Urr
05
11
Ezkatak liburuarekin agertu zen plazara lehen aldiz Leire Bilbao duela bost urte, eta ondoren bilduma hartako poema batzuk kantu bihurtu zituzten Jabier Muguruzak, Jon Minerrek eta Maddi Oihenartek beren diskoetan. Scanner du izenburua poema liburu argitaratu berriak, estreinakoaren aldean ausartagoa gaietan eta formetan. Urriaren 6an Donostian jendaurrean aurkeztu aurretik, liburua osorik eskaintzen dizugu sarean.
Ira
29
11
1837an duelu batean Puxkin hil zutenean, Mikhail Lermontovek Poetaren heriotza poema idatzi zuen eta asasinatzea leporatu zion gobernuari. Herritarrengan zirrara sortu zuen poemak, baina tsarrak zigortu egin zuen Lermontov: Txetxeniara bidali zuen gerrara. Urte batzuk geroago, 1841eko uztailean, Lermontov hilik agertu zen, 27 urte baino ez zituela. Duelu batean hil zuten bera ere, eta jendeak asasinatzea izan zela salatu zuen. Lermontoven Gure garaiko heroia (1840) nobelak Petxorin ofizial errusiarrari Kaukason gertatutakoak agertzen dizkigu bost kontakizunetan. Vladimir Nabokovek egindako ingelesezko itzulpena famatua da, eta eder askoa Jose Moralesek euskarari ekarritakoa, hitzaurre argigarri batekin.
Ira
21
11
Xabier Etxanizek lehenik 1983an eta azkenekoz Jon Alonsok 2005ean, hainbat narrazio euskaratu zaizkio Julio Cortazar idazle argentinarrari. Gerardo Markuleta da Cortazarren kontakizunen estilo berezia itzultzen ahalegindu den beste bat, adibidez: Oktaedroa ipuin bilduma (1974), Literatura Unibertsala sailerako ekarria 1992an eta orain sarean osorik eskaintzen dizuguna. Gauza harrigarri eta sinestezinak gertatzen dira eguneroko bizitzan.
Ira
14
11
Joseph Conradek Harper’s aldizkarian argitaratu zuen Salataria ipuina 1906an (euskarari Juan Mari Mendizabalek 1996an ekarria). X Jauna du kontalaria: erreboltari bat, munduak idazle iraultzailetzat daukana, iritzi onartu guztiak birrindu dituena bere luma zorrotzaz, erakunde errespetagarrien ustelkeriak agerian utzi dituena, zenbait elkarte ezkuturen sustatzaile aktiboa… eta baita ere luxuen zalea eta kalakari abila. “Ezin da gizateriarentzat aurrerabiderik espero” esaten du jatetxe dotore batean afaltzen ari dela, “terrore eta indarkeriaren bidez izan ezean”.
Ira
08
11
Susa argitaletxeak astero Literatur Emailu bat argitaratu du 2002ko urtarriletik hona, eta dagoeneko 500. zenbakira iritsi da. Gure literaturaren zabalkundeaz arduratzen den albistegi literario honek ekitaldi nagusien agenda osatzen du, literaturako une gogoangarriak ekartzen ditu gomutara eta, aldi berean, liburu bat on-line ematen ahalegintzen da astero: klasikoak, deskatalogatuak, itzulpenak, aldizkariak eta, baita ere, Susak plazaratutako liburu berrienak.
Ira
07
11
H.L. Menckenek sortutako Black Mask aldizkarian (pulp generokoa) argitaratu zuen Raymond Chandlerrek bere lehen istorioa 1933an: Blackmailers Don’t Shoot; eta 1939an Betiko loa lehen nobela plazaratu zuen arte, aldizkari hartan agertu zituen 11 kontakizun gehiago, horien artean Hiltzailea euripean (1935), Javi Cillerok Erein argitaletxearentzat euskaratu zuena eta orain osorik sarean eskaintzen dizuguna. Kontakizun honetako pasarteak baliatu zituen Chandlerrek geroago Betiko loa idaztean.
Abu
30
11
Gerard de Nervalen adiskide Theophile Gautier duela 200 urte jaio zen, 1811ko abuztuaren 30ean. Victor Hugoren defentsan jardun zuen Hernaniren Batailan. Balzacek lana lortu zion La Chronique de Paris egunkarian. Sainte-Beuve-ren ustez zutabegilerik onena izan zen. Arte Ederren Elkarteko lehendakari egin zuten. Haxix Zaleen Klubeko kidea zen Charles Baudelairerekin batera, eta Parnasse mugimendu poetikoa abiarazi zuen. Mademoiselle de Maupin (1835) eta Le Capitaine Fracasse (1863) nobelak dira Gautierren ezagunenak, baina euskaraz Onofre, gizon amorrazia kontakizuna (1832) besterik ez daukagu, Gerardo Markuletak itzulia, orain osorik sarean eskaintzen dizuguna.
Abu
21
11
Koldo Izagirrek 1998an argitaratutako Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri nobelaren italierazko itzulpena igorri digu Roberta Gozzik: Anch’io avrei gridato: “Germinale!”, osorik sarean eskaintzen dizuguna. 1897ko abuztuaren 20an Bergarako kartzelan hil zuten Michele Angiolillo anarkista da eleberriko protagonista nagusietako bat, jendaurrean garrotez exekutatu aurretik Germinal! aldarrikatu zuena.
Abu
16
11
Duela 75 urte, faxistek 36ko Gerra abiarazi zutenean, Federico Garcia Lorca idazle espainiarra Madrildik Granadara joana zen opor egun batzuk gurasoekin igarotzera. Primo de Rivera falangistaren adiskidea izan baitzen (ostiraletan elkarrekin afaltzen omen zuten, Gabriel Celayak kontatu zuenez), hasieran ez omen zen larritu harik eta etxea miatzera joan zitzaizkion arte abuztuaren 9an. Luis Rosales poetaren etxeko ganbaran ezkutatu zen, baina 1936ko abuztuaren 16an atxilotu egin zuten eta, Manuel de Falla musikariaren erreguei jaramonik egin gabe, torturatu eta hil egin zuten abuztuaren 18 eta 19 arteko gauean. Lauaxeta, Bitoriano Gandiaga, Juan San Martin, Sabin Muniategi, Gabriel Aresti, Harkaitz Cano… izan dira Garcia Lorcaren poemen euskaratzaile, baina Juan Luis Zabalari zor diogu lan handiena: Poeta New Yorken liburu osoaren itzulpena, 2003an Erein argitaletxeak plazaratua.
Abu
09
11
Beti dantza – Pioner V. eta ni poema izan zen Nikolas Ormaetxea Orixek idatzitako azkena: “Suziri Pioner, / hi baino gehio nauk / egon eta ibil; / nire barrenean / atergabe ari / zaizkidak lau gurpil. (…) Lau hoien izenak: / adimen, nahimen, / irudi ta gale; / elkarri zirika, / maitagarri diren / gauza denen zale”. Gaur 50 urte dira Orixe hil zela, Añorgako Zabalegi etxean 1961eko abuztuaren 9an. Poema gogoangarriak utzi zizkigun, adibidez: Beti lagun, Lizardiren heriotzan; Idorreria, gerratik ihes egin ostean Gursen; edo Amate baten itzalean, Ameriketara joana zela. Gure literaturako idazle handietarik da Orixe: Santa Kruz apaiza nobela, Barne-muinetan eta Euskaldunak poemak, Kiton arrebarekin oroitzapen liburua dira bere lan nagusiak.
Abu
03
11
Eugene Ionescoren antzezlan euskaratuetatik lehena Antonio Maria Labaieni zor diogu, 1964an Egan aldizkarian argitaratua: Neskatilla ezkongai. Esketx hau 1953ko abuztuaren 11n taularatu zen estreinakoz La jeune fille à marier izenburuaz Parisko Théâtre de la Huchette aretoan, eta orain teatro-testuak webgunerako digitalizatu dugu. Andre eta zaldun batek teknologia berriez eta garaiko gizarteaz solasean dihardute parke batean, harik eta obraren amaieran andrearen alaba iristen den arte.
Uzt
27
11
Wilhelm Hauff idazle alemaniarra ezustean hil zen, 25 urte betetzear zela, 1827ko udazken hondarrean. Bere lanen artean dira Gizona ilargian, Satanen memoriak, Lichtenstein, Bremengo ardo-mamuak, Kaiserraren irudia eta Süss judua. Euskaraz bi ipuin dauzkagu, Alexandriako Xekea eta bere esklaboak sailekoak: Abner, ezer ikusi ez zuen judua, esklabo marokoar batek Ali Banu xekeari kontatua; eta Tximinoa gizon moduan, esklabo alemaniar batek kontatua. Feliciano Pelaezek itzuli zituen 1998an.
Uzt
20
11
Istorio hiperlaburrak izenburuaz, lau idazle hegoamerikarren ipuin batzuk batu eta euskaratu zituen Gerardo Markuletak 1995ean, Erein argitaletxearen Milabidai bildumarako. Mario Benedettiren zortzi, Eduardo Galeanoren sei, Augusto Monterrosoren sei eta Julio Cortazarren zazpi, denera 27 kontakizun. Irakurle oso nagiak direnek ere gustura irakurriko dituzte eguzkiaren onenean: gerizpean.
Uzt
13
11
Manuel de Pedrolok 1957an idatzi eta lehen aldiz Bartzelonan 1958an taularatutako antzezlana da Gizonak eta Ez. EZ zaindariak burdinetan giltzapetuta dauzka gela batean gizon-emakume gazte bi eta beste batean beste bi. EZ zaindariak honela esaten die: “Zeuen burugabekerien kontra gordetzen zaituztet”; eta gatibuek arrapostu: “Burdinok gure kolpetatik gordetzen hauten bezala gaitiztek hire kolpetatik gordetzen”. Salbador Garmendiak euskaratu zuen 1969an Egan aldizkarian, eta orain teatro-testuak gunerako digitalizatu dugu.
Uzt
08
11
Codex Calixtinusen Donejakue bidearen gida egin zuen Aymeric Picaudek XII. mende erdian, eta Nafarroatik pasa zireneko pasadizoak idaztean (barbaro halakoak gu!) euskarazko hainbat hitz batu zituen. Codex hori Galiziako Santiagoko Katedraletik ebatsi egin dutenez oraintsu, jakin dezazun euskarazko zein hiztegi tipiri buruz ari garen, Klasikoen Gordailuan duzu testua.