea, Claude, kolegiotik landa, eskola libroan ibili zen, zeren eta... Deus. Idatzia da hau behar den bezalakoa zer den dakitenentzat. Orientatua izan zen seminariora, eskola eta otto apezaren elgar-lanari esker. Mutiko ixila izan zen betidanik eta argia, gehienari konparatuz, aho gehiago eta ausartagoa hau: laborarien ordezkari jeunes agriculteurretan, Paueko jaunak koperatifara jiten zirelarik, hau zen beti mintzo.

        Claude beti, diferenta. Kasu! ez zen beldurti bat, mutiko sanoa eta azkarra, rugbyan ari zen ere Donibaneko ekipan, baina ixilago. Ez zitekeen errex ez, lagunekin, apezgai izanez kolpearen atxikitzea, beti rugbylari horiek dena solas ausart eta kantu... baitakigu zer den. Baina defendiatzen zen eta jokolari ona baitzen...

        Ez zen besta egile haietarik, anaia ezkondu aitzin izan zen bezala. Nahiago zuen etxen egon laguntzen, belarretan eta holako lanetan loriatzen zen bere indarraren despeditzen.

        Nahiz ez den oraino aspaldikoa istorio hau, runballerren aitzinekoa da, eta biltzen ziren Pittortenekoekin belar kargatzen. Han alaba zuten ondoko, neska beltzaran, eder bat, mutikoa bezala lanean ari, behar ere funtsean, eta gozoa. Aitak hatsarrean ez zuen ez biziki behar bezalakoa ikusten apezgaia xortetan, neska den lekuan, baina oraiko arak izanki eta rugbyan usatuak, eta Pittorteneko alaba ez zen delako oraiko arako horietarik, hola, itxuraz. Lana gauza sanoa da.

        Claudek egia erran bazuen holako paradarik. Rugbyarekin eta. Pittorteneko alabak ere dudarik gabe eta apezgai usain gabekoak. Azken balotak kargatzean. Fundi! ez ziola Claudek arratsalde guzian bestelako behakorik eman! eta hau ere ez nahitara, neskak besoak altxatzen zituelarik debarderra, bularretakoa eta larru beltzaranaren marra hirukoitzak zerbait etendura egin zion papoan, eta pasatzean besapetik bota zuen bafadak indartu zion emozionea.

        Onera arra jin zen aski fite. Ohean etzana zelarik ordea, badakigu dela mendi edo itsasoan, belarretan ere berdin nolaz ez, iguzkitara pasatu egun gogor horien ondotik loa ez dela berdin heldu, edo heldu dela bere irudi flashekin begien erasogarri eta Claude hiru kolore horien inpresionismoak itsutzen zuen, izerdiak ekartzen zituen ñabardura eta kolore urtzea gehiturik.

        Apez eskasa izanik ere, ez dute nehor bortxatzen hierarkia katolikoan, baitakite apezte berri baten mozkinak baino bi aldiz kalte haundiagoa ekartzen diola beste baten uzteak, oraiko egunean. Badu erakundeak holako bat ikusirik. Egon zen mutikoa etxen behar zuen denbora bere deliberoaren hartzeko. Zaila izan zen. Otto apezak ere onartzen zuen denborak aldatuak zirela. Jainkoak deitzen bazuen lehen bezainbat arrapostuaren emateko mementoan gizonen afera baita, ez zuen gizarteak lehen bezala akulatzen. Anitz gai eta kriterio hunkitzen zuten Pastoralismoarendako funtsezkoak ziren eztabada horietan aditua zen otto eta jakin zuenez, Apezpikutegian eta gorago ere, jabetu ziren arrazoinamendu lurtiarren lehentasunaz eta kasik bozkatua bezala zen orientatzeko mementoan mutikoek apezgoan ikusi behar zutela prestigiozko zitüazione bat. Hots pagak funski emendatuak izanen ziren eta hobe zela hori hautatzea dohaina, eta sustut Jainkoaren deia zelarik, bokazionea, oraiko jendeak hitzen beldur dira, hainbeste irabaz hainbeste xahutzeko partez, ekialderateko bidaia batean batzuetan, filosofia berri batzuen menturan/...

        Punto, ezarriko dugu hemen, ez baitu deus ekartzen otto apezaren erranaldi axularristen digrezione guziak notatzea... /nehork sekulan kurutzatu ez dituen arraza eta erligio ezezaguneko herrestekin nahasteko, hain modan diren islamista arrazismoaren hedatzeaz, irainduak baikira den mendreneko hitz ukaldi omoretsua eskapatzen bazaigu haien kontra edo hainbeste zekta inspiratu dituen dotrina budista... zen segida morbo literarioak joak direnentzat.

        Deliberoaren hartzeko bakarrik zen eta beti hola izanen da guretzat ere. Situazionea, pagaren argumentoa ez zen haundia izan. Etxe behar den bezalakoetan, nahiz besteek erran sosa badela, sosik gabe usatzen dira bizitzen eta hortako dira behar bezalakoak. Pittorteneko anderegaiaren bularretakoak presentzia gero eta haundiagoa zuen bere pentsamenduetan, denborak eskulturak estilisatzen baititu. Izan ere, artistek ardura obra bera arraegiten dutelarik gero eta forma garbiagoari buruz doaz. Hiru marretarik batetara jina zen. Ohean etzanik, hatsa barna hartzen zuelarik birikietara azkenik heldu zen aire soberakin hark, pentzean senditu zuen usain sotilaren herexak zeuzkan. Usainak argia bezala dira, bainan ez dakigu zerk desegiten duen haien prisma, eta usain azkar baten erresumaren zokora heltzean senditzen zuen papoan ukan zuen ximikoa.

 

 

        Apeztu zen. Aitak erran zion ez zela polit edo ez zela gizon baten manera beti ideiaz kanbiatzea eta nola denak kurrantean baitziren apezgai zela... baina ez zuen horrek garrantzi haundirik izan. Bada orai hainbeste ideia aldatze, herriko santsanek erdia ez bailezakete gogoan atxik. «Aupa Garazi» bezalako «Aintzina kurri» batek epaitu zuen. Belaunaldi guziek etxe horretan xerbitxari bat eskaini baitzioten apezpikutegiari. Eta honek ontsa ordaindu zion, iduriz hola erligionetik urrun ziren alorretan ere, lehen bezala orai ere, hierarkiak dauka bere eragin sekuliarra. Behar den bezalako familiek dituzten abantail ñimiño horietan. Behar den bezalakoa zer den dakitenek badakite hori.

        Ongi karkulatu zuen Claudek, ez zion beldurrik ematen ezkongabe egotea. Ez zuen bere burua Pittorteneko alabarekin ezkondurik ikusten, ez zuen desira fisiko seksualik bizi. Zerbait izan zen baina ez zen haragiaren tortura. Otto apezak erran ziona «dudan egon zen une guzietan, Jainkoak abilki hedatu zuen haren ganaraino bere itzal gerizatzailea, ezen/... (punto)

 

 

        Bikario izendatua izan zen Ainhoan, gizon ona eta arraiaren fama zuen kalonje zahar baten laguntzeko. Camembert estalgiko itxura zuen gizon honek harrera gaitza egin zion gazteari. Ainhoako mihi gaixtoek erranen zuten laneko emeia haundirik ez zuela eta normalek edo oraiko elizaren lekuaz adituagoek, bere ahalen mugak egiatasun haundiz neurtuak zituela. Lehen afaritik azaldu zion egiten ez zuen guzia, eta zerrenda luzea zen, ironia fin eta modestia erakargarriz saiatu zion ulertaraztera hamar bikariok ere ez zutela gazteria ekarriko duela berrogei urteko kadentziara, »Elizaren magalera», baitzuten oraiko gazteek hemen eta han, beste apezik. Iduritzen zitzaion Jainkoa ez zitekeela ohore gose baina gure idurikoa zenez, eskerño ttipi bat artetan ez zukeela kalte eta beraz hau zitekeela bikarioaren misioa. Edozein gisaz eginen zuen bezala ontsa izanen zela. Bere gustoaren arabera egiteko, senak erakutsi gauzak baitziren bereziki Jainkoak emanak. Eta osagarria atxik bestenez hor erortzen ginela gizonen aztaparretan eta orduan nehork ez zuela deus harentzat egiten ahalko.

        Gaitzeko lana egin zuen han apez gazteak lehen bi urteetan. Gazteekin sustut. Neguan elurretara, udan ateraldiak eta gero hamabost eguneko kanpinaldiak hainbeste haurrekin, zer merezimendu ez zuen! Begi ukaldia bazuen gazteen gustuen, nahien xuritzeko eta gauzarazteko, iduriz kontra zuen baten jaidura balakatuz ekarriko zuen onera. Ikusiz herri hartan joka aritzeko zuten tirria rugby ekipa montatu zuten, berak entrenatzen zituela. (Konpreni nazaten ontsa, ez dut erran rugbyan aritzeko behar dela abrea izan, laguntzen duela baizik.)

        Ondotik zen mutikoa goibeldu. Etxekoak ziren ohartu, ama hobeki errateko, aitarentzat zentzutzea eta gizontzearen seinale zitekeen. Herrian beti bezala segitzen zuen. Artean, kalonje zaharra hil zen, ez zuen «Arteitua» izateko afruntua ezagutu, bien artean ardura aipatzen zuten bezala.

        Baimena lortu zuen sort-etxaldera jiteko. Aitak esplikatu zuen auzoan oraiko arak zirela eta, driverrek ere zaldiak pentzera igortzen zituztela break baten egitera sasoina aitzin, eta dudarik gabe promozionea bazela esperantxetan. Lanean hasi zen gaztean bezala jo eta ke, rumballerra ezarria izan zen arte horretan, ez baitzuen berdin balio. Goxoan zen hor, betiko solas errepikatuek badute beren gozoa. Baina ez zuen luzaz iraun. Etxeko giroaren haustera jin baitzen arropa pekoen afera, mota horretako solasek ez baitute apez gazte bat gustuan uzten ahal.

        Etxeko errena aski gisakotzat zeukaten zaharrek, nahiz eta guti ikusten zuten gauaz lanean ari baitzen. Eta haste hastetik exijitu baitzuen apartamendu apart eta akort baten ukaitea eta hor zelarik, haurrak ez zuen dretxorik supaster zaharrera joateko. Eroturik oihuka entzun zuten egun batez, asea zela, zen prezioan, hots, bere bularretakoak eta beste, baratzean hedatzen zituelarik desagertzen zirela. Zaharra, deabrua zutela ba beste gisan, estrañer horiek, bazenez jende mentsik hor gaindi, ez zutenez beste egitekorik, jendeen külotak ebasteaz kanpo. Eta bere baitan... egun guziz xuritzen zuen andanarekin, ezin konprenituzkoa zela ere non zikintzen zuen hainbeste, eta fantesia horretako zitingorjak, Jaratik haste ikusterainoko koloretakoak bazirela, Baionako eroen jinarazteko doia... eta hola egon zen. Egin zuten emazteek gutiagorekin lehenago eta ez haur batean gelditu... oraiko arak.

        Rumballerrak ezarriz geroztik ez ziren hainbeste kurutzatzen Pittortenekoekin. Zaharraren ikusteko menturan, kabalen ikusteko estakuruarekin egiten zuen beste zaharrak Jara gaineko pentzeen bisita. Leheneko aretan bezala xahutzen zuten biek goiz erdi bat berrien itzulia egiten. Pittorteneko alaba beti bezainbat preziatzen zuen auzoak, urrunera ikusten zuen haren beso zainarta altxatzen, agur jendekin eta franko batean, eta iduri zitzaion urrun izanik ere haren hortz lerro ederra heltzen zitzaiola. Beti haren berriak galdegiten zizkion auzoari:

        — Ez zauka ezkontzen oraino ez?

        — Bilkuraz bilkura badiabilak baina ez zaidak gauza haundirik kondatzen. Hasteko gustukoa diketek batzuk etxeraino jiten zaizkiok kilota ebastera. Karlailaka irriz atxiki gitik atzo ohoinaren eskarniak eginez.

        — Zer da komedia hori? Jainkotik otoi? Hori ikusi behar giniela!

        Traininga berhasi zitzaion Claudei. Kolore puxka bat berriz harturik, arraileria ere, Tolosara igorri zuten hierarkiatik, ideien berritzera filosofia eta beste psy batzuetan trebatzera. Idazten eta telefonatzen ere zuen biziki forman zela eta Hazparneko aldera joateko mentura bazuela. Aita kontent zen, ohartzen baitzen ez zela ofizio horietan lehen bezala eta kasu gero, laborantzatik at ere, bazen arrangura.

 

 

        Lapintegien arreñatzen ari zen gizon zaharra. Ateñoak higatuak ziren puska bat eta gontzak berriz eginen zituela pentsatu zuen. Ondoan, aterpe haren zokoan komoditate zaharrak zeunen. Lehen ziren bezalakoak: borta, taula bat, ziloa eta bere estalgia erronda. Ez zituzten sekulan desegin, lehenago zerendako eginak izan ziren ahantzi baizik. Bitxi da zer den berziklatzea, taularen gainean lapinendako trefla saskiak uzten zituzten. Hor tresnak, marteilu eta trukes, finkatu zituen ipurdiaren lekuan, eta turnabisa estalgiaren loki zen xilotik erori zitzaion barnera.

        — Te behar ere hauek ez dituk aspaldi baliatuak

        Erronda alxatu eta turnabisa Galerie Lafayeteko magasinaren betatzeko doia zen oihal fin metaren gainean zen. Gauza zikin edo bekatuz bustiak hartu zituen bere esku daldartietan. Ez zuen konprenitzen nolaz... eta orduan ezagutu zituen errenaren puska eskandalagarriak, dena fizela eta lili tipi eta ahate beltzak ere, behar zenez mentsa... eta ahate buruen heineko ziloak.

        Lapintegiak ez zituen sekulan arreñatu eta abisak baliatu zituen komoditate estalkiaren tapatzeko. Mehatu zen ere gaixo gizona, segeretuak berea jaten du. Semea jin zitzaiolarik etxera alegera eta baikor, arrajarri zen doi bat baina burasoen arrangura... Gaitzeko mintxarekin lotu zen semea bere apez lanari eta formula onak zergatik alda, udako ateraldiak ere arrakasta bazuten eta, berriz hasi zituen.

        Etxetik joaten zelarik turnabisa hartu eta joaten zen zaharra komoditate zaharretara, deus berririk bazenez, edo berrikuntzarik. Errena truzoz berriz muntatua zen eta pentsatu zuen amets zaharraren ahanzteko tenorea jina zela. Alegia deus ere estalgia deslotu zuen eta trefla saskia gainetik ezarri.

        Gavarnieren ondoan ziren apeza eta gazteak. Oihal etxeak gaueko montatuak. Zazpi oreneko ibilaldia egin zuten eta aireak zer nahi usain fin karreatzen zuen. Lehen izarrak diz diz. Eta oihal etxe moda berri horiek, kilo bat baino gehiago ez, baina argia pizten delarik barnetik, eki aldeko antzokiak dira... neska gaztea belaunikaturik itzal txinatarrean ageri, ixter fin eta luzeak, besoek garkola ferekatzen emeki, amultsuki, akiduraren pizuaren eztiarazteko, gorputz luxe hori, bular tipiak mugatzen zituen itzalezko marraren garbitasunak... bolizko estatuño bat... joaia. Lanoa bezain fina eslip ñimiñoren marka, enpresa gizon japonesek hegazkinean usaintzeko kolegioko neskatiler kilo-yenka erosten dituzten bezalakoa.

 

 

        Hilabete bat berantago, usaia berriari jarraikiz, komoditateetako tapakia altxatu zuelarik, aitak bularretako jin berria atzeman zuen. Ezagutzen ez zituen triangulu batzu apaingarri, hain ttipi, aitzinean estekatzen diren haietarik zen. Ez zatekeen hor gaindikoa baina gizonari eskuak ez zitzaizkion gehiago dardaran ari. Beharbada Tolosan eta staja horietan ikasiak... Oraiko arak...

 

 

Botoiletan
Antton Luku

Maiatz, Uhargi 36, 1998ko apirila