maiatza 10 05

Marianne Moore: pangolinak, adarbakarrak eta beste animalia batzuk

Mende hasierako AEBetako idazle garrantzitsuenetako baten libururik berezienetakoaren berrargitarapen osatua kaleratu du Bartzelonako Acantilado argitaletxeak. 1936an kaleratu zen lehen aldiz The Pangolin and Other Verse Londresen. Animaliak eta pertsonak modu erromantiko batean elkar hartuta: kobrak, sugandilak, dragoi txikiak, tximeletak, saguzarrak, usoak eta pelikanoak eta gehiago. Eta natura. Eta mundu berri bat islatzeko nahia poesiaren bidez. Eta poesia berria.

maiatza 05 05

Pako Aristiren Libreta horiko poemak

Urte batzuk narratiban murgilduta eman eta gero, 2003. urtean poesiara itzuli zen Pako Aristi. Oparitu zioten libreta hori batean poemak idazten jardun zuen hainbat denboraz, eta argitara eman Susa argitaletxearekin. Poema soilak, alderdi formalari baino edukiari emanagoak, Aristiren munduaren eta gogoeten erretratu eta kritika zorrotza —batzuetan biluzia— eskaintzen digute. Osorik eskaintzen dizugu

maiatza 05 05

Paul Celan euskaraz

1970eko apirilaren 20an bota zuen bere burua Seine ibaira Paul Celan poetak. Errumanian jaioa, judua, frantses pasaporteduna, idazle alemana, XX. mendeko ahots indartsuenetako bat da Paul Celanena. Kontzentrazio-eremu batean gatibu izandakoa, Tximeleta eta memoria poema liburuak (1952) eman zuen ezagutzera, eta bere hurrengo liburuek bere irudien indar eta sakona berretsi. Euskaraz ez zaio deus argitaratu, baina hemen dakartzagu bi poema, Heriofuga eta Hendaia, Koldo Izagirrek eta IƱigo Aranbarrik, hurrenez hurren, euskaratuak.

maiatza 05 05

Urtzi Urrutikoetxearen Auzoak

Urtzi Urrutikoetxearen lehen narrazio liburua duzu Auzoak. Kontakizunak gaurko Bilboren kronika egiten du 24 ordutan, goizaldetik goizalderako bidaia batez, hiritarren bizibideetan erreparatuz beti. Auzoak Bilboko Erronda kaleko Likiniano kulturunean aurkeztuko du maiatzaren 11n (datoren asteazkenean) 11:30etan. Urrutikoetxearen liburu berriko bost atal eskaintzen dizkizugu aurrerapen gisa.

maiatza 03 05

Dylan Thomas: erraietatik bizitzari lotuta

Swansean, Galesen jaio zen 1914ko urriaren 27an Dylan Thomas. Kazetaria izanik, zinema eta irratirako gidoiak idatzi zituen. San Vicenteko ospitalean hil zen, New Yorken, 1953ko azaroaren 9an. 39 urte zituen. Alkoholak barrena janda. Bere azken esaldia: “Hemezortzi whisky hartu ditut jarraian, marka ona da”. Baina esan zuenak baino garrantzitsuago behar luke idatzi zuenak. Bere poesia osoaren bilduma kaleratu du Madrilgo Visor argitaletxeak gaztelaniaz.

maiatza 03 05

Blaga, zeruan zaude? Txori bat zara?

Hiru urte dira Blaga Dimitrova (1922-2002) hil zela. Bulgariako poetarik garrantzitsuenetako bat. Aldaketaren sinbolo izan ziren egilea eta berak idatzi Litse (Aurpegia) liburua. Komunismoaren osteko kontzientzia demokratikoaren sinboloa izan zen Bulgarian. Poeta, narratzaile eta itzultzailea. Garai berrietarako poesia egin zuen, neologismoak eta ironia. Ezezaguna gurean. 25 hizkuntzatara itzuli dituzte haren poemak. Bulgarian gogoratuko dute asteon.

Api 28 05

Juanra Madariagaren Izozmendiak

Imentzioaren pergamuak poema liburuarekin ezagutu genuen Juan Ramon Madariaga, 1989an Bizkaiko Foru Aldundiaren Olerki saria irabazi zuenean, eta hasiera indartsu hark izan du segidarik, izan duenez. Gure azken urteetako poesiaren zutabe sendoetako bat dugu, 2003an Susarekin plazaratu zuen Izozmendiak liburarekin zazpi poemario kalean dauzkala. Horiez gain, 1993an kaleratu zuen Neguko antzarrak narrazio liburua. Bere azken lana, Izozmendiak eskaintzen dizugu osorik, eta 8 poema idazlearen ahotsetik entzuteko moduan.

Api 26 05

Robert Penn Warren: ehun urte iraultzaile kontserbadoreak

Beste mende bateko amerikarra zirudien. Beste garai batekoa eta beste mundu batekoa. Basozainaren antza ei zuen, begi zorrotz baina adeitsuak, asko ikusitakoak. Bere figurak deskriba dezake bere lana ere: lurrari lotua, desagertu den eta itzuliko ez den mundu baten desiran dagoena. Eta izaera: beste garai baten nostalgia, beste garai bateko morala eta ikusmoldea. Nostalgia ez da bere bere literaturan bakarrik islatzen. Ez da oxymorona iraultzaile kontserbadorea izan zela badiogu.

Api 21 05

Erbestetik barne minez

Interneten dauzkagun Andima Ibinagabeitiaren izendapenak berritu ditugu, ezingo dugu egin paperean daudenetan. Hain zuzen ere, 2000n plazaratu zuen Susa argitaletxeak Andima Ibinagabeitiaren gutun bilduma, Patri Urkizuk bildu eta prestatua. Erbestetik barne-minez (Gutunak 1935-1967) gutun-bildumak euskal munduko eragile oso inportante bat aurkezten digu, gerraosteko giroan hizkuntza eta kulturari bultzada ematen kemen handia izan zuena, maiz bide ofizialekin bat egin gabe. Osorik eskaintzen dizugu liburua.

Api 21 05

Andima Ibinagabeitia, ñ barik

1906ko urtarrilaren 26an jaio zen Andima Ibinagabeitia, Elantxoben. Idazle, kultur eta literatur eragile oso inportantea, Euzko Gogoa aldizkarian egindako lanagatik da, batez ere, ezaguna. Baina lan asko egin zituen, eta idatzizkoak hainbat tokitan irakur daitezke. Toki horietan, askotan, ñ-z idatzia dator bere deitura, berak hala egiten ez bazuen ere. Alderdi aldizkarian argitaratutako Batasunaren baranoan artikuluan irakur daitekeenez, hainbatek gaizki idatzi ohi du bere deitura —ñ-az idazteari buruz ari da—. Hona artikulu hori eta bere aldarrikapena. Guk gure egin ditugu hark esanak eta kendu diogu ñ-ari txapela, eta n bihurtu sarean dauzkagun sinaduretan, Ibinagabeitia jarriz. Auzi honi buruzko aurkezpena idatzi du, bestalde, Azkue Liburutegiaren zuzendari Pruden Gartziak, Andima Ibinagabeitiaren artikuluaren eta nahiaren berri eman digunak.

Api 21 05

Itxaro Bordaren nobela berria

Itxaro Bordaren zazpigarren nobelak XX. mendean barrena Otsabideko jendeen zoritxar eta bozkarioak aletzen ditu. Zeruetako erresuma eleberriak amodioa eta heriotza ditu ardatz nagusi, sasoi zailetan: gerlak, emigrazioa, bizibide makurrak… eta hala ere Itxaroren estilo zirtolari eta jostakinarekin kontaturik beti. Liburua apirilaren 22an (ostirala) 11:30etan aurkeztuko du Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan, eta aurrerapen gisa dituzu hemen lehen bost atalak.

Api 19 05

Lluis-Anton Baulenas: “Iraganari buruzko bere ikuspegia izan behar du belaunaldi bakoitzak”

Ramon Llull saria irabazi berri du, Per un sac d’ossos nobelarekin. Iragana etengabe aztertu behar dela uste du idazleak. 1936ko gerra, berriz ere nobela batean. Legionario bat, promesa bat eta mendekua. Gerra eta gerra ostea, frankismoa. Garaileak eta garaituak. Horiek Lluis-Anton Baulenasek (Bartzelona, 1958) idatzitako azken lanaren gakoak. Baina ez da nobela historiko soil bat. Badu intrigatik, badu ikerketatik, badu iluntasunetik, badu abenturatik.

Api 19 05

Txetxenia eta literatura: sarraskiaren antzokitik idatzi

Txetxenia ezagutzen dugu? Egunkarietan dakartenaz gain, ezer gutxi. Ez musikaririk, ez dantzaririk, ez artistarik ezagutzen dugu. Geografiarik? Bi ibai nagusi ditu: Terek eta Argoun. Grozni, Ourous-Martan, Bedeno, Chatoi dira hiririk garrantzitsuenak. Orain, hiri fantasmak. Tanke errusiarren desfileak, mendietako gerrillariak. Ia beste ezer, ez bada sarraskiaren antzokia dela. Gerra oso presente dago idazle txetxeniarren lanetan. Hona hemen hango literaturara hurbiltzeko saio bat.

Api 14 05

Joxe Mari Lopetegi jaio zela 130 urte

Irunen sortu zen 1875eko apirilaren 13an, duela 130 urte, Joxe Mari Lopetegi, Hego Euskal Herriko errepublikanoen bertsolaria. Amikuzeko Arruetan hil zen,  Behe Nafarroan 1942ko ekainaren 2an. Lopetegik bere garaiko prentsan, Irungo agerkarietan batez ere, argitara eman zituen bertso sailak.
Joxan Elosegik, berriki liburu batera bildu ditu bertso sail hauek eta argitara eman Joxe Mari Lopetegi Errepublikanoen bertsolaria izenburupean, Paper Hotsak argitaldariak plazaratuta.
Bere jaiotzaren 130. urteurren honetan, eta Errepublika aldarrikatu zuten egunarekin bat eginez, errepublika gaitzat idatzi eta kantatu zituen bertsoak hautatu ditugu, hemen paratzeko.

Api 14 05

Juanjo Olasagarreren Puskak biziz

Joxerra Agirre, Endika Lakart, Debra Woolf eta abarren mundua, Bizi puskak (Susa, 1996) poemarioan aurkeztu zigun unibertsoak segida izan zuen Puskak biziz poema-liburuan, 2000an Susa argitaletxeak eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak kaleratua. Pertsonaiek bizia emandako territorio oso bat erakutsi zigun Juanjo Olasagarrek. Osorik irakur dezakezu orain Puskak biziz, eta halaxe dago Ezinezko maletak ere, 2004an Susarekin kaleratu eta Espainiako Kritika Saria jaso berri duen eleberria. Beste jenero eta pertsonaiak izan arren, neurri batean unibertso bera konpartitzen duen liburua. Puskak biziz poema liburua irakurriz gainera, idazleak errezitatutako zenbait poema entzungo dituzu gainera.

Agenda

Efemerideak

Kritikak