Azken hitzak

 

        Ekialdeko Kontakizunak, estilo hutsezko zuzenketa dezente gora-behera, 1938an liburu-dendetara lehen aldikoz iritsi zirenean zeuden hartantxe ematen dira funtsean berrargitalpen honetan. Kali lepamoztua izenburuko ipuinaren bukaera bakarrik idatzi dut berritan, kondaira horri ezinbestean atxikiak diren zenbait ikuspegi metafisiko hobeto azpimarratzearren; izan ere, horiek gabe, Mendebaldeko erara tratatua, ez bailitzateke nolabaiteko «India samin» bat besterik. Beste ipuin bat, Kremlingo hormaratuak, kondaira eslaviar zahar bat era modernoan emateko oso aspaldiko saioa, kendu egin dut, benetan desegokia izaki konpondu nahian aritzerik ere merezi izateko.

        Geratzen diren hamar kontakizunetatik (eta egokiago zatekeen beharbada Ipuin eta Kontakizunak izenburua, hain izanik desberdinak horiek osatzen dituzten gaiak), askatasun handiago edo txikiagoz moldatuz gurera aldatu ditudan benetako kondaira eta alegiak dira lau. Nola Wang-Fo salbatu zen Txina zaharreko apologo taoista batean oinarritua da; Markoren irribarrea eta Heriotzaren esnea Balkanetako Erdi Aroko baladetatik sortuak dira; Kali lepamoztua mito hindu agortezin batetik eratorria da, Goetheri Jainkoa eta Emakume dantzaria eta Thomas Manni Buru lekuz aldatuak idazteko bide eman zien beretik, berek oso beste era batera interpretatu bazuten ere. Nereidak maite izan zituen gizona eta Afrodisia alarguna (Buruzagi gorria, lehen argitalpenean) kontakizunek, bestalde, egungo Greziako zenbait gertakari eta sineskeria dituzte abiapuntu, edo, hobeto esanda, atzoko Greziakoak, 1932 eta 1937 bitartean idatziak baitira. Enaren Andre Maria kontakizunak, aldiz, egilearen fantasia pertsonal bat erakusten du, Atikako landetako kapera txiki baten izen xarmantari azalpena aurkitzeko nahiaren ondorio. Genji printzearen azken amodioa kontakizuneko pertsonaia eta ingurunea ez dira mito edo kondaira batetik hartuak, antzinako literatur testu handi batetik baizik, XI. mendeko nobela japoniar miresgarri batetik, Murasaki Shikibu nobelagilearen Genji Monogatari hartatik, non sei edo zazpi liburukitan estilo handiko Don Juan asiar baten abenturak kontatzen baitira. Baina, ohi zen gizalegez, Murasakik, nolabait esatearren, «isilean gordetzen du» bere heroiaren heriotza, eta Genjik, alargundurik, mundutik baztertzea erabakitzen dueneko kapitulutik haren akabera jada azkendutako gertaera denekora igarotzen da. Hemen irakurritako kontakizunak, hutsune hori betetzea ez bada ere, Murasakik berak ondu izan balu epilogo hori zertan ote zatekeen bederen ametsaraztea du helburu. Marko Kralievitxen heriotza, urteak baziren ere idazteko asmoa hartua nuela, ez nuen 1978ra arte izkiriatu. Serbiako balada zati bat du abiapuntu ipuinak, heroia iragaile misteriotsu, hutsal eta alegoriko baten esku hil zela gogorazten baita bertan. Baina, non irakurri edo entzun dut nik, gerora gogoan maiz ibili izan dudan istorio hori? Ez dakit, eta ez dut aurkitzen eskueran ditudan genero bereko testuen artean, zeinetan Marko Kralievitxen heriotzari buruzko bertsio ugari ageri baitira, baina ez hemen jasotakoa. Azkenik, Cornelius Bergen tristura (Cornelius Bergen tulipak, garai bateko testuan) orain arte bukatu gabeko nobela bati amaiera emateko balio izango zidalakoan asmatu nuen. Artistak Asia Txikira egindako bidaia baten pare bat aipamen laburrengatik ez bada (eta horietako bat, gainera, berriki erantsia da), inondik inora Ekialdekoa ez den kontakizun hori, azken batean, ez da aurreko bildumakoa. Baina ezin izan diot aurre egin bere obraren barruan galdu eta salbatutako pintore txinatar handiaren aurrez aurre bereari buruz malenkoniaz gogoeta dagien Rembrandten garaikide goibel hori jartzeko gogoari.

        Gogora dezagun, bibliografiazaleentzat, Kali lepamoztua «La Revue Européenne» aldizkarian agertu zela. 1928an; Wang-Fo eta Genji, hurrenez hurren, «La Revue de Paris» aldizkarian, 1936 eta 1937an, eta 1936-37 une horietan bertan, Markoren irribarrea eta Heriotzaren esnea «Les Nouvelles Littéraires» aldizkarian, eta Nereidak maite izan zituen gizona «La Revue de France» aldizkarian. Marko Kralievitxen heriotza «La Nouvelle Revue Française» aldizkarian agertu zen, 1978an.

 

 

 

© Marguerite Yourcenar

© itzulpenarena: Imanol Zurutuza

 

 

"Marguerite Yourcenar / Ekialdeko kontakizunak" orrialde nagusia