|
Ipuin ankerrak KANBISES Menfiseko gotorlekuaz nagusitu eta hamar egunera Kanbisesek, sei hilabetez erreinatu zuen Psametiko egiptoar erregea iraindu asmoz, hiri kanpoan esertzera behartu zuen; esan bezala, esertzera behartu zuen beste zenbait egiptoarrekin batera, eta bere iraupena probatu nahian honako hau egin zuen: Psametikoren alaba esklabu arropaz jantziarazi eta pegar batekin ur bila bidali zuen; era berean, gortesau nagusien alaben artean zenbait dontzeila aukeratu eta haiek ere, erregearen alaba bezala jantzita, iturrira bidali zituen. Eta hara non dontzeilak, aiene eta negar-zotinka artean, beren gurasoen aurretik pasa zirenean hauek guztiak, deiadar eta negarretan hasi ziren; Psametikok, ordea, aurrean zuen alabari antzematean, lurrean tinkatu zituen begiak. Urketariak pasa zirenean, Kanbisesek semea bidali zion segidan, adin berdineko beste bi mila egiptoarrekin batera, uhala lepoari helduta eta ahoan brida zeramatela. Menfisen beren itsasontziarekin hil ziren mitileneoen sarraskia garbitzera zeramatzan, huraxe baitzen gorteko epaileek emandako epaia: ordain gisa, hildako bakoitzeko nobleziako hamar egiptoar hil behar zuten. Orduan Psametikok, bere aurrean desfilatzen ikusiz, eta nahiz semea heriotzara zeramatela ondo ulertu, alboan zituen gainerako egiptoarrak bezala negarrez hasi eta etsipenean erori beharrean, bere alabaren kasuan erakutsitako jarrerari heldu zion. Baina gazteek pasatzen bukatu zutenean, gertatu zen faraoiaren mahai berean eserita egoten zen pertsona bat, adinean sartuxea, bere ondasunez gabetua eta eskale moduan bizitzera behartua, soldaduei eske ibiltzen zena, pasa zela Ahmesen semea zen Psametikoren eta hiri aurrean eserita zeuden gainerako egiptoarren albotik. Psametiko, hura ikusi orduko, negarrez hasi zen eta, lagunari bere izenaz deituz, burua kolpatzeari ekin zion. Normala den bezala, baziren han zenbait zaindari, Kanbisesi pasatzen zen talde bakoitzaren aurrean egiptoarrak egiten zuenaren berri ematen ziotenak. Kanbises, jarrera haren aurrean txundituta, mezulari bat bidali zion, honela itaundu ziona: «Psametiko, Kanbises zure nagusiak galdetzen dizu: zer dela-eta ez zara deiadarka eta negar-zotinka hasi alaba irainduta eta semea heriotzako bidean ikusi dituzunean eta bai, ordea, zurekin inongo ahaidetasunik ez omen duen eskale honen aurrean?» Hau izan zen, labur-labur, egin zion galdera. Psametikok, berriz, honela erantzun zion: «Ziroren seme hori, nire seme-alaben nekeak handiegiak ziren berengatik negar egiteko; ondasun handiak gozatu ostean zahartzaroaren atarira pobrezian hondoratuta iritsi den adiskide baten zorigaitzak, berriz, malkoak eskatzen zituen». Mezulariak erantzuna igorri zuenean, oso egokitzat hartu zuten. Eta, egiptoarrek diotenez, orduan Kresok negarrari eman zion (berak ere lagundu baitzion Kanbisesi Egiptora), bertan zeuden pertsiarrek ere negar egin zuten, eta Kanbisesi berari ere erruki-sentipen bat nagusitu zitzaion; beraz, exekutatzen ari zirenen artetik Psametikoren semea lehenbailehen erreskatatzeko eta faraoia hiri aurretik atera eta beregana eramateko agindua eman zuen. Alabaina, mutilaren bila abiatu zirenek ez zuten bizirik aurkitu, exekutatu zuten lehena izan baitzen; Psametiko, ordea, hirira sartu eta Kanbisesen aurrera eraman zuten. Eta han bizi izan zen aurrerantzean, inongo bortizkeriarik jasan gabe. Baina kontua da Psametiko azpilan gaiztoetan aritu zela, eta merezi zuena jasan zuen: egiptoarrak matxina zitezen saiatzen ari zela harrapatu zuten; eta Kanbisesek haren berri jakin zuenean zezen-odola edatera behartu zuen, berehalakoan hil zelarik. Eta hau izan zen, laburbilduta, Psametikoren amaiera. Kanbisesen ankerkeriak ez zuen mugarik. Pertsiarren ahotan zebilen azken berri kaltegarria zela-eta, Kanbisesek honako hau esan zion Prexaspesi, suminak eramana: «Egiazta ezazu zeuk, bada, ea pertsiarrek arrazoia duten, edo zoratuta dauden: gelaurrean dagoen zure semeari gezia jaurti eta bihotzean bete-betean jotzen badut, argi geratuko da pertsiarrek funtsik gabe hitz egiten dutela; huts egiten badut, ordea, esan ahal izango duzu pertsiarrek zutela arrazoia, eta ez nagoela nire senean». Hau esandakoan arkua teinkatu eta gezia jaurti zion mutilari, hau lurrera amildu zelarik. Orduan bularra ireki eta geziaren kokalekua egiazta zezatela agindu zuen; eta gezia bihotzean zegoela ikustean barreari eman eta, pozaren pozez, hauxe esan zion mutilaren aitari: «Prexaspes, ikus dezakezu ez dudala nik sena galdu, pertsiarrak direla burutik daudenak. Eta orain, esaidazu: egundaino, nor ikusi duzu, mundu osoan, arkua halako doitasunez erabiltzen?» Orduan Prexaspesek, gizon hura bere senean ez zegoela ikusiz eta agian bizitza gal zezakeelako beldurrez, deiadar egin zuen: «Jauna, ez dut uste jainkoak berak ere gezia halako punteriaz jaurti zezakeenik». Hura izan zen hartan egindako izugarrikeria; beste batean, berriz, bizirik ehortzarazi zituen, buruz behera, leinu goreneko hamabi pertsiar, nahiz eta berengan funtsezko okerrik sumatu ez. Ipuin ankerrak |