Amos Tutuola hil zela 10 urte
Nigeriako Abekoutan jaio zen Amos Tutuola idazlea, 1920ko ekainaren 20an, eta duela hamar urte hil, 1997ko ekainaren 8an. Mozkor bat sasirik sasi liburuak (The Palm-Wine Drinkard, 1952) eleberriak egin zuen ezagun, eta askori Afrikako literaturaranzko interesa piztu. Ingelesez idatzi zuen Tutuolak —bere ingeles ez akademikoan—, eta bere herri yorubaren sinesmen eta mundu-ikuskera liburuetara ekartzen asmatu zuen. Maria Garikanok euskaratu zuen Mozkor bat sasirik sasi, eta Pamielarekin argitaratu 1993an. Hementxe duzue osorik.
Nekazarien semea, aitaren heriotzak ikasketak uztera behartu zuen, eta hainbat lanbide izan zituen. Bere ingelesa akastuna dela-eta, ez batere akademikoa (Maria Garikano euskarazko itzultzaileak ere oharra egiten du iburuaren atarian), izan zuen kritikarik lehen liburuak plazaratu zituenean, baita Mozkor bat sasirik sasi liburuagatik gaitzespenak ere bere herrian —Nigeriaren irudi kaxkarra ematen zuelakoan—, baina hala ere 1952an Britainia Handiko Faber and Faber argitaletxe izendunarekin The Palm-Wine Drinkard argitaratzeak literatur munduaren, Mendebaleko literatur munduaren noski, ateak ireki zizkion.
Liburu honetan, eta gerora idatzi zituen beste hainbat narrazio liburutan, yoruba herriaren sinesmen, ahozko tradizio, herri-kontakizun eta jakintza jasotzen ditu, baina egilearen iragazitik pasatu eta literatura idatziaren mundura ekarrita. Ez dira foklore bildumak, literatur lanak baizik. Horrek berari ateak ireki zizkion, Mendebaldearen mundurantz irtetea baimendu zion, baina baita Mendebaldeari Afrikako literaturan “sartzea” bideratu ere. Afrikako literaturarekiko interesa pizteko balio izan zuen garretako dugu Tutuola.
Hil berri den bere ardo-mutilaren bila Hidakoen-Hirian barneratu eta hainbat pertsonaia magiko, fantastiko eta berezi ezagutuz sasirik sasi protagonistak egingo duen bidaia kontatzen du Mozkor bat sasirik sasi liburuak. Mamu eta pertsonaia mitikoz osatutako munduetan bidaiak dira, halaber, bere hurrengo liburu batzuk ere: My Life in a Bush of Ghosts (1954), eta The Brave African Huntress (1958).
Euskaraz irakur daiteke Amos Tutuolaren lanik ezagunena, Mozkor bat sasirik sasi, Maria Garikanok euskaratua eta Pamielak 1993an kaleratua. Liburu honi buruz Gartziarena aldizkariaren 10. zenbakian izan zen komentariorik, eta Gari Berasaluzek ere egin zuen euskaratutako Afrikako literaturaz artikulu bat Susa aldizkariaren 33. zenbakian, Afrikako literaturari eskainitako zenbakian.
Amos Tutuolaren berri izan daiteke Interneten, gehiegi ez bada ere, eta hemen duzue baita ere bere lanen bibligrafia bat.
Internet:
Bibliografia:
- The Palm-Wine-Drinkard, 1952
- My Life in the Bush of Ghosts, 1955
- Simbi and the Satyr of the Dark Jungle, 1955
- The Brave African Huntress, 1958
- The Feather Woman of the Jungle, 1962
- Ajaiyi and his Inherited Poverty, 1967
- Witch-Herbalist of The Remote Town, 1981
- The Wild Hunter in the Bush of Ghosts, 1982
- Yoruba Folktales, 1986
- Pauper, Brawler and Slanderer, 1987
- The Village Witch Doctor and other Stories, 1990