Uzt 22 15

Aleixandre, Perta eta Pang

Galiziako porrot domestikoetatik Singapurreko eraztun galduetara, Errumaniako garrasietan barrena, poesiak bidea egiten du. Leire Bilbao poeta eta, oraingo honetan itzultzaileak hiru poeta dakarzkigu, XXI. mendeko poesigintzaren hiru erakusgarri. Marilar Aleixandre galiziarraren zazpi poema; Cosmin Perta errumaniarraren sei poema, eta Alvin Pang singapurtarraren beste sei. Hiru ahots diferente, hiru ahots oso indartsu.

Uzt 21 15

Poesia azpititulatua: Gwendolyn Brooks

Gwendolyn Brooks idazlearen We real cool poema euskarari ekarri zuten Amaia Arakistain eta Uxue Agirrek 2015eko Literaturian burututako poesia azpititulatzeko tailerrean, Demasak gu izenburuarekin Eiziek sarean paratuta bezala.

Uzt 16 15

Heinrich Böllen ipuina, Alemania zintzoan

Mirariak gertatzen ziren Sartaldeko Alemanian, Alemania zintzoan, komunisten menpe ez zegoen hartan. Heinrich Böllen Gertatu behar du zer edo zer, bere laburrean, Alemania Federalak 1950eko aldian bizi izan zuen baikortasun mugagabearen eta kontsumorako makurduraren satira da: dena dugu zoragarri lantegian, lanak ematen baitio zentzu bat, lanak bakarrik, bizitzari. Alemaniarren mirari ekonomikoa esan zitzaionaren muinean gaude, produkzioaren logikan, norbanakoa ezin liteke garatu kolektiboaren lanean besterik. Eta honek, bitxia da, bi Alemaniatako langileentzat balio lezake. Satira bat ongi ulertzeko, hitzez hitz ulertzea izaten da askotan egokiena: lanak hartzen du gure bizia, ez dakigu zer ekoizten dugun ere, baina higitu beharra dago, ekintzaren kultura da gurea… Horrek ulertarazten digu pertsonaiek ez edukitzea astirik bere herriaren iraganaz gogoeta egiteko. Horregatik ez dakite zertan ari diren, non bizi diren, zertarako.

Uzt 15 15

Poesia ezin da kabitu Ean

Ez da kabitzen botila baten barruan, munduko absenta goxoenarena balitz ere, naufragorik urrunenenari iritsiko ote zaion esperantzaz uretara jaurtia izanagatik ere. Horrela aurkeztu dituzte Eako poesia egunak aurten. Datorren uztailaren 17, 18 eta 19an ezin kabituzko egitaraua osatu dute antolatzaileek. Joxe Azurmendiren poesia aztertuz hasi, Miguel Hernandez poetaren kantuak, poesia eta bertsolaritzaren arteko zubiari buruzko solasaldia, Kapital publikoa errezitaldia, ITUskizuna, Kafkaren aulkia, Anariren aurrekari penalak edota antzerki emanaldi, solasaldi eta aurtengo poesia uztaren inguruko errezitaldiak.
Eako poesia egunetan ez da kabitzen poesia, Josu Landak dioskunez “ Ez zaizkio aski amodioa, abegia, adeia, profesionaltasuna, zaletasuna… espiritu librea da poesia berez, ez du gogoko inon kabiaraz dezaten“.

Uzt 14 15

Poesia azpititulatua: Amiri Baraka

Amiri Barakak errezitatutako Somebody Blew Up America poema Nagore Tolosak euskaratu eta sarean paratu du Eizie elkarteak bideoan.

Uzt 14 15

Mariano Izetaren Baztan

Parisen kokatu zuen bere lehen nobela poliziakoaren gaia Mariano Izetak (Dirua galgarri. Auspoa, 1962), eta hogei urte geroago gaizkileak (ez izugarri gaiztoak hala ere) Baztanen kokatu zituen osorik eskaintzen dizuegun  Nigarrez sortu nintzan honekin. Tituluak autobiografia batena dirudi, baina hirugarren pertsonan kontatua da Jose Larrekoa protagonistaren bizitza. Gogorra bizitza, aukeran sobera gogor. Jose Larrekoa gaizkilearen ondoko zintzoa da. Xaloa gizona, aukeran sobera xalo. Batean ageriago bestean ezkutuago, testu osoan barrena ageri dira joera etnografikoak, eta Baztanen presentzia handiagoa da, oro har, intriga sozial edo psikologikoa baino. Eskualdeko literaturatzat sailka genezake gaur 100 urte beteko zituzkeen Izetaren lana, baina horretarako, aurrez, aitortu behar genuke urrun samar dabilela idazlea folkloretik eta pintoreskotik. Nahiz artzainak, nahiz gaueko lana.

Uzt 07 15

James Salterrekin Ilunabarrean

90 urte bete berritan zendu zen, joan den ekainean, James Salter idazlea. AEBetako Armadako pilotu izana, II. Mundu Gerran eta Koreakoan, hegan egiteko grina idaztekoagatik aldatu zuen. Lehen eleberrietan (The Hunter) soldadu esperientzia kontatzen du, molde hagitz fatalistan. Geroago, giza harremanek hartzen dute haren literatur lanaren ardatza, pertsonen artean sortzen diren suak eta eta erreketak, estilo labur eta zehatzez emanez, harremanetan marrazten dituen moduko pindardun istorioak sortuz. 1988ko Dusk and Oher Stories ipuin bildumako Ilunabarrean ekarri digu euskarara Jon Benitok.

Uzt 07 15

Poesia azpititulatua: Poema nire eskubideez

June Jordan poetaren Poem about my rights irudiak eta errezitaldia Ane Garciak euskarari ekarriak.

Uzt 04 15

Benjamin Pereten lau poema

Honela definitu zuen Andre Bretonek XX. mendeko poesia mugimendurik garrantzitsuena: “Zer den surrealismoa? Benjamin Peretek hartzen duen edertasuna familia, erlijioa, aberria hitzak aipatzen entzunik”. Hamasei urte zituela, amak burua berotuta, Lehen Mundu Gerra ezagutu zuen lubakietako lokatzetan eta ospitaleetako garratzetan. Bizipen hauek “dena erraztu” zioten: bizimodu hau ez da bizitza, mundua eraldatu egin behar da. Erran gabe doa aberria eta abertzaleak, gerra eta gerlariak, jainkoa eta fededunak hartu zituela jomuga. Balio burges guztien ukoak berez zekarren hizkera lauaren ukoa, eta askatasunik bortitzenean landu zituen, umorez eta irudimenez, biraoa eta laidoa eta iraina. Benjamin Pereten magia osasungarriaren adibidea dira gaur eskaintzen dizkizuegun lau poema antimilitaristok, Je ne mange pas de ce pain-là bildumakoak (1936), alegia, Nik ez du ogi horretarik jaten.

Uzt 03 15

Antzinako gertaerak

Karmelo Etxegarairen ipuinetan eredugarri gauzatzen da foruen azken hondarra galdu ondoko etsimenduari aurre egiteko intelektual euskaltzaleek sustatu zuten harrotasuna: kondaira lorios bat daukagu, herri bat osatzen dugu… Legenda edo elezaharrak trama batean garatuz, gertaera narratibaren premietara antolatuz, pertsonaiei hitza emanez abiatu zuen Karmelo Etxegaraik gure ipuingintza modernoa, literatura idatziaren genero bezala. Eta, irakurleak neke handirik gabe sumatuko duen bezala, literatura idatziak eskatu ohi duen mailakoa da Etxegarairen hizkera. Gaur 150 urte jaiotako egilearen Antzinako gertaerak ipuina horren erakusgarri.

Uzt 02 15

Poesia azpititulatua:
Speak white

Literaturian poesia azpititulatzeko tailerra egin zuten EIZIEko lagunek sustatuta. Orduan landutako poesia errezitaldien bideoak sarean daude jadanik eta astero bat ekarriko dugu bertora.
Hasteko Speak white Michèle Lalonde poetaren errezitaldia ekarri dugu Emailuetara.

Uzt 01 15

Sonia Gonzalezen Sagarroiak

Gabriel Arestik eta Jon Mirandek politikazko eta erlijiozko tabuak apurtu zituzten, baina Arestiren poemen protagonista “gizona” da, eta Miranderen erotismoa, besteak beste, falokrata da. Hizkuntzan bertan txertatua zen gizonkeria tabu izaten jarraitu zuen. Amaia Lasak abiatu zuen A E I O U berria XXI. mendearekin nagusitu zen emakumezko idazleen multzo gaztearekin: tabu linguistikoak apurtuz, sexualitatearen zentroa aldatuz eta esplizituki aldarrikatuz, kolokan ipini zituzten gizon hitzak eta gizontasun kontzeptuak zeuzkaten oinarri sendoak. Iraultza honen adibidea dugu Sonia Gonzalezen Sagarroiak (Euskaltzaindia /BBK, 2002) Jabego nomada, Maitasuna gerra da, Ailitz soilik sexua! edo Mendekua bezalako poema antologikoetan.

Eka 29 15

Elizabeth Barretten poesia

Elizabeth Barrett umetan hasi zen idazten, irakurtzen zituen klasiko ingeles, aleman frantses eta italiarren ildoan. Nahigabez beteriko gaztaroaren ondorioz elbarritua, seme-alabak ezkongabean bizitzera behartu nahi zituen aitaren tirania ezin jasanik bere gelan itxia, poesian islatu zituen Elizabethek bere sentimenduak. Poema bilduma bat irakurria zion Robert Brownin poetarekin hasi zen gutunketan, literaturaren zaletasuna maitasuna bihurtzeraino. Isilean ezkondu eta Italiara egin zuten ihesi Ingalaterra viktoriano itogarritik. Maitasuna kantatu zuen, baina baita feminitatea eta sortzailearen bokazioa ere. Elizabeth Barreten soneto edo hamalaudunak, Sonnets from the Portuguese bildumakoak bereziki, ingelesezko hoberenetan daude XIX. mende barruan. Sonetoetariko bat eskaintzen dizuegu, Nik zu nola maite? Koldo Izagirrek bertso librean euskaratua.

Eka 25 15

Gerla Handia:
Guda galgarri hau

Kirikiño Euzkadi-n iraupenaz mintzo zaigu, gerla hasi zenetik hamaika hilabete igarota, guda galgarri honek ez du amaitzeko itxuraren apurrik ere. Anitz aberri dira nahasirik borrokan, eta horien artean nabarmena da Bulgaria eta Errumaniaren jokabidea, badirudi enkantean jarri dutela gerla honetan sostengua nori eman. Eskualduna-k soldadu hilen ehorzketaren afera dakargu, gorpuak errearazten baitituzte, lur sainduan ehortzi gabe. Bestalde frantses armadak hartzen dituen ildo guziak aleman hilez beteak antzematen ditu. Orain pausan direnez, Jean Saint-Pierrek inguruko bazterrak, errekak eta herriak korritzeari ekin dio, ibileran garaztar diputatua, Zerbitzari eta Xikito Kanbokoa bisitatu ditu. Hendaia eta Donibane Lohizunen espioiak eta desertoreak preso altxatu dituzte, gertakari horiek hizpide gezurra merke saltzen ahalegintzen diren Espainiako kazetak salatzen ditu Eskualduna-k. Umezurtzak direla eta, Baionako kazetak daraman solasa eta frantses kazetek darabiltena bi dira.

Eka 24 15

Zinezko poeta

Maiteño (Kutxa, 1974), Xabier Azurmendik eman zigun bigarren poema bilduma, lehenagoztik —Izatearen malura (Gero, 1971)— ezagutarazi zizkigun kezketan eta moldeetan taxutua da. Asun zauri zaion Maiteño delakoa Jainkoa du. Min maite horretan bizi da Jainkorik ez balitz landareak behar duen hezetasuna bihurtu nahi lukeen apaiza. Naturak laguntzen dio ilunekoak argitaratzen, hartatik ekartzen du eraikuntzarako materiala, “masusta beltza baino trixteagoko bihotza” bezalako irudi delikatuekin. Batzuetan aski du deskripzio xumea giroa sortzeko, errekaren abaila, piku  hostoaren latza, barne egoera adierazteko. Espanturik gabeko arrangura existentziala da berea, eta ez esangura bakarrekoa: bihar edo etzi ezingo da konpondu huts hau, baina saiatzen ahal gara bizitzen “tente, Intxorta guda ostean bezala”. Bizi zelarik aipamen handirik jaso ez bazuen ere, zinezko poeta izan zen Xabier Azurmendi (1935-1996).

Agenda

Efemerideak

Kritikak