Ipuin ankerrak
Herodoto - Ovidio

euskaratzailea: Juan Mari Mendizabal
Milabidai, Erein, 1994

 

ZIRO

 

        Ziaxaresen seme zen Astiagesek erresuma oinordetu zuen. Astiagesek alaba bat izan zuen, Mandane izena eman ziona, eta ametsetan ikusi uste izan zuen alabak hainbeste pix egiten zuela, non bai hiria eta bai Asia osoa ere gainezkatzen baitzituen. Ikuspena azti amets-interpretariei kontatu zienean epai zezaten, izututa geratu zen haren esanahiaren berri jakin zuenean. Ondoren, Mandane hura ezkon-adinera iritsi zenean, eta ikuspenak iradokitako beldurragatik, ez zion emaztetzat eman bere mailako ezein mediarri, Kanbises izeneko pertsiar bati baizik, bere ustez sendi onekoa eta izaeraz baketsu zena, maila ertaineko mediar bat baino apalagotzat jo arren.

        Baina Mandane eta Kanbisesen lehen ezkonurtean, Astiagesek beste ikuspen bat izan zuen: iruditu zitzaion bere alabaren sexutik mahatsondo bat irteten zela, eta mahatsondo hark Asia osoa estaltzen zuela. Ikuspena amets-interpretariei kontatu ondoren interpreta zezaten, ordurako erditzear zeukan alaba Pertsiatik etorrarazi zuen, eta iritsi zenean zaintzapean jarri zuen, beregandik jaioko zen izakia hiltzeko asmoz, azti amets-interpretariek, ametsean oinarriturik, bere alabaren fruituak bere ordez erreinatuko zuela aurresan baitzioten. Beraz, eta aurresan haren aurrean normala den bezala neurriak hartuz, Astiagesek, Ziro jaio zenean, bere senidea zen Harpagori deitu, mediarren artean leialena izanik bere auzi guztiez arduratzen baitzen, eta hauxe esan zion: «Harpago, ez arinki hartu emango dizudan mandatua; ez zaitez ni engainatzen saiatu ere, beste bati mesedea egin nahirik zeure jokoan eroriz. Har ezazu Mandane erditutako haurra, etxera eraman eta hil ezazu. Ondoren, ehortz ezazu irizten diozun moduan». «Errege Hori —erantzun zion Harpagok—, ez duzu inoiz zure zerbitzaria den honengan zu atsekabetzeko ezer aurkitu, eta modu berean arduratuko naiz aurrerantzean inoiz ez iraintzen. Horregatik, zuk hala egitea nahi baduzu, nire eginbeharra zure nahia bete-betean obeditzea da inondik ere».

        Hau erantzun ondoren, Harpagok hartu zuen haurra, heriotzarako jantzita, eta negarrez abiatu zen etxera. Eta hara iritsitakoan Astiagesen hitzen kontaketa osoa egin zion bere emazteari. «Eta...? —galdetu zion hark—, zer egin behar duzu orain?». «Astiagesek agindutakoa ez, —erantzun zion—; haserretzen bada ere, nagusitu zaion eromena areagotzen bazaio ere, nik behintzak ez diot lagunduko halako krimena egiten. Eta ez dut haurra hilko zenbait arrazoirengatik: lehenik eta behin, neure sendikoa delako, eta, gainera, Astiages zaharra delako eta gizonezko ondorengorik ez duelako; bera hiltzean errege-ohorea bere alabarena izan behar badu, zeinaren semea orain nire laguntzaz hil nahi duen, zer espero nezake arriskurik handiena baizik? Hala ere, nire segurtasunerako, haurrak hil egin behar du; beharrezkoa da, ordea, hiltzailea Astiagesen zerbitzaria izatea, eta ez nirea». Hau esanda, lehenbailehen bidali zuen mezulari bat Astiagesen itzainarengana; honek, Harpagok zekienez, bere xederako egokienak ziren larreetan zaintzen zituen idi-taldeak, piztiaz jositako mendietan; Mitradates zuen izena. Esklabukide batekin bizi zen, zeinaren izena, bizilagun zuen emakumearena, Zino baitzen grekeraz eta Espako medieraz, mediarrek espaka esaten baitiote zakurremeari. Aipatu itzainak bere idien larreak dituen mendien magalak Ekbatanaren iparrean daude, Ponto Euxinoko bidean. Izan ere, eskualde hartan —saspirtarren herritik hurbil— lurralde mediarra izugarri menditsu, malkartsu eta basoz estalia baita; Mediaren gainerakoa, berriz, guztiz laua da. Eta itzaina Harpagorengana azkartasun handiz abiatu zenean, zera esan zion honek: «Astiagesek agintzen dizu haur hau hartzeko eta mendian urruti abandonatzeko, lehenbailehen hil dadin. Agindu dit halaber esateko hil beharrean aldez edo moldez salbatzen baduzu, zerorrek jasango duzula heriotzarik izugarriena. Eta nik neronek egiaztatu behar dut abandonatu egin duzula».

        Hitzok entzutean, itzainak haurra besoetan hartu eta, bide bera hartuz, bere txabolara iritsi zen. Gertatu zen, ordea, bere emaztea, edozein egunetan erditzeko zegoena, erditu egin zela, agian jainkoek hala erabakita, itzaina hirira zihoan bitartean. Biok oso kezkatuta zeuden elkarrenganako, bata larrituta emaztearen erditzeagatik, eta hau ere bai, Harpagok, ohi ez bezala, dei egin ziolako senarrari. Horregatik, senarra itzuli zenean, emazteak, bizirik ikusiz halakorik espero ez zuenean, galdetu zion ea zergatik deitu zion Harpagok halako presaz. Eta gizonak erantzun: «Emakumea, nahiago nuke hirira iristean ikusi eta aditu ditudanak inoiz ikusi edo gure nagusiei gertatu ez balitzaie. Harpagoren etxean denak negarrez ari ziren ni, beldurtuta, sartu nintzenean. Eta sartu orduko ikusi nuen lurrean etzanda haur bat, negarrez eta hankak astinduz, eta urrez bordatutako arropa bikainez jantzia. Harpagok ni ikustean agindu zidan lehenbailehen haurra besoetan hartu eta mendira eramateko, piztia gehien zegoen lekura, Astiagesen agindua zela esanez eta mehatxu larriak zuzenduz agindutakoa egiten ez banuen. Besoetan eraman nuen, zerbitzariren batena izango zelakoan, ez bainuen inoiz susmatuko bere benetako jatorria. Txundiduraz betetzen ninduen, ordea, urrez bordatutako arropaz jantzita ikusteak, baita Harpagoren etxean nagusitzen zen dolu nabarmenak ere. Eta laster jakin nuen, hiritik kanpora haurra ematera etorri zen zerbitzari batek kontatuta, istorio osoa: badirudi haurra Astiagesen alaba den Mandaneren eta Ziroren semea den Kanbisesen semea dela, eta Astiagesek hiltzea agindu duela; eta orain hemen dago». Hitzok esatearekin batera itzainak haurra desestali eta erakutsi egin zion. Emaztea, lodia eta ederra zela ikusiz, negarrez hasi zen eta, senarrari belaunetatik helduz, errugutu egin zion inolaz ere ez abandonatzeko. Baina honek esan zion ezin zuela bestelakorik egin, Harpagok espiak bidaliko zituelako abandonatzen zuela egiaztatzeko, eta agindutakoa ez egitekotan, heriotzarik ankerrena sufrituko zuela. Orduan emazteak, senarra iritziz aldatzea lortu ezinean —espero zitekeena, beste aldetik—, honako hau esan zion bigarren saio batean: «Ongi, abandonatzea burutik ezin ken diezazukedanez, eta hain behar-beharrezkoa bada haur abandonatu bat ikus dezaten, honako hau egin: ni ere erditu naizenez, haurra hilik jaio delarik, eraman eta abandona ezazu hura; baina haz dezagun Astiagesen alabaren semea geurea bailitzen; horrela, ezingo dizute zure nagusiekiko desobedientziarik egotzi, eta guk ez dugu erabaki okerrik hartuko, hildako haurrak erret-hilobia izango baitu, eta beste honek ez du bizia galduko». Itzainari iruditu zitzaion emazteak arrazoi osoa zuela eta, denbora galdu gabe, huraxe egin zuen. Hil zezan emandako haurra emazteari eman zion eta berea hartuz, hildakoa, alegia, bestea garraiatzeko otarrean jarri zuen; ondoren, beste haurraren apain guztiez jantzi eta, mendiko bazterrik urrunenera eramanez, bertan abandonatu zuen. Eta umeak abandonatuta bi egun zeramatzanean itzainak, bere morroi bat goardia egiten utziz, hirira jo zuen, eta Harpagoren etxera iritsi orduko esan zion umearen gorpua erakusteko prest zegoela. Orduan Harpagok bere zaindari leialenak bidali zituen, haien bidez egiaztatu zuen heriotza, eta itzainaren haurra ehortzarazi zuen. Eta hura lurpean geratu zen bitartean, ondoren Ziro esango ziotena itzainaren emazteak adoptatu eta hazi zuen, beste edozein izen emanez eta ez Ziro.

        Baina haurrak hamar urte zituenean, gertakizun batek agerian utzi zuen nor zen. Honako hau gertatu zen: jolasten ari zen herriskan, idi-taldeak zeuden herriskan bertan, bere adineko zenbait haurrekin. Jolasean ari zirela, umeek errege aukeratu zuten nor eta itzainaren semetzat hartzen zutena. Honek batzuei agindu zien jauregi bat eraikitzeko, beste batzuei bere zaindariak izateko, beste bati, ziur aski, bere espia izateko, eta beste bati idazkari postua eman zion, horrela denei egiteko bana emanez. Eta berarekin jolasten ari zirenen arteko ume batek —mediarren artean itzal handiko Artembaresen semea zen— nola Ziroren aginduak ez zituen bete nahi izan, bere aitaren itzalarengatik, hark beste umeei atxilotzeko agindu zien; hauek obeditu zioten eta Zirok gogor zigorkarazi zuen. Mutila, berriz, aske egon zenean, izugarri irainduta sentitu zen, bere mailari ez zegokion tratu txarra jasan zuela uste baitzuen, eta, hirira jaistean, aitari kexatu zitzaion Zirok ezarritako zigorragatik, baina Ziro aipatu gabe (ez baitzen hura oraindik bere izena), Astiagesen itzainaren semea baizik. Orduan Artembares, suminaren suminaz, Astiages ikustera joan zen, berarekin semea eramanez, eta bere mailarentzat iraingarria zen tratamendua jasan zuela kontatu zion, mutilaren sorbalda erakusten zion bitartean esanez: «Errege Hori, begira nola iraindu gaituen zure esklabuak, itzainaren semeak».

        Orduan Astiagesek, hura aditu eta ikustean, Artembaresenganako begiruneak bultzatuta, mutila mendekatu nahi izan zuen, eta itzaina eta haren semea etorrarazi zituen. Biak agertu zirenean, Astiagesek Zirori begiratu eta esan zion: «Beraz zu, honelako gizon ziztrin baten semea, ausartu zara zure ekintzaz gorteko pertsona nagusia den gizon honen semea iraintzen?» Baina Zirok honela erantzun zion: «Jauna, errealitatean arrazoi osoz tratatu dut horrela, herriskako umeek —eta haien artean, berak—, jolasean ari ginela, errege izendatu nautelako, horretarako egokiena nintzelako ustetan. Ba hara, beste umeek nire aginduak betetzen zituzten, baina berak ez, eta ez zidan inongo jaramonik egiten, harik eta merezi zuena hartu duen arte. Hortaz, nire portaeragatik benetan zigorrik merezi badut, hemen naukazu». Haurrak hitzok esaten zituela, Astiages antzematen hasi zitzaion: iruditu zitzaion haren aurpegiko ezaugarriak bere ezaugarrien antza zutela, eta erantzun hura egokiagoa zela gizon libre batek ematea, eta bere haurra abandonatu zuten garaia bat zetorrela beste honen adinarekin. Halako kointzidentzien aurrean asaldatuta, puska batean isilik egon zen; baina azkenik, neke handiz bere onera itzuliz eta Artembares urrundu nahian itzainarekin aurrez aurre hitz egin ahal izateko, esan zuen: «Artembares, konponduko dut nik arazoa halako moldez non ez zuk ez zure semeak ez duzuen kexatzeko arrazoirik izango». Eta horrenbestez bidali zuen Artembares, zerbitzariek, bere aginduak betez, Ziro barrura eramaten zuten bitartean. Eta itzaina berarekin bakarrik geratu zenean, Astiagesek galdetu zion ea haur hura nondik atera zuen, eta ea nork eman zion. Mitradatesek erantzun zion bere semea zela, eta hartaz erditu zen emakumea oraindik berarekin bizi zela. Baina Astiagesek adierazi zion ez zela zentzuz jokatzen ari tormentu izugarriak jasan nahi izanez; eta hura esaten ari zela, seinale bat egin zien zaindariei atzeman zezaten. Orduan itzainak, tormentura zeramatela ikusiz, azkenean aitortu egin zuen benetan gertatutakoa. Hasieratik abiatuz, gauzak egiaren arabera azaldu zituen eta beratan errukitzeko erregutuz bukatu zuen.

        Baina itzainak egia aitortutakoan, Astiagesek ez zion jaramon xumeenik ere egin; aitzitik, Harpagorekin erreminduta, haren bila joateko agindu zien zaindariei. Eta Harpago aurrean izan zuenean, Astiagesek galdetu zion: «Harpago, zer heriotza eman zenion nire alabaren semeari, fidatu nizuenari?». Orduan Harpagok, itzaina gela berean zegoela ikusiz, ez zuen gezurra esatea erabaki, kontraesanean harrapa ez zezaten, honela erantzutea baizik: «Errege Hori, umea hartu nuenean hausnartzen eta pentsatzen hasi nintzen ea nola bete nitzakeen zure aginduak, baina zu iraindu gabe, hiltzaile bihurtu gabe zure alabaren eta baita zeure begien aurrean ere. Beraz, hona zer egin nuen. Itzain honi deitu eta umea eman nion, hiltzea zuk zeuk agintzen zenuela esanez. Eta hori esatean ez nintzen behintzat gezurretan ari, zuk horixe agindu baitzenidan. Alabaina, honako argibideak emanez fidatu nion: mendi mortu batean uzteko eta jagoten geratzeko hilko zen arte; eta mota guztietako zigorrez mehatxatu nuen aginduak betetzen ez bazituen. Agindutakoa egin eta umea hil zenean, nire eunuko fidagarrienak bidali nituen, haien bidez heriotza egiaztatu nuen eta ehortz zezaten agindu nien. Hona, Errege Hori, zer gertatu zen, eta zer nolako heriotza jasan zuen haurrak».

        Beraz, Harpagok egia zehatza kontatu zuen; Astiages, bitartean, gertatutakoarengatik zion gorrotoa ezkutatuz, lehenik eta behin errepikatu egin zizkion gertatuak, itzainaren ezpainetatik aditu bezala, eta ondoren, haiek errepikatutakoan, amaitu zuen esanez umea bizirik zegoela eta ondo egintzat ematen zuela gertaturikoa. «Izan ere —jarraitu zuen—, izugarri nahigabetuta bainengoen haur harekin egindakoaz, eta atsekabe handia ematen zidan alabaren aiherra erakarri izanak. Horregatik, fortunak norabide egokia hartu duenez, bidal ezazu zeure semea haur etorri berriari lagun egin diezaion eta ondoren (sakrifizioa eskaini baitiet haurraren salbazioagatik ohore hori dagokien jainkoei) zatoz nirekin bazkaltzera». Harpagok, hitzok aditzean, burua makurtu eta etxera itzuli zen, pentsatuz zorte handia izan zela bere desobedientziak izandako ondorio ona eta, gertakizun zorionekoa ospatzeko, bazkaltzera gonbidatua izatea. Etxeratu bezain laster bidean jarri zuen zeukan seme bakarra, hamahiru urte ingurukoa, Astiagesen jauregira joateko eta erregeak agindutako guztia egiteko esanez; eta berak, pozaren pozez, emazteari kontatu zion gertatutakoa. Baina Harpagoren semea aurrean izan zuenean, Astiagesek lepoa mozteko eta atalak txikitzeko agindu zuen, eta haragiaren zati bat erretzeko eta gainerakoa egosten jartzeko; ondoren, behar bezala ondu eta prest eduki zezatela manatu zuen. Eta oturuntzaren ordua iristean Harpago eta gainerako gonbidatuak agertu zirenean, gainerako mahaikideei, Astiages bera ere barne, arkumekiaz betetako mahaiak eskaini zitzaizkien; Harpagori, berriz, semearen gorputza zerbitzatu zioten, burua, eskuak eta oinak izan ezik; atal hauek aparte zeuden, otarre batean ezkutatuta. Harpagok haragi nahikoa jan zuela adierazi zuenean, Astiagesek galdetu zion ea janaria gustukoa izan zuen. Eta honek asko gustatu zitzaiola erantzutean, horretarako zeuden zerbitzari batzuek aurkeztu zizkioten, otarrean ezkutatuta, mutilaren burua, eskuak eta oinak eta, beregana hurbilduz, estalkia kendu eta nahi adina hartzeko esan zioten. Harpagok obeditu eta, estalkia kentzean semearen hondakinak ikusi zituen; baina ikuskizuna gaindituz, ez zen asaldatu, ezta burua galdu ere. Orduan Astiagesek galdetu zion ea bazekien zein animaliarena zen jan berria zuen haragia. Berak erantzun zion baietz, bazekiela, eta erregeak egindako guztia ondo egina zela. Erantzun hura emandakoan, geratzen ziren haragi pusketak hartu eta etxera itzuli zen. Eta nik uste gero haiek denak elkartu eta lurperatu egingo zituela.

 

Ipuin ankerrak
Herodoto - Ovidio

euskaratzailea: Juan Mari Mendizabal
Milabidai, Erein, 1994