Itsasoak iraultzan
Jean Louis Davant

Maiatz, Uhargi 6, 1986ko martxoa

 

SAR ITZA

 

        Bertsuak eta poesia ez dira baitezpada bat. Badira poesia gabeko bertsuak. Badira bertsu gabeko poesiak. Bada ere bertsuekiko poesia.

        1977-ko udazkenean, bertsu paperetan hasi nintzan, hau da bertsu idatzietan, poesiaren arrenkurarik gabe, helburu material soilez. Kexu nintzan ikusiz gure kazeta «bilinguek» zoin gaizki ateratzen zuten agertu nahi zuten euskara den gutia: zoko batean itsuski tinkatua, ezin irakurria. Bertsutan emanez geroz, zuri batzuen uztera bortxatuak ziren artetarik, eta irakurleentzat errexago gertatzen zen lana.

        Pedagogiazko xede bat banuen ber denboran: halako mnemoteknia bat badu bertsuak, prosa baino hobeki hartzen du gogoak eta han koka daiteke. Ideiaren ñabardurak ezabatzen ditu, eta bere kaltea badu horrek. Ordainez, ideiaren ezinago xorroxtera behartzen gaitu, horren inpaktoa azkartuz. Kantutan erran daiteke. Dena dela, betidanik maite du euskal jendeak, Joanes Etxeberri Ziburukoak zion bezala. Harek zituen arrazoin berek bultzaturik hasi naiz.

        Abertzale ideien eta borroken propagatzeko eta hedatzeko hasi naiz beraz, Euskal-Herriak dituen kazeta euskaldun eta «bilingue» gutiz gehienetan. Eta horietan bi urtez agertutako bertsu haboroxeak publikatu nituen 1980-eko larrazkenean, «Makila Gorria» delako liburuan.

 

* * *

 

        Arte hortan, bertsu politiko soilez ase nintzan eta poesiari lotu. 1979-ko udan, hortara lerratzen hasi nintzan. Azken bihurgunea gertatu zaidan ETXAHUN-IRURI hil zenean. Ehortzeta egunean, harat ezin joanez eskolan nengoela, «Euskaldunak» kazetako lagunek deitu ninduten, egunaren barnean zerbait idatzi behar niela xiberotar poetaren obraz. Eta nik: nondik egin dezaket holakorik, egungo lan guztien artetik?

        Pentsatu nuen dena bertsu zenbaitetan bildu behar nuela, oso laburki. Hain zuzen, eskolako paperen artean banuen, frantzes literaturaren antologia batean berriki kopiatua, Jean de SPONDE (Ezponda) Ziberotarraren soneto bat, frantzesez idatzia. Iduritu zaitan forma hori zeta egokiena, ideia baten hitz gutitan biltzeko, herriak maite duen neurtitz moldean behintzat. Etxahunen obra hola nuen bildu hutsarte batez, eta ene sonetoa Baionarat igorri nuen arrat hartan.

        Gero alan gelditu zaizkidan bi kezka. Bata, Ziberoan hutsune bat uzten zuela Etxahunek, hirugarren Etxahunik ez zaitekeala, baina agian idazle taldexka bat, eta hortan ene saila bete behar nuela nik ere. Bestea, zer den sonetoa, nondik eta nola datorkigun... Eta literaturan musurkan hasi nintzan, lehen bait lehen gauza premiatsuenak ikasi nahiz.

        Egia da gaztaroan asko maite nuela literatura, bai euskalduna, bai frantzesa, bai espainola ere. Euskaraz eta frantzesez bertsu idazten hasi nintzan baxoaren urtetan...

        Baina gero, ingeniaritzako bidea hartu nuen, literaturatik urrunduz. Eta hartarik ondarra berezi ninduen euskal politikak, ene lan-arte ta oporraldi gehixenak hartuz. Baina nolakoak diren biziaren itzuli-mitzuliak: hara nola berriz nakarten lehenbiziko maitasunera.

 

* * *

 

        Beraz 1980-eko udan, amodiozko poema sail bat idatzi nuen, eta Bilboko Aurrezki Kutxak eratutako Azkue sanan aurkeztu. Hor agertu ziren hamahiru lan, anonimoki, holako sariketa guztietan ohi den bezala. Irabazi zuen Joseba SARRIONANDIA, Durangoko Bizkaitar gazteak. ETA-koa delakoan, Espainako gartzela ilun batean dago, gure laguntzaren zain. Eman diezogula osoa, lehen bait lehen aska dezaten!

        Azkue sari hortan, aipamen berezia ukan nuen. Ikasten jarraitzeko adorea eman zidan. Zeren ikusi nuen alde batetik, bertsu arruntetarik urrunduz, poesian sartzen hasia nintzala, baina bestetik ene olerki sailetan batasun eta teknika gehiago irabazi behar nuela. Zeren poesia, ene ustez, denen gainetik ofiziale lana da, arta haundiz eta maitasunez orratua. Horri esker, zorte ona ukan dut 1981-eko Azkue Sarian, «Denboraren Aroak» izeneko poema sortarekin. Garaitzari esker publikatuko da, eta horrek dit atsegin haundiena emaiten, ezen euskal idazle batentzat, oso neke da publikatu izatea.

        XALBADOR zenak zion bezala: ez du balio izkirioz artzea, orenak eta orenak aitzinean ditutzula, aho-mihizko ber lan motaren egiteko. Harek bi motetarik egiten zuen, eta ongi. Nik aho-mihizko ez baitut behar den ohiturarik ez odol-hotzik, ez naiz hasiko ere.

        Eta izkirioz ez dut pretenditzen bertsulariak baino hobeki ari naizenik, zeren askotan, gisa guztiez ezin hobeak botatzen dizkitzue harrigarriko ahapaldi batean. Ez da baitezpada hobea izkiriozko poesia, baina beste zerbait da, oinezko lasterrak eta bizikletazkoak desberdinak diren bezala.

        Aho-mihizko formen idatziz erabiltzea ez zait eni zilegi, non ez den noiztenka, kobla zenbaitetan: iduri zait oinezkoaren aurka txirindularen hartzea dela, irabazteko segurtamenik gabe gainera. Eritzi personala, soil-soilik. Baina pentsatzen dutanaz geroz, erranik hobe.

        Zer nahi gisaz ere, poesian aprendiza nauzue, beti eta gehiago ikasteko gogoz betea.

 

* * *

 

        Poesia enetzat, droga bat da, biziaren edertzeko eta hobeki jasaiteko droga bat. Ber denboran, dopin bat da, borrokan ihardokitzeko eta garaitzeko. Beraz droga eta dopina, bietarik, eta orain ezin pasa naiz hori gabe.

 

* * *

 

        Hona beraz 1980-eko Azkue sarian aurkeztutako «Itsasoak iraultzan» poema saila.

Jean Louis Davant

 

 

 

 

Zenbaiten amore gatik

Eta guztien fabore.

 

 

 

Itsasoak iraultzan
Jean Louis Davant

Maiatz, Uhargi 6, 1986ko martxoa