Ira 03 12

Poesia eta kantua Zarautzen

Mikel Elorzak poesia eta kantuari buruzko hitzaldia egingo du irailaren 3an (astelehena) 19:00etan Zarauzko Sortalde gunean, Malekoian.

Ira 02 12

Ez zaitut abandonatuko Zarautzen

Jon Benitok eta Bide Ertzean triok “Ez zaitut abandonatuko” errezitaldia egingo dute irailaren 2an (igandea) 20:00etan Zarauzko Sortaldea gunean, Malekoian.

Ira 02 12

Errezitaldia Hondarribian

Ainara Maiak errezitaldia egingo du irailaren 2 (igandea) 19:00etan Hondarribiko Banako aretoan.

Abu 31 12

Martutene Ean

Ramon Saizarbitoriaren Martutene nobelari buruz jardungo dute abuztuaren 31n (ostirala) 18:30ean Eako Hea elkartean.

Abu 29 12

Maeterlinck jaio zela 150 urte

Lauaxetak poema bat eta Lizardik artikulu bat euskaratu zituzten gerra aurrean, baina gero, guk dakigula, ez da Maurice Maeterlincken lanik itzuli gurean. Flandriako idazle frantsesa jaio zela 150 urte dira abuztuaren 29an. Haren obra ezagunenak antzerkiak dira, hala nola: Arrotza (1890), Pelleas eta Melisande (1892), Monna Vanna (1902), Txori urdina (1908). Literatura Nobel Saria jaso eman zioten 1911n. Lauaxetak Hiru neskatilak (1896) poema itzuli zuen 1930ean eta Lizardik Txindurriak (1930) dibulgazio eta fabulazkoa 1933an. Maeterlinck 1949an hil zen Nizan.

Abu 22 12

Garcia Lorca eta Lauaxeta

Zura musika taldeak 2005ean plazaratutako Ilargi Handi Zauri Zarae diskotik erauzi ditugu Federico Garcia Lorcaren hiru poemaren euskarazko itzulpenak, Lauaxetak gerra aurrean eginak. Eta baita ere, Lauaxetarenak oinarritzat harturik, Bitoriano Gandiagari espresuki eskatu zizkioten hiru itzulpenen egokitzapenak. Garcia Lorca 1936ko abuztuaren 18an torturatu eta fusilatu zuten, eta 1937ko ekainaren 25ean Lauaxeta.

Abu 16 12

Kanpion hil zela 75 urte

Eusko Ikaskuntzako lehendakaria eta Euskaltzaindiaren fundatzaileetako bat izan zen Arturo Kanpion politikari eta idazlea –Iruñeko haren etxean egiten zen batzar bat urtero–. Gazteleraz idatzi zuen batik bat; adibidez, Blancos y Negros (1898) eta La Bella Easo (1909) eleberriak, edo saiakerak: Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara (1884) eta Nabarra en su vida histórica (1914). Euskaraz idatzi zituen lan bakanak Klasikoen Gordailuan jasoak dituzu (horien artean Orreaga), eta itzulitakoak Euskarari Ekarriak gunean zerrendatuta datoz (besteak beste Gartxot, Itzaltzuko koblaria). Azken urte mordoa itsurik eman zuen Kanpionek, eta gerra sasoian estutasun eta mehatxuz itota hil zen 1937ko abuztuaren 18an Donostian, 83 urte zituela.

Abu 08 12

Heroi anonimo brasildarrak

Jorge Amado idazlea jaio zela 100 urte dira abuztuaren 10ean. Haren gorazarrez, Jubiaba nobela digitalizatu eta osorik eskaintzen dizugu sarean, gazte zela 1935ean argitaratua eta 1997an Balentin Olaetxeak euskarara ekarria. Kontakizuna hasi orduko ezagutuko duzu Antonio Balduino (Baldo), boxeolari beltz brasildarra, Bahiako txapelduna pisu handitan, alemaniar ilehori baten kontra borrokan; bigarren kapituluan (Baldoren haurtzaroa gogoan) agertuko da Jubiaba, azti ihar buruzuria, deabrua botila batean gatibu omen zeukana. Nelson Pereira dos Santos zinegileak eleberrian oinarrituta Jubiaba filma egin zuen 1987an, Gilberto Gilen musikarekin.

Abu 01 12

Erregeak eta krudelkeria

Herodoto historialari greziarraren lau kontakizun eta Ovidio poeta erromatarraren bat euskaratu zituen Juan Mari Mendizabalek Ipuin ankerrak liburuxkan (Erein, 1994). Nola edertasun biluziak Kandaules erregea heriotzara eraman zuen azaltzen du lehendabizikoan Herodotok; bigarrenean, nola heriotzazko ametsak bete egiten diren halabeharrez, Kreso erregeari gertatu bezala; hirugarrenean, Zirori buruzkoan, nola krudelkeria gorenez zigortu ohi den desobedientzia; laugarrenean, nola Kanbises erregearen ankerkeria eroaren parekoa bilakatu zen. Eta azkenik, izugarrikeria bat da Ovidioren kontakizuna: Filomela eta Prokne ahizpen mendekua Tereo tiranoaren aurka.

Uzt 25 12

Jose Mendiage pastorala

Uztailaren 29an lehenik eta abuztuaren 5ean ondoren, Jose Mendiage idazleari buruzko pastorala jokatuko du Arrokiagako herriak, Jean Bordaxarrek idatzia. Mendiage (1845-1937) Ameriketara joan zen hemezortzi urte zituela eta Argentinan, Txilen eta Uruguain bizi izan zen Montevideon hil zen arte. Itsasoaz bestaldean ezagutu zituen Iparragirre, Otxalde eta Otaño. Zazpiak bat liburuan (1900) eta aldizkarietan argitaratutako Mendiageren bertso eta olerkiak Piarres Xarritonek batu zituen 1992an Jose Mendiague, haren bizia eta haren kantuak bilduman, tartean noski Kantuz izeneko oso ezaguna. Pastoralaren mustrakako irudiak (uztailaren 15ean hartuak) Kanaldude telebistan dituzu.

Uzt 19 12

Itsas hilerria, Paul Valery

Andre Gide idazleak eta Gaston Gallimard editoreak sustaturik Paul Valeryk hogei urteko isilaldia amaitu eta La jeune Pataque poema luzea argitaratu zuen 1917an. Hiru urte geroago bildu zituen 1890-1900 urteetan idatzitakoak: Album de vers anciens. Eta 1922an plazaratu zuen Charmes ou poèmes liburua, beste batzuen artean Itsas hilerria (Le Cimetière marin) poema zekarrena, hain famatua Frantziako literaturan; Miel Anjel Unanuak euskaratu zuen 1990ean Hegats aldizkarian. Paul Valery Okzitaniako Seta-ko hilerrian datza 1945eko uztailaz geroztik.

Uzt 15 12

Ez dok/n armairu Ean

Ez dok/n armairu errezitaldia egingo dute Mikel Ayerbek, Ibon Egañak, Angel Errok, Kattalin Minerre, Juanjo Olasagarrek uztailaren 15ean (igandea) 17:15ean Eako Natxituko bolatokian.

Uzt 15 12

Scanner Ean

Leire Bilbaok Scanner poema liburuan oinarritutako errezitaldia egingo du uztailaren 15ean (igandea) 13:00etan Eako moilan. Musika: Domentx Uzin.

Uzt 14 12

Munduan beste Ean

Iñigo Aranbarrik idatzitako Munduan beste testuaz antzerkia egingo du Labea laborategiak uztailaren 14an (larunbata) 19:00etan Eako Apikalen.

Uzt 14 12

Mikel Lasaren poesiaz Ean

Mikel Lasa gure artean” solasaldia gidatuko du Edorta Jimenezek uztailaren 14an (larunbata) 16:30ean Eako Bedaroan.

Agenda

Efemerideak

Kritikak