Ira 22 21

Literaturiaren itzala

Literaturiaren edizio berri bat  egingo da irailaren  24tik 226ra bitartean Zarautzen, Itzala, hitzaren ahala lemapean. Lutxo Egia idazleak irakurriko du hasierako manifestua ostiral arratsaldean, eta ekitaldi sorta oparo bati emango zaio hasiera horrela.

(gehiago…)

Ira 17 21

Alfonso Sastreren heriotza

Bere obrarekin erabat engaiaturiko idazlea izan da Alfonso Sastre, eta horren ondorioz, bizi izan zuen garai eta borrokekin. Ekintzaile antifrankista, askatasunaren aldeko langile Franco hil ondorenean ere, dramaturgoa da, ororen gainetik, Sastre. Antzerki-mugimendu eta konpainien sortzaile eta sustatzaile, XX. mendeko bigarren erdialdeko antzerkigintza modernoa zeharkatzen du bere obrak, salaketa, aktibismoa eta oholtza gaineko grina batuz bere testuetan. Espainiako antzerkigintzan izen ezinbestekoa, aspaldi euskal herritartutako autorearen zenbait lan ekarriak izan zaizkio euskarari, eta gaur, haren heriotzaren karietara, haietako lau hemen eskaintzen dizkizuegu: Bazterrean utzitako panpinaren istorioa (Antzerti, 1983); Ez da pale egiteko ordua (Susa, 1986); Gillermo Tellek triste ditu begiak (Hiru, 1990); eta Komando baten analisia (EIZIE, 2002).

Ira 10 21

Herri honen erraietan, Manex Erdozaintzi-Etxart

Poesia ez zela bakarrik sentimendu bat, tripako mina ere bazela, borroka baten elea, defendatu zuen Manex Erdozaintzi-Etxartek, eta haren obran islatzen da, baina era berean bide liriko bat ere jorratu zuen, irakutzearen plazerak gidatuta. Bide  horretan, arnas handiko poema luzea ondu zuen,  Herri honen erraietan (Maiatz, 1985). Estiloz diskurtsiboa, gizarte libre baten nahia sumatzen du herriaren erraietan, eta poeta da erdi-minetan den populuaren emagina, Koldo Izagirrek haren antologiari egindako sarreran azaldu bezala. Osorik eskaintzen dizuegu.

Ira 03 21

Katharine S. Pricharden Ihesaldia

Kazetari, ezkerreko aktibista politiko eta idazlea izan zen Katharine Susannah Prichard (1883-1969). Haurtzaroan Fijitik Melbournera aldatua, unibertsitate-ikasketarik egin ezinik, etxe-irakasle gisa jardun zuen gaztetxotan. Gerora, kazetari-lanetan hasi zen eta 1908an Londresera joan zen, eta freelance gisa lan egin zuen, baita Parisen, Ameriketako Estatu Batuetan eta Asian ere.  1916an itzuli zen Australiara. Australiako Alderdi Komunistaren sortzaileetako bat izan zen, eta bizitza osoan jardun zuen justizia sozialaren aldeko ekimenetan, ezkerreko emakumeen taldeetan eta idazle-elkarteetan. Hainbat eleberriren egilea (The Pioneers izan zen arrakastatsuena), ipuinak, poesia eta antzerki-lanak ere idatzi zituen. Baita testu espreski politikoak ere, Espainiako Errepublikaren alde, kasu. Autoreak arreta berezia jarri zuen herri aborigenen eta emakumeen zapalkuntza-egoera bere lanetan islatzen eta salatzen, eta haren lanak mende hasierako narraziogintza sozialean kokatu ohi dira. Jone Makazaga Irurtiak euskarara ekarri digun Ihesaldia (Flight, 1938), adibidez, beren familietatik erauzitako neskatila natiboen inguruko narrazio indartsua da.

Abu 28 21

Eta Karmele?tik Edotafiora

2012ko ekainean sortu zen, lagun talde baten ekimenez, Edo! argitaletxea. Eta bost urtean 16 lan eman zituen argitara harpidedun eta lankideen borondatezko lanean oinarritutako argitaletxe honek, artea eta ilustrazioari lotutako hainbat lan tartean. Eta Karmele? izan zen argitara eman zutenetako lehenetakoa, Samara Veltek idatzitako antzezlana, eta Edotafioa azkena, 2017ko azaroan haien ibilbideari amaiera eman zion despedidako testua. Biak eskaintzen dizkizuegu.

Abu 17 21

Mariama Bâren Hain gutun luzea

Duela 40 urte hil zen, 1981eko abuztuaren 17an, Mariama Bâ, Senegalgo idazle eta ekintzaile feminista.  Emakumearen egoera eta tradizioek horretan duten eragina salatu zuen k, eta nagusiki ezaguna da Hain gutun luzea eleberriagatik.  Narrazio indartsua,  Afrikar literatura garaikidearen ikurretako bat, tradizioa eta modernitatea, arlo publikoa eta pribatua hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen digu liburuak. Poligamiaren esperientziatik abiatuta, Ramatulayeren ahotsak garai hartako Senegalgo emakumeen istorioa eta historia gorpuzten ditu. Iokin Otaegik euskaratuta, edo! argitaletxeak plazaratu eta orain osorik eskaintzen dizuegu Hain gutun luzea.

Abu 11 21

Kepa Akixoren ele zizelkatuak

Abuztuaren 29a bitarte, Kepa Akixo Zigor eskultore eta argazkilariak “Egu iturria” izeneko erakusketa du Miarritzeko Bellevue jauregian. Hatsaren Poesia ekinaldiko ohiko kolaboratzailea, Miarritzeko erakusketan ere poema laburrak ez dira eskas. Baina obra moduan orain arte kaleratu duen behinekoena Zoro garaia izan zen, 1992an Maiatz argitaletxeak emana, orain osorik irakurtzeko moduan paratu dizueguna. Eskultorearen gisan ari zaigu poemotan ere Akixo, eleak zizelkatuz bezala.

Abu 09 21

Mahmud Darwishen bederatzi poema

Gaurko egunez, duela 13 urte, hil zen Mahmud Darwish, palestinarren poeta nazionaltzat jo izan dena. Haren mezu poetikoaren indarragatik, eta Palestinako herriaren eguneroko sufrimenduaren eta umiliazioaren testigantza zuzena emateagatik, Israelgo agintariek konfinamenduak eta espetxeratzeak sufriarazi zizkioten. Orain arte ere, bagenuen Darwishen poema ugari euskaraz gozatzeko aukera, baina oraingoan beste bederatzi poema gehiago ekarri dizkigu euskarara Xabier Bovedak, Idatz&Mintz aldizkariaren 70. zenbakian.

Abu 05 21

Saki eta John Berger Booktegin

Indartsu segitzen du Booktegi webguneak lanean, ebook formatuan eskainiz literatura piezak. Munduko ahots unibertsal horietako bi ekarri ditu berriki: Saki eta John Berger britainiarrak. Nemesisen jaia euskaratu du Ana Moralesek, egun seinalatuetako opariak direla-eta gizarte konbentzioei buruzko Sakiren narrazioa. Amaia Apalauza Ollok, berriz, Bergerren  Harriak ekarri dio euskarari, Palestinako gatazkari buruzko kronika-artikulu ederra.

Abu 01 21

Vernon Subutex 2ko bi pasarte

Virginie Despentes-ek, frantsesez idatzitako literaturaren enfant terrible-ak, 2015. urtean argitaratu zuen Vernon Subutex trilogiaren lehenengo atala. Gaur egungo Parisen kokatua, nobela koral honetan Despentesek klase sozial, sexualitate eta adin anitzeko pertsonaia mordoaren testigantzak jasotzen ditu, hondoratzen ari den ongizatearen gizartearen irudi kaleidoskopiko bat sortuz. Eta hemen dakarzkizuegu Vernon Subutex 2 liburutik ateratako bi pasarte, bi boz: ezkerreko mugimendu politikoarekin desenkantatuta bizi den Loïc gaztea eta Marie Ange, emozio eta bizitza krisi bat sufritzen ari dena, Ane de la Presa Urturik euskaratuta.

Uzt 25 21

Frank O’Hararen lau poema

New Yorkeko Eskola deitutakoaren sortzaile eta figura bikainetako bat, XX. mendeko bigarren erdialdeko ingelesezko poesiagintzan lekua egin zuen Frank O’Harak, bizi izan zen berrogei urte laburretan. Poeta, musikaria, dramaturgoa, arte diziplina desberdinen elkarrizketan oinarritu zuen, urte askoan, bere lana. Julen Apella Santamariak haren lau poema ekarri dizkigu euskarara, O’Hara hil zela 55 urte bete direla eskaintzen dizkizuegunak

Uzt 23 21

Eudora Weltyren narrazio bat

2001eko uztailaren 23an, duela 20 urte, zendu zen Eudora Welty idazlea. Library of American bizi zela bere lana argitaratua ikusi zuen lehen emakumezkoa, Carson McCullers eta Flannery O’Connorrekin batera AEBetako Hegoaldeko narraziogintzaren erakusle gorenetakoa da. Hainbat eleberri eta ipuinen egilea, Nondik dator ahots hori? narrazioa itzuli du Mikel Elorzak. Edgar Mevers ekintzaile beltzaren hilketan —Welty jaio eta bizi izan zen Jackson herrian— oinarritutako narrazioa da, hilketa gertatu eta hilabetera emana argitara, hiltzailea nor zen jakin aurrekoa.

Uzt 16 21

Erleak, satorrak, beleak

Antzerkiaren harra barruan darama Gaizka Sarasolak, eta ez lo. Mairu antzerki tailerra eta urteotan egin duen lana da horren erakusgarri. Berriki Susa argitaletxearekin Ganbila bilduman Zerrakuretan liburua publikatua, 2016an hiru testu bildu zituen Erleak, satorrak, beleak liburuan, edo! argitaletxearekin argitara emandakoa. Osorik eskaintzen dizkizuegun hiru teatro-testuotan —Urak ttiki dire, Lur azpikoak eta Talaka—, inguruan duen errealitatea gordin hartu zuen egileak, eta bufoiaren arimari fidel, itsusia edertu, antzerki bilakatuz. Gozatu.

Uzt 07 21

Sally Rooneyren Soldata jauna

Europa eta AEBetako irakurle asko gatibatu ditu Jende normala eleberriak (Alberdania, 2020, Irene Aldasorok euskaratua) , eta letren nazioarteko plazan ezarri Sally Rooneyren izena. Arrakasta horren aurrekoa duzu hona ekarri dugun ipuina, Soldata jauna, Leire Vargas Nietok euskaratu duena, idazle irlandarraren unibertsoan murgiltzen hasteko narrazio aproposa.

Eka 30 21

Iraupenari poema, Peter Handke

1986an idatzi zuen Peter Handkek Iraupenari poema, bere poesia-lan ezagunenetako bat, hainbat hizkuntzatan itzulia eta argitaratua izan den poema-liburua. Eternitatearen kontzeptua baino, kolpean itzultzen den zerbait balitz bezala azaltzen digu Handkek iraupena, poema halaber epiko eta liriko luze honetan, Asier Sarasolak maisuki euskaratu eta eskaini diguna: Iraupenari poema.

Agenda

Efemerideak

Kritikak