Ipuin ankerrak
Herodoto - Ovidio

euskaratzailea: Juan Mari Mendizabal
Milabidai, Erein, 1994

 

KRESO

 

        Iritsi zitzaion Kresori mendeku izugarri bat, jainkoek bidalia, agi danez, munduko gizon zoriontsuena zela sinetsi izanagatik. Lo zegoela, kolpetik amets batek desestali zizkion, xehetasun guztiekin, bere semearengan gauzatuko ziren zorigaitzak. Kresok bi seme zituen; haietako batek akats bat zuen, gor-mutua baitzen, baina bestea gauza guztietan bikainena zen bere adineko gazteen artean; Atis zuen izena. Bada ametsak adierazi zion Kresori Atis galduko zuela burdin punta batek eragindako zauriaren ondorioz. Esnatu zenean hausnartzeari ekin zion eta, ametsaren beldur, emaztea aurkitu zion semeari; eta nahiz honek beti gidatu izan tropa lidiarrak, aurrerantzean ez zuen zeregin horretara bidali; halaber, gizonen geletatik hauek gerran erabiltzen dituzten lantza, azkon eta antzeko arma guztiak atera eta armategian gordetzeko agindu zuen, horman zintzilik egon zitekeen baten bat semearen gainera erortzea galarazteko.

        Baina semearen ezkontza-antolakuntzetan zebilela, iritsi zen Sardesera gizon bat, nazionalitatez frigiarra eta erregearen sendikoa, zorigaitz baten biktima eta eskuak odolez orbanduta zeuzkana. Gizon honek Kresoren jauregian sartzea eskatu zuen, bertako erritoaren arabera garbitua izateko, garbitze hura Kresok berak egin zuelarik (bide batez, garbitze-errituala lidiarren artean greziarren artean bezala egiten da, gutxi gorabehera). Eta Kresok, erritualaren ekintzak bukatutakoan, galdetu zion ea nor zen eta nondik zetorren, hitz hauen bidez: «Nor zara, gizona? Frigiako zer aldetatik zatoz nire laguntza erregutzera? Zer gizon edo emakume hil duzu?». Arrotzak erantzun zion: «Errege Hori, Gordiasen semea naiz, Midasen biloba, eta Adrasto dut izena; nahi gabe neure anaia hil dut eta hemen naukazu, nire aitak erbesteratua eta guztiaz gabetua». Orduan, Kresok honela erantzun zion: «Lagunen semea zara inondik ere, eta lagunengana jo duzu; hemen, nire jauregian, geratzen bazara, ez zaizu ezer faltako; eta oraingo zure ezbeharrari dagokionez, eraman ezazu ahal bezain etsipen handiaz, zeure onerako izango baita».

        Hortaz, frigiarra Kresoren jauregian geratu zen bizitzen. Baina garai hartan bertan, agertu zen Misiako Olinpoan basurde handi bat, mendi hura abiapuntutzat hartuz misiarren soroetan txikizioak egiten zituena; hauek sarri egin zituzten irtenaldiak bere bila, baina hari min eman beharrean, berek hartzen zuten min harengatik. Azkenean, misiarren mezulari batzuk Kresoren aurrera joan eta honela mintzatu zitzaizkion: «Errege Hori, soroak birrintzen dizkigun basurdea agertu zaigu lurraldean. Gure ahaleginak eta guzti, ezin atzeman dezakegu. Horregatik jo dugu zugana, zure semea, zenbait gazte aukeratu eta zakurrak bidal diezazkiguzun, eskualdetik uxatu ahal izatearren». Hau izan zen, laburbilduta, haien eskaria; baina Kresok, ametseko gaztigua gogoratuz, honela erantzun zien: «Ken ezazue burutik nire semea, arestian ezkondu baita, eta une honetan lanpetuta dabil arazo horrekin. Alabaina, zenbait lidiar aukeratu eta zakur-talde oso bat bidaliko dut zuekin, eta joaten direnei agindua emango diet buru-belarri zuekin elkarlanean jardun dezaten piztia eskualde horretatik uxatzeko». Hauxe izan zen bere erantzuna. Baina misiarrak neurri haiekin gogobeteta zeudenean, Kresoren semea, misiarren eskakizunen berri zeukana, pasa zen handik; eta Kresok bere semea bidaltzeari emandako ezezko biribilaren aurrean; honela esan zion mutilak: «Aita, behiala ospe sendoa irabazteko aukera zintzo eta nobleenak izaten genituen gerra zein ehizaldietara joanez. Baina azken honetan bi jarduera horietatik urrunduta eduki nauzu, nahiz nigan koldarkeria zein adore faltarik xumeena ere sumatu ez. Zer aurpegi erakutsi behar dut agorara noanean, edo handik natorrenean? Zer iritziko diote herritarrek? Zer iritziko dio esposatu berri dudan emazteak? Zer gizon motarekin pentsatuko du ezkondu dela? Utzidazu, beraz, ehizaldira joaten, edo argi iezadazu, arrazoi sendoez, neurri horiek hartzea dela niretzat onuragarriena». Kresok honela erantzun zion: «Seme, ez ditut neurri hauek hartu zugan inongo koldarkeriarik edo gustuko ez dudan akatsen bat sumatu izanagatik, baizik eta lo nengoela, ametsetan izan nuen ikuspen batek gutxi biziko zinela iragarri zidalako, burdin punta batek zeharkatuta hil behar zenuelako. Beraz, ikuspen horren kariaz, aurreratu egin nuen zure ezkontza eta ez zaitut espedizioetara bidaltzen, arreta hartzen dudalako, ea bizirik nagoen artean zu salbu mantentzea lortzen dudan. Izan ere, errealitatean zu, zu bakarrik, zara nire semea, jabetzen bainaiz bestea, belarrian duen gaixotasuna dela-eta, ez dela existitzen». Gazteak honako hitzez erantzun zion: «Aita, halako ikuspena izan ondoren argi dago ez zaizula ziorik falta niregatik arreta hartzeko. Bada, ordea, erreparatu ez diozun xehetasun bat; aitzitik, ametsaren zentzua oharkabean pasa zaizu, eta seinalatu beharrean nago. Zuk diozunez, ametsak adierazi zizun burdin punta batek zeharkatuta hil behar nuela. Baina esan, basurde batek ba al du eskurik? Ba al du hain beldur handia diozun burdin puntarik? Hara, ametsak aditzera eman izan balizu horzkada batez edo antzekoren batez hil behar nuela, orduan bai, arrazoi ugari izango zenituzke egiten duzuna egiteko; baina kontua da punta bat aipatzen zuela. Horregatik, gizonen aurka borrokatu behar ez dugunez, utzidazu berekin joaten». Kresok erantzun zion: «Seme, ametsari buruz duzun iritzia ematean aurkitu duzu ni konbentzitzeko bidea; beraz, zure interpretazioak konbentzitu nauenez, iritziz aldatu eta ehizaldira joaten utziko dizut».

        Hau esanda, Kresok etorrarazi egin zuen Adrasto errege frisiarra, eta iritsi zenean honako hau esan zion: «Adrasto, ezbehar zorigaitzeko baten biktima izan zinenean, eta ez dizut ezbeharra aurpegiratuko, garbitu egin zintudan, eta nire etxean hartu zure premia guztiak betez; ba hara, nik lehenik egindako mesedea beste mesede batez ordaindu behar didazunez, erregutu egiten dizut oraingoan semearen zaindari izatea, ehizara baitoa eta ez nuke nahi bidean eskrupulurik gabeko lapurrak agertzea eta min ematea. Gainera, zuri ere komeni zaizu balentriengatik nabarmendu ahal izango zaren lekura joatea, zure arbasoen araua baita, eta nahikoa adore ere baduzu». Adrastok erantzun zion: «Errege Hori, esan beharra daukat beste egoera batean ez nintzatekeela halako ehizaldira joango; izan ere, nirea bezalako ezbeharrak jotzen zaituenean ez baita itxurazkoa zoriona beren alde duten lagunekin elkartzea, eta ez da horrelakorik irrikatzen; eta arrazoi askorengatik ez nuke egingo. Baina oraingo egoeran, hala tematzen zarenez eta eskerrona erakutsi behar dizudanez (mesedeak itzuli behar baitizkizut), eskatzen didazun hori egiteko prest nago, eta zaude ziur zure semea, nire zaintzapean jartzen duzuna, onik itzuliko zaizula albora, bere zaindariaren esku dagoen neurrian».

        Adrastok Kresori halako terminoetan erantzun ondoren, berehala abiatu ziren, zenbait gazte aukeratu eta zakurrez lagunduta. Olinpo mendira iristean, piztia bilatzeari ekin zioten; eta aurkitu zutenean alde guztietatik inguratu eta azkonak jaurti zizkioten. Une hartantxe arrotzak, homizidioaz garbitua izan zen hura bera, Adrasto izenekoa, azkona basurdeari botatzean huts egin eta Kresoren semea jo zuen, armaren puntaz hain zuzen, honela ametsak aurresandakoa betez. Orduan norbait abiatu zen Kresori gertatutakoaren berri ematera, eta Sardesera iritsitakoan ehizaldiaren eta bere semearen patuaren berri eman zion. Kreso, bere aldetik, semearen heriotzak asaldatuta, izugarri minduta sentitu zen, heriotza eragin ziona berak homizidioaz garbitutakoa baitzen. Eta bere zorigaitzaren oinaze gorenean, Zeus purifikatzaileari dei egiten zion, arrotzaren eskuetan jasandako gaitzaren lekuko gisa jarriz, eta jainko berari dei egiten zion etxearen eta adiskidetasunaren babesle zen aldetik; etxearen babesle gisa dei egiten zion arrotza bere etxean hartzean, ustekabean bere semearen hiltzailea elikatu zuelako; eta adiskidetasunaren bermatzaile gisa dei egiten zion, semearen zaindari bezala bidali zuelako, eta harengan hain zuzen aurkitu zuelako etsai okerrena. Handik gutxira lidiarrak agertu ziren gorpuarekin eta, atzetik, hiltzailea zetorren; honek, hildakoaren aurrean zutik, eskuak zabalduz, Kresori eskaintzen zion bere burua, eta gorpuaren gainean sakrifikatzeko erregutzen zion, aurreko bere ezbeharra eta haren ondoren bere garbitzailearen heriotza eragitea aipatuz, eta bizirik ezin jarrai zezakeela esanez. Baina Kreso, hitzok aditzean eta hain atsekabe handian murgilduta egon arren, Adrastoz errukitu eta esan zion: «Hartu dut zurengandik ordain nahikoa, arrotza, zeure burua hiltzera kondenatu baituzu. Baina ez zara zu nire atsekabearen erantzulea —bere autore material nahigabea izan zinen neurrian izan ezik—, baizik eta ziur aski jainko bat, zer gertatuko zen aspaldi aurresan zidan jainko bera». Besterik gabe, Kresok beharrezko ohoreez ehortzi zuen semea; Adrastok, berriz, Gordiasen seme eta Midasen biloba, bere anaia hil zuen gizona eta garbitzaile izan zuenaren hiltzailea, jadanik bakardadean zegoen hilobiaren inguruan isiltasuna nagusitu zenean, ezagutzen zituen gizonen artean zorigaitzekoena bera zela sinetsita, bere buruaz beste egin zuen hilobi gainean.

 

Ipuin ankerrak
Herodoto - Ovidio

euskaratzailea: Juan Mari Mendizabal
Milabidai, Erein, 1994