Urt 11 16

Susaren webgune berrian 10.937 orrialde

Susa literatura argitaletxeak webgunea berritu du urte hastapenean. Liburutegi ireki bat duzu, 156 idazleren obrak eskaintzen dituena irakurtzeko; eta aldi berean erosketarako tresna bizkorrak, bai paperezko argitalpenak bai ebookak eskuratzeko. Denera 325 literatur liburu ageri ditu, 1983tik gaur arte plazaratuak, eta gehienak osorik on-line emanak. Horrenbestez, poemak, saiakerak, antzerkiak, ipuinak eta nobelak irakurtzeko 10.937 testu-orrialde bistaratzen ditu oraintxe, bai eta ere 267 audiozko artxibo idazleen ahotsez grabaturik. Literatur zalearentzat pentsatutako liburutegi birtuala izan nahi du Susaren webguneak.

Urt 10 16

Batxiren heriotzaren mendeurrena

Bizi-grina, bizi-poza, bizi-gatza dastatuko dugu Juan Bautista Bilbao Batxiren kronikak irakurriz: lotsa gutxikoa kontaeran, umorekoa jarreran, herrikoia idazkeran. Izatez ere, horrelakoa zen: ekina, alaia, eskuzabala. Horregatik zuen idazlerik begikoena Kirikiñok zuzentzen zuen Euzkadi egunkariko euskal ataleko kronikarietan. Horregatik eta Lehen Mundu Gerran lerro batetik bestera zebilelako gure armadoreen kapital metaketa azkartzen urpekontzi doixtarrez beteriko Atlantikoan. Batxiren gaiak, lehortar hutsa izan balitz, hizkuntza eta aberria ziratekeen. Baina marinela ere bazenez, portuz portu ikusten zuena hartu zuen kronikak egiteko estakuru: tipoak, tabernak, munduko aurrerapenak, gosea, gerraren ondorioak… Idazle sen aparta zekarren gazte honen abenturak eta idatziak hainbat joan-etorri egina zen itsasoan amaitu ziren oraintxe 100 urte. Oroi eta omen, Batxi Kirikiñorenean izenaz lotu ditugu maisu zaharrak ikasleari eginiko aipamenak.

Urt 09 16

Lopez Alen gerraren kontra

Urtarrilaren 9an 150 urte sortu zela liburutegiko zuzendari, margolari, argazkilari, idazle, Euskal-Erria aldizkariko zuzendari izan genuen Donostiako burgesia euskaltzalearen eredu hau: Frantzisko Lopez Alen. Beste askok bezala, gure hizkuntza ederraren alde eta gure kontzientzia zatarraren aurka erdaraz egin zituen proklamen arabera, behar zukeena baino zatiaz gutxiago eman zigun euskaraz. Seguru aski, «behar zukeena» esatea gogortxoa da hiriko kronikaria ere izan zela egiten badugu kontu, titulu horrek, ezinbestez, hiriaren historia hizkuntza nagusian ez baina hizkuntza ofizialean idaztera (ezin konta ahala artikulu) behartu bide zuen. Esan dezagun, bada, seguru aski «nahi zukeena» baino gutxiago eman zuela euskaraz. Arbasoen hizkuntza maitagarrian idazteko, lehiaketak zeuden. Mordoa irabazi zuen. Bertso multzo horrek estali egin du zenbait perla, hala nola gaur eskaintzen dizuegun Ez gerrarik, gure ipuingintza modernoaren abiatzeko urrats garrantzitsuetako bat. Frantzisko Lopez Alenek bazeukan eskua prosa lantzeko, eta are fikziozko prosa. Tamalez, ordea…

Urt 07 16

Gidariaren okerra Durangon

Gotzon Barandiaranekin Gidariaren okerra nobelari buruz solasean ariko da Unai Iturriaga urtarrilaren 7an (osteguna) 19:00etan Durangoko Hitz liburu-dendan.

Urt 06 16

Louise Michel idazle

111 urte datorren urtarrilaren 9an Louise Michel hil zela. Adimentsua, landua eta bihotz onekoa, irakaskuntzan aurkitu zuen betetzeko lanbidea. Uko egin zion ordea Inperioak eskatzen zuen leialtasun zinari, eta eskola libre bat ireki zuen. Poemak argitaratzen hasi zen, eta Pariseko literatur zirkuluak ezagutu zituen. Langileen aldeko bazkunetan jardun zuen, eta Pariseko Komuna izango zenaren aurrekarietan eta matxinadaren gogorrenean borrokatu zen (1871), hala azpiegituran nola karrikan bertan. Deportatu egin zuten Kaledonia Berrira 1873an, eta han sendotu baino ez zitzaizkion egin zigorrera eraman zuten ideiek: hil arterainoko militantea eta idazlea izan genuen. Iraultzaile anarkistaren ereduetako bat bezala aitortua bada ere, ez da hain aipatua idazle gisa. Klasikoetako bat da, bai, baina «literatura politikoan». Horregatik ekarri nahi izan diogu euskarari, idatzi zituen memorietan une historiko baten zuzeneko testigantza emateaz gain kalitate estilistikoek eta idazkeraren indarrak —hautatu dugun pasartea froga— «klasikoa» bihurtzen dutelako besterik gabe, gure ustez. Emakumezkoa izateak esplika lezake zer edo zer bihotz oneko bazterketa hau.

Abe 28 15

Sergei Jeseninen poemak

Hogeita hamar urte zituela, eta SESBeko polizia sekretua segika, bere buruaz beste egin zuen Sergei Jeseninek 1925eko abenduaren 28an, duela 90 urte. Hantxe amaitu zen XX. mendeko poeta errusiar handietako baten bizitza laburra. Sentiberatasun handiko poemak idazten hasia, erromantiko errusiarren ondorengo, ildo modernoagoetara lerratu zen San Petersburg (orduan Petrogrado, eta gutxira Leningrado) eta Moskura aldatu zela. Roberto Serranok eta Juan Ramon Makusok haren zazpi poema euskaratu zituzten Senez aldizkariko 41. zenbakirako egindako artikulu batean. Haiek eskaintzen dizkizugu, Itxaro Bordak 1986ako Maiatz-eko 12.ean euskaratutakoarekin batean.

Abe 27 15

Lurdes Iriondoren Hego Haizearen ipuinak

Hamar urte Lurdes Iriondo joan zitzaigula abenduaren 27 batean. Kantari gogoangarriak bazeukan alderdi isilago bat, marrazkigintza, bere bizi osoan nola edo hala beti emana egon zen hezkuntzarako bokazioan gauzatu ahal izan zuena: urteetan izan genuen Urnietan ikastolako umeen plastika irakaslea eta herriko haur guztien animatzailea. Baina kantaria izanik, kantutegi tradizionala baliatu izan zuen sarritan marrazkia, margoa eta dantza bat eginda ipuinak zein antzerkiak moldatzeko. Lan asko idatzi zituen taularako, hala herri ipuinak egokituz nola beregizkoak sortuz, Urnietan bertan antolatu zuen Buruntza gaztetxo taldeak joka zitzan. Tamalez, argitaratu gabe diraute Lurdes Iriondoren lan plastiko zein literario gehienek gaur egun ere. Haur eta gazteentzako liburugintza hain urria zen garai haietan, garrantzi berezia izan zuten urnietarra bezalako langile eredugarrien ekarriek. Guztizko artista honen Hego Haizearen ipuinak (Gero, 1973) eskaintzen dizuegu aste honetan.

Abe 26 15

Neronek tirako nizkin, Salaberriaren testigantza

Ehun urte abenduaren 26 batean Sebastian Salaberria jaio zela. Umezurtz, morroi, bertsolari amateurra, klase apaleko euskaldun arrunta. Gerra heldu eta anaia “bestek esanda” Bilbora alde egina, abertzaleekin. Sebastian Donostian geratu, gerra berehala bukatu eta libratuko zelakoan. Kukuak oker jo: frankotarrekin frentera. Gatazkaren irudi familiarra, “anaiarteko” gerra. Horixe da Salaberriak kontatu zuena Neronek tirako nizkin (Auspoa, 1964) nobela xalo eta xumean. Oker ez bagaude, Hegoaldean euskaraz publikatu zen 1936-39ko gerraren aurreneko lekukotza izan zen, eta Agora Saria irabazi zuen 1964an bertan. Ahozko euskara eta intriga ederki mailakatzea aipatu zuen epaimahaiak. Ordurako euskal nobelagintza egina zen urratsik modernitatera: Etxaideren saio historikoak, Loidiren nobela beltz ospetsua, Txillardegiren lan existentzialak… Sebastian Salaberriak, ordea, testigantza ekarri zuen garaiko zentsurak onartzen ahal zuen xalo-xumean, eta literatura kultua iristen ez zen publikoa ere bereganatu zuen. Bertsolariek bertso-paperak ez ezik bestelakoak ere egiten ahal zituztelako froga. Eta Antonio Zabala hauspoari eragiten.

Abe 19 15

“Erractus” performancea Donostian

“Erractus” performancea egingo dute Danele Sarriugartek, Kattalin Minerrek eta Jule Goikoetxeak abenduaren 19an (larunbata) 22:00etan Donostiako Guardetxean.

Abe 19 15

Baionak ez daki Baionan

Bea Salaberrirekin Baionak ez daki ipuin liburuaz mintzatuko dira abenduaren 19an (larunbata) 16:00etan Baionako Elkar liburu-dendan.

Abe 18 15

Errusiar diskoteka Iruñean

Wladimir Kaminerren Errusiar diskoteka aztertuko dute abenduaren 18an (ostirala) 20:00etan Iruñeko Katakraken.

Abe 18 15

Beti oporretan Ean

Harkaitz Canoren Beti oporretan ipuin liburuaz jardungo dute abenduaren 18an (ostirala) 19:30ean Eako Euskolondon.

Abe 18 15

Anne Sextonen poemak Oreretan

Anne Sextonen Munduko Poesia Kaierako poemak errezitatuko dituzte Harkaitz Canok eta Ainara Gurrutxagak abenduaren 18an (ostirala) 19:00etan Oreretako Mikelazulo elkartean. Musika: Iban Urizar.

Abe 17 15

Muskuiluak afaltzeko Gasteizen

Birgit Vanderbekeren Muskuiluak afaltzeko aztertuko dute abenduaren 17an (osteguna) 20:00etan Gasteizko Ignacio Aldecoa kultur etxean.

Abe 17 15

“Munduaren neurria” errezitaldia Trintxerpen

Oier Guillanek eta Rafa Ruedak “Munduaren neurria” errezitaldia eskainiko dute abenduaren 17an (osteguna) 19:30ean Trintxerpeko liburutegian.

Agenda

Efemerideak

Kritikak