Ipuin ankerrak
Herodoto - Ovidio

euskaratzailea: Juan Mari Mendizabal
Milabidai, Erein, 1994

 

FILOMELA ETA PROKNE

 

        Alboko erresumetako printze guztiek parte hartu zuten Peloperen atsekabean, eta Greziako hiri guztietako erregeak joan zitzaizkion bisita egitera. Argos, Esparta, Mizenas eta Kalidon (zeina orduan ez baitzegoen Dianarekin haserre), Orkomene, Korinto, bere izena daraman metalarengatik ospetsua; Mizina menderaezina, Kleon, Pilo eta Trezen; hitz batean, Korintoko istmotik haratago dauden hiri guztiek bidali zizkioten beren enbaxadoreak; Atenas hiriak bakarrik, nork sinets lezake?, zuritu zuen bere burua eginbeharra ez betetzeko. Gerran buru-belarri sartuta ibiltzea hartu zuen aitzakiatzat. Barbaro-flota batek blokeatuta, izututa eta menderatuta zegoen hiria. Tereo Traziako erregea laguntzera joan eta etsaiak atzeman zituen, garaipen haren bidez loria handia hartu zuelarik. Pandion Atenaseko erregeak, printze haren distirak, indarrak eta leinuaren nobleziak liluratuta (Martitzen ondorengoa baitzen), Prokne bere alabarekin esposatu zuen. Ez Juno ez Himeneo ez ziren zeremoniara bertaratu, eta Graziak ere ez ziren ezkon-oheburuan egon; neguko Furiek bakarrik argiztatu zuten beren herio-zuziez. Hontza bat pausatu zen senar-emazteak etzan behar zuten gelan, eta beren ezkontza hegazti haren augurio zorigaiztokopean gauzatu zen. Baina ospakizun handiak egin ziren Trazia osoan ezkontza hura zela-eta; eskerrak eman zitzaizkien jainkoei, eta erabaki zen aurrerantzean bai ezkontzaren urteurrena bai Tetisen jaioteguna festa-egun handiak izatea. Bost urte ezkonduta zeramatzatenean Proknek bere senarrari esan zion: «Printzea: benetan maite banauzu, ez iezadazu uka ahizpa ikustera joateko baimena, edo utziozu bestela niregana etortzen. Nahi baduzu, zu zeu joan zaitezke haren bila, nire aitari ziurtatuz ez dela kanpoan luzaro izango; ezin emango didazu ahizpa besarkatzea baino atsegin handiagorik». Tereok ontziak berehalakoan prestatzeko agindu zuen, ontziratu eta zorionez iritsi ziren Pireo portura. Aitaginarreba agurtu ondoren bisitaren xedea azaldu zion, hots, bere emazte erregina ahizpa ikusteko irrikitan zebilela, eta denbora gutxi barru itzuliko ziola. Hizketan ari zirela, Filomela sartu zen gelan, bere edertasun bikainak jantzi apaina gainditzen zuelarik. Bere pertsonaren inguruan halako kutsu maiestatezkoa distiratzen zuen, non naiade edo driadatzat har zitekeen. Tereok, Filomela ikusi orduko, su bortitza sentitu zuen bihotzean. Printzesaren zerbitzarien jagoletza saihesteko bide guztiak pentsatu zituen. Filomela menderatzera erabakita, ez zitzaion axola behar izanez gero bere erresumako ondasun guztiak sakrifikatzea opari baliotsuak egiteko; eta hura guztia nahikoa ez balitz, bahitzea eta bere konkista armen indarraz gordetzea. Ez da bere buruaren jabe, eta nabarmena da erretzen duen pasioa; bidaia atzeratzera laguntzen duen guztiak egonezinean jartzen du. Maitasunak etorria ematen dio, eta bidezkoa zena baino gehiago erregutzen zuenean, Prokneren irrikaz desenkusatzen zen. Malkoak isurtzeraino ere iritsi zen, haiek ere emazteak aginduak bailiren. Filomelak berak ezin egonez desiratzen zuen abiatzea; bere aitaren besoetara amildu zen bidaia egiten uzteko erregutuz, arren utz ziezaiola ahizpa maitea ikustera joaten. Aitari egiten zizkion laztan inozenteek, ematen zizkion musuek, gero eta gehiago pizten zuten Tereoren grina.

        Azkenean erregeak amore eman zuen bi alabek elkar ikusteko zuten irrikaren aurrean, eta Filomelak, pozez gainezka, eskerrak eman zizkion, eta zorion gorenez begiratu zion beretzat eta ahizparentzat bizitzako gauzarik zoritxarrekoena izango zenari. Eguzkia ostentzen hasia zenean oturuntza zerbitzatu zen, bertan jakien bikaintasuna urrezko kopetan zerbitzaturiko ardoen sotiltasunarekin lehiatzen baitzen. Afaria burututakoan, denak erretiratu ziren atseden eztia gozatzera. Traziako erregeak, printzesaren geletatik urrundua, indar handiagoz sentitzen zuen grina haren bortxa bere baitan berpizten. Beti dauka Filomela izpirituan; haren begiek, haren eskuek eta haren mugimendu guztiek betetzen diote etengabe gogoa, eta obsesio kilikagarri horretxek galarazten dio loa. Hurrengo goizean, Tereo bidaiarako hornidurak apailatzen ari zela, Pandionek, begiak malkoz bainaturik, esan zion: «Nire bi alabek bidaia hau hainbeste irrikatzen dutenez eta zuk ere, Tereo, desiratzen duzunez, Filomela fidatu nahi dizut: jainkoen izenean, zeure alaba bailitzen trata ezazu; izan ezazu berarekin aita baten samurtasuna; gure aliantzagatik, eta elkartzen gaituen adiskidetasunagatik, bihur iezadazu segituan. Bere itzulera azkarra izanda ere, ez da inoiz izango nire desiraren irrika bezain bizkorra. Eta zuri, ene alaba, eskatzen dizut ahizparenean egun batzuk eman ondoren aitaren etxera itzul zaitezela; samurtasunezko seinalea izango da hain maite zaituenarentzat; nahikoa zorigaitz dut bestela ere zure ahizpaz gabetuta».

        Honela mintzatzen zen artean, Pandion alaba besarkatzen ari zen eta, bere malkoez haren aurpegia bustiz, eskuineko eskuak eskatu zizkien Tereo eta Filomenari eta, haiek estututakoan joaten utzi zien, Prokneri eta bere bilobari goraintziak emateko erregutuz. Bidaia hura zorigaitzekoa izango zitzaiola barrundatzen zuen, eta hasperen eta malko artean esan zien azken agurra. Azkenean ontzia portutik urrundu zenean, Tereok deiadar egin zuen: «Azkenik irabazi dut, orain nire eskuetan daukat desiratzen dudan ondarea». Lapurtu eta habiara eraman duen erbi lotsatia bere begiradez irensten duen arranoaren antzera, halaxe dauzka Tereok begiak Filomelarengan tinkatuta.

        Traziako kostaldera iritsi eta lehorreratu orduko, Tereok basoaren erdian zegoen gaztelu batera eraman zuen printzesa. Han, Filomela gajoak, zurbil eta dardarka, begiak malkotan, galdetzen zuen ea ahizpa non zegoen. Hertsita eduki zuenean, tiranoak menderatu zuen, eta bere desira gorrotagarria bete. Printzesak alferrik erregutu zuen bere aitaren eta ahizparen laguntza. Halako laido ankerraren ostean mugitzeke eta dardari geratu zen, otsoak zauritu ondoren bere burua oraindik haren sabelkoikeriatik salbu ikusten ez duen arkume otzana bezala; edo lumak odolez tindatuta ikustean, ihes egitea lortu zuen erpeen beldur jarraitzen duen uso errugabea bezala. Bere onera itzuli zenean, adatsetatik tiraka, bularra martirizatuz eta malkoak uholdeka isuriz, oihu egin zuen etsita: «Barbaro halakoa, zer egin berri duzu? Zer krimen higuingarri egin duzu? Ez zaituzte geldiarazi ez aitaren malkoek, ez haren erreguek, ez ahizparen interesak, ez matrimonioaren eskubide errespetatu beharrekoek, ezta fidatua izan zaizun dontzeila baten inozentziak ere. Bortxatu egin duzu, gizatxar halakoak, emakumeak duen gauzarik sakratuena. Nire zorigaitzaren ondoren Prokne zorigabearen lehiakide ikusten dut neure burua, eta zu bion senar gisa. Errukarria ni!, ez dut zigorrik aurkitzen horren jardunbide ankerrarentzat. Zergatik ez didazu kentzen jasanezin egin didazun bizitza? Oi, jainkoek halako mustrokeriaren lekuko izan badira, egia da existitzen direla. Nik neronek aldarrikatuko dut zure krimena. Inoiz askatasuna berreskuratzen badut, lotsak ez dit galaraziko zure ankerkeriaren berri jakinaraztea; Lur osoak jakingo du nire ahotik, eta baso honetan gordeta segitzen badut, harkaitz eta zuhaitzak dardarka jarriko ditut nire oihu eta aieneez. Zeruak eta jainkoek, bederen, entzungo didate, baita mendekatu ere». Gaitzespen hauek tiranoaren sumina piztu zuten; ezpata maginatik atera eta printzesari adatsetatik heldu eta besoak lotu zizkion. Ezpata ikustean Filomenak, bizitza eta nahigabeak amaituko zitzaizkiolako itxaropena piztuz, lepoa eskaini zion, bere aitari oihuka dei eginez. Baina orduan Tereok mingainetik heldu eta ezpataren kolpe batez erroraino moztu zion. Erori zen mingaina lurrera eta, sugearen gorputzetik bereizi den isatsa bailitzen segitu zuen taupatzen, ezker-eskuin mugituz. Esaten da —baina sinets ote daiteke?— halako ekintza barbaroaren ondoren beste ehun aldiz asetu zuela bere grina basatia.

        Ezer egin izan ez balu bezala, emaztearen aurrera joateko lotsagabekeria egin zuen. Erreginak ikusi zuenerako ahizparen berriak eskatu zizkion. Sakon hasperenduz eta itxurako malkoak eginez, Tereok hil egin zela esan zion. Proknek soinean zeramatzan apaingarriak erantzi eta doluzko jantziak erabili zituen; hilobi huts bat eginarazi, eta hildako ahizpari hildakoei egiten zaizkien ohore guztiak egin zizkion. Urtebete pasa zen Filomelak ahizpari bere zorigaitzaren berri eman ahal izan gabe.

        Ezinezkoa zen bere zaindariei ihes egitea; bere presondegiko murruak hain ziren garaiak, ezin irten baitzitekeen. Baina bihozmin handia zuen, eta oihal zuri batean hari gorriz bordatuz Prokne bere ahizpari idatzi zion Tereoren erasoa kontatuz, aldi berean non zegoen hertsita adieraziz. Bukatu zuenean, jagole bati eman zion, keinuez jakinaraziz erreginarentzat zela. Honek, Filomelaren sekretua ulertu gabe, Prokneri entregatu dio, eta erreginak bere ahizparen historia deitoragarria irakurri du. Berri triste hark nahigaberik sakonenean murgildu zuen; baina malkoak isuri beharrean, ahizpa mendekatzea izan zuen zeregin bakarra, tiranoa zigortzearren dena gutxi iruditzen baitzitzaion.

        Egun haietan Traziako emakumeek Bakoren omenez hiru urtero ospatzen zituzten jaien tenorea zen. Gauean Rodope mendian danborren eta haize-instrumentuen oihartzuna aditu zenean, erregina jauregitik irten zen dama bakanteen apaingarriak jantzirik; aihenez koroatua, lantza eskuan, pantera-larrua zeraman bizkar gainean. Bere neskameak atzean zituela gainerako bakanteen artean zebilen korrika, festa haiek pizten zien bozkario berak eraginda bezala. Azkenean Filomela hertsita zegoen gaztelura iritsi zen eta, oihu bakanalak airatuz, etxeko ateak bortxatu eta leku zorigaitzeko hartatik atera zuen ahizpa. Bakante moduan jantzi zuen, aurpegiaren zati bat aihenez ezkutatuz, eta mutu eta konortea galdurik eraman zuen senarraren jauregira.

        Filomela, bere arerio amorratuena bizi zen etxera sartzean, zurbildu egin zen, izututa. Ahizpak gela batera eraman zuen, eta bertan arropak eta aurpegia ostentzen zion koroa kendutakoan, besarkatu egin zuen adiskidetasun samurrena erakutsiz. Triste eta lotsatua, Pandionen alaba zorigabea ahizpari ez begiratzen saiatu zen, Tereok bortxaz eginarazi zion intzestua zela-ta. Begirada zoruan tinko, jainkoak berak jarri ditu jasandako bortizkeriaren lekukotzat, eta eskuek, mingainik ezean, adierazi dute bere errugabetasuna. Proknek, ahizpa malkoak uholdeka isuriz ikustean, ezin dio erresuminari eutsi. «Ez da negar egiteko garaia —esan zion— mendeku hartu behar dugu. Burdina erabili behar dugu, edo gauza izugarriagoren bat, halakorik balego; modu krudelen batez zigortu behar dugu tiranoa. Su emango diot jauregiari, Tereo zitala bertan kiskal dadin, edo bestela mihia eta begiak erauziko dizkiot, edo milaka kolpe emango dizkiot bere gorputz lotsagabetik arima kriminala ateratzeko. Oraindik ez dakit nire suminak zer erabakiko duen, baina edozein mendeku eredugarri hartzeko erabakita nago».

        Prokne ahizpari honela hitz egiten ari zitzaionean, Iris bere semea ikusi zuen hurbiltzen. Ikuspen hark segituan iradoki zion mendekua. «Zital halakoa, aitaren antza baituzu!», esan zion, begiak suminez beteta. Hitz labur hauen ondoren, kolerak ahoa itxi zion, eta amorrazioak eta etsipenak krimenik izugarriena iradoki zioten. Mutila amarengana hurbildu zen, eta agurtu ondoren alboan etzan zitzaion, musukatuz eta milaka laztan eginez. Prokneren kolera, samurtasunak ukitua, epeldu egin zen, eta ezin izan zuen malko batzuk isurtzea galarazi. Ahuldurazko une hartaz segituan jabetuz, eta begiak ahizparenganantz itzuliz, esaten zuen: «Errukarria ni! Haur honek zergatik laztantzen nau halako samurtasunaz, eta nire ahizpak, bitartean, betiko galdu du mintzatzeko gaitasuna? Semeak zergatik dei diezadake ama, eta Filomelak, berriz, ezin dit ahizpa esan?» Hau esatean oreinkume bat irensteko asmoz basoaren sakontasunean sartzen den tigre emea zirudien. Proknek semea hartu eta jauregiko bazter urrunenera eraman du. Han egon zirenean, ama bihozgabe hark, bere semearen laztanei inolako jaramonik egin gabe, honek arriskua aurrikusiz besoak luzatu eta «Ama, amatxo maitea!» deitzen baitzion, kolpe bakar batez kendu zion bizia printze gazte hari. Bitartean, Filomelak burua moztu eta gorputza mila apurretan zatitu zuen; ondoren bi furia haiek zatiak ondu eta parte bat egosi eta bestea erre zezaten agindu zuten.

        Proknek segituan jakinarazi zion Tereori oturuntza prest zegoela; eta herrian nola ohitura zen Bakoren jaialdietan zehar senarrak emaztearekin bakarrik jatea, honek gainerako guztiei erretiratzeko agindu zien. Erregea berarekin eseri zen mahaian eta eskuez heldu zion prestatua zioten jaki higuingarriari, hartara bere odolaz eta bere haragiaz elikatu zelarik. Puska bat geroago semea ekar ziezaiotela agindu zuen; eta orduan Proknek, bere krimena besteari leporatzeko aurkezten zitzaion aukera ikusita, pozaren pozez esan zion: «Hortxe daukazu; hor duzu eskatu duzuna». Tereok burua jiratu zuen printzea non zegoen ikusteko, eta deika ari zitzaiola, hara non sartu zen gelan Filomela, odolez zikinduta eta adatsak nahasirik, eta haur haren burua jaurti. Ez zuen inoiz aldi hartan adina irrikatu mintzatzeko gai izatea, tiranoari erakusteko mendekatzean nolako poza sentitzen zuen. Izugarrikeria hura ikustean Tereok orro beldurgarria egin zuen, Ifernuko Furia guztiei laguntza eske. Sabela ireki nahiko zukeen, jan berria zuen jaki gorrotagarria ateratzeko; negarretan urtuz, oinaze gaindiezin hartan behin eta berriz oihukatzen zuen semearen izena. Eskuan ezpata zeramala, Filomela eta Prokne-ren bila abiatu zen, baina haiek joanak ziren, ihes eginak, eta halako arintasunez non hegalak zituztela baitzirudien. Izan ere, Filomela basoetako urretxindor bilakatu zen; Prokne, berriz, enara bihurtu eta bere jauregiko dorrean pausatu zen. Honen lumek, odolaren antza duen kolore batez tindatuak, oraindik gordetzen dute bere ankerkeriaren seinalea. Tereo ere, minik bizienaren menpe, eta mendekatu ahal izatea irrikatuz, txori bilakatu zen. Bere buruak, gandorrez apaindua, kasko baten forma zuen, eta ahoaren muturreko mokoa lantzaren antzekoa zen. Txori hari argi-oilar izena jarri zioten. Mentura tragiko haren berria handik gutxira iritsi zen Atenasera, eta Pandionek hain kolpe sakona hartu zuen, gutxi gabe hil baitzen, bere zahartzaro lasaia errotik zapuztuz.

 

Ipuin ankerrak
Herodoto - Ovidio

euskaratzailea: Juan Mari Mendizabal
Milabidai, Erein, 1994