Ots
14
02
Irungo Udaleko Euskara Kontseiluaren ekimenez (gero Euskara Batzordea deitua), 1985eko udaberrian abiatu zen Plazara aldizkaria. Itxura batean Bidasoaldeari lotutako agerkaria, berehala igartzen da hori baino gehiago dela. Bidasoaldeaz idatzitako atal finkoez gain (Mariano Izetaren kronikak, Loidi Bizkarrondoren toponimiari buruzko lanak, bailarako herri-kronikak), beste bi alorrek indar handia hartuko dute berehala: alde batetik, euskal kulturan eragile izandakoei egindako elkarrizketek eta, bestalde, literatur lanek, prosazkoek zein poesiazkoek. Ipuin edo poemaren bat argitaratutako idazleen zerrendak gure literatura ia bere zabaltasun osoan hartzen du, eta zenbaiten kasuan lehen agertokia izan da Plazara, zuzenean edo bere literatur lehiaketaren bidez. Plazara-k 20 zenbaki (bat bikoitza) atera zituen 7 urteko ibilbidean (1992ko udazkenekoa da azkena) hiru hileroko maiztasunarekin. Hona zenbait idazle: Inazio Mujika Iraola, Felipe Juaristi, Juan Kruz Igerabide, Joxerra Gartzia, Juan Garzia, Anjel Lertxundi, Juan Luis Zabala, Patziku Perurena, Itxaro Borda, Koldo Izagirre, Xabier Mendiguren, Juanra Madariaga, Jean Louis Davant, Pako Aristi, Joxean Sagastizabal… Bidasoaldeko lan talde finkoak (Junkal Motxaile, Pako Carrillo eta Larrukert aita-semeak arlo grafikoan; Jose Antonio Loidi, Txomin Sagartzazu, Txema Egiguren…) hasieratik bi arduradun izan zituen, eta era berean kazetari: Jorge Gimenez Bech eta Joxan Elosegi.
Ots
08
02
Maiatz aldizkariaren lehen zenbakia 1982ko otsailaren 12an argitaratu zen Baionan (Pontrique karrika 15), Hendaiako Mugalde etxeak inprimatua. Orotara 35 zenbaki plazaratu dira ordutik, 2001eko azaroan berriena. Maiatz aldizkariaren abiapuntua hala ere 1981eko maiatzaren 10arekin lotuta dator, egun horretan batu baitziren Itxaro Borda eta Luzien Etxezaharreta literatur aldizkari baten sortzeko ideiarekin, hain zuzen Mitterrand lehendakari bilakatu zen igande hartan.
Ondoren deitu zituzten bilkuretara Iparraldeko orduko idazle gehienak: Casenave, Arkotxa, Xarriton, Erdozaintzi-Etxart, Lanatua, Tanburin, Zamora, Pelot… Maiatz aldizkariaren lehen aleko aitzin solasak hauek izan ziren: “Aldizkari bat, gurea. Gauza batzu, denetarik, euskaraz, lantuak. Gure literatura. Literatura, zertarako? Gure sendimenduak ez diten bakarrik pasa bainan bizi ditzagun. Maitasuna, lana, tristezia eta mendiak, esperantza eta gau baten zoriona, euskaraz. Gureak euskaraz direlakoan. Literatura guretako. Ez gauza hil batzu, ikerketa hotzetarakoak eta errautsez bete erakustokietarakoak. Literatura bizirako“. Maiatz aldizkariaren lehen zenbakiak Etien Salaberrik 1968an idatzitako “Nigar egiten dut zutaz” poema dakar lehen testutzat, eta Itxaro Bordaren “Zail dira usantzak” poema bigarrena.
Ots
08
02
1982an agertu zen, zuribeltzean eta grapatua, Stultifera Navis-en lehen zenbakia (otsailean, kroniken arabera). Aurkezpenean ziotenez, Gasteizko Filosofia eta Letren Fakultateko Literaturtegiko egintzen berri emateko sortua zen, han ziharduten lagunen lanen plazaratzeko: Itziar Laka, Iñaki Lopez de Aberasturi, Eli Tolaretxipi, José A. Blanco, Xabier Etxaniz, Jon Juaristi… Azken hau eta Carlos Blanco Aguinaga izan ziren, hain zuzen, 1981 eta 1982an Taller Literario-a sortua zutenak Fakultatean. Poemak, narrazioak eta dialogoren bat zituen, euskaraz eta gaztelaniaz, lehen zenbakiak. Ez zuen iraupen handirik izan publikazioak. Bigarren zenbaki bat, gaztelaniazko eta euskarazko testuekin, kaleratu zuten 1983ko apirilean, eta hortxe bukatu zen egitasmoa. Fakultatean bertan eta Stultifera Navis-en ibilitako zenbait kide partaide zirela, Kandela aldizkaria argitaratu zen 1983aren amaieran.
Urt
31
02
Parisen maiz elkartzen ziren Jon Mirande eta Andima Ibiñagabeitia erbesteratua literaturaz jarduteko, eta haiengana ere biltzen ziren batzuetan Peillen anaiak. Ibiñagabeitia, ordea, Ameriketara joan zen 1954an Jokin Zaitegiri (eta Orixeri) Euzko Gogoa aldizkaria egiten laguntzera, eta Mirande goibel eta bakar samar geratu omen zen. 1962ko otsailean Txomin Peillenek Jon Miranderen adorea berpiztu zuen, Saint Germain boulevardeko 15.ean erredakzio bat ezarriz. Hantxe sortuko zuten IGELA – euskaldun heterodoxoen errebista: aldizkari satirikoa, “propaganda politiko eta erlijiozkorik gabea”, hiruhilabetekari izateko asmotan. Pariseko zuberotar bukinista batek lagundu zien aldizkaria roneotipoz edo multikopiaz egiten, bigarren zenbakia lehenbailehen ager zezaten Ibiñagabeitiak “dirulaguntza ederra” bidali zien Caracastik… eta berehala eskandalizatu ziren Euskal Herrian, Enbatakoak besteak beste. Kritikei aurre egin zieten Mirandek eta Peillenek, bereziki Igelaren 1962ko urriko alean. Igelak sei zenbaki argitaratu zituen 1963ko udazkena bitartean.