Ipuin ankerrak
Herodoto - Ovidio

euskaratzailea: Juan Mari Mendizabal
Milabidai, Erein, 1994

 

KANDAULES

 

        Kandaules erregea bere emazteaz maiteminduta zegoen eta, maitemindu guztiak bezala, sinetsita zegoen munduko emakumerik ederrena zuela; halako moldez non, horretaz konbentzituta eta bere ofizialen artean Giges, Daskiloren semea, begikoentzat zuenez, Kandaulesek bere kontu garrantzitsuenak kontatzen zizkion Giges hari, bere emaztearen edertasuna modu bereziaz goratuz. Eta luze gabe —patuak nahi baitzuen zorigaitzak Kandaules kolpatzea— honako hau esan zion Gigesi: «Giges, nire hitzak eta guzti oraindik nire emaztearen edertasunaz konbentzituta ez zaudela uste dudanez (izan ere, gizonek konfiantza gutxiago baitute beren belarrietan begietan baino), proba ezazu biluzik ikusten». Orduan, Gigesek deiadar egin zuen: «Jauna, zer proposamen zoro egiten didazu, zure anderea biluzik ikus dezadan iradokiz? Emakume bat tunikaz gabetzen denean, ahalkeaz ere gabetzen da. Gizonek aspaldi moldatu zituzten moduztasunaren arauak, denok bete behar ditugun arauak, eta horietako batek nork berea duenera mugatzeko agintzen du. Gainera, guztiz sinetsita nago munduko emakumerik ederrena dela, eta bidegabekeriarik ez eskatzeko erregutzen dizut». Hitz hauen bidez Giges ezetz esaten saiatzen ari zen, noski, auziak kalteren bat ekar ziezaiokeen beldur, baina Kandaulesek hitz hauetaz erantzun zion: «Egon lasai, Giges, eta ez nire beldur izan, hau zu probatzeko egiten dudan proposamena dela pentsatuz, ezta nire emaztearen beldur ere, hark kalteren bat ekar diezazukeelakoan; izan ere, arduratuko naiz ni halako moduz non ez baita konturatu ere egingo ikusi duzula. Gure logelako atea erdi-irekita egongo da, eta horren atzean ezkutatuko zaitut; eta ni sartu ondoren, emaztea ere etorriko da lo egitera. Sarrera parean badago aulki bat; bertan utziko ditu bere arropak erantzi ahala, eta erabateko askatasunez begiratu ahal izango diozu. Azkenean, aulkitik ohera abiatzen denean, zuri bizkarra emanez, saiatu orduan atea zeharkatzen hark ikusi gabe».

        Ezin saihestuko zuela ikusiz, Gigesek amore eman zuen. Kandaulesi oheratzeko ordua zela iruditu zitzaionean, logelara eraman zuen Giges eta, berehala, emaztea ere agertu zen; behin barruan egon zenean, eta arropaz gabetuz joan ahala, Gigesek behatu ahal izan zion. Eta emazteak ohera abiatzean bizkarra eman zionean, epaixka irten zen gelatik. Emazteak irteten ikusi zuen baina, nahiz eta senarrak egindakoa ulertu, ez zen oihuka hasi jasandako umiliazioagatik, eta ez ikusia egin zion Kandaulesez mendeku hartzeko asmoz, zeren eta lidiarren artean —barbaro ia guztien artean bezalaxe—, biluzik ikusia izateak desohorea baitakarkio are gizon bati ere. Beraz hasiera batez, ezer kanporatu gabe, lasai-lasai agertu zen. Baina eguna zabaldu orduko, leialentzat jotzen zituen zerbitzariak etorrarazi eta Gigesi deitzeko esan zien. Honek ez zuen uste erreginak gertatutakoaren berri jakingo zuenik, eta harengana abiatu zen, lehenago ere zenbait aldiz hark deitutakoan bere aurrean aurkeztu ohi zen bezala. Eta Giges iritsi zenean, emazteak honakoa esan zion: «Giges, aurrean eskaintzen zaizkizun bi bideen artean nahiago duzuna hartzen utziko dizut: edo Kandaules hil eta ni eta lidiarren erresuma eskuratzen gaituzu, edo bestela zuk zeuk hil behar duzu segituan, aurrerantzean —Kandaulesen agindu guztiak betetzeagatik— ikusi behar ez duzuna ikus ez dezazun saihestearren. Bai, norbaitek hil behar du: edo plana asmatu duenak edo zuk, ni biluzik ikusiz moduztasunaren legeak urratu dituzun horrek». Une batez Giges zur eta lur geratu zen hitzok aditzean, baina ondoren erreguka hasi zitzaion, arren ez behartzeko halako hautaketa egitera. Alabaina, erregina konbentzitu ezinik eta bere jauna hiltzeko edo bera beste batzuen eskuetan hiltzeko beharrean aurkitu zenez, bizitza gordetzea aukeratu zuen. Beraz, honako galdera hau egin zion: «Nire borondatearen aurka neure nagusia hiltzera behartzen nauzunez —esan zion—, konforme, esaidazu nola hilko dugun». Orduan, erreginak erantzun zion: «Ekintza biluzik erakutsi ninduen leku berean gertatuko da, eta atentatua lo dagoenean gauzatuko da». Konspirazioa antolatutakoan, gaua iritsi zenean, Gigesek (mugimendu-askatasunik ez eta beste irtenbiderik gabe, berak edo Kandaulesek hil behar zutelako) logelara jarraitu zion emazteari. Honek sastakaia eman eta ate atzean ezkutatu zuen. Eta handik pixka batera, Kandaules lo zegoela, Giges isil-gordeka irten, hura hil eta haren emaztea eta lidiarren erresuma eskuratu zituen.

 

Ipuin ankerrak
Herodoto - Ovidio

euskaratzailea: Juan Mari Mendizabal
Milabidai, Erein, 1994