Ira
08
18
Berlingo Plötzensee espetxean urkatu zuten 1943ko irailaren 8an, duela 75 urte, Julius Fucik kazetari, idazle eta militantea. Txekoslovakiako Alderdi Komunistako kide sorreratik, kazetari lanak uztartu zizkion militantzia lanari. Eta naziek Praga okupatuz geroztik, erresistentzia lanari. 1942ko apirilean atxilotu zuten, luzaz torturatu Pragako Prankrac kartzelan, eta 1943ko udan Berlinen epaitu eta heriotzara zigortu zuten. Atxiloaldiko 13 hilabeteetan Urkamendira bideko erreportaia izenburuko diarioa idatzi zuen, atxiloaldi eta torturen kronika gordin eta latza, haren alargunak eskuratu eta 1947an argitaratua. Elena Ituartek euskaratua, Txalaparta argitaletxeak kaleratu zuen 1988an, orain osorik eskaintzen dizueguna.
Abu
30
18
Bi lagunen artean sortutako poesia-antzerkitua, antzerki-poesiatua da Autobiographikal. Bi lagun horiek Eider Perez eta Ane Zubeldia dira. Topatutako hainbat poema oihukatu, xuxurlatu edo ozenki errezitatzeko beharretik edo nahitik sortu zen Autobiographikal ikuskizuna, eta bertan hainbat poeta topatuko dugu. Euskaldunak, lehendik euskaratutakoak (Bachmann, Sapho, Storni…) eta euskarara lehen aldiz ekarritakoak. Azken hauetatik, hemen dituzu Eunice de Souza, June Jordan eta Warsan Shireren lau poema.
Abu
23
18
Gaur 150 urte jaio zen Edgar Lee Masters idazlea. Ni ez naiz hemengoa (Pamiela, 1985) liburuan Joseba Sarrionandiak hari buruz diharduela dioenez, “poeta mediokrea baizik ez zen izan bere obra gehienean, liburu bakar batean salbu. Liburu hori, Spoon River Anthology, miresgarria da, ahots poetikoaren aurkitze betea…”. Hala da, izan ere, Spoon River: poemario betea, indartsua, totala. Efemeridearen karietara, Gotzon Barandiaranek euskarara ekarri dizkigu liburuko hamar poema.
Abu
18
18
Bost hilabeteko espetxe zigorra ezarri berri dio Dareen Tatour poeta palestinarrari Tel Aviveko auzitegi batek. 2015ean sare sozialetan argitaratutako poema bategatik: Aurre egin, nire herria, aurre egiezue. Ia hiru urtez etxean giltzapean egon ostean, 2018 hasieran epaitu zuten, eta asteon jaso du epaia: indarkeria sustatzeagatik, 5 hilabete kartzelara. Itzalpera eraman duen poema euskaratu dugu, beste hirurekin batera. Hemen dituzue.
Abu
10
18
Duela 30 urteko Felipe Arrese Beitia saria eskuratu zuen Arantza Aldalurrek Hainbat gau izarrik gabe…! poemarioarekin. Hurrengo urtean Euskaltzaindiak eta BBK-k argitaratua, tristura tonua nagusitzen diren poemak dira, zu hartzaile bat dutenak maiz xede, baina negar eta samin artean, zu horrenganako loturan aurrera egiteko oinarria aurki liteke. Bigarren poema liburua zuen Aldalurrek, argitalpena izan zenetik titulua zuzenduta, orain osorik eskaintzen dizueguna.
Abu
01
18
Gaur bete ditu 30 urte Warsan Shire poeta somaliarrak, umetatik Londresen bizi denak. Idatziz landu izan ditu traumaren zirrikituak eta joan-etorrien inguruko istorioak. Bere poemak orain arte aldizkarietan eta antologietan argitaratu izan ditu baina, inon izatekotan, sarean zabaldu dira batik bat Shireren poemak. Zuzeneko ekitaldiek eta bizigai izan ohi duen aktibismoak eman diote itzala bere obrari. Horren erakusgarri dakartzagu lau poema, Garazi Ugalde Pikabeak euskaratuak. Etxea poema 31 eskutik blogean izan zen estreinakoz euskarari ekarria. Batzuetan hizkuntzak hozka egin nahi izaten dio errealitateari, halaxe idatzi zuen itzultzaileak berak orduko aurkezpenean. Migratzaileen hiltzaile garen europarron bihotzean hozka.
Uzt
31
18
Nola iragan etnologiatik literaturara jadanik hitz egiten ez den hizkera batean? Ehun urte dira erantzuna eman zigun Mariano Mendigatxa hil zela uztailaren 31 batean. Idazten duenak hizkuntzarekin daukan harremana ez da gizakiaren eta tresna baten artekoa. Idaztea garunaren eta magma baten arteko talka izan ohi da: beste idazleek, beste hiztunek, hizkuntza bera erabiltzen dutenek sortzen dituzten mundu linguistiko desberdinek baldintzatzen dute norberaren idazkera. Idazleak “tribuaren hitzak” behar ditu. Horra Mariano Mendigatxa triburik gabe, ezin ikasi, ezin imitatu, ezin harrotu. Bere euskalkian finko, garbi, hizkuntzalarien jaki. Bakartua, zahartua, ahuldua hegemonikoa bihurtzen ari den beste hizkuntzari aurre egiteko. Zer pentsatzen ote zuen, erronkariera desagertuz euskarak ez zuela deus galduko, benetako euskararen aldaera bat baino ez zelako? Zein ziren euskalduna izateko arrazoiak? Eta hala ere, bere xumean, Mendigatxak borondate bat ageri du: ipuinak eta pasadizoak kontatuz, literaturaren estatusera dakar bere mordoiloa. Oroitua, itzulia, imitatua edo aurreko igandean gertatua, berdin dio. Erronkarierak balio duela bizkaierak beste irakatsi zigun, hori da gure irakurketa egun. Eta kontzientea zela erranen genuke, bazekiela geroko euskaldunenetzat ari zela Gutun barruko istorioak kontari, eta ez Don Resurreccionentzat.
Uzt
30
18
Lotsor handien moldeko, garratz babesten zizun bihotz hunkibera, atzoko egunez zendutako Jose Maria Larreak. Politikaz ari bazekien püntotx eta gaixto izaten, baina ez zizkizun erraz aipaturen bere giharrean pairatutakoak. Literaturaz ari, erudito bat zela atxemaiten zitzaion solasean sobera luzatu behar izan gabe, baina ez haatik hantürerian goratua. Erran liteke, liburutan emandakoez beste, gure literaturaren maitale ertzotü baten aitorgoa utzi digula ezagutu genuenoi, bizitza bezain kaotikoa den izkiriatu gabeko obra eijer bat bere ele zuhurretan eta bere xehetarzün ironikoetan, biltzea merexi. Osoko lan horren aiduru, biharamuneko egunez hortxe dituzu hiru liburu laketgarri: Ixtorio-misterio andana bat narrazio bilduma (1988), Ele neumatikoak antologia (1994), eta Euskaldungoa erroizturik saiakera erreferentziazkoa (1994), hirurak ere Pamiela argitaletxe konplizeak plazaratuak. Orobat aipu izatekoak dira Larreak sortü bi literatur agerkariak: Xaguxarra (1980-81) eta Mazantini (1991-93).
Uzt
24
18
Scholastique Mukasongak, Ruandan 1956an jaioa, txiki-txikitatik ezagutu zituen muturreko bortxa egoerak jaioterrian. 1960an lekualdatua, 1973an Burundira erbesteratu zen familiarekin batera. 1992az geroztik, Frantziako Normandian bizi da. Bere lehen lanak, Inyenzi ou les Cafards autobiografikoak (2006), tutsi deportatuen arteko pasadizo tragikoak ekarri zituen gogora. Bigarren liburua, Emakume oinutsa, 2017an euskaraz argitaratu zuen ACNUR Euskal Batzordeak, Miren Agur Meaberen itzulpenean. Orain osorik irakur dezakezu sarean, Afrikako ama kementsu baten historia den liburua.
Uzt
19
18
Ehun eta hogeita bost urte Vladimir Vladimirovich Maiakovski jaio zela uztailaren 19an. Poeta, antzerkigilea, ezkerreko mugimendu artistikoaren figura nabarmena… Probokatzailea ere bai, futurismoak behar zuen bezala. Iraultzailea ordea, alegia, iraultza sobietikoari atxikia. Gizartea eraldatzeko ez bada, zertarako ote poesia? Oroz gain, edertasuna adierazteko gaitasunak definitzen du Maiakovski. Poesiatik prosara egiteko asmotan zen 1925an, nobela bati ekin behar zion. Horretarako, mundua ikusi nahi zuen aurrena: “Bidaiatzeko premia daukat. Gauza biziekiko tratuak ordezkatzen ahal dizkit irakurketa guztiak, kasik”. Munduan barrena abiaturik, Sobiet Batasunean zen atzera hiru hilabeteren buruan. Nobela ez baina kronika egin behar du, bidaian bizi izan duenari egokiago datorkio, omen, kazetaritzaren moldea. Horrela sortu zen Nik deskubritu nuen Amerika, poesia pindarrek zehatzagoa eta sarkorragoa egiten duten kontakizun zoragarria. Maisulan honen bi pasarte labur eskaintzen dizkizuegu, iraultzaile hunkibera honen omenez.
Uzt
13
18
Emakumezko idazle arabiar berritzaileen ildotik, emakumeak mundu arabiarrean izan duen eta duen egoera eta tokia ardatz dira Hanan Al-Xhaikh idazle libanoarraren literaturan. Famili-harremanak, sexualtasuna, otzantasuna… zalantzan jartzen dira eta iraultzen Al-Xhaiken eleberri eta ipuinetan. Ezkontzaren kateen aurka borrokatzen den emakume baten istorioa kontatzen duen bat euskarara ekarri digu Mikel Elorzak, Eroaldi bat, 1994ko Teilatuetan eguzkia eskobatzen bildumakoa.
Uzt
13
18
15. urtez Ean Poesia Egunak asteburuon, uztailaren 13tik (ostirala) 15era (igandea) bitartean. Jon Miranderen Haur besoetakoa lanaren irakurketa berri bat eskaini asmoz Amaia Elizalderen hitzaldiak irekiko ditu aurtengo topaketak. Ibai Atutxak Bestelako lurralde, intimitate eta Euskal Herritarrak egungo literaturan izango ditu berbagai larunbatean, Uxue Alberdiren Jenisjoplin, Eider Rodriguezen Bihotz handiegia eta Danele Sarriugarteren Azala erre lanak aztertuko ditu hitzaldian.
Larunbat eguerdian Martin Bidaur eta Juanjo Olasagarrek poesia errezitaldia egingo dute Eako moilan. Arratsaldean berriz, Metrokoadroka sormen laborategikoek Zanbuia! lana egingo dute kalean eta ostean Parrapean errezitala izango da Portusolon, Nicanor eta Violeta Parra nebarreben poema eta kantuekin. Igande goizean Mari Luz Esteban Lurra, animaliak, emakumeak: desokupazio-ariketa 5 ekitalditan aztertuz arituko da Eskolondon.
Uzt
05
18
2018ko ekainaren 30ean hogei urte bete ziren Jon Etxaide idazle handia hil zela. Izan liteke inor idazle handia sonako tituluren baten egile izan gabe? Idazlea zeri esaten diogun. Etxaidek gerra garaian eman zuen nerabezaroa, diktaduraren aurreneko “urte triunfalean” bete zituen hogei urte. Hogeita hamarrekin argitaratu zuen lehen lana, nobela hain zuzen, gaur egungo gaztea balitz bezala. Sartitzan —hitzaurrean— harrigarrizko ausardiaz eta argitasunez jarduten du garaiak behar zituen tematikak eta hizkera literarioa direla eta. Eta ondoko nobelatxoan gauzatu. Idazle osoa lehen unetik, egoeraz eta hizkuntzaz jabetua. Arturo Campionen ildoan, historian eta elezaharretan aurkitu zituen gaiak (Joanak joan, Eneko Agerroa, Begia begi truk). Gaiak ez ezik, Txillardegik eta Saizarbitoriak zaharkitu zuten kontaera ere bai, tamalez. Bere kasa, lanean eta izerdiz osatutako euskara literario guztiz baliagarria jaso genezake gaur Etxaiderenak irakurriz. Nobela historikoa maite ez duenak Amasei seme Euskalerriko saiakera atsegin eta probetxugarria irakur lezake (Kuliska sorta, 1958), eta bertsozaleek zein poesiazaleek Etxahunen bertsoak gipuzkeraz lan itzela dukete zain fondo gordeetako liburutegiren batean (Itxaropena, 1969). Hartan, Jon Miranderen pazientzia eta jakinduria mugagabea dasta lezakete Etxaideren beraren gustu onarekin batera zuberera erritmoz eta errimaz gipuzkeratzeko. Kantagarri, bai. Modu on bat izan liteke Etxahunenak behar bezala endelegatzeko ere, alegia, osorik preziatzeko! Guk Alos-Torrea (Itxaropena 1950) eskaintzen dizuegu jatorrizko bertsioan (edizio modernoan Usoa Alostorreko. Erein, 1999), Jon Etxaide idazle handiaren miresmenez.
Eka
29
18
2018ko ekainaren 28an hil da Patxi Ezkiaga. Idazle oparoa, narratiban hainbat lan egindakoa bada ere, poeta izan da Ezkiaga. Haren obrak oihartzun handiegia ez izanagatik ere, zenbait obrari darion sen lirikoa nabarmentzekoa da, literaturgintzan ez ezik, irakaskuntzan ere, didaktikaren alorrean, lan handia egindako autoreagan. Itzultzaile ere hainbat lan ekarri dizkio euskarari. Duela urtebete bere bi lehen liburuak jarri genituen online, Beldur naiz eta Aiodi herriko kantak. 1990etako bi poemario osorik paratuko ditugu oraingoan: Komediaren Jainkoa (1993) eta Udazkenerako hamar kanta (1999).
Eka
28
18
1994an ezagutu genuen Amaia Ezpeldoi detektibea, Zuberoan txertatzekoak ziren gas hodiaren barrenak aztertu eta gasaz gain bestelako arazoak lur azaleratzen. Handik bi urtera, bere bigarren abenturan, espartingintzaren matazatik atera ziren hainbat hari-muturretan korapilatuko zen. Dagoeneko dozena erdi liburutan irakur daitezke Itxaro Borda idazlearen lumatik sortutako detektibearen ikerketak, eta haiekin batera baita pertsonaiaren bizitza-bilakaera ere. Bakean ützi arte eta Bizi nizano munduan izan ziren lehen bi eleberriak, orain osorik eskaintzen ditugunak