Ira 09 08

Cesare Paveseren jaiotzaren mendeurrena

Duela 100 urte jaio zen Santo Stefano Belbon Cesare Pavese, 1908ko irailaren 9an. XX. mendeko idazle handia, handia izan da bere literatur lanak izan duen eragina. Italian, eta mundu osoan. Italiako bere idazle garaikide hainbat bezala Alderdi Komunistari atxikia, bere ibilbide pertsonala ere esanguratsua da, 42 urte zituela Torinon 1950eko abuztuaren 27an bere buruaz beste egin zuen arte. Euskaraz bada aukera bere lanak irakurtzeko. Aldizkarietan 80ko hamarkadan argitaratutako bere poemen itzulpenez gain (eta liburu kolektiboetan plazaratutako bere lan batzuk), hiru liburu euskaratu eta argitaratu dira. Lehena Elkarrek plazaratu zuen, 1984an, Xabier Mendiguren Bereziartuk itzulitako Burkidea. Ondoren, eta Literatura Unibertsala bilduman, Koldo Bigurik Muinoko etxea (Ibaizabal, 1992) eta Maite Lopetegik Bizitza lanbide (Ibaizabal,1997) euskaratu dituzte. (gehiago…)

Ira 04 08

Andolin Eguzkitzaren
azken poemak

Idazten hasitako poema liburua amaitu gabe hil zen Andolin Eguzkitza 2004ko martxoan. Bere lan koadernoari Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki izenburua paratu zion, 1998ko urriaren 12ko iluntzean abiatua. Liburu bukatu gabe hartan 29 poema ondu zituen Eguzkitzak sei urtetan, eta eskuizkribu hura argitaratu zuen Susak 2004ko udazkenean, Juan Ramon Madariagaren hitzaurrearekin eta azalean Enrike Urrutiak margotutako erretratuarekin. Orain osorik eskaintzen dizugu sarean.

Abu 27 08

Ruben Darioren
ipuin fantastikoak

Lukas Dorronsorok euskaratua, Ruben Darioren Fantasiazko ipuinak plazaratu zuen 1987an Baroja argitaletxeak. 1869ko urtarrilaren 18an Nikaraguako Metapa herrian jaioa —Ciudad Dario izena du gaur egun—, idazle, kazetari eta diplomatiko jardun zuen Ruben Dariok. Nikaraguako poesiaren eta espainolezko poesiaren XX. mendeko gailurretako bat, modernismoaren ikur nagusia izan zen. Barojan argitaratutako 10 ipuinez gain, Xabier Galarretak Urrezko gizona narrazioa itzuli eta Hiria argitaletxearekin kaleratu zuen 2004an. Ez dira Ruben Darioren olerki asko ekarri euskarara. Emeterio Arresek itzuli eta La Baskonia aldizkarian agertu zen Arjentina’ko emakumea, 1928an. Handik 40 urtera, Santi Onaindiak itzuli zuen Ertia poema luzea, Olerti-n plazaratua. Anjel Bidagurenek, azkenik, Negukoa ekarri zuen euskarara Zer aldizkarian. Hemen poema horien itzulpenak. (gehiago…)

Abu 19 08

G. Arroyoren Eskeintzak

Bilduma abiatu zenetik narratibako liburuak kaleratuta, eta batez ere itzulpen lanetan jarduna, 1987an jatorrizko poesia liburu batekin plazaratu zen Barojaren euskarazko saila: G. Arroyoren Eskeintzak. Poemario anitza, amodio-, kritika- eta kronika-poemak dakartzanak, izenburuak iradokitzen duenez, liburuko poema guztiak eskainiak dira; izenbururik ez dute, dedikatoria baizik. G. Arroyo sinadurarekin argitaratutako liburu bakarra hauxe, Eskeintzak, orain osorik eskaintzen dizueguna.

Abu 13 08

Mahmud Darwish hil da

67 urte zituela zendu da Mahmud Darwish idazlea 2008ko abuztuaren 9an. Palestinako poeta eta kulturgizon ezagunena, 1941ean sortu zen Al Biwra-n, zazpi urte geroago israeldarrek suntsitu zuten herrixkan. Geroztik erbestean eta borroka politikoan jarduna exilioan —1996an Ramallara itzul zedin baimen espresoa eman zion arte Israelgo Legebiltzarrak—, bere poemen bitartez herri palestinarraren adierazle handienetako bat izatea lortu du. Darwishen bederatzi poema euskaraturik bidali dizkigu Koldo Izagirrek, eta 1988an Itxaro Bordak itzulitakoekin batera, hogeita bost poema eskaintzen dizkizuegu orain. (gehiago…)

Abu 12 08

Termitosti, Joxe Austin Arrietaren lehen liburua

Abuztuaren 15eko bazkalondoa nobela (1979) da Joxe Austin Arrietaren liburu ezagunena, 1965eko egun sargori hartan Donostiako 31 de agosto kaleko etxean aita-semeen arteko solasa, hamasei urteko mutilaren oroitzapenak… Baina Arrietaren lehendabiziko liburua Termitosti izan zen (1978), orain dela 30 urte Ustela Sailak argitaratua, bi kontakizun biltzen dituena. Termitosti narrazioko pertsonaiek Igeldora ihes egin dute eta beren testigantzen bitartez Donostiaren inbasioaren eta hondamendiaren kronika jasoko dute magnetofoi batean. Bidaia narrazioko pertsonaia soldaduskatik itzulian doa Donostiara, gogoan duela uztail batez Saturraranera egindako txango bat.

Abu 05 08

Juan Luis Zabalaren koadernoa

Juan Luis Zabalak aurreneko liburua, Zigarrokin ziztrin baten azken keak nobela (1985) argitaratu baino lehenago, eguneroko baten antzera ohar-koadernoa abiatu zuen 1984an, esaldi honekin: “Ene literatura ez da munduaren kontrako kolpean isurtzen zaidan odola baino”. Apunteak, gogoetak, poemak, ipuinak, artikuluak… era askotako testuak idazten aritu zen koadernoan hogei urtez, eta haietako batzuk erauzi eta bildu zituen Inon izatekotan liburuan (2006, Susa), orain sarean osorik eskaintzen dizugun honetan. Koadernoari blog moldean eman zion jarraipena 2006ko maiatzaren 11tik aitzina, eta osatzen segitzen duen blog horrexetan dituzu Zabalaren ohar-testu guztiak ere, urtez urte sailkaturik.

Uzt 30 08

Larruzko botaren ikerketa, txinatar anonimoa

Song dinastiako Huizang Bidearen jauna enperadorearen garaiko istorioa kontatzen du Larruzko botaren ikerketa kontakizunak, narrazio txinatar anonimoak, k.o. X. mendeko istorio baten berri dakarguna. Elezahar txinatarren tradiziotik edaten duena, poemaz apainduriko narrazioa, Maider Etxaidek euskaratu zuen eta Baroja argitaletxeak publikatu 1986. urtean. Testuko pertsonaia historikoen, zenbait ohitura eta hitzen esanahiari buruz testu amaieran badira itzultzaileak emandako hainbat ohar. Osorik eskaintzen dizugu elezahar txinatar hau.

Uzt 24 08

Edorta Jimenezen
USAko kontakizunak

Paiute indiar batek Edorta Jimenezi diotso: “norena da lurra, norena airea, norena ura?; horiek ez dira gureak, beraz ezin dira saldu, ezta ere erosi”. Esan gabe doa, Amerikako Estatu Batuetako errealitatea oso bestelakoa da aspaldian, inperioak bertakoen tradizioa jainko berriez ordezkatu zuenetik. Edorta Jimenezek 2002an eta 2005ean egindako bidaietako kontakizunak eskaini zizkigun Koioteren arrastoa liburuan (2006, Susa), eta aste honetan osorik emana duzu sarean. Ia mila froga atomiko egin izan diren Pyramid Lake aintziran igeri eginez murgiltzen da Edorta Nevadako mortuan, eta hortik aurrera kontraste handiko bizimoduak erretratatzen dizkigu: Renoko unibertsitatea, Idahoko indioen ipuinak, mormoiak, euskaldun amerikanoak, Koreako gerran hegazkin pilotu izandako Hemingwayren ezaguna…

Uzt 16 08

Alarconen Heriotzaren laguna

1833an Espainiako Granadako Guadixen jaioa, XIX. mendeko korronte errealistaren barruan kokatu ohi da Pedro Antonio de Alarcon. Ideia liberal eta are iraultzaile samarrekoa, bere pertsonaietan ere islatu zuen ideologia hori. Hainbat aldizkariren sortzaile, Madrilen lan egin zuen eta hainbat eleberri, antzerki lan eta kronika idatzi (Afrikako gerrari buruzkoa nabarmentzekoa). Heriotzaren laguna bere narrazioa antzezlana euskaraz irakur daiteke, Anjel Valdesek euskaratua. Gil Gil pertsonaiaren istorioa kontatzen digu, XIX: mendeko Espainian izandako ibilerak, Elenarekiko amodioa eta Heriorekin egindako tratua. Baroja argitaletxeak 1987an argitaratua, orain osorik eskaintzen dizugu. (gehiago…)

Uzt 15 08

Erkiagaren lehen nobela argitaratu zela 50 urte

Itxaropena inprimategiak sortutako Kuliska Sortan argitaratu zen duela 50 urte Zarautzen Eusebio Erkiagaren lehendabiziko nobela: Arranegi (1958). Zortzi urte lehenago, 1950eko uztailean ipini zion hitzaurre laburra idazleak: “Ene jaioterri kutuna, inoiz neurtitzez goretsi izan arren, noizbait hitz lauz ere ederresteko zorra neban gogotan hartua. Ipuin edo elebarri honen gertaleku, Lekeitio eta bere mugak dira; toki-izenak bai egiazkoak dira, baina jazokunak eta lagunak asmaturikoak”. Arranegi herria bera da beraz protagonista, Lekeitioko gertaerak, eguneroko zorion eta ekaitzekin: arrantzaleen bizitza, jaiak, ohiturak eta herriko seme-alabak… horien artean aipatuena, Zuriñe. Klixez osatutako eleberria duzu Erkiagarena, beti morala (Jainkoa eta ohitura zaharrak). Balio literario nagusia tokien deskripzioen ederrean datza.

Uzt 10 08

Bernardo Atxagaren
XX. mendeko poesia kaiera

Duela 30 urte, 1978ko ekainean argitaratu zuen Bernardo Atxagak bere kasa Etiopia poema liburua, Pott Liburutegiko lehen ale moduan (baina azkena eta bakarra ere izango zena). Poesia sozialari bezala poesia existentzialari uko eginez eta sentimentalismoari adina baikortasunari bizkar emanez, jardun poetikoari berari buruzko jarrera berri bat ekarri zuen: abanguardia, transgresioa, irudiaren nagusia, marginalitatearen edertasuna. Poeta gazteagoen aldarri eta eredu bihurtu zen, belaunaldi berriek behar zuten modernotasun literarioa. Bernardo Atxagaren XX. mendeko poesia kaiera apailatu zuen Koldo Izagirrek 2000. urtean, eta orain osorik eskaintzen dizugu sarean, hitzaurre eta diskografia lagungarriekin.

Uzt 07 08

Eako Poesia Egunak

Bosgarren urtez egingo dira poesia egunak Ean, uztailaren 19 eta 20an. Koldo Izagirreren Emakumeak trena hartu zuenekoa hitzaldiarekin hasiko dira ekitaldiak larunbat goizean; bazkalosteko tertulian parte hartuko dute Itxaro Borda, Jose Luis Otamendi, Beñat Sarasola eta Castillo Suarezek; arratsaldean Asier Serranoren musika eta poesia saioa; eta gauean errezitaldia: Jon Arano, Aintzane Galardi, Oier Guillan, Karmele Igartua, Fertxu Izquierdo, Ibai Iztueta, Xabier Montoia, Jose Luis Otamendi, Beñat Sarasola, Castillo Suarez, Ainhoa Unanue. Igande goizean mahai-inguruan izango dira Iñigo Aranbarri, Irati Jimenez eta Eider Rodriguez; eguerdian Itxaro Bordaren errezitaldia; eta arratsaldean Katamalo ikuskizuna bihotz bakartien klubarekin.

Uzt 03 08

Woody Allenen
Jo ezak berriro, Sam

Dudarik gabe zinemagile gisa ezaguna, autore lan oparoa ere idatzia du Woody Allenek. Bere monologoez gain, zenbait antzerki lanek oihartzun handia lortu dute eta mundu zabalean jokatu dira. Jo ezak berriro, Sam, Allenen bigarrena, da horietako bat, autore eta aktorea lanean zuela Broadwayn arrakasta itzela izan zuena. Allan Fix protagonista duen istorioa, Zintzilik taldeak jokatu zuen Donostiako Victoria Eugenian, 1986ko irailean, Joakin Cuetok zuzenduta. Anjel Valdesek euskaraz jarria, urte berean plazaratu zuen Baroja argitaletxeak, eta orain hemen eskaintzen dizugu.

Eka 30 08

Pamiela aldizkaria
sortu zela 25 urte

Orain 25 urte argitaratu zen lehen aldiz Pamiela aldizkaria, 1983ko ekainean. Iruñeko Auzolan liburu-dendan elkartzen ziren literatur zale batzuek sortu zuten, eta Pello Lizarraldek ekarri zuen izena, Azkoitiko bere aitonari aditua: Pamiela, sorginek baserrietan utzi ohi zuten kaxa, baina ireki behar ez dena, begizkoa eta ezbeharra ekarriko baitizkizu. Lehendabiziko ale haren gai nagusia bidaiak eta literatura izan zen. Eta oso gutxi barru azaldu zen bigarren zenbakia ere, 1983ko uztailean, Franz Kafkari omenaldia egiten ziona. Gaztelerazko testuak ziren nagusi beti Pamiela aldizkarian, baina hantxe irakurri genituen estreinakoz Ana Iribar, Mikel Taberna edo Jon Alonsoren lanak, eta haiexek sortuko zuten 1984an Korrok literatur aldizkaria.

Agenda

Efemerideak

Kritikak