Mar 05 26

Anna Akhmatovaren poesia

Akhmatova
Poeta errusiarretan gailenetako bat izan zen Anna Akhmatova, gaur 60 urte Moskun hil zena. Zenbait adituk akmeismo izeneko mugimendu literarioan sailkatu izan dute; ordura arteko sinbolismoaren kontrakarrean, poesia lurtarragoa eginez. Akhmatovak hizkera poetiko konkretua eta gardena hautatu zuen. San Petersburgoko Tsarskoie Selo aristokrata-auzoan pasatutako gaztaro pindartsuaren eta hasierako arrakastaren ondoren, errotik aldatu zitzaion bizimodua Urriko Iraultzaren ostean, senarraren fusilaketa eta semearen atxiloketarekin batez ere, eta beste zidor batzuk hartu zituen halabeharrez haren poesiak ere. Hein handi batean, heriotza, pairamendua, memoria eta dolua gailendu zitzaizkion maitasunaren gai ardatzari. Euskaraz Laura Mintegik jarri zuen lehenengoz, Ttu-Ttuá aldizkarian, eta gerora Itxaro Bordak Maiatz-en. Hemen irakur daitezke poema horiek. Edukiari ez ezik formari ere erreparatuta, Josu Landak, azkenik, Munduko Poesia Kaierak bildumarako antologia prestatu zuen, online hemen irakur dezakezuna.

Mar 01 26

Sarajevoko setiokoak

Duela 30 urte, 1996aren otsailaren 29an amaitu zen, ofizialki bederen, Sarajevoko setioa. 1.425 egun eta gauren ostean. Zuzenean bizi izan zuen Izet Sarajlic idazleak, eta Sarajevoko gerrako bilduma liburuan jaso, Bosniako hiriburuko setioaren eta oro har gerraren poema bidezko kronika eta gogoeta aparta den obran. Hitzen Uberan gunean Sarajlici eskainitako artikuluan haren zenbait poema euskaratu zituen Oier Guillanek, eta gerora Iñigo Astizek zazpi poema itzuli zituen, hemen eskaintzen dizkizuegunak.
izet

Ots 17 26

Heinrich Heineren olerkiak

Erromantizismoaren indarra ezagutu zuen Heinrich Heinek, eta mugimenduko kidetzat jotzen da maiz, batez ere bere lehen poemengatik, nahiz eta berak gaitzetsi. Errealismoranzko trantsizioa bizi izan zuen, eta bere lanetan ere halako joera nabari da. XIX. mendeko ideia iraultzaileen ezagule, ironia eta kritika soziala ere azalduko dira bere idatzietan. Frantziako Iraultzaren ideien zale, Alemaniako literatura eta boterea kritikatu zituen eta Alemania Gaztea literatur mugimenduaren sortzaile eta sustatzaileetakoa izan zen. Alemanian lan egitea zaila zeukala, 1831n Parisa jo zuen, eta hantxe gelditu, poeta aleman handietako bat dena. 1856ko otsailaren 17 batez jaio zen Heine, eta euskaraz batik bat Joseba Arregik ekarri zuen, aldizkaritan (nagusiki Hermes) eta gero Heineren olerkiak (Rementeria, 1927) liburuan bildu zituen. Osorik irakur dezakezu hemen, Heine euskarara ekarri duten beste autoreen (Klaudio Sagarzazu, Martin Oiartzabal, Anbrosio Zatarain, Jokin Zaitegi, Joseba Sarrionandia) itzulpenekin batera.

Ots 15 26

Martha Gelhorn euskaraz

Merezi izan zuela Martha Gelhornen obra ezagutzea, non Night Before Easter izeneko narrazioa gailentzen den, esaten du Edorta Jimenezek: “Apartekoa da. Ez literaturaren aldetik dituzkeen balioengatik, horiek zein diren edo ez diren ez bainuke esaten jakingo. Halakorik ezin bihotza ostu dizun ezein kontakizunekin. Izan ere horrexegatik da niretzat apartekoa narrazioa: bihotza ostu zidalako”. Eta halaxe, Pazko bezperako gaua ipuina ekarri zigun euskarara, kazetari eta idazle estatubatuarraren narratiban sartzeko ate aproposa.

Ots 12 26

Marcel Schwoben unibertsoa

Hainbat jakintza alorretan interesa izandakoa eta ikertutakoa, gai aldetik oso obra heterogeneoa da Marcel Schwob idazlearena. Sinbolistengandik hurbil ibilitakoaren obra, dena den, estilo jori eta dotoreak batzen du. XX. mende hasierako autore frantses askorengan eragina izan zuen. Euskaraz Schwoben lau liburu irakur daitezke, osorik. Mimoak (Baroja, 1986) lana itzuli zuen Mikel Lasak duela 40 urte, eta geroztik Periko Diez de Ultzurrunek Urrezko maskaradun erregea (Pamiela, 1987), Literatura Unibertsala bilduman Bizi alegiazkoak Juan Garziak (Ibaizabal, 2002) eta, azkena, Xabier Bovedak, Umeen gurutzada (Labayru, 2018).

Ots 11 26

Iluntasunetik babesteko desira

Idaztea, niretzat, iluntasunetik babesteko desira bat da, mundura leihoak irekitzeko desira bat” idatzi zuen Bernard Dadie idazle bolikostarrak. Eta idazten gurutzatu zuen mende oso bat, 1916ko otsailaren 11n jaio, eta 103 urte geroago hil baitzen, 2019an. Climbié eta Le pagne noir narrazioen egileak kolonialismoaren zama bertatik bertara nozitu eta salatu zuen, hala bere literaturan nola bere bizitzan. Narratibaz gain, antzerkia ere jorratu zuen, eta poesia. Mendea bete zuelarik, Josu Landak Dadieren zortzi poema euskaratu zituen.

Ots 05 26

Eskerrak Violeta Parrari!

50 urte zituela, 1967ko otsailaren 5ean isildu zen Violeta Parra kantari eta poetaren ahotsa. Heriotzarako hautua egin zuen Violetak, urtebete lehenago mundu osoan eta hainbat hizkuntzatan kantatua izan den Gracias a la vida kantua, ereserkia dagoeneko, plazaratu eta gero. Ez Dok Amairuren garaian ezagutarazia Euskal Herrian, artista txiletar handiaren zenbait kantu euskaraz irakur eta entzun litezke. Eskerrak bizitza eta Eskerrak bizitzari bertsio bana eman zuten Amets Arzallusek eta Garazi Arrulak. Josu Landak sei pieza euskaratu zituen, eta Miren Amurizak kantu bat ekarri zion euskarari. Hemen irakur ditzakezu denak.
violetaparra
Eskerrak bizitza | Aire ahizpak

Urt 30 26

Donapaleutik Berlinera

Diru truk itzala saldu zuen Schlemihl da Adelbert von Chamisso idazlearen lanik ezaguneneneko protagonista: Peter Schlemihl-en istorio miresgarria. Osorik irakur daiteke Anton Garikanok 1995ean itzulitako eleberria. Urtarrilaren 30 batez jaiotako idazle eta botanikaria bestela da ezaguna gurean: 1829ko Des Basken Etchehons Klage poema. Donapaleuko tribunalaren aurrean Pierre Topet Etxahun epaitua izan zenean, Mündian malerusik frantsesez ezartzeko eskatu omen zion Deffis jujeak Salaberri deiturako bati, eta Chamissok kasua eta kantua irakurririk idatzi zuen alemanez bere poema. Lehenik Polikarpo Iraizozek (1935), gero Joseba Sarrionandiak (1980) eta azkenik Kaekusek (1984) itzuli dute euskarara: Etxahun euskaldunaren arrangura edo Etxahun euskaldunaren deitorea.

Urt 29 26

Rafael Diesteren ipuinak

1899ko urtarrilaren 29an jaio zen Rianxon (Galizia) Rafael Dieste idazlea. Gaztetandik Galiziako kultur mugimenduari lotua, Galiziako Berpizkundean parte hartu zuen, besteak beste herrikidea zuen Manoel Antonio poetarekin. Kazetari jardun zuen hainbat agerkaritan, 1939an Ameriketaranzko erbesteko bidea hartu behar izan zuen arte. Buenos Airesen editore jardun zuen eta 1961ean Galiziara itzuli zen. Galegoz zein espainolez idatzi zuen, narratiba eta saiakera eta Dos arquivos do trasno, bere lehen narrazio liburua, da bere obrarik esanguratsuena. Narrazio liburu indartsua, bultzada eman zion Galiziako literaturari erruralismo tradizionalarekin hautsi eta modernotze bidean. Liburua horixe euskaraz irakur daiteke, Intxixuen artxibotik, Koldo Izagirrek euskaratua, Elkarrek kaleratua 1993an.

Urt 07 26

Castelao euskaraz

Politikaria, idazlea, marrazkigilea, Galiziako literaturaren maisu handia da Alfonso Rodriguez Castelao, erreferentzia nagusia galegismoan murgil egin nahi duen edonorentzat.
castelao_Gabriel Arestik euskaratu eta eman zuen argitara lehenengoz, 1974an, testu laburrez lagundutako haren marrazki bilduma bat den Nos / Gu. Antonio Maria Labaienek Antzerti-n teatro lan bat eskaini zigun, Agureok maitemindu bear. Baina itzulpen-egitasmo osoena Susa argitaletxeak egin zuen, lau liburu plazaratuz 1986an: Zirtzilak: Kristalezko begia (Koldo Izagirrek ekarria); Gauzak (Ramon Etxezarreta); Betiko biak (Ramon Etxezarreta) eta Beti Galizan (Bego Montorio). Urtarrilaren 7 batez hil zen Castelao ezagutzeko lagin ezin aproposagoa.

Urt 01 26

Urte berria poemaz

1849koa da poema, baina joan berri den urtekoa dirudi: Europa berriz ere isilik dago. Hau Sandor Petofirena da, Hungariako poeta nazionalarena, Urteberri egunez jaioa 1823an. Abertzale ekina, 26 urte zituela hil zen, soldadu, bere herriaren aldeko borrokan.  Joseba Sarrionandiak euskaratu zituen haren hiru poema. Hiru dira, halaber, Iñigo Aranbarrik itzulitako Adonis poeta siriarraren poemak. Urtats egunez jaioa hau ere, 1930ean, poesia arabiar modernoaren aitzindarietakotzat jotzen da. Poesiaz estrenatu dezagun urtea Armiarman.

Abe 14 25

Paul Eluarden poemak

1935eko abenduaren 14an jaio zen Paul Eluard poeta, Saint-Denisen. XX. mendeko poesiagintzan izen ezinbestekoa, surrealismoaren idazlerik idazleena, jardun politiko antifaxistan engaiatua, askatasuna idazten zuen poeta. Gernikaren garaipena poema, Mikel Antzak euskaratua, dugu engaiamendu antifaxista horren adibide guretzat hurbila.  Horrekin batera, Imanol Goienagak Ttu-Ttuá aldizkarian emandako zenbait poema, Koldo Izagirrek itzulitako hamar poema eta Ekaitz Sirventek ekarritako zortzi ere irakur daitezke euskaraz. Ahots eskertzekoa Eluardena, bizi ditugun arootan.

Paul Eluard. Argazkia: Man Ray

Paul Eluard. Argazkia: Man Ray

Abe 13 25

Joseba Tapia eta Natxo de Felipe
Harri eta herri

Duela 25 urte, 2000ko abenduaren 13an, Gabriel Arestiren Harri eta herri poema liburuaren aurkezpena egin zen Bilboko Kalderapekon.
Koldo Izagirrek egindako hitzaldiaren ondotik, Natxo de Felipe eta Joseba Tapia musikariek kontzertu labur eta hunkigarria eskaini zuten.

(gehiago…)

Abe 11 25

Grace Paleyren kontakizuna

Honela definitu zuen bere burua Grace Paley (1922-2007) ipuingile eta poeta estatubatuarrak: bakezale borrokalaria eta anarkista kooperatiboa. Vietnamgo gerraren kontrako protestetan maiz atxilotu zuten, eta 1978an kartzelatu egin zuten Etxe Zuriaren aurrean arma nuklearren aurkako pankarta bat zabaltzeagatik. Jasone Larrinagak euskaratu zuen Agur eta zorte on, New Yorken antzoki batean txartel-saltzaile lanean ari izandako Rosie Lieber-en istorioa dakarren ipuina. Irakurgai dakarkigu idazlearen jaiotegunean.

Aza 14 25

Sakiren ipuinak

Narrazio laburraren maisu izan zen Hector Munro Saki.  Izuaren eta umore beltzaren erreferente, garaiko gizarte victoriarraren erretratu  gordinak egin zituen bere ipuinetan. Adinagatik beharturik ez bazen ere, I. Mundu Gerrara jo zuen soldadu, eta lubakietan hil zen 1916ko azaroaren 14an, 46 urte zituela. Jon Mirandek ekarri zuen lehenik euskarara, ipuin bi  (Iphuin khondatzailea, eta Leio irikia), Egan aldizkarian —Sakiren narrazio ezagunenetako bat, The Storyteller, Mikel Azurmendik berreditatu zuen Miranderena Porrot aldizkarian–. Geroztik egile ingelesaren piezak euskaratu dituzte Luigi Anselmik (Bi istorio), Joseba Sarrionandiak (Gonbidatuak), Rosa Miren Artolak (Ipuin hautatuak), Amaia Lasherasek eta Aritz Brantonek (Kontalaria/Traste-gela), eta Ana I. Moralesek (Nemesisen jaia). Gutizia bilduma bat.

Agenda

Efemerideak

Kritikak