Eka 25 07

E.T.A. Hoffmann, idazle fantastikoa

Musikari eta pintore jardun bazuen ere, idazle gisa ezagutzen dugu E.T.A. Hoffmann. Konigsberg-en 1776an jaioa, duela 175 urte hil zen, 1822ko ekainaren 25ean. Erromantizismoa kultur adierazpide eta pentsamendu ildo gisa nagusi zen garaikoa, berau ere mugimendu horren erreferentzia da. Idatzi zituen ipuinengatik ezaguna, genero fantastikoaren sortzaileetakoa, euskaraz irakur daiteke. 1973koa da lehen agerpena, Jesus Maria Satrustegik gazte literatura moduan itzulitako Intzaur koskailu narrazioarekin (Etorkizuna, 1973). Gerora, 1992an, Erein argitaletxeko Bartleby sailean plazaratu zen Hareetako gizona, Pello Zabaletak euskaratua eta Antton Garikanok, Ipuin fantastikoak narrazio bilduma eskaini zuen Literatura Unibertsala bilduman (Ibaizabal, 1992).

Garai hartan Prusiako mugen barruan zegoen Konigsbergen –gaur egun Kaliningrad da, Errusia–, 1776ko otsailaren 24an jaio zen Ernst Theodor Amadeus Hoffmann. Zuzenbide ikasketak egin baina hasiera batean ez zion bide horri heldu, eta laster jo zuen arte mundura. Erromantizismoaren iturrietan zuzenean edana, artista osoaren kontzeptua oso bereganatua zuen Hoffmannek, eta idazteaz gain, serio ahalegindu zen margolaritzan eta musikan ere. Pinturan ez, baina musikaren alorrean egin zuen lan merezimenduzkorik, eta bere obren artean Ondina opera (1816) aipatzekoa da.

Idazle gisa da, ordea, Hoffmann deitura ezaguna. Idazle gisa, eta zehatzago, narrazio laburren eta fantastikoen alorrean. Ipuinak idatzi zituen batez ere, eta ipuinak dira bere lanik biribilenak. Genero fantastikoaren aitzindaritzat har daiteke, bestalde. Giro gotikoak, gerora zientzia fikzioa deituko genukeenaren zantzuak, fenomeno paranormalak, pertsonaia bikoiztuak, automatak, protagonisten azterketa psikologiko zehatza… Poek, Baudelairek eta bestek izan zuten non murgildu beren lanak ondu aurretik. Hainbat bilduma ditu, elberriren bat ere bai. Horietarik ezagunak protagonista Serapion anaiak hartzen dituztenak.

Beste hainbat egileren, batez ere musikari erromantikoen inspirazio iturri izan zen Hoffmann, eta Hoffmann-en ipuin fantastikoak obra egin zuen Jacques Ofenbach-ek; Leo Delibes-en Coppelia balet ezagunak ere Hoffmannen lan bat du oinarri, eta Robert Schumannen Kreisleriana piano-obrak izen bereko ipuina du iturri. Eta, oraindik orain, 2006an Stanislav Sokolov-ek Gofmaniada marrazki bizidunetako filma egin zuen, idazle alemanaren ipuinak oinarri hartuta.

Bere lanik gehienak 1810eko hamarkadan argitartu ziren. 1822ko ekainaren 25ean, Berlinen zendu zen 1814tik aurrera epaile jardun zuen E.T.A. Hoffmannek.

Euskaraz, esan bezala, Jesus Maria Satrustegik euskaratu zuen Intzaur koskailu narrazioa, gazteentzako sailean Etorkizuna argitaletxean kaleratua 1973an. 1992an, berriz, bi liburu argitaratu ziren. Pello Zabaletak euskaratua, Anjel Lertxundiren hizaturrea duela, Hareetako gizona (Der Sandmann). Ibaizabalekin, berriz, Literatura Unibertsala bilduman, Antton Garikanok plazaratu zuen Ipuin fantastikoak, Hoffmannen sei narrazio mamitsu dakartzana.

Internet:

Bibliografia:

  • Fantasiestücke in Callots Manier (1814)
  • Die Elixiere des Teufels (1815)
  • Nachtstücke (1817)
  • Seltsame Leiden eines Theater-Direktors (1819)
  • Klein Zaches, genannt Zinnober (1819)
  • Die Serapionsbrüder (1819)
  • Prinzessin Brambilla (1820)
  • Lebensansichten des Katers Murr (1820)
  • Die Irrungen (1820)
  • Die Geheimnisse (1821)
  • Die Doppeltgänger (1821)
  • Meister Floh (1822)
  • Des Vetters Eckfenster (1822)

Agenda

Efemerideak

Kritikak