Eka 28 21

Bertze itsasoaren itzala Booktegin

2021eko otsailean hil zen Joan Margarit poeta katalana, eta Literatur Emailuetan eman genituen argitara Josu Goikoetxeak itzulitako 10 poema. Euskaraz Miserikordia etxea ere irakur zitekeen, Juan Ramon Makusok euskaratua (Meettok, 2009). Eta orain Bertze itsasoaren itzala lana ere bai, Josu Jimenez Maiak euskarari ekarria, berriki Booktegik argitaratu duena.

Eka 25 21

Francisca Aguirreren poemak

Oso ezaguna ez izanagatik, Espaniako XX. mendeko poesiaren ahots berezietako bat da Francisca Aguirrerena. Frankismo garaian hazia (aita, iruinsemea, pintorea eta Espainiako Errepublika garaiko polizia goi kargua, garrotez hil zuten), 50etako belaunaldia deiturikoa ezagutu eta bizi izan zuen, nahiz eta beranduagora arte ez argitaratu izanak errekonozimenduetatik kanpo utzi zuen. Etenik gabe, baina, obra poetiko inportantea osatu zuen. Izaskun Etxebeste Zubizarretaren itzulpenari esker, haren zazpi poema irakur ditzakegu euskaraz.

Eka 25 21

Poetek Lauaxeta gogoan

Lauaxeta fusilatu eta bi urtera, Gorputz dago gudaria poema idatzi zuen Salbatore Mitxelenak. Hogeita hamar urte geroago, Gabriel Arestik ekarri zituen In Memoriam (1967) eta Ekainaren 26 egun (1970). Bernardo Atxagaren Lauaxeta gogoan 1976koa da, eta 1980an plazaratua Ibon Sarasolaren Lauaxeta paredoian. Xabier Montoiak 1983an idatzi zuen Orain dela, Saletxek Txori xotila txiunka, Omar Nabarrok 1986an Lied bat, Iñigo Aranbarrik 1987an Luma beltz-horidun tukana eta geroago Muxuka nazak. 1989an argitaratu ziren Eusebio Erkiagaren Ez zaitez Gernikara joan eta Gernikara noake. 1989koak dira baita ere Lauaxetaren betaurrekoak, Koldo Izagirrek konposatuak. Jose Luis Otamendiren Mendi-negarra eta Joseba Sarrionandiaren Olerkaria 1995ean irakurri genituen; 2003an Ignazio Aiestaranen Poesia Auschwitz eta Gernikan. Izango dira gehiago ere, hemen zerrendatzea guk ahantziak.
Esteban Urkiaga Lauaxeta
fusilatu zutela 84 urte betetzen diren honetan gogora ekarri gura ditugu.
(gehiago…)

Eka 18 21

Nawal Al-Saadawiren poemak

2021eko martxoaren 21ean hil zen zen Nawal  Al-Saadawi idazle eta ekintzaile feminista egiptoarra. Emakume arabiarrari buruzko hainbat saiakeraren egilea da (Emakume arabiarraren aurpegi biluzia; Emakumkeak eta neurosia; Gizonezkoak eta sexua…). Medikuntza ikasi eta gaztetandik lotu zitzaion lan politikoari. Kartzelatua (Emakume-kartzelako oroitzapenak), erbesteratua, feminismoaren aldeko lan  sozial eta instituzionala egin zuen, kontinente osoarentzat, bereziki mundu arabiarrean, erreferentzia ezinbesteko bilakatuz. Literatur ibilbide oparoa egindakoa, poesia, ipuinak eta eleberriak idatzi zituen (Emakumea zero puntuan; Imananren erorktea; Isisen alaba…). Idazle handi bat eraman zuen aurtengo udaberriaren etorrerak, eta hau ere badoalarik, haren zazpi poema ekarri ditugu euskarara.

Eka 17 21

Christopher Okigboren ahotsa

Aurtengo udaberrian kaleratu zen Christopher Okigbo poeta nigeriarraren Poesia kaiera. Oraingoan, haren lau poema grabatuta ekartzen dizkizuegu, kaiereko poemak euskaratu zituen Karmen Irizar Segurolaren ahotsean:

Urte berri egunez

Igarobidea

Distantziak

Altorentzat eresia

Eka 10 21

Itxaro Bordaren Euri zitalari esker

Amaia Ezpeldoi detektibe ruralaren abentura berri bat, zazpigarrena, plazaratu du Itxaro Bordak: Euri zitalari esker. Bere lan jardunetik erretreta hartzear da Ezpeldoi. Azken kasu bat du argitzeko, alta: gauetik goizera Landetara ezkondu zen eta aspaldian arrastorik utzi ez duen Maddiren desagertzea. Sexua, dirua, telesailak, ikasle garaiko bulkadak eta sarearen ezkutalekuak. Bere pertsonaia sonatuaren ibilietara itzuli da Itxaro Borda kontakizun berrian, sarean ere osorik irakur dezakezuena.

Eka 03 21

Linguae Vasconum Primitiae irakurketa zuzenean

Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae inprimatutako lehen euskarazko liburuaren irakurketa jarraia egiten ari dira Bilboko Arriaga antzokian.

Eka 03 21

Flann O’Brienen narratiba

XX. mendeko Irlandako idazleen artean izen ezinbestekoa da Flann O’Brienena. Kazetaria lanbidez, haren garaikide izandako hainbat idazle ezagunek aipatzen dute O’Brienen lana, estiloz ausarta, idazle postmodernoen aitzindarietako bat. Nagusiki ingelesez jardundakoa, An Béal Bocht eleberria eman zuen gaelikoz, eta hango atal bat, Anbrosio, ekarri digu euskarara Xabier Bovedak, Idatz& Mintz aldizkariaren 69. zenbakian.

maiatza 28 21

Amaia Lasaren poemak taula gainean

Arantxa Moñuxen ideia batetik abiatuta, Higa Antzerki Taldeak 2010ean sortu zuen Espazio hutsak ikuskizuna (hastapenean izena “Ene poltsa handia eta biok” izan bazuen ere), Amaia Lasaren testuetan oinarrituta. Moñuxekin batera Kristina Ropero eta Maria Alonso aritu ziren antzezle lanetan, Mercedes Castañoren zuzendaritzapean eta Iñaki Santosen musikak lagundurik. Haiek jarri zieten ahotsa Lasaren testuei, gorputzak ere mintzo diren antzerki lanean. “Aurrez aurre, emakumeak protagonistak” jardunaldien barruan Tolosan egindako estreinaldi hartako bideoa eskaintzen dizuegu oraingoan.

maiatza 25 21

Adam Zagajewskiren poemak

Joan den martxoaren 21ean hil zen Adam Zagajewski poeta poloniarra. Ukrainako Kviv jaioterritik II. Mundu Gerra garaian kanporatutako familia judu batekoa, Polonian hazi zen eta hango literaturako azken urteetako izen handietako bat da. 68ko Belaunaldiko kide, hainbat hizkuntzara itzulia izan da bere lana, eta orain baita euskarara ere, Iñigo Astizek ekarri digun poema sorta eder honekin.

maiatza 20 21

Xabier Montoiaren Taxiak ez dira inoiz gelditzen

Sei urteren ondoren, bueltan da Xabier Montoiaren inpuingintza. Hamar narraziok osatzen dute Taxiak ez dira inoiz gelditzen bilduma, eta bi emakumeren bizipenek eta ahotsek txirikordatzen dituzte eszenario eta garai desberdinetako istoriook. Egileak usadio duen legez, bizitzaren alde ez-agerikoetan kokatzen dira pertsonaien ibilerak, sentimenduak eta ustekabe gatazkatsuak, egokitzen zaizkien amildegi ugarietako ertzetan artega eta dardaraka ari den ekilibristaren pare. Maitatzeko ezgauza ote diren, galtzen ere traketsak ez ote diren, inoiz gelditzen ez diren taxi horietako bat geldituko balitz ere onerako izango ote litzatekeen zalantza. Montoiaren mundu miresgarria, beste behin, sarean ere osorik irakur dezakezuen liburu honetan.

maiatza 17 21

Palestinako ahotsak

Bonbak erortzen ari dira Gaza gainean duela bi urte bezala, duela zazpi urte bezala, duela bederatzi urte bezala, duela… 2012an andreasetagudrun agerkari digtalak 10 poeta palestinar garaikideren 20 poema eman zituen, Hedoi Etxartek euskaratuak. Hemen dauzkazue irakurgai, Palestinarekin elkartasunean burututako Biladi Hadi egitasmoko argazkiek lagunduta.

maiatza 10 21

Zer bilatu nahi zenuke literaturaren sarean?

Armiarma.eus berritu dugu, berritzen ari gara. Euskal idazleen aipuak irakurriko dituzu atariaren goikaldean, sartzen zaren aldiro bat. Modu ikusgarriagoan. Eta bilatzailea ere badu atari berrituak. Literaturaren Zubitegian, Euskarari ekarriak gunean, Kritiken hemerotekan eta Literatur Emailuetan egiten ditu bilaketak eta emaitza plazaratzen du ordenatuta. Izan idazle, izan kontzeptu; bilaketaren emaitzak literaturaren sarean murgiltzeko gonbidapena luzatuko dizu.

maiatza 08 21

Lasatarren poema bilduma

50 urte dira Herri Gogoa argitaletxeak Lasa Alegria neba-arreben Poema bilduma argitaratu zuela. Liburu horretan, Amaia Lasak “a e i o u berri bat” esatea proposatu zuen, eta Mikel Lasak bidenabar omenaldia egin zien Baudelaireri, Faulknerri edota Poeri. Proposamenez eta omenaldiez harago, bi ahots poetiko berri sortu ziren euskal letretan, gerora ere luzaro iraun dutenak. Orduko hartan kaleratutakoa bere horretan irakur dezakezu orain, baita faksimile formatuan ere.

maiatza 06 21

Erich Frieden mendeurrena

1921eko maiatzaren 6an jaio zen Vienan Erich Fried idazlea. Londresera erbesteratua, etxearen galera hori eta boterearen aurkako borroka oso presente izan dira haren poemagintzan. Akademia Sekretuaren Egutegiak (1985) bere poematxo bat argitaratu zuen, eta Zer aldizkarian ere ekarri zuen euskarara I. Martiartuk beste bat. Hemen dituzu biak.

Agenda

Efemerideak

Kritikak