Eka
25
07
Duela 150 urte, 1857ko ekainaren 25ean, argitaratu zen Les Fleurs du Mal, mundu osoko literaturan erreferentzia den Charles Baudelaireren poema liburua. Liburua ez da osorik argitaratu euskaraz, baina bai dozena bat poema, gehienbat aldizkarietan. Hain zuzen ere 80 urte geroago ekainaren 25ean fusilatu zuten Lauaxetak eman zituen argitara lehenak Euzkadi egunkarian, eta gero Gabriel Arestik, Iokin Zaitegik, Joakin Balentziak, Luis Arostegik eta Joseba Sarrionandiak itzuli dute Baudelaireren poemarik. Horretaz gain, ordea La Fanfarlo (Erein, 1991) narrazioa, Juan Kruz Igerabidek euskaratua, eta Haxixaren poema eta Wagner Parisen lanak ere ekarri dira euskarara, azken biak Oier Alonsok euskaratuak (Infomart, 1998 eta 1999). Hemen eskaintzen dizkizugu. (gehiago…)
Eka
25
07
Musikari eta pintore jardun bazuen ere, idazle gisa ezagutzen dugu E.T.A. Hoffmann. Konigsberg-en 1776an jaioa, duela 175 urte hil zen, 1822ko ekainaren 25ean. Erromantizismoa kultur adierazpide eta pentsamendu ildo gisa nagusi zen garaikoa, berau ere mugimendu horren erreferentzia da. Idatzi zituen ipuinengatik ezaguna, genero fantastikoaren sortzaileetakoa, euskaraz irakur daiteke. 1973koa da lehen agerpena, Jesus Maria Satrustegik gazte literatura moduan itzulitako Intzaur koskailu narrazioarekin (Etorkizuna, 1973). Gerora, 1992an, Erein argitaletxeko Bartleby sailean plazaratu zen Hareetako gizona, Pello Zabaletak euskaratua eta Antton Garikanok, Ipuin fantastikoak narrazio bilduma eskaini zuen Literatura Unibertsala bilduman (Ibaizabal, 1992). (gehiago…)
Eka
21
07
Bingen Aizkibelen Ipuin aberkoyak eta Urretxindorra lanak dakartza aste honetan Klasikoen Gordailuak. Mende hasierako lanak —1917 eta 1918, biak ere Abandoko Grijelmorenean botatakoak—, pizkunde abertzalearen eremukoak ditugu, hala edukietan nola forman eta hizkuntzan —bizkaieraz idatzi zuen Ubideko seme izan zen Luis Gonzalez Etxabarrik, Bingen Aizkibel-ek—. Euzko Alderdi Jeltzaleko kidea —Euzko Gaztedija-ko buruzagitzan ibili zen Eli Gallastegirekin—, Primo de Riveraren diktadurapean Argentinara erbestera joan behar izan zuen. Eta hantxe geratu 1971n hil zen arte. Desterru aurretik eta ondoren ere, hainbat aldizkaritan eman zituen argitara bere lanak —euskaraz eta gaztelaniaz, politikako artikuluak, olerkiak…— Bingen Aizkibelek. Gaur Gordailura dakartzagunak, ildo berean, desberdinak dituzu. Poemak dituzu Urretxindorra liburukoak. Berrikuntza formalik gabeak, gai aldetik ere aberria, natura, neska maitatua… orduko joera poetikoen baitan dihardu. Are gehiago Ipuin aberkoyak lanean, gaiari dagokionez, non Euzkadi idealizatua pertsonaia arketipikoen jokaleku den. Idazkera jorikoa, dena den, ondo egituratutako narrazioak dira, kontakizun molde bixi batez bilbatuak.
Eka
20
07
Nigeriako Abekoutan jaio zen Amos Tutuola idazlea, 1920ko ekainaren 20an, eta duela hamar urte hil, 1997ko ekainaren 8an. Mozkor bat sasirik sasi liburuak (The Palm-Wine Drinkard, 1952) eleberriak egin zuen ezagun, eta askori Afrikako literaturaranzko interesa piztu. Ingelesez idatzi zuen Tutuolak —bere ingeles ez akademikoan—, eta bere herri yorubaren sinesmen eta mundu-ikuskera liburuetara ekartzen asmatu zuen. Maria Garikanok euskaratu zuen Mozkor bat sasirik sasi, eta Pamielarekin argitaratu 1993an. Hementxe duzue osorik. (gehiago…)
Eka
12
07
Beobideko Frai Krispin frantziskotarraren bi lan datoz gaurkoan Klasikoen Gordailua aberastera, biak urte berean kaleratuak: 1885ean. Alde batetik, “gure Aita len santu, Franziskoren bizitza labur” eta “txikia baña txit ona” eskaintzen du Asisko loria izenburua daramanak. Bestalde, Jesus Aurraren bederatzi-urrena izenburua duen liburua “gure Jesus aurraren maitatzalliai” zuzenduta dago eta bederatzi egunean egiteko bederatziurren ezin interesgarriagoa eskaintzen dio irakurle piadosoari. Jakina, irakurle, probetxurik aterako badiezu, bi-biak irakurri beharko zenituzke “ez nola nai, ez arinki, baizikan geldi ta arretarekin bera al dezun moduan iduritzeko, imitatzeko asmuarekin”.
Eka
05
07
Bigarren liburua zuen Zerura igotzeko Joxean Sagastizabalek, Susarekin 1986an kaleratua. Aurreko urtean Jolasean plazaratua baitzuen Hordago argitaletxearekin. Ipuinak dira, itxuraz eta errekurtso narratiboei dagokienez haur literaturakoak direla ematen dutenak, Zerura igotzeko honetan Sagastizabalek dakarzkigunak. Baina helduoi zuzendutako narrazio laburrak dira. Imajinazioari atea irekita osatutako hamar ipuin. Hementxe dituzu denak.
maiatza
31
07
Jon Mirandek 27 urte zituela, Andima Ibinagabeitiak elkarrizketa egin zion Parisen 1953ko otsailean. “Poema liburua orrazten ari omen zara, Jon, laster argitaratzeko”, eta Mirandek: “Bai, egia da (…); poematan irauli ditut nere maitasun, maitakeria, sinesmen eta sineskeriak. Filosofiari buruz ere nerak oro jaulki ditut, neuk entelegatu eta pentsatu bezala. Hantxe irauli ditut nere atsegin eta etsipenak ere (…); ene barne egia izan daitezen ahalegindu naiz. Hori bederik iritsi dut, zenbait eskandalizatuko badira ere”. Baina liburua ez zen inoiz plazaratu. Mirandek aldizkarietan argitaratu izan zituen poemak eta eskuizkribuak idazlea hil ostean agertu ziren liburura ekarrita (Andolin Eguzkitzaren, Txema Larrearen eta Xabier Olarraren edizioetan). Klasikoen Gordailuan Miranderen poemak batu ditugu, eta baita ere hogeita bat artikulu (1951-1962).
maiatza
30
07
Laugarren eleberria zuen Joxemi Pablo Sastrek, eta Kontuak ipuin-liburua ere argitara emana zuen. Joxemik Euskal Herria utzi behar du, Polizia segika duela, eta bidaia hasten du borrokakide batzuekin. Eta bidaia horretan hainbat herri zapaldutan egiten du geltokia, hainbat injustiziaren lekuko da. Bere idazkera blaitzen duen freskotasunaren mesedetan, ahozkotasunaren aldeko apustua egin zuen Pablo Sastrek, dialogoen bitartez istorioaren ekintza garatzen duen liburuan. Hemen daukazu Joxemi osorik.
maiatza
23
07
Inork argitaratu nahi ez eta, azkenean, Gabriel Arestiren eskutik Lur argitaletxeak 1970ean argitaratutako Haur besoetakoa nobela dakarkigu Klasikoen Gordailura. Eleberria gipuzkeraz idatzi zuen Jon Mirandek, eta 1959an Andima Ibinagabeitiari bidaltzean honela azaldu zion: “Berrogeita hamar bat orrialde dauzka makinaz joak (…); maitasunezko ipuin-berri bat da (…); koformistek eta ergelek esango lukete noski abnormal den maitakeria bat kontatu dudala (…); ez dut uste euskaldunek abegi onik egingo diotenik (…); Mitxelenari igorri nion ea Egan-en argitararazi nahi zuenentz edo beste nonbait, liburuxka baten forman, zentsurari ihes egiteko bide bat aurki baleza. Ez dit oraindik jakinarazi zerbait aurkitu duenentz; zail baino zailago izango dela irudiarazi dit ordea. Zuk beharbada Amerika horietan publikatzeko bide bat atzeman zenezake?”. Gipuzkerazko bertsio hura ere ekarri dugu Gordailura, eta bide batez baita ere Miranderen ipuinak eta narrazio itzulpenak, 1951-1963 bitartean plazaratuak.
maiatza
21
07
Gizaeuropa izeneko bi osagaiak aurkituko ditu irakurleak Joseba A. Urizar eta Omar Nabarroren Gizaeuropa (Susa, 1986) poema liburuan: gizakia eta Europa. Inoiz, Aintzina, Geroago, Oraintsu, eta Beti ataletan banatuta, Europako mitologia eta historian une garrantzitsuak izandakoen inguruko poemak dira lehen ataletakoak, beti ere gizakien iragazitik pasatutako historia. Pertsonaia historikoak dituzte oinarri hurrengo ataletan poemek: Lenin, Bertrand Russell, Friedrich Nietzsche, Albert Einstein. Europako gerrak —nolabait beti izan den bortxazko egoerak— hartzen du, azkenik, Beti izeneko azken atala. Osorik eskaintzen dizugu Gizaeuropa liburua.
maiatza
16
07
1984an kaleratu zuen, Susa argitaletxearekin, Basilika bere lehen eleberria Itxaro Bordak. Eta baita iltzeari buruan eman ere. Eleberri zuzena, indartsua, mutiria, bere garaiko gizartearen erretratu ironiko gogorra egiten du. Jon Kapagorri euskal diputatuari bururatzen zaio, herriaren aitzinatzeko, Irulegin ama birjina agerraraztea eta haren karietara basilika bat eraikitzea. Pelerin gune nagusi bihurtzeko. Ipar Euskal Herriko politika, kultura eta literatura munduko pertsonaiak, aita saindua Mystere bere hegazkinean, Kapagorri diputatua, ama birjina azaldutako Elorri… Luma zorrotztuz idatzitako testuak hasieratik bukaeraraino eramaten zaitu eleberri bikain batean. Hementxe duzu osorik.
maiatza
09
07
Lau baizen zortzi eskutara idatzi zuten Gorka Setienek, Eneko Olasagastik, Maripi Solbesek eta Ramon Agirrek Eta zergatik ez?… Sigrid poema-liburua. Susa argitaletxearekin 1983an argitaratua, hiru urte lehenagokoa da testua. Egileek diotenez, “Gazte gizarajoak, bere buruak amodioaren atzaparretan zeuden. Eta bestalde dirua irabazteko bide bakarra sari bat irabaztean ikusten zuten, eta ekin zioten lanari, gogor”, eta hain zuzen ere 1980ko Felipe Arrese Beitia poesia saria irabazi zuten. Poemarioak amaieran dakarren gutunak zehazki azaltzen du liburuaren ontze eta argitaratze prozesua. Osorik eskaintzen dizugu.
Api
25
07
XX. mende hasierako antzerkigileen artean Alfonso Maria Zabala bada nor. Dozena erdi bat lan idatzi zituen 1911tik 1919ra, komedia arin estilokoak batik bat. Horietako batzuk eskaintzen dizkizu gaur Klasikoen Gordailuak: Periyaren zalapartak (1911) eta Melitonaren bi senarrak komediak (1918), Jauregi errotako astoa (1912) bakarrizketa, eta Urruti-izketa (1918) izenekoa, telefonoaren asmakizunaren inguruan. Azken hamabost urteetan Hernaniko erretore, pentsamendu politikoz integrista zen, eta talde horretako gazteek joka zitzaten idatzi zituen antzezlan ia guztiak. Narrazioak eta dibulgazio lanak ere idatzi zituen, eta horien bilduma egin zuen Antonio Zabalak Auspoa bilduman: Gabon zar bat eta beste ipui asko.
Api
25
07
Bileterik gabe poemarioarekin plazaratu zen 1985ean Jon Mikel Arano. Bileterik gabe, apika, baina esateko gauza askorekin. Ahots indartsua, sujerentea, freskoa zekarren, Malezia sorta (Susa, 1990) bere poema liburuetan berretsi zuena. “Heriotza baina harago/ sugeak bizirik dirau / nerbioak esnatzen zaizkio, / era honetara, ez alferrik!, / maite zaitut gogoan ez / zaitudanean ere, / idazten dizut zoritxarreko, / ezin lortu askamina.” Zoritxarrez ez, zorionez idatzi idazten du. Irakur ezazu Bileterik gabe.
Api
19
07
Zolitasun eta indar espresibo berezia dute Beñat Sarasolaren poemek. Ozar eta jostaria batzuetan, arraitasun sotilekoa besteetan, kitzikaria gehienetan. Kaxa huts bat du izenburua Beñat Sarasolaren (1984, Donostia) lehen liburuak, eta Xabier Gantzarain lagun duela aurkeztuko du bihar apirilak 20 (ostirala) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Kaxa ziztrin batean kabitzen ahal diren gauza eta auzien bilduma erakutsi digu, ironiaz eta zirtoz gerturik.