maiatza 16 07

Itxaro Bordaren Basilika

1984an kaleratu zuen, Susa argitaletxearekin, Basilika bere lehen eleberria Itxaro Bordak. Eta baita iltzeari buruan eman ere. Eleberri zuzena, indartsua, mutiria, bere garaiko gizartearen erretratu ironiko gogorra egiten du. Jon Kapagorri euskal diputatuari bururatzen zaio, herriaren aitzinatzeko, Irulegin ama birjina agerraraztea eta haren karietara basilika bat eraikitzea. Pelerin gune nagusi bihurtzeko. Ipar Euskal Herriko politika, kultura eta literatura munduko pertsonaiak, aita saindua Mystere bere hegazkinean, Kapagorri diputatua, ama birjina azaldutako Elorri… Luma zorrotztuz idatzitako testuak hasieratik bukaeraraino eramaten zaitu eleberri bikain batean. Hementxe duzu osorik.

maiatza 13 07

Abdela Taia: “Nire heroi propioa naiz”

Patxi Zubizarretak euskarara ekarri duen “L’Armée du salut” (“Salbazioko Armada”, Alberdania, 2007) aurkeztera etorri zen Abdela Taia Donostiara. Marokoko Salekoa jaiotzez, Parisen bizi da. Euskaratu berriaz gain, beste bi liburu ditu: “Mon Maroc” (2000) eta “Le rouge du tarbouche” (2005). Aurelia Arkotxa lagun eta itzultzaile duela mintzo da.

maiatza 09 07

Xabier Lizardiren Biotz begietan liburuak 75 urte

Gerraurreko literatur kritika

1932ko maiatzaren 11n, orain 75 urte, argitaratu zuen Lauaxetak Euzkadi egunkarian Xabier Lizardiren Biotz-begietan poema liburu berriaren komentarioa. Hil horretan bertan etorri ziren Olabururena, Zubimendirena… Baina liburua ez zen oraindik salgai. Orixek Jose Verdes Elorriagari eramana —Verdes Atxirika inprimategiko burua—, 1932ko urtarriletik hasi eta liburua plazaratu zen ekainera bitarteko Verdes eta Lizardiren arteko gutunketak erakusten du Biotz-begietan poema-liburuaren argitalpena ez zela samurregia izan. Gerraurreko literatur kritika lanean poema liburuari egindako hamahiru artikulu-kritika jaso ziren, orain hemen dakarzkizugunak. (gehiago…)

maiatza 09 07

Eta zergatik ez?… Sigrid

Lau baizen zortzi eskutara idatzi zuten Gorka Setienek, Eneko Olasagastik, Maripi Solbesek eta Ramon Agirrek Eta zergatik ez?… Sigrid poema-liburua. Susa argitaletxearekin 1983an argitaratua, hiru urte lehenagokoa da testua. Egileek diotenez, “Gazte gizarajoak, bere buruak amodioaren atzaparretan zeuden. Eta bestalde dirua irabazteko bide bakarra sari bat irabaztean ikusten zuten, eta ekin zioten lanari, gogor”, eta hain zuzen ere 1980ko Felipe Arrese Beitia poesia saria irabazi zuten. Poemarioak amaieran dakarren gutunak zehazki azaltzen du liburuaren ontze eta argitaratze prozesua. Osorik eskaintzen dizugu.

maiatza 06 07

Margaret Atwood: Tuntunen alde

Kanadako idazlerik garrantzitsuenetako bat da Margaret Atwood (Ottawa, 1939). Urtero Nobel sarirako hautagaia. Poesia, nobelak eta kritika landu ditu. Torontoko Unibertsitateko irakaslea. “Dancing Girls” (“Chicas bailarinas”, Lumen, 1998) eta “El asesino ciego” lanengatik ezagutzen badugu ere, liburu “ahaztu” asko ditu. Hainbat ipuin bildumetatik jasotako narrazioekin osatu du “Érase una vez” liburua Lumen argitaletxeak.

maiatza 02 07

Alfred de Musset
hil zela 150 urte

1857ko maiatzaren 2an hil zen, orain 150 urte, Alfred de Musset idazlea. Idazle erromantikoa, poesia, antzerkia eta narrazioak landu zituen Contes d’Espagne et d’Italie liburuarekin ezagun egiten hasi zen idazlea. Ez dira Musseten lan asko euskarara ekarriak izan direnak. Gabriel Arestik itzuli zituen hiru poema, eta Egan aldizkarian argitara eman 1967an. 1991n, berriz, Juan Kruz Igerabidek euskaratu zuen Zozo zuriarena (Histoire d’un merle blanc) narrazioa, Ereinek kaleratua Alvaro Matxinbarrenaren ilustrazioek lagunduta. Narrazioa eta poemak eskaintzen dizkizugu. (gehiago…)

Api 29 07

Gernikako bonbardaketa: Eta idatziko dute

Kronikatik eta fikziotik, Euskal Herritik bertatik eta atzerritik abiatuta, Gernikako bonbardaketak literaturaren arbuioa ere izan du 70 urteotan.

Api 29 07

Bide barrijak
eta polemika zaharrak

Gerraurreko literatur kritika

La Petite Gironde aldizkariko George Berniard kazetariari Gernika sarraskitu berria erakustera joana, 1937ko apirilaren 29an atxilotu zuten Esteban Urkiaga Lauaxeta, orain 70 urte. Euzko Gudarosteko komandantea, EAJren militante aritua, Eguna egunkariko erredaktorea, olerkari ezaguna zen Lauaxeta 1937an. Eta horretan eragin nagusia izan zuen, duda barik, 1931ko udazkenean argitaratu zuen lanak, Bide barrijak olerki liburuak. Liburu horretan kaleratu zen Maitale kutuna poemagatik lehendik ere ezaguna —1930eko Errenteriako Olerti Egunean garaile suertatu zen poema—, astinaldi ederra ekarri zion Bide barrijak liburuaren argitalpenak euskal kultura eta, bereziki, literatur munduari. Izenburutik beretik proposamen argia zekarren liburuak, fundazionala izateko asmoa zuen sortze beretik, euskal poemagintzara ekarri nahi izan baitzituen gure literaturak artean oso juxtuan ezagutzen zituen forma eta edukiak, eta euskara bera ere molde berrietara egokitzeko ahalegina zekarren. 1931ko azaroan Verdes Atxirika inprimategian argitaratua, segidan kritika-soka luze, zalapartatsu eta emankorra ekarri zuen —hemen eskaintzen dizugu—, 1932. urteko uda arte iraun zuena. (gehiago…)

Api 26 07

Gernika gogoan

“Gernika, orrialdeotan boza eta garraisia ipini dugun guztiok ez ginen han izan; ezta Durangon ez eta Bilbon; halaber, ez genuen denok ezagutu frenteko trintxeretako berunen odola; etxetako sua eta gaziaren oinazea. Hala eta guztiz ere memoriaren zauritik isuritako testigantza baino gehiago da hogeigarren zenbaki honekin dakarguna” idatzita aurkeztu zuten 1987an Susa aldizkariaren 20. zenbakia. Gernika hartu zuten idazteko arrazoi hainbat idazlek. 50 urte betetzen ziren 1937ko apirilaren 26an Gernika bonbardatu zutenetik. Poemak, narrazioak, antzerkia, euskarara ekarritako testuak bildu zituzten orduan, Susa inguruko 20 firma ezberdinek. Sarean osorik irakurriko dituzu ordukoak.

Api 26 07

Gernika aldizkaria

Gernika aldizkariaren sorrera 1943ko udan abiatzen da, Gernikan egindako bilera batekin. Bi urte geroago, Rafael Pikabea “Alzibar” (El Día egunkariaren sortzaileetarik) gidari zela, Donibane Lohizuneko bere etxean kultur elkarte bat sortu zuten (Instituto Vasco de Extensión Cultural Gernika) 1945eko apirilaren 26an, Gernikaren bonbaketaren zortzigarren urteurrenean. Urte bereko urrian argitaratu zuten Gernika aldizkariaren lehen zenbakia Donibane Lohizunen, Rafael Pikabearen sarrera hitz hauekin: “Eup, jaunak! Emen gera gu ere (…) Zeiñ geran? (…) Azkeneko gerratian itxetik kanpora bialiak. Zer nai degun? Irakurri gure esanak, eta laister jakingo dizute nora guazen (…) Atozte bada Alkartuta, danak batian, bultza dezagun gora gure aberri maitia“. Ale horretan, besteak beste, artikulu hauek ageri dira: Joxe Eizagirreren “Gernica…!“, Orixeren “El genio de un Pueblo“, Isidoro Fagoagaren “La música floklórica”.
Isidoro Fagoaga zuzendaria Ameriketara joatearekin, Buenos Airesera aldatu zen Gernika 1951. urtean (16. zenbakia, uztaila-iraila). Gogoangarria da, adibidez, 1953ko apiril-ekaineko alea (23.a); Andima Ibinagabeitiak otsailean Jon Miranderi (hogeitasei urteko gazteari) Parisen egindako elkarrizketa bat dakar, “Olerkariarenean” izenburupean; eta ale berean argitaratu zen Jon Miranderen “Euskaldungoaren etsaiak” artikulua, eskandalua piztu omen zuena eta, diotenez, Gernika aldizkariaren itzaltzea eragin.
Gernika aldizkariak 25 zenbaki eman zituen, idazle ezagun askoren lanez: Orixe, Xabier Iratzeder, Federiko Krutwig, Jon Mirande, Andima Ibinagabeitia, Pierre Lafitte, Jokin Zaitegi, Julene Azpeitia, Ixaka Lopez Mendizabal, Errose Bustintza, Luis Villasante, Joxe Migel Barandiaran, Isidoro Fagoaga, Dominique Dufau, Etienne Salaberri, Txomin Peillen, Oxobi, Marc Legasse, Mixel Etxeberri, Miguel Astiz, René Lafon, Sebero Altube, Justo Garate, Juan Thalamas, Norbert Tauer, Antonio Maria Labaien, Jon Bilbao, Jon Etxaide…

Api 25 07

Alfonso Maria Zabala, umorezko antzerkiaren beste adibidea

XX. mende hasierako antzerkigileen artean Alfonso Maria Zabala bada nor. Dozena erdi bat lan idatzi zituen 1911tik 1919ra, komedia arin estilokoak batik bat. Horietako batzuk eskaintzen dizkizu gaur Klasikoen Gordailuak: Periyaren zalapartak (1911) eta Melitonaren bi senarrak komediak (1918), Jauregi errotako astoa (1912) bakarrizketa, eta Urruti-izketa (1918) izenekoa, telefonoaren asmakizunaren inguruan. Azken hamabost urteetan Hernaniko erretore, pentsamendu politikoz integrista zen, eta talde horretako gazteek joka zitzaten idatzi zituen antzezlan ia guztiak. Narrazioak eta dibulgazio lanak ere idatzi zituen, eta horien bilduma egin zuen Antonio Zabalak Auspoa bilduman: Gabon zar bat eta beste ipui asko.

Api 25 07

Jon Arano Bileterik gabe

Bileterik gabe poemarioarekin plazaratu zen 1985ean Jon Mikel Arano. Bileterik gabe, apika, baina esateko gauza askorekin. Ahots indartsua, sujerentea, freskoa zekarren, Malezia sorta (Susa, 1990) bere poema liburuetan berretsi zuena. “Heriotza baina harago/ sugeak bizirik dirau / nerbioak esnatzen zaizkio, / era honetara, ez alferrik!, / maite zaitut gogoan ez / zaitudanean ere, / idazten dizut zoritxarreko, / ezin lortu askamina.” Zoritxarrez ez, zorionez idatzi idazten du. Irakur ezazu Bileterik gabe.

Api 22 07

Alex Robinson: Super-eroriak

Nobela grafikoaren alorrean azken urteotan nabarmendu den sortzaile garrantzitsuenetakoa da Alex Robinson (New York, AEB, 1969). Bere pertsonaiek arrakasta dute helburu, baina gutxi dute super heroitik.

Api 19 07

Kaxa huts bat, Beñat Sarasola

Zolitasun eta indar espresibo berezia dute Beñat Sarasolaren poemek. Ozar eta jostaria batzuetan, arraitasun sotilekoa besteetan, kitzikaria gehienetan. Kaxa huts bat du izenburua Beñat Sarasolaren (1984, Donostia) lehen liburuak, eta Xabier Gantzarain lagun duela aurkeztuko du bihar apirilak 20 (ostirala) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Kaxa ziztrin batean kabitzen ahal diren gauza eta auzien bilduma erakutsi digu, ironiaz eta zirtoz gerturik.

Api 15 07

Sandro Penna: Amodioaren poeta

Iheskor eta sinplea: bere poesia. Bizi poza eta malenkonia: bere poesian. Biak ala biak uztartzen dira Sandro Pennaren (Perugia, Italia, 1906-Erroma, 1977) poema laburretan. Hil zela hiru hamarkada bete direnean, Lumen argitaletxeak “Croce e delizia” eta “Stranezze” argitaratu ditu, gaztelaniaz, bilduma bakar batean.

Agenda

Efemerideak

Kritikak