Uzt 07 25

Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia

Gaurko egunez, duela 40 urte, Martuteneko kartzelatik ihes egin zuten Iñaki Pikabea eta Joseba Sarrionandia presoek. Efemeride hori dela eta, ganbila.eus atariak Mikel Antzak idatzi eta 2020an taularatu zen irakurketa dramatizatuaren testua eman du argitara: Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia.

pessoakSarri

Eka 26 25

Historiarik goibelena

XX. mendeko Ingalaterrako literaturako libururik gorenetarik bat dela deritzogu, halako oihartzunik izan ez badu ere, eta euskaraz irakur daiteke: gaurko egunez hildako Ford Madox Ford idazlearen Historiarik goibelena. Igela argitaletxeak kaleratu zuen, Xabier Olarrak euskaratua. Bikote biren harremanaren disekzio kirurgikoa, Markos Zapiainek dioenez, “Izenda liteke giza patuaren zitala, izenda liteke apalkiago tentelkeria: kontua da sarritan eman egiten zaigula gura duguna, eskura dugula asebeteko gintuzkeena, baina ihes egiten uzten dugula, bizitza latz bihurtuz.”

Eka 25 25

Manuel de Pedrolo irakurgai

Ekainaren 25 batez hil zen, 1990ean, frankistek Lauaxeta fusilatu eta 53 urtera, Manuel de Pedrolo idazle katalana. Militante anarkista, 36ko gerran zenbait frontetan borrokatutakoa, frankismo garaian ekin zion idazketari, eta lan asko eman argitara, eleberriak eta antzerkiak batez ere, ez zentsurarekin arazorik izan gabe. Zientzia-fikzioaren alorreko obra aitzindaritzat jotzen da Bigarren jatorriko mekanoizkribua (Elkar, 1989), Jokin Lasak euskarari ekarri ziona. Lehenagotik irakur zitekeen, baina, euskaraz: 1969ko Egan aldizkarian Gizonak eta Ni antzezlana itzuli baitzuen Xalbador Garmendiak. Obra biak dauzkagu irakurgai.

Eka 05 25

Euskal poetak eta artistak Arestiren omenez

Zorroza, mailuak, poesia, Bilbo, Arantzazu, aitaren etxea, egia… Gabriel Arestirekin lot genezakeen hitzen zerrenda oso luzea da. Egunotan asko jalgi zaizkigu atzera plazara, 50 urte baitira, ekainaren 5ean, hil zela. 1986an Susa argitaletxeak bere lanen bilduma egin zuenetik asko dira poetaz idatzi direnak, esan direnak, kantatu direnak, antzeztu direnak.
logoa-aresti
Beste asko oraindik ere esaten, kantatzen, antzezten ari direnak. Bere hitzak, eta berari buruzkoak. Haietako batzuk dakartzagu urteurren honen karietara. Juan San Martinen ediziopean, Agiriak izeneko liburua kaleratu zuen Gipuzkoako Aurrezki Kutxak 1978an. “Euskal poetak eta artistak  Arestiren omenez” azpizenburua darama obrak, eta halaxe, garai hartako hainbat poeta eta artistaren obrak jasotzen ditu. Hona hemen osorik ikus- eta irakurgai, Arestiren omenez.
agiriak

maiatza 15 25

Palestinako poemak Nakban

Nakba eguna da maiatzaren 15a Palestinan, 1948an Isralen Estatuaren sorrera dela-eta haiek euren lurretatik ofizialki bota zituztenekoa. Ehunka milaka lagunek Palestinako beren lur eta etxeak utzi zituztenekoa. Zenbat kanporatze, zenbat hildako, ordudanik. Gazarako kanporatze erraldoi berri baten planak burutzen ari dela Israelgo Estatua, Joseba Sarrionandiak 1991n Elkar etxeko Hezurrezko xirulak liburuan Palestinar burrrukakoak izeneko sailean euskaratutako sei poema dakartzagu. Duela lau urte, Gazako orduko bonbardaketen harira, 2012an Hedoi Etxartek euskaratu eta argitara emandako 20 poema eskaini genituen.

maiatza 09 25

Agur Itxaropena

Lerro hauek idazten ari naizenean, oraino, egiteke dago Itxaropena editorialaren historia. Batzuetan inprimategi gisa, beste batzuetan argitaletxe gisa egin du lan Itxaropenak. Bera izan da orduko euskaltzaleentzat arnasbide ia bakarra, batez ere 1952an «Kuliska Sorta» bilduma sortu zuenetik.
Horrela idatzi zuen Joan Mari Torrealdaik Artaziak Euskal liburuak eta Francoren zentsura liburuan, Itxaropena argitaletxe eta inprimategiari eskainitako kapituluan.

Kuliska Sorta

1952ko urtarrilean, Kuliska Sorta bilduma abiatu zuen Itxaropena argitaletxeak Zarautzen, Patxi Unzurrunzaga editore zuela. 1952tik 1973ra argiratutako liburu guztien zerrenda eman genuen Kuliska Sortaren 50. urteurrenean, Emailuotan.
harri eta herri kuliska sorta

2025eko udaberrian itxita

Aspaldi honetan inprimategi bezala lanean gogotsu aritu dira Itxaropenan. Euskal literaturari zerbitzu ugari eskainiz, eta inprimatu duten azken euskal liburua George Orwell idazlearen Lur jota Parisen eta Londresen izan da, Igela argitaletxeak plazaratu duena.

Susa literatura argitaletxeak ere hainbat liburu argitaratu ditu urteotan Zarautzen, eta harreman polita izan du argitaletxe izandako inprimategi historikoarekin. Atsekabez idazten dugu bere itxieraren berria, orain arte euskal literaturari egindako ekarpena nabarmenduz, eta garai bateko liburu saila gogora ekarriz. Eskerrik asko guztiagatik.

Api 30 25

Vietnamgo ahaireak

1975eko apirilaren 30ean, duela 50 urte, Saigon menpean hartu zuen Vietnamgo Armadak,  eta amaitu zen Vietnamgo Gerra. Bigarrena, etsai nagusi Hego Vietnamgo armada eta AEBak izan zituena. Lehenaren, frantsesen aurkako Independentziako gerraren segida izan zen. Independentzia prozesuan eta gerrotan Vietnamgo buruzagi nagusia izandako Ho Chi Minh-en Gartzelako egunkaria euskaratu zuen Iñaki Aramaiok;  baina lider komunistak ez zuen gerraren amaiera ikusi, 1969an zendua baitzen. Lubaki desberdinetatik gerra ezagutu zuten poeta bi ere irakur daitezke euskaraz, dena den. Huy Can idazle eta politikariaren zortzi poema euskaratu zituen Luzien Etxezaharretak (otsailean paratu genituen online), eta duela bost urte argitara eman genituen AEBekin soldadu (beste izen batekin) ibilitako Yusef Komunyakaa poetaren hamabi poema Vietnamgo, Jose Luis Otamendik euskarari ekarriak. Maiatzaren lehenaren bezpera gorriz tindatzeko.

Api 26 25

Roberto Arlt gogoan

Buenosairestar baten heriotza albiste nagusi den apirilaren 26 honetan, Gernikako bonben oihartzuna hondoko musika dugula, beste buesnosairestar baten jaiotza gogoratu nahi dugu (125 urte jaio zela), Roberto Artl idazlearena. Kazetaria, ipuingilea, haren prosak eragin handia izan du Argentinako idazle askorengan. Begirada aparta zuen, hala paisaia geografikoei nola humanoei erreparatzeko, eta umore fin batez ekartzen zuen idatzietara. 36ko Espainiako gerra hasi baino hilabete batzuk lehenago ibilia zen Euskal Herrian, eta El Mundo egunkarian argitaratutako kronikekin Aguafuertes deitutako bilduma osatu zuen. Iñigo Aranbarrik haietako hiru euskaratu zituen. Horiez gain, euskaraz haren narrazio bi ere irakur daitezke: Armiarmarako Iñigo Roquek euskarari ekarritako Piztiak; eta Konkorduna ipuina, Gillermo Etxeberriak euskaratu eta Egan aldizkariaren 2017ko 1-2 zenbakian argitaratua.

Api 15 25

Jean-Paul Sartre euskaraz

sartre
45 urte bete dira apirilaren 15ean Jean-Paul Sartre idazle eta filosofoa hil zela. XX. mendeko pentsalari handietarik bat, bere pentsamenduak bere garaiko eta ondorengo korronte filosofiko eta sozio-politikoetan eragin itzela izan zuen. Jaiotzaren mendeurrenaren karietara, euskaraz irakur zitezkeen bere zenbait lan bildu genituen: Paretaren kontra, Mikel Lasak euskaratua, Txillardegiren hitzaurrea duena (Kriselu, 1983); Nekrassov antzezlana, Xabier Olarrak euskarari ekarria (Antzerti, 1985) eta Burgosko Auzia liburuan (Gallimard, 1971) Sartrek eginiko Hitzaurrea, Markos Zapiainek itzulia. Horrez gain, filosofo eta idazle frantsesari buruz idatzitako lau artikulu, lau egile esanguratsurenak: Beltza, Gabriel Aresti, Eusebio Erkiaga eta Markos Zapiain.

Api 11 25

Lazarragaren Eskuizkribua

21 urte joan dira Joan Perez Lazarragakoaren eskuizkribua aurkeztu zitzaigunetik. Deskubrimendu liluragarria, euskal literaturari izen berri eta indartsu bat ekarri zion. 1605eko apirilaren 11 batez hildako Lazagarrako jaunaren eskutik iritsi zitzaizkigun testu eta poemek beste ikuspuntu  bat ere erantsi zioten ponte-usain handixkoa izan duen gure literaturaren historiari. Koldo Mitxelena Kulturuneak guztion eskura, sarean jarri zuen testuaren faksimilea, eta Armiarmak haren transkripzioa ere eskaini zuen.
lazarragarena

Api 10 25

Scott Fitzgerald euskaraz

Duela 100 urte, 1925eko apirilaren 10ean eman zuen argitara Scribner’s etxeak Gatsby handia eleberria, Francis Scott Fitzgeralden lan esanguratsuenetako bat, XX. mendeko AEBetako literaturan erreferentzia handia. Igela argitaletxearen eskutik ekarri zuen euskarara Xabier Olarrak 1990ean, 2016an berrargitaratua izan zena. Plazeraren gau ilunekoak ere itzuli zuten Garazi Arrulak eta Iñigo Roquek, Elkar argitaletxeak argitara emana 2014an. Badira sarean, dena den, irakur daitezkeen Scott Fitzgeralden lanak: 1996an Javi Cillerok itzulitako Babiloniara itzultzea;  2012an Garazi Arrulak euskaratutako Mila esker suagatik; Iñigo Roquek euskaratutako Hamarkada galdua eta Javi Cilleroren eskutik heldutako Nerbio-krisia.

Mar 30 25

Sean O’Caseyren libra

Jerry eta Sammy posta bulegora sartu dira libra baten bila. Horixe da Libra bat kobratu nahi dut (1939) antzezlanaren abiapuntua. Familia eta giro oso apal eta txirokoa, Irlandaren independentziaren aldeko borrokarekin engaiatua (Herritarren Armadako idazkari nagusi izan zen), 1917tik aurrera idazletzari ere lotu zitzaion Sean O’Casey, eta Irlandako langile klaseari buruz antzezlanik idatzi zuen lehen autorea izan zen. Zubizabal aldizkariak argitaratu zuen, euskaraz, 1880ko martxoaren 30 batez jaiotako idazle dublindarraren pieza.

Mar 25 25

Flannery O’Connorren mendeurrena

AEBetako hegoaldeko giroa, harreman bortizkeriazkoak, espiritualtasuna, emakumearen leku eta ezlekuak, umorea maisuki baliatu zituen Flannery O’Connor idazleak. Gazte hil eta obra laburra badu ere (eleberri bi eta bi ipuin bilduma), XX. mendeko AEBetako narratzaile handietarik bat da, unibertso oso bat erakutsi ziguna bere lan labur baina aberatsean. Baroja etxeak 1985ean O’Connorren bi ipuin argitara eman zituen Jende ona nekez da aurkitzen liburuan (izen bereko narrazioa eta Agian zeure bizitza da salbatzen ari zarena), Mikel Azurmendiren itzulpenean. 2009an, berriz, Ez da erraza gizon on bat aurkitzen ipuin-liburu osoa euskaratu zuen Itziar Otegik, eta Literatura Unibertsaleko bilduman kaleratu. Bilduma honetako Gezurretako negroa ipuina ere eskaintzen dizuegu martxoaren 25ean Flannery O’Conorren jaiotzaren mendeurrena bete dela.

Mar 20 25

Friedrich Hölderlinen urteurrena

XVIII. mende amaieran Europa astindu zuten korronte filosofiko eta politikoen emaitza da Friedrich Hölderlin. 1770eko martxoaren 20an sortua, Goethe, Schiller, Novalis, Fichte  eta abarrekin partekatu zuen bereziki Alemanian loratu zen ideien pizkundea. Grezia klasikoaren ezagule eta miresle, erreferentzia klasikoek presentzia oso handia dute bere poesian, bizi izan zuen garaira itsatsiak, baina. Bere poemen antologia zabala biltzen duen Poemak (Erein, 2001) liburuan ikus daiteke. Eduardo Gil Berak euskaratua, Hölderlinen poesiagintzaren bilduma bikaina dugu. Hitzaurrean dio Gil Berak horren osagarri Hyperion obra ere euskaratu beharko litzatekeela, eta halaxe egin zuen. Gutun formatuan emandako eleberria, Iraultza Frantsesaren lorpenen gorespena da obra. Osorik eskaintzen dizkizuegu biak.

Mar 13 25

Jon Miranderekin dantzan Iruñean

Jon Mirande idazlearen jaiotzaren mendeurrena ospatuko dute Iruñean (1925-2025) eta ekitaldi sorta antolatu ditu Iruñeko euskaltzaleak biltzen dituen Karrikiri elkarteak.
Martxoaren 31tik aitzina Jon Miranderi buruzko erakusketa izanen da Iruñeko Hizkuntza eskolan.
Horrez gain, Mirande film bat egiteko zirriborroa jendaurrean emanen dute martxoaren 31an (astelehena) 19:00etan Iruñeko Hizkuntza eskolan.
Nor zen Jon Mirande? solasaldian arituko dira Miel Anjel Elustondo eta Mikel Soto apirilaren 2an (asteazkena) 19:00etan Iruñeko Karrikiri elkartean.
Orhoituz. Jon Miranderen poemak errezitaldia Miel Anjel Elustondo gidari dela, Ihitz Iriarteren ahotsean apirilaren 5ean (larunbata) 12:00etan Iruñeko Karrikiri elkartean.
Azkenik, eta ekitaldiok amaitzeko Zer egin Jon Miranderekin? mahaingurua eginen dute Gorka Bereziartua, Katixa Dolhare Zaldunbide eta Amaia Eleizalde solaskideek, apirilaren 7an (astelehena) 19:00etan Iruñeko Karrikiri elkartean.
Mirande_karrikiri

Agenda

Efemerideak

Kritikak