Ira
17
16
Orain hogeita bost urte hil zen Lino Akesolo irailak hamazazpi zituela. Obra literariorik gabeko idazlea, ahanzturan galtzeko arriskuan dauzkagunen multzokoa genuke Julen Urkiza langile nekagaitzak egunkarietan eta aldizkarietan sakabanatuak zeuden Akesoloren artikuluak bildu ez ezik sarean irakurgarri paratu izan ez balitu. Edizio honi esker elizgizona ezagutzen ahal dugu noski, baina ez hori bakarrik. Literaturzalea dugu Akesolo, asko irakurria da eta beti dago prest irakurriaren berri emateko, bereziki juzku txarrak deritzenak zuzentzearren, polemista baitugu, eta ahoan bilorik gabe zafratzen ditu poeta entziklopedikoa zein frantziskotar buruzagia. Zurikeriarik gabeko idazlea dugu Lino Akesolo, alegia, artikulugile garratz samarra. Horregatik dirateke hain irakurgarriak, besteak beste, bere prentsako lanetatik ez gutxi. Lau artikulu eskaintzen dizkizuegu, diogunaren erakusgarri.
Ira
15
16
Alaine Agirrek hitzaldia egingo du irailaren 15ean (osteguna) 19:00etan Bilbon, Bizkaiko Foru Liburutegian.
Ira
15
16
Karlos Linazasorok Trilogia hiperlaburra liburua aurkeztuko du irailaren 15ean (osteguna) 10:30ean Donostiako Elkar aretoan.
Ira
15
16
Bi atal nagusi ditu, Odola eta Izerdia, Pello Zabaletaren Zurubi luzea poemarioak, eta hirugarren bat, Eta… izenburukoa. Esaera ezagunari erreferentzia garbia da —odola, izerdia eta malkoak—, baina poemak ez dira esaera sortu zen testuinguru bortxazkoan murgiltzen. Existentzia dute kantagai, baina ez dira existentzialistak; eta azken zatian malkorik ez da, bestelako gaiek —amodioa, eszenak, ametsak— hartzen dute nagusitasuna. 1980koa da Zabaletaren lehen poema liburua, gero beste bi argitaratu zituen eta denak bildu Bigarren bizitza izenekoan. Poesiaz gain, itzultzaile jardun du, batez ere alemanetik (Böll, Hesse, Hoffmann…). Hemen duzue Zurubi luzea.
Ira
13
16
Unai Villenaren Hauts hauetatik nobelaz jardungo dute irailaren 13an (asteartea) 19:30ean Donostiako Udal Liburutegiko sotoan.
Ira
10
16
Pako Aristik eta Itziar Gomezek Arrotz eta eder liburuan oinarritutako poesia errezitaldia egingo dute irailaren 10ean (larunbata) 19:30ean Donostiako Victoria Eugenia Clubean.

Ira
09
16
Asier Serranok Linbotarrak liburuan oinarritutako poesia errezitaldia eskainiko du irailaren 9an (ostirala) 19:30ean Donostiako Victoria Eugenia Clubean. Musika: Antxon Sarasua eta Miren Fernandez.
Ira
08
16
Bigarren poema liburua izan zuen Apunte eta Ahanzturak Karlos Linazasorok. Irun Hiria saria irabazitakoa, 1993an argitaratu zen, eta finantza-erakunde, udal eta halako instituzioek argitaratutako hainbat literatur lan bezala, izenburuak dioen toki horretaranzko bidean jarri zen: ahanztura. Ordea, deskantsurik gabeko idazketa lanean segitu du Linazasorok, poesian eta narratiban obra oparoa osatuz. Denetarik aurkituko du irakurleak, poemario honetan: apunteak, poema luzeak, barrurantz bezala kanporanzkoak, poetika aldarrikapenak… Hemen irakur dezakeu.
Ira
03
16
Itxaro Bordarekin Ultimes dechets nobelaz mintzatuko dira irailaren 3an (larunbata) 11:00etan Mauleko mediatekan.
Ira
01
16
Naomi Wooden Mrs Hemingway liburua aurkeztuko du Garazi Goiak irailaren 1ean (osteguna) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegi Zaharrean.
Abu
31
16
Bizitza eta literatura bereizi ezineko bi mundu gisa bizi izan zituen Marina Tsvetaievak, eta bietan murgilduta bizi izan zen sentiberatasun handi eta aiurri indartsuko emakumea. Bizitza errealitate latza suertatu zitzaion, berea eta bere herriarena, erbestea bizi izan baitzuen Errusiako gerra zibilaren garaian (armada zaristakoa zuen senarra), itzulera gero, banaketa, senarraren fusilatzea, semearen galera… 50 urte zituela egin zuen bere buruaz beste. Bizitzaren enbatei aurre egiteko idazketa zeukan, literatura, non haren askatasun egarria eta amets betegabeak —maitasuna, hainbat dimentsiotan— bizitzaren beraren segida diren. 1924an ondutako Bukaeraren poema horren adibidea da, formaz zein edukiz latz landutako poema luze eta ederra. Euskaraz irakur daiteke orain, Josu Landak egindako itzulpenean, eta eskaintzen dizugu Tsvetaieva hil zela 75 urte bete diren egunean.
Abu
29
16
Hamar urte aurtengo abuztuaren 29an Youenn Gwernig poeta, kantari eta letragile handia hil zela bertako eta atzerriko zelarik hainbeste maite izan zuen sorlekuan, Bretainian. Aitaren eta amonaren leialtasun linguistikoak lortu zuen Gwernig familiak bretoieraz egin zezan. Youennek frantsesa ikasi zuen eskolan, eta idazten ere hizkuntza horretan hasi zen. Anaia bat zeukan New Yorkera jo zuen gazterik, eta han ekin zion poemagintzari, bretoieraz. Jatorri berekoa zen Jack Kerouac-en ezagutza egin zuen 1965ean, eta ingelesez ere idazten hasi zen Kerouac-ek bere lana irakurri ahal izan zezan. Ondorioz, idazle hirueleduna bihurtu zen. Adierazgarria da nola aurkezten duten hizkuntza handiek hirueletasun hau: Youenn Gwernig (…) est un écrivain et poète franco-américain d’origine bretonne, eta Youenn Gwernig (…) was a Breton-American poet, writer and singer. Sorterrira itzuli zen 1969an eta kantagintzari ekin zion, besteak beste E-kreiz an noz (Gauaren erdian) ezaguna sortuz. Kantagintzak ikus-entzunezkoetara eraman zuen, eta Radio télé Brezhoneg elkartea sortu zuen 1970ean bretoieraren erabilera eta emisioa azkartzeko irrati-telebistan. Gwernigek AEBetan bretoieraz idatzi zituen poemen hautaketa bat eskaintzen dizuegu New Yorkeko hamar poema sailtxoan, ingeles itzulpenarekin argitaratu zuen Un dornad plu (Al Liamm, 1997) bildumatik osatua.
Abu
26
16
Pello Lizarralderen Elur bustia nobelari buruz ariko dira abuztuaren 26an (ostirala) 19:30ean Eako Eskolondon.
Abu
24
16
Ehun urte ditugu Kaietano Sanchez Irure hil zela abuztuaren 24an, eta 160 urte jaio zela 30ean, hirurogei betetzeko sei egun eskas. Jaulierra izan zen eta berak zaintzen zituenek bezala azaldu behar izan zuen epaitegian: preso batzuek ihesa antolatu, baita burutu ere hiru zaintzaile bahituz, Sanchez Irure tartean zela. Susmoa hedatu zen bazeukala zerikusirik ihesaldian. Labanaren zorrotza lepoan probatu gabe eman ote zizkien giltzak, halakoren bat. Dena den, zuritu egin zuen epaileak. Donostiako udaletxean hartu zuen postua gero… atezain. Barrandan edo zelatan egoteko zekarren bokazioa izan zitekeen bertsotarako behar zuen astiaren ondorio. Biktoriano Iraolak aztarna adierazgarri bat ematen digu Arraietakoak! ipuinean (Baserritarra, 1907), Katu delako baten menturak kontatzen dituela: «Fiesta bukatzeko, ez zan gaizki egongo zeladore batek heldu Katuri eta txakurlekura eramatea eta bertan irukitzea, ahalik eta buruz ikasi arte, oraindaino izkribatu dituen euskerazko bertso guziak, Kaietano S. Irurek». Euskaltzale handia, huts ezin eginiko sinadura izan zen bere hiriaren eta euskal munduaren nahigabezko eta gorazarrezko gertaldietan. Bere bertso-sail guztiak ez ezik erdiak ere neke samarra litzatekeenez biltzea, bakarra eskaintzen dizuegu, Arrantzalea, bere tonuaren ezaugarri.
Abu
18
16
135. urteburua datorren astean, abuztuaren 22an, Otxolua idazlea jaio zela Bizkaian. Ez da datu biribila, baina ahanzturan daudenek txanda-pasa merezi dute. Bernarta Garrok zazpi urte eman zituen gazterik Argentinan, eta bertako euskaldunekin etxekoa aberasteaz gainera, besteekin arian, hizkuntzetarako erraztasuna zeukala deskubritu zuen. Gaztelera, italiera, frantsesa, ingelesa eta alemanera ikasiko zituen. Bazeukan idazteko sena, baina ez da gure letretan aipatu sortzailea zelako, itzultzailea baizik. Dohainak zeuzkan eta ezagutzak zeuzkan, baina ez zegoen potentzial hura bideratuko zuen kultur sistemarik, ez editorerik. Hizkuntzak ikasi zituen bezalaxe, autodidakta izan genuen idatzian ere. Herrizalea zen, belarria zeukan ahozko berbetarako, eta aldi berean aranismoak kutsatua zegoen. Laguntzarik gabe, plan txukunik gabe, programarik gabe jardun zuen: Otxolua gure egoera politikoaren biktima intelektuala izan genuen, beste hainbat bezala. Zer egiten zuen gizon hark orduetan eta orduetan gustuko bertsoak eta artikuluak bere letra ederrez kopiatzen? Liburuak amesten zituen, edizio apainak, euskaldungo kultu bat. Irakurlea zen, eta hustasun handi bat sumatzen zuen. Bernarta Garroren narrazio labur bat eskaintzen dizuegu, izaten ahal ziren eta izan ezin zutenen omenez, Gomutetan (Euzkadi, 1931). Perla txiki bat.