Botoiletan
Antton Luku

Maiatz, Uhargi 36, 1998ko apirila

 

Azken karrusa

 

        Gure herrian bizi izan den neska gazte baten istoria kondatzen du idazki honek. Jauatzeko Añarena. Sortu zen herriko bazter etxalde tipi batean, denborarekin etxalde bilakatu ziren borda txar haietarik batean. Ama hil zitzaion sortu zuelarik. Aita bost urte zituelarik mando ostiko baten ondorioz. Osaba eta ttantta xahar batzuek hazi zuten. Etxekoak, amarenak beraz.

        Biziki neska atsegina eta ausarta zen, biziki elekari pollita. Etxetik zuen hori. Ttantta zirtolari bizia zen eta zaharra, osaba, guti mintzo zen gizona, noiztenka sekulakoen ateratzeko, nehork gehiago uste ez zuelarik.

        Eskola utzi zuen besteek bezala, herriko eskola tipia finitu eta. Ez zuen luzatzeko ez xantzarik, ez emeiarik ukan, etxen ez ziren gaztetzen ari. Igandetako meza zuen ateraldi bakarra, merkaturat ttantta zen joaten. Mintzatzera ausart baleite konda lezakete auzoek zer irriak egiten zituzten neska txar harekin, zoin «bideko zamaria» zen elizaratekoan. Denak akort ziren solas irringarriak zapeten aldatzeko ttattolan utzi behar zirela, arrosarioak eskutan meza saindurat joateko.

        Elgarrekilako lan gogor horietan ernea bazen ere, arraitzen zituen pausa mementoak bere mintzatzeko libertateari esker, jatekoaren zare zolan ez zuen sekulan ahazten karten jarraikaraztea, eta nola ez zien atxikitzen gizon horiei solas kokinetarat lerratzen zirelarik ere! Ez zen berehala gorritzen eta kikiltzen ziren ñuñuka haietarik. Lehen auzoan, nagusia, Zarlez, gizon plaxenta zen, aski alferra, emazteak zuen etxaldea kudeatzen. Etxeko atxiki zuten semea Añaren adina zen, mutiko umil eta kopeta apal bat, nekez mintzo zena. Aitak neskaren aitzinean egiten zituen ateraldi finak ez zituen ulertzen, eta gehiago biribilkatzen zen bere oskolan.

        Bigarren semea ere bazuten. Noiztenka. Etxean zelarik. Ostatu zilo bat. Kaiet. Kontrabandan ari izan zen eta dirua polliki irabazi, azkarra eta ausarta baitzen, aise ibiltzen zen mendian eta soraioa kabalekin. Hainbeste irabaz, hainbeste xahu, deus gabe gelditzen zen ardura eta gertatzen zitzaion herriaren mintzarazteko doia, hortik lekutzea Frantzia behere hartarat, lanerat, arbola botatzera, luzean segatzera edo beste. Sasi arraintzan eta ihizin jite haundikoa, baina bere egiazko ofizioa ostatua zen. Harat hurbiltzen zelarik loriatzen ziren edaleak, hain ateraldi egile ona baitzen. Mihi zikina hobeki errateko. Ostatuan funtsean ardura nahasten baitira omorea eta gaixtakeria, deus ez baita ostatu batean ustelkeria baino atseginagorik.

 

 

        Belarretan arizan behar zuten bi familiek gaineko pentze patartsu batean. Hamabost urteko neska batentzat gogor izanen zen lan hartarat begitartea alegera jin zen Aña. Bera itots-emaile, ttantta orgetan arresteluak eta xixpak atxikitzen.

        — Otto ez duna hor? galde egin zion auzoak.

        — Ez dataxi konfiantxa egiten etxearen zaintzeko, zahartzeak ez dixi deus onik

        — Belarrak emazteek egin behar? Jia!

        — Zenbat egiten dataxu zuek hiruek baino gehiago kargatzen dudala aratseko?

        Bere balentria kondatuko zien Kaietek geroxago bere ostatuko lagun loriatuei

        — Ikusi nian belar kargatzean biloa bazuela besapean ta egina nian nihauren baitan: Hor baldin baditun, beste nonbeit ere baditun ba.

        Egun guzia gizon lan horietan iraganik, belarra deskargaturik eta auzoei aratsaldeko askaria eskaini zien neskak. Otto jautsi zen auzoen agurtzerat eskertze gisa. Auzoak:

        — Jia Piarre, andregaia tarrotua duzue.

        — Xahartzen ari girelako marka. Zer nahi duk.

        — Mutiko horietarik bat utziko dautzuet laguntzeko.

        — Mihia hasteko azkar beharko dik ttantta illobaren artean irauteko.

        Auzoaren zerri begiek neskaren gorputza ferekatu zuten gain beheiti:

        — Beste zerbait ere iduriz.

        — Zer xuk ere lan haundienak gazteer utziko ditutxu orai?» Añak saihetsetik soari ohartu eta.

 

 

        Auzoak etxerat joanik Aña kabaletarat joan zen peko pentzerat eta Elordoiko bihurgunerat heltzean Kaiet ateratu zitzaion. Mozkor ondoko so zikin hura zuen eta laster konprenitu zuen ihiziak zertarat jina zen. Saiatu zen ele airos batez zortearen kasatzera etxen erakutsi zioten bezala, mugimendu berean pasatzen, baina erdi gelditze horretan beldurra jada erakutsia zuen. Hartua zen. Holakoetan behar ez direnak erraten dira, hitzño bat, doi doia kanbiatuz ostatuan proposamena bilakatuko baitzen:

        — Ez xirea pausatzen ari?

        — Preseski etzanaldi baten proposatzerat jina nindunan

        Zerrandegiko gaztainen artetik heinka eskapatzerat saiatu zen, baina hamabost urteko neskak mendian haziak badira ere, ez zaizkio ihiztari kontrabandista bati eskapatzen iluntzean eta laster lurrean etzana zen. Katxoz bete esku lodiak matatzen zizkion besoak, ukondoak papoan landaturik lurrari kontra zapatzen zuen eta gaztain abar bat bazuen bizkarra bi partez egiten ziona. Iduritzen zitzaion hamar esku zituela gizonak eskuinaz zangartea hartu ziolarik, pilota bat tinkatzen zen bezala sexua lehertzen zion errotik kentzeko enbeia ukan balu bezala.

        — Zer gauza pollita dunan hor» marmarikatu zion beharrian. Añari malkoak mateletan zapartatzen zitzaizkiola, gizonak estali zuen, orbelak barreatuz, lur ustel eta onddo usainean basurde etzangian bailitzan.

        — Ez huen lehen aldia? Jarriko hiz ba eta fite ni bezainbat goxatuko hiz.

        Zaia apaldu zuen eta lasterka espakatu. Aratseko aireak ez zuen uxatzen gorputzari lotua zuen usain higuingarri hori, larrutik sartu zitzaion gizon zikin izerdi usaina. Behiak pentzetik larrerat ereman zituen eta etxera sartu. Korralean, sukalderatu aitzin errekuperatu zuen bere kopeta argia. Ez zen holako solasik atxikitzen fite hilen zen gizon baten mahaian, eta, isiltzea ere mintzatu gabe erakusten zaie neskei dudarik gabe.

        Dena irentsi zuen eta barnean ehorztea saiatu.

        Emeiatzen zitzaiolarik Kaiet arreñatzen zen harekin batzeko, kukutzeko gisan zen leku batean. Sasu baten gibeletik jalgi eta, mozten zion bidea hitzik atera gabe. Neskak ez zion deus erraten; ez zuen gehiago nigar egiten. Ez zen eskapatzerik. Ez zizkion jauntziak urratzen bederen. Partitzean beti ateraldi bat, mina areagotzeko, espezialitatea zituen ele goxo haietarik. Behin edo bietan beste herriko mutiko bat azaldu zen, hark ere esperientzia bat egin nahiz, ustez eta galde egitea aski zela. Baina duda bat ukan baitzuten igorri zituen zalu. Eta nigarrez lehertu. Argi zen bestea mintzatu zela, berriak ostatuetarik etxeetara berehala heltzen dira eta gero jende onek badakite hori nola interpretatu. Arrazoiak non eta nola bila.

 

 

        Osabaren ehorzketetan senditu zuen herriaren morboa gehiago axolatzen zela jauntziaren pean ikusten ahal ziren formez, barnean zukeen penaz baino. Tripa ontsa inguratu zuen oihalez deus ez zedin ager. Azken bi hilabeteetan ez zen mezarat ageri osabaren eritasunaren estakuruarekin. Ttanttak, penak janik, ez zuen aitzakirik xekatzen, kalipurik xahutzen, jende on horien konbentzitzen. Legea ezagutzen zuen eta illobaren geroa zuen axola bakarra. Tink egoiteko indarrek ez dute ondorio onik, ezta ditxo finenek iraupenik, behar den alderdian ez garelarik. Ohorearen salbatzeko baizik. Eta orai bazuten ohorea baino prisatuagorik.

        Kanpaña ezagutzen zuen atsoak. Aña ez zen kasu horretan gertatu eta gertatuko zen bakarra. Haurregoixteko ezagutzen zituen joko guziak erakutsi zizkion, belar basa tisanak, etxeko mitra guziak ikuzarazi egun guzia besoak altxaturik atxikitzeko... eta beste guziak, emazteek, familia haundi edo ttipitan, behar den bezalakoetan edo ez, beren artean ahoz aho mendeetan pasatuak. Indar guziz biziaren kontra borrakatu ziren bi emazteak beren bakartasun putzuan. Haurra debrua kondenatu baten arimaren hartzeko bezain lotua zen, senditzen zuen tripan lakasta baten azparrez bere odola xurgatzen. Ttanttarekin ez zuten gehiago aipatu.

        Kanpoan ukan zuen berak, iratze metaren gibelean, xilkoa hortzez urratu. Haurra eskutan hartu zuen, garrasien ixilarazten ez zekien. Lantzar hotzak pizten zuen gehiago. Marraken artetik aho ttipia hesten zelarik aitaren irri maltzurra ezagutu zion. Euri hotza bizkarrean eta lurrean gaztain-orbelak bezain gorrastak iratzeak, odol hori izterren artetik, haurraren irri zikina eta sabel usain karatsa: ñiñia iratze pean ito zuen.

        Bazko goiz zen urte hartan eta ttantta illobak osabaren ehorzketez geroztik elizaratu ziren lehen aldikotz. Biziki meza ederra kantatu zuten, gizon guziak han baitziren, zeinuak dinbi danba eta komuniatzeko unea etorri. Hurbildu zen Aña mantilla soinean eta kopeta apal. Ez zen urte bat lehenago zen neska, aparantziarik ere. Duda horrek zuena apeza deliberarazi? Ostia ukatu zion.

        Sekulako zurrumurua altxatu zen elizan. Ttanttak, komuniatzeko baitzen eta gibeletik heldu, hartu zuen illoba, apezak so egin balio memento hartan tu eginen zion muturrerat, sorgintzat pasatzeko irriskuan, beste zenbaiti ere menturaz eta etxerat joan ziren zalukara. Apezak zerbait erran zuen meza finitzean, zeremoniaren histearen doluz.

        Mihiak askatu ziren eta gizarte goxo, adiskide eta anaikor batek denbora laburrez ekoitz eta bota zezakeen usia hor agertu zen. Mutiko guziekin non nahi ihalozkatzen zen urdanda bat aipatua izan zen. Kaietek berak erranik, berak galde egiten zion zaiak altxaturik... Aski zen ikustea funtsean ttipi ttipitik zer sanfreta zuen, gizonei nola soa atxikitzen zien, ateratu zen norbait herri genealogo jakintsu, hori arrazaz zutela frogatzeko eta belaunaldietan ezkalada kotsia eginez atzeman zituzten bat edo bi, harekin askaziak, izterrak zabal zabalik plantatzen zirenak armadak kanpañatik jinen zirelako berri soilean. Baina inportantena ez zen horretan, holako neskak beti izan dira, miseriak du ekartzen hori azken finean, etxe batzuetan ez dituzte alabak behar den bezala hazten behereko etxe onetan bezala, haurra botatu bazuen (gerta zitekeen etxe onetan ere) bainan piesena, gaitzena komunione sainduaren galde egiterat aitzinatzearen kopeta izatea zen. Damurik eza, pretentzionea.

        Aratsean, ostatuan, holako parada ez zela berehala azalduko jakinki, hitzartuak ziren herriko gazteak karrusaren egiteko: dantzariak kondatuak, auzoko bertsulariaren pagatzeko dirua bildua. Mitxeleko bordan bilduko ziren lauspabost astez teatroa eta entseguen egiteko. Uxerra Bidegaineko Andres zapartingarri hura. Meraren semea barne zuten. Funtsean ostalerra zen eta kontra ezin izan. Mozkinaren erdia baino gehiago sakelarat joanen zitzaion. Batzuek aipatu zuten neska bera ere biltzea, asto lasterraren egiteko, buluztea eta asto batean promenatzea herrian gaindi. Holako neska bat herrian izatearen parada huts egin zutenek begiena bederen gozatu nahi zuten. Baina ez. Irringarria zen ideia baina arima sentsible batzuk, uzki xuriak gaitzitzen ahal ziren eta herria bi parte gelditzen ahal zen bestaren ondotik.

        Nahiz eta segeretua atxiki behar zuten, biharamunean ez zen beste solasik. Plazako emazte debota bat Jaun eretorraren abertitzerat joan zen, eskandalua montatuko zutela herrian eta zerbait egin behar zela. Herri hartan egin zuen egonaldiaren memento latzena ukan zuen erretorrak. Batetik apezpikuak bilkuran ontsa artamendatu zien dantza eta holako gauzak biziki artoski zaintzeko, bekatua hor hazten zelako eta ezin kontrolatuak zirela gauza horiek, aski besta egiteko elizaren ekimenez eta besteak debekatzea.

        Baina bestalde ez zen agertzen ahal herrian holako neska baten defendiatzaile, gizonei mintzo zitzaien bati, ozar eta ausarki, dantzan ari ziren nesken alderdiaren hartzea zen. Mariaren haurren kongregazionean ez ziren agertzen kartierretako borda ttipietako alabak, etxe horietan lanen egiteko mutilik ez zela estakurutzat hartuz, eta egoten ziren katiximatik ezkondu arte zaintze ispiritualik gabe, moda zaharrean gizonekin ditxoka zein gehiagoka. Seroraren lana deuseztea zen ere, biltzen baitzituen neska planttakoak, josten, ko zinan ikasteko egun guzia arrosarioa erranez. Gizon bat pasatzen zelarik serorak: «boneta» erraten zuen eta denek sudurra apaltzen zuten.

        Bestalde karrusa egiten bazen bertsuka eta ziminokerian zalapartaka ariko ziren ilabete batez eta ondotik solas zikinak erabiliko ostatuan, ez zekien zer tenore arte. Solasa izanen zen etxeetan, zirtoak eta bertsuak errepikatuko ziren, non ez zen gaitzago. Etxe hoberenen mahaian. Auzapezaren ikusterat joan zen, zer egin zezakeen aztatzerat. Hark debekaturik hoberena zitekeen bere ustez.

        Auzapeza jada engaiatua zen, baia emana zuen. Erakutsi zion apezari holako krimen bat, krimen bat zelakotz ororen buru, ez zela zigorrik gabe utzi behar. Ohartarazi zion bera, ondarrean errepublikaren xerbitxuko, zela baina deitoratzen zuela krimen haundienek epai zibilik ez izatea, beraz bozkariatzekoa zela tradizioaren ildotik gazteek ematen bazioten afera horri herri sententzia bat moralaren onetan. Apeza ados. Egiazko motibazioei buruz ilusio izpirik ez bazuen ere.

        Egiten ahal zuen azken gauza egin zuen, bizikleta hartu zuen eta auzo herrirat joan zen orduko bertsulari hoberenaren etxera. Gizon karana zen, xintxoa eta biziki elizatiarra. Apezak aipatu zion bazekikeela auzo herria zer trantsetan zen, orroitarazi delako egun hartan haurrak eta gazteak izanen zirela plazan, elea egin ahala garbi atxikitzeko galde egiteko ondarrean. Koblariak hitz eman zuen baina ohartarazi ere ez zuela kontrolatzen ahal kontrarioak zer ateratuko zion eta behar zuela defendiatu. «Eta badakizu koblari txar horiei ez zaielarik deus heldu animalekoak botatzen dituzte ezin bestean.»

        Tobera eguna jin zelarik goizeko mezan tentsionea sendi zen elizan ere, ezinegona. Apezak alegia deus ere egin zuen, bizpahiru pikoetan sartu zuen bere mezua. Bertsua bekatua da. Eskuara Jainkoak eman hizkuntza bada haren xerbitxuko egon bedi. Bertsuen egiteko dohaina duten horiek Escualduna kasetan iskiria dezatela. Eta etsenplua har dezatela neskek eta neskak hazi behar dituztenek Jainkoaren bidean egoteko.

        Bizpahiru herri bilduak ziren plazan aratsaldean eta dantzari ederrak preziatu. Herriak bere ar ederrenak erakutsi zituen joalla ederrenak papoan. Kaietek kondatu gauza guziak agertzen ziren taula gainean, denak irriz gogotik, eta uxerrak eskarniatzen zituen posizione adierazgarrienak, jautzi zaintsuak artekatuz, ttantta ilortarazlea sorgin baten maskaren pean agertzen zela. Besta segitu zen berant gau hartan. Kaiet ere arizan zen bertsutan. Tematika bereko bertsu zahar guziak ere eman zituzten, bi botzetan, izenak aldatuz eta batzutan xehetasun gordin bat gehituz. Apezak ez zuen begia zerratu, iduritzen zitzaion bekatu guziek jo egiten ziotela tripan. Hor gertatzen zenaren erantzunkizuna ukanen zuela egun batez! Konduak galde eginak izanen zitzaizkion ardikal.

        Ondoko asteetan ez zen besterik aipu. Etxeetan baita merkatuan zurrumurua hantuz joan baitzen edo norbaitek desmartxa egin zuenez, hasteko, Donibaneko jendarmak jin ziren inkestaren egiterat. Auzoetan ibli ziren plazakoa despeditu ondoan, gauza guti biltzeko.

        Ez zitzaizkien bizkitartean oinez egin zazpi kilometroak damutu. Zarlezek ohartarazi zien auzoko lau behiak gaineko pentzean urdeak bezain zikinak zirela. Alta neska langilea zen hori eta iratze meta oso bat batere hastekoa zuten...

        Ama batek edozein kondizionetan ukanik ere ez du bere haurraren hobia desegiten.

        Xixpa ukaldi batez gorputza atzeman zuten eta Aña bi jandarmen artean jautsi zen igandetako paltoa espaldetan emanik.

 

 

        Gure etxeko sukaldean, bolant jauntzia oraino kaderan, paper hauek sartzen ditut botoila honetan jakin dezaten hor gaindi Herri honetan hobengaberik ez dela.

 

Ezterentzubin, 98ko udaberriz.

 

 

Botoiletan
Antton Luku

Maiatz, Uhargi 36, 1998ko apirila