ABD EL KADER
Txomin Peillen

Idatz&Mintz, Labayru, 2006
armiarma.eus, 2022

 

     Abdaka

     deitu hinduen amak

     eta alde guztietara aldarrikatu dik

     “nire arrano harra haiz!

     ezinago gora igoko haiz!

     Aldjezairiak ez hau inoiz ahaztuko”.

 

Abdaka, begira mendira! 

 

     Mendia duk arrano handientzat

     Gorago, garaiago hobe,

     Eta hiri

     Ez zaik komeni izanen zelaia

 

Abdaka, egon mendian!

 

     Aitak dik

     Altzairuzko zif zastakaia

     Zif makurraren,

     Zif zorrotzaren erabiltzen irakatsi.

     Aitak, Muhi Ed Din El Hasanik,

     dik erakutsi

     zaldian itzegotzen,

     zaldiarekin erasotzen,

     zaldian aldegiten,

     hobeki itzuli eta bihurtzeko.

 

     Abd El Gadir

     Ben Xeikh el Kebir 

 

     Ondotik ere ikasi duk

     esku bataz mukalarekin

     tiratzen.

     Tiro ondoren

     zaldiaren almekan gordetzen.

 

Abdaka, badakik gudukan. 

 

     Kadaritarren zawiyan eduki huen 

     hire lehen maite mina,

     orduan huen

     Islamaren argi bizia

     eta hire biziko egarria

     eta gudu sukarra ezagutu.

               Jainkoa ikusten

               Jainkoa goratzen

               ikasi huen.

 

Abd El Kader enta Zif Ed Din

Abd El Kader Sinestearen Sastakaia haiz. 

 

     Besterik ezaguturik, besterik ikasirik

     zelaira jaitsi eta maitea ediren.

     “Abdaka, arranoa!

     ez hadila zelaian bizi!”

     hala esan dik maiteak.

 

     “Ez hadila lotan nire besoetan egon!”

     hala zion hain maiteko huen

     hire andre beltzaranak.

 

Abdaka, utzak zelaia

Habil mendira! 

 

     Eta berriz erran dik:

     “Abd El Kader,

     etsaiak zelaian nasaiki

     hurbiltzen zaizkigu,

     gizonak non nahi hiltzen

     edo erosten,

     lurrak lapurtzen”.

 

     “Bai frantses faltsu horiek

     dirua, urrea zeukatek,

     arma hoberenak zeuzkatek.

     Beren ustekeriez ustelduko gaituzte,

     beste hauturik gabe, kristautuko.

     Turko Korugli ergelak

     Horien garaitzeko gai ez dituk izan,

     Baina hik barrengo suarekin

     Garaituko dituk.”

 

Abdaka, jeiki hadi! 

Abdaka, habil gudukara! 

 

     Bi lagunek, hamar lagunek

     ehun lagunek

     hamar mila mudjahidek

     Said Abd El Kader emira

     leialki hire deiari erantzun:

     Djihad!

     Djihad!

     Kanpora Rumi kristauak!

     Ken hemendik ustelak!

 

Abdaka El Kebir!

Allah Akbar! 

 

     Behin goitu

     Baina ez osoki garaitu,

     Mendebaldeko mendietan

     Aurkitu baituk herri auzoan ostatu

     eta berriz Marokoa lagun

     Aljeria osoaz jabetu.

     Eta frantsesek hire nagusitasuna

     behin behin ezagutu.

 

     Baina frantses errege maltzurrak

     Hire herriaz jabetzea

     Erabaki zuan

     Eta hitzarmen guztien hitza jan

     mila zortziehun eta berrogeian

     itsasotik, lehorretik

     hire herri maitea eraso.

 

Arrano, gerta hadi mendietan

Arrano, bil itzak zaldunak 

 

     Ondikotz! ordekan hengoen

     Ordoki madarikatuan,

     hire lagunekin, gure gudariekin

     emazte eta haur smalan bildu hintuen,

     Zorigaitzez!

 

     Harrotu-eta ahaztu zaik

     haur eta emakume hauk

     hire galera izan zitezkeela:

     Hala zelai zabalean garaitu haute

     hire onak eta jendeak hartu.

 

Abdaka, zeren menditik irten hintzen?

Abd El Kader, mendian egon behar huen. 

 

     Gero Marokotik itzulian,

     Dahra mendietan gaindi,

     mendi gainetik tarteka jaitsiz,

     arrano gisa erre hintuen

     Rumiek eraiki muruak,

     Rumi deabruek egin etxeak.

 

     Kabiliar laborariek Taogriten,

     Ain Serdunen, Ain Meranen

     hazi haute.

     Arabiar artzainek Sidi Musan

     Sidi Aisan,

     Harzuloetan arrano habiak egin.

     Baina arranoari

     Hegalak gogortu

     Eta nekez hegaldatu

     Sidi Brahimen irabazi

     Baina Sidi Musako gainean haute goitu.

 

Abd El Kader, 

Odolak odola dakar. 

 

     Hik Allahren izenean

     menpe herria altxatu

     Frantsesak izutu,

     Berberoak atzeratu,

     Eta Maroko, Islin garaituak, utzi hau.

     Lehoi baten gisa

     Alde orotarik ohildu.

 

Allah-ren egia ez huen gudukan aurkitu,

Abdaka, liburuetan zegoen eta hire buruan. 

 

     Erbestera baino lehen

     Hire burua Rumiei eman huen.

     Beste etorkizunik bahuen.

     Turkiara joan hintzen, aske

     Lurrean huena galdu

     zeruan huen bilatu:

     erbestean.

 

     Jainkoren maitez amildu

     eta Sirian Sufien erdian

     idazkien artean

     bakea heldu.

 

     Baina

     andre beltzaranak

     arranokume gaitza sortu:

     Abd el Malek, gudari semea,

     eta haren ondoko

     Khaled emira buruzagia.

     Abd El Kader, ez duk galdu

     hire borrokari hazia!

 

Aintza hiri betirako

Hire aberriaren aita

Abd El Kader!

errege baino gehiago Emira! 

 

 

Nor izan zen Abd El Kader? 

 

      Abd El Kader-ek lehen aljeriar Estatu musulmana eraiki zuen, turkiar otomanoek baino hobeki antolatua. Lehenbizikorik erlijio gizona zelako eta Kadaria sinesteko zawiya (komentu) batean hezia izanik, Aljeriaren eraikitze hura Jainkoaren eginkizun bezala eraman zuen.

      Maskara hiritik hurbil dagoen Getna hirian 1808an sortu zen. Sinesleen emira izendatu zutenean, 1832an Aljer hiriaz jabetu berri ziren frantsesen aurkako guduan sartu zen.

      Hamabost urtez mendebaldeko Aljeriako errege bezala aritu zen eta gudukatuz azkenean ia herri gehienaz jabetu. Frantsesek 1835 eta 1837an haren agintea ezagutu zuten. Berehalaxe gudaroste modernoa antolatu zuen. Eraiki zuen Estatuan islamak eta feudo jaunek agintzen zuten, baina ez zen ez berbereei, ez eta gudari jauntxoei gehiegi gogoko.

      Frantziak Louis Philippe errege zelarik 1840an erabaki zuen Aljeria guztiaz jabetzea eta frantsesek Abd El Kader-ekin izenpetu hitzarmen guztiak hautsi zituzten.

      Ordoki batean garaitua izan zen, haren smala, andere haur eta zerbitzariekin hartua izan zen. Marokora alde egin zuen, berriz itzultzeko eta Mendebaldeko mendietan Dahran, Xelifen eta Uarsenisen borrokatu, Sidi Brahimen ere gudua irabazi zuen, baina 1844an Isly-n marokoar sultanaren gudarostea garaitua izan zenean, auzoaren laguntza galdu zuen.

      Azkenean ezinez 1847an bere burua frantsesei eman zuen baina frantses erregeak, errespetu gehiegi gabe, bost urterako espetxean sartu.

      Napoleon III.ak, gizon horren kemenaz miretsirik, askatu zuen eta orduan lehenik Turkiara, gero Siriara joan zen bere hasierako lehenbiziko maitemina, mistika ikertzeko, bizitzeko eta gai horretaz liburuen idazteko.

      Sirian zegoela eta hiltzetik milaka kristau salbatu zituelako Frantziak kondekoratu zuen. Damaskon hil zen 1883an. Bere aberriari estatugai baten hazia utzi zion, baita hamaika mistika liburuan oraintxe osoki argitaratzen dituztenak eta Aljeriako Martirien Hilerrira itzuli zen Aljeriaren aita izan zen gudari handi hori.

      Horregatik 1983an haren hiltzearen ehungarren urtean euskarazko olerki hau idatzi nion, baina aurten, garai hobea izanen duelakoan frantsesezko eta gaztelaniazko itzulpenarekin emanen dut.

 

ABD EL KADER
Txomin Peillen

Idatz&Mintz, Labayru, 2006
armiarma.eus, 2022