Momentu bat jasotzen duItziar Ugarte Irizarren lehenengo Gu gabe ere poema liburuak: dena irabazteko izan eta dena galtzeko beldurra sentitzen hasten garen momentu hori. Erabaki, deskubrimendu eta oroitzapen berrien garaia. Poemotako ahotsa bere mundua sortzen ari den sasoi horretan, lurrikara isila izango da hurbileko hiru pertsonaren heriotza. Denbora eta lekuarekiko kezka areagotuko dio horrek, munduarekiko begirada aldatzen eta zailtzen ari den bitartean, horrek dakarren ziurgabetasunarekin eta, nola ez, gozamenarekin. Osorik irakur dezakezue sarean.
XX. mendeko kantagintzan izen ezinbetekoa da Neil Youngena. 1945eko azaroaren 12an jaio zen Kanadan, eta 60ko hamarkadaz geroztik rock, folk, country eta beste nahasiz kantuan jardun du, bakarka zein talde bateko kide. Kantari askorentzat erreferente, Juan Azpillagak kanturako euskaratutako torontoarraren bederatzi pieza dakartzagu.
Nancy Fraserfilosofo estatubatuarraren azken hausnarketak euskaratu ditugu Lisipe bildumaren hamargarren ale honetan. Osorik eskaintzen dizuegu sarean. Bere pentsamendua taxutu duten oinarrizko ideiak jasotzen dira; esate baterako, kapitalismoa ordena instituzionalizatu gisa kontzeptualizatzearen beharra, ordena hori posible egiten duten faktore ikusezinen azalpen xehea eta kapitalismoaren erro misogino, sexista eta arrazistaren leheneratze politikoa. Zerk ezberdintzen ditu soldatapeko gizonaren esplotazioa eta soldatarik gabeko emakumeen desjabetzea? Nola ulertu behar dugu justizia soziala testuinguru berri honetan? Nola antolatu behar dira mugimendu sozialak emantzipazioa denona izan dadin?
Kondizio sozialaren konkrezioez, elkartasunaren, lehiaren eta karitatearen artekoez, arrotzaren aurreko izuaz zein dantza-gogoaz, familia loturez, beldurraz eta epikaz —arrosaz zein klase ertainarenaz— ari dira Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa liburuko ipuinak. Madrilgo eguzkiak egiten die aterpe bederatzi narrazioei, non azalduko diren trenbide ondoko prozesionariak, manoletinekin ibiltzearen urradurak, lo den haurra hilko balitz zer galdetzen duten hizketa gurutzatuak, bulegoetako estoldak eta ke arrosa. Ironiaz zorroztu ditu egileak, euri xeheak bezala leun baina osorik blaitzen duen eguneroko indarkeria sarri antzemanezina atzemanez. Osorik eskaintzen dizuegu sarean.
Hedoi Etxarte idazleak Sortaldetik liburuko Usozaleak poema bideoan eskaini digu oraingo honetan. Xabier Apestegi arduratu da irudiaz, eta soinua Xabi Erkiziaren egitekoa izan da. Ahotsa Hedoi Etxartek jarri dio poemari.
Saint-John Perse guadalupearra dugu berrogeigarrena Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bilduman. Antilletako klase altuko zuria, garaiko abangoardia poetikoa landu zuena, sinbolismoaren bidetik. 1960an Nobel saria eman ziotenean, epaimahaikoek “bere sormen poetikoaren irudimen-aberastasuna” nabarmendu zuten. Aberastasun horrek konplexutasuna esan nahi du, halaber, eta egiazki, irakurleari eskarmentu literarioa eta irakurketa zolia eskatzen dion poesia da berea. Forma aldetik, normalean, txatal edo bertsetak idazten zituen, prosa poetikoetara gerturatzen diren piezekin, Santi Leoneren euskaratze-lan bikainak euskarara ekarriak.
XX. mendeko bigarren erdiko poeta italiar laudatuenetakoa da Alda Merini. Bere poesia lirikoa da funtsean, nahiz eta sinbolismorako eta are mistizismorako joera (bere poesia berantiarrean, nagusiki) nabaria duen. Bere izen-abizenak ospitale psikiatrikoari lotuta ageri dira, haren poesia esperientzia hura gabe esplikatzea kasik ezinezkoa balitz bezala. Dena den, kasu honetan berebiziko garrantzia izan zuten ospitale psikiatrikoko aldiek, obran arrasto nabaria utzi zutelako. Buru gaixotasuna, giza duintasunaren galera, bazterkeria eta beste landu zituen ildo poetiko oso espezifikoa eratuz, baina bestelako gai unibertsalei, hala maitasuna nola heriotza, uko egin gabe. Aiora Enparantzaren itzulpenaren iragazitik, hemen duzue Meriniren poemen antologia, Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan.
Duela urtebete doi, 2020eko urriaren 16an, etxeratze agindua indarrean jartzekoa zen arrats berean, Virginie Despentesek irakurraldia egin zuen Parisen, Gorputz iraultzaile baten sorkuntza izenekoa. Pandemiaren erdian, covidaren irakaspenez ari da, iraultzaren aldeko aldarri tinkoan. “Propaganda orok trabeskatzen nau, propaganda oro mintzo da ene ahotik. Ez dago deus inguratzen nauen kakaren eta nire artean“. Mikel Antzak euskarari ekarri dio hitzaldi hori, eta itzultzaileak berak bere ahotsez grabatua entzun ere egin daiteke testua.
Landak eta Marxen burua, makilak eta Iruñeko Gaztelu Plaza, ZIUa eta Louise Michel, 1998ko Gabonak Lisboan, Dragoien batailoia Intxortan. Liburutegiak konpartitzen dituztenak, greba orokorreko egunetatik ahots apurtuekin itzultzen direnak, depilatu gabe sexuaz gozatzen dutenak. Gerra Hotza eta Zizur Nagusia, Ford Escort Nomade gorri purpura eta Audi A4 zuria. Egunerokoaren detaileari erreparatzen dio Hedoi Etxarteren hirugarren poema liburuak: Sortaldekoak. Osorik irakur dezakezue sarean.
Ikastetxe, euskaltegi, irakurle talde… bide oparoa egin du azken urte biotan Miñan nobelak, 2019an Ibrahima Baldek ahoz eta Amets Arzallus Antiak eskuz idatzia. Oraingoan, audioliburu formatuan ere gozatzen ahal da liburu hori, Arzallus Antiak berak grabatua.
80 urte bete zituenean, luzez gordean izandako libreta gris bat erakutsi eta “egin nahi duzuna” esan zion amaginarrebak Alberto Barandiaran Amillanori. Honek ziztuan ulertu zion esaten ari zitzaiona: “Egin ezazu zerbait“. Libreta hura Luis Fernandez Arregirena zen, Errepublikaren kontra 1936an altxatu zen anaia zaharrenarena. Lemoaitzen hil zuten arteko gerra ibilerak idatzita zituen han. Eta libretaren lerroen artean, galderak ondorengoentzat: zerk eraman zuen udal idazkari izan nahi zuen 18 urteko gazte hura Falangen izena ematera? Zerk, aurretik EAJn militatu zuen hura, garaiko Altsasun halako tradiziorik ezagutu gabea zena?
Haren arrastoari segika abiatu zuen erreportaje-kronika hau Barandiaranek. Artean ez zekien, ordea, beste izen bat aterako zitzaiola bidera: Pablo Amillano Baztan. Bere aitona falangista. Sarean osorik daukazu irakurgai.
Alberto Barandiaran Amillano idazlearen GUREA FALANGISTA ZEN liburuari buruz sarean argitaratzen ari den guztia. https://t.co/rmmucTlAgW
Zerua eta suaHedoi Etxartek plazaratuko duen Sortaldekoak poema liburuaren preludioa da: liburu guztian zehar dauden aipuekin osatuta daude hitzak eta irudietan poemetan agertzen diren objektuak, keinuak eta bulkadak daude. Ion Celestino eta Moisés No Duerme izan dira soinuzko piezaren buru eta Arrigurikoak ikus-entzunezkoarenean, denera 15 lagunek parte hartu dute. Sortaldekoak liburua urriaren 14ean aurkeztuko du Hedoi Etxartek Susa literatura argitaletxearekin.
Iragan asteburuan pasatu da aurtengo Literaturia, euskal letren plaza, Zarautzen. Sarrerako errezitala Lutxo Egiak egin zuen, Itzalak izenekoa. Ez alferrik, “Itzala, hitzaren ahala” zuen leloa aurtengo ekitaldiak. Aurrez aurre gozatu ahal izan genuen hura, orain gutienik testuz irakurtzen ahalko duzue.
Euskarak eman duen poema liburu ederrenen artean eder, Lizardiren Bihotz-begietan da eragin handiena izan duen obra euskal poesian: ia mende osoa pasatu da argitaratu zenetik eta ordutik honako euskal poesia ezin da ulertu Lizardi gabe. Lizardiren ahaleginak munduaren ikuskera ugaritu nahi luke eta poesia egiteko darabilen hizkuntza berrituz duindu, duinduz aberastu. Horren atzetik dabil poeta, jakite-hegoek igotako hizkera poetiko baten bila. Poeta jaio zeneko 125. urtemugan, jatorrizko testua egungo ortografia estandarrera ekarri dugu, Anjel Lertxundiren hitzaurrearekin, Zuhar Iruretagoiena artistaren esku hartzearekin eta, eranskin gisa, jatorrizko edizioa gehituta; guztia, Lizardiren poetikari irakurleak batzeko gogoz. Osorik irakur dezakezue sarean.
Heriotza hartu zuen kantagai bere bizitzaren azken zatian Jaroslav Seifert poetak. Heriotza, bizitzari kantatzeko, bizitzaren aldarria egiteko: “Baina nire bizitza hala bota, / ezertarako ez – hori, / ez dut egingo“, dio Izurri zutabea poema ederrean. XX. mendea bere herriarekin batera gurutzatu zuen idazlea, Txekiako idazle belaunaldi baten nolabaiteko ordezkari 1984an Nobel saria jaso zuenean, jaio zela 120 urte bete direlarik irailaren 23an, Iñigo Astizek, lan bikain askoan, euskarari ekarritako Seifert-en 14 poema dakartzagu.