Asteon hil da Nanni Balestrini idazlea, maiatzaren 20an. Militante politikoa izanik Italiako 1968an parte hartu zuen. Novissimi eta Gruppo 63 neoabangoardietako kidea izan zen. 1977ko mugimenduaren ostean erbestearen eta espetxearen artean hautatu behar izan zuen. Baina idazten jarraitu zuen. Euskaraz, Ikustezinak liburu ezaguneko pasarte bat ekarri zuen euskarara Joserra Utretxek 1990ko martxoan plazaratutako Susa 25 aldizkarian. Hedoi Etxartek, Sinplistak liburua aurkezteko osatu zuten fantzine bateko Balestrinien testu baten itzulpena eskaini digu: Gutuna nire irakurle esperientziagabe eta baketsuari. Testu hori La violenza ilustratta libururako hitzaurre moduan idatzi zuen Balestrinik.
Gaur aurkeztuko du Miren Agur MeabekHezurren erretura izeneko bere azken liburua. Oroitzapenetan —eskola-egunetan, familia giroan, jolasetan…— bilatu ditu Meaberen narrazioetako protagonistak bere nortasunaren lorratzak. Onartzen ditu denboraren joanak emandako gal-irabaziak. Badaki bereizten bizitzari zer eskatu eta zer ez. Babak eltzetik ateratzen ikasi du. Bere egin du falta direnen absentzia. Ez du sinesten amodioaren balio absolutuan, nahiz eta azken aukera eman maite-kontuei. Ezagun zaizkio beste andre batzuen irrikak eta beldurrak. Ez du galdu ironiaren ufada. Eta bakardadeak eman dio hazten jarraitzeko azken bultzada.
Literaturiaren edizio berri bat izango dugu asteburu honetan Zarautzen. Ostiraletik igandera literaturarekin lotutako emanaldi, liburu aurkezpen, hitzaldi eta tailerrak izango dira herriko gune ezberdinetan. Urtero bezala, aurten ere larunbatean -goiz eta arratsalde- eta igande goizean liburu azoka izango da Musika plazan. Susa argitaletxeak udaberriko nobedadeak zuzenean aurkezteaz gain, katalogoko liburuak izango ditu eskuragai literaturzalearentzat. Jose Luis Otamendik eta Iñigo Astizek errezitaldiak egingo dituzte Garoa liburudendan Disoluzio agiriak eta Analfabetoa poema liburuak aurkezteko; Beñat Sarasolak Uxue Apaolazarekin egingo du solasaldia Deklaratzekorik ez nobelaren gainean eta Miren Agur Meabek Josune Muñozekin batera aurkeztuko du Hezurren erretura narrazio liburu berria. Garazi Arrulak eta Ion Olanok Idea Vilariño eta Cesare Paveseren Munduko poesia kaierak aurkeztuko dituzte igande goizean.
Baita hondakinak ere argitaratu zuenetik zazpi urte igaro direnean ikusiko du argia Iñigo Astizen bigarren poema liburuak. Analfabetoa. Denok gara analfabeto iberieraz idatzitako inskripzio baten aurrean, baina horrek ez du esan nahi gaur egun inguratzen gaituzten mezuak osotasunean ulertzen ditugunik. Hain zuzen ere, kodeak, zeinuak ulertzeko saiakerak —batzuetan ezintasunak, beste batzuetan ulertzeak ematen duen poz txikiak— zeharkatzen du Astizen liburua. Maiatzaren 8an aurkeztuko du, Donostiako Pandora tabernan.
1919ko maiatzaren 3an jaio zen Pete Seeger kantari estatubatuarra. Mundu osoan oihartzun egiten du bere kantagintzak eta Euskal Herrian ere sonatuak izan ziren bere kantu eta aldarriak. Duela bost urte hil zenean 13 kantu euskaratu zituen Josu Landak eta Emailu batean eman genituen; beranduago, Harkaitz Canok ere 13 kantu euskaratu zituen Lou Topet kantariaren proiektu baterako. Pello Zubiriak Zaborra kantua euskaratu zuen 2003an.
Zu naiz ni zara izenburuarekin dator aurtengo Literaturia, maiatzaren 10etik 12ra bitartean Zarautzen. Jenisjoplin Uxue Alberdiren nobelaren jendaurreko irakurraldiarekin hasiko da Zarauzko Modelo aretoan maiatzaren 10ean, ostiral arratsaldean. Iñigo Astizen Manifestua iragarri dute gero egitarauan.
Larunbatean, egun osoan zehar Garoa liburudendan azken nobedadeak aurkeztuko dituzte idazle hauek: Patxi Zubizarreta, Ione Gorostarzu, Aintzane Usandizaga, Miren Amuriza, Miren Agur Meabe, Iñigo Astiz, Jose Luis Otamendi, Beñat Sarasola, Ainara Maia eta Miel Anjel Elustondo. Biharamunean berriz; Idea Vilariño eta Cesare Paveseren Munduko poesia kaierak, Mayi Peloti buruzko liburua edota Edu Zelaietaren Mundutik mundua aurkeztuko dira.
Anjel Lertxundi omenduko dute larunbat eguerdian Otto Pette eleberriaren 25. urteurrena ospatzeko, Patxi Santamariaren performancea eta brindisa txakolinarekin. Igandean berriz, Salbatore Mitxelenaren jaiotzaren 100. urteurrena dela eta solasean arituko dira Anjel Lertxundi eta Lourdes Otaegi maiatzaren 12an (igandea) 13:30ean Zarauzko Modelo aretoan.
Larunbatean goiz eta arratsaldez, eta igande goizean euskal argitaletxeen liburu azoka izango da Musika plazan. Literaturiaren egitarau osoa, hementxe.
1937ko apirilaren 26an bonbardatu zuten Gernika. Eta idatzi zaio Gernikari. Idatzi dute euskal idazleek, eta idatzi ere munduan barrena. Faxisten bonbek suntsitutako Gernikan bertan atxilotu zuten Lauaxeta ere, handik lasterrera fusilatu Gasteizen. Gernikari idatzitakoak ekarri gura izan ditugu, gogoratu, eta irakurleari eskeini. 1987ko apirilean Susa aldizkariak Gernika ale berezia plazaratu zuen eta bertan Jose Luis Otamendik, Iñigo Aranbarrik, Mikel Antzak, Edorta Jimenez, Xabier Mendiguren edo Xabier Montoiak. Nazioarteko idazleen lanak euskaratu eta gerrari lotutako pasarte literarioak argitaratu zituzten.
Poetek Lauaxetari
Esteban Urkiaga Lauaxetari ere asko dira idatzi dioten poetak: Salbatore Mitxelena, Gabriel Aresti, Bernardo Atxaga, Ibon Sarasola, Xabier Montoia, Iñigo Aranbarri, Omar Nabarro, Koldo Izagirre eta bestek idatzitako poemak batuak dauzkagu Lauaxeta fusilatu zuteneko 80. urteurreneko albiste honetan.
Herioaren hegala Iñigo Aranbarri idazleak hitzaldi berezia prestatu zuen 2012an Durangon burutu zen Literatura Eskolarako. Eta hitzaldia liburu bezala argitaratu zen gero. Isiltasunari ostutako testuak aipatzen ditu berak. Bonbapean sortutako literatura batzen du testuak. Munduan izan diren Durango eta Gernika ezberdinak.
Gunter Grass eta Eduardo Galeano
2015eko apirilaren 13an zendu dira bi idazle handi, Eduardo Galeano eta Gunter Grass. Hiltzeko egunaz gain, badute beste elementu komunik: biek izan zuten aipagai Gernikako bonbardaketa. Nire mendea liburuko pasarte batean Grassek, eta Ispiluak eta Boca del Tiempo liburuetako banatan Galeanok. Hementxe eskaintzen dizkizuegu hirurak.
Susako liburuetan
Xabier Montoiaren Gasteizko hondartzak liburuan Ikatza bezain beltz ipuina , Edorta Jimenezen Kilkerren hotsak nobela eta bereziki 9. kapitulua, Lutxo Egiaren Paperezko hegazkinak nobelan Gernikak protagonismo berezia du pasarte honetan. Koldo Izagirreren Parisen bizi naiz poema liburuko Bilbo horrela hasten da: erre dugula gernika / irratian peredika / beraiek eta hitleranoek / egin dutena erdika hegazkinak hor inguru / alarmek jo dute ulu / gernika ketan utzita orain / bilbo daukate helburu.
Beste lau ipuin eskaintzen dizkigu ipuina.eus atariak, lau narrazio arras desberdin. Zaharrena Pedro Mari Otañorena da, Buenos Airesko La Baskonia aldizkarian argitaratua. Dirua ez irabaziagatik galgarri ez delakoan, bertsolaritzari utzi ezin dionaz diharduAhuntzak larrera ipuinean zizurkildarrak, amaieran ikaskizuna ekarrita ere, kontakizun modernoa izan daitekeen horretan. Klasikoagoa da Bingen Aizkibelena, 1917koa, euskal anai-arreben arteko gatazkan adiskidantzaren aldarria egin nahi duena, Iturmendiko zoroa. Lauaxetaren narrazioa dugu Betiko, 1932ko kontakizun soila, Euzkadi agerkarian publikatua, hondartzara egindako txango bat aitzakia, gizon-emakumeen harremanez diharduena. Poesian landu zuen modernotasuna gaiaren lanketan ageri ez duena, bidenabar esanda. Baina gaurkotasuna laugarrenean dugu, Laura Mintegiren Teresanarrazioan. 30 urteren ondoren egungotasunik galdu ez duena, espaloian kartoietan bizi den Teresaz eta haren bitartez jendartearen bazter batetaz diharduena, estiloz eta kontakeraz ausart.
Beste behin, eta badira 36 edizio dagoeneko, Sarako idazleen biltzarra ospatuko da. Aurtengoan bi egun hartuko ditu biltzarrak Sarako kiroldegian eta bere liburuekin izango dira idazleak apirilaren 22an eta 23an. Ekitaldi sorta oparoa izango da astelehen eta asteartez eta besteak beste egitarauko zenbait saio ekarri ditugu hona. Itxaro Bordak eta Severine Dabadie argazkilariak Poema bat da herri hau liburua aurkeztuko dute Elkar argitaletxearen eskutik. Pamiela argitaletxeko nobedadeak aurkeztuko dituzte Juan Carlos Etxegoien Xamar eta Kepa Altonaga idazleek: Etxera bidean eta Douvoisin kapitainaren malura. Xabi Erkizia, Arantxa Iturbe eta Lucas Rullok berriz idazleen ahotsak bilduz sortutako Afoniak emanaldi berezia eskainiko dute. Itziar Madinak XXI. mendeko euskal literatura aztertuko du eta Euskal idazleen elkarteko Garbiñe Ubedak eta Peru Iparragirrek hitzaldi bana emango dute elkartearen izenean. Azkenik euskarazko irakurketa nola sustatu asmatzen saiatuko dira Lierni Arizaga kazetaria, Maider Bexagar liburuzaina, Peio D’Uhalt editorea, Lucien Etxezaharreta idazlea eta Maiatz argitaletxeko kidea eta Baionako Mediatekako Gilles Riviere liburuzaina.
Datozen asteotan kaleratuko da Analfabetoa, Iñigo Astizen bigarren poema liburua. 2012an argitaratu zuen estreinakoa, Baita hondakinak ere. Orduko poemak oinarri hartuta, Hondakindegia eskaini zuen 2014an, Mikel Ayerberekin batera. Performancea ere izan zen errezital hartatik erreskatatu ditugu zortzi poemok:
Parisko Andre Maria 1482 izenburuarekin argitaratu zen Victor Hugoren nobela 1931ko martxoaren 16an, aurrena hiru kapitulu kenduta eta urtebete geroago osorik. Lan honetan Notre Dame katedrala bipildu egiten da, eta aste honetako sutearen karietara 1997an Iñaki Azkunek Erein argitaletxean argiratu zuen euskarazko bertsioa ekarri gura izan dugu gogora.
Apirilaren hasieran 25 urte bete dira Ruandako genozidioa abiatu zela. Hiru hilabetez, 800.000 pertsona hil zituzten tutsi eta hutuena baino areagokoa izan zen gatazkan, potentzia kolonialen baimenarekin. 1998an «Rwanda: écrire par devoir de mémoire» ekimena egin zuten 10 idazle afrikarrek, eta horren harira genozidioari buruzko lehen eleberria osatu zuen Boubacar Boris Diop idazle eta kazetari senegaldarrak: Murambi, le livre des ossements. Efemeridearen karietara, liburuko bi kapituludakartzagu, Mikel Elorzak euskaratuta.
Duela 20 urte, Pasaiako Hiria saria irabazi eta eman zuen argitara bere lehen poema liburua Pello Otxotekok: Haraindiko begiradaren bila. Sendotu den poemagintza bideari hasiera emanda, gerora landu izan dituen eremu lirikoak agertzen dira lehen poemario honetan. Jose Luis Padronek liburuaren sarreran dioenez, “argiaren eta itzalaren irri-joku eta geldiezinezko pausuak erakusten dizkigu. Begiradaren argia eta itzala agertzen du. Egunero. Gauero. Eguna itzaldu aurretik. Gaua argitu aurretik”. Hemen du osorik, murgildu nahi duenak.
Bere garaiko eta geroko iritziek bat egiten dute Errose Bustintzak ipuinak egiteko duen trebetasuna goratzen. 1930eko hamarkadan, batik bat, eman zituen argitara aldizkarietan, 90era arte liburuan bildu ez zirenak. Haren Gizona gizontxo (Euzkadi, 1935) da ipuina.eus atariak martxoan eskaintzen dituen ipuinetarik bat, emakumezkoaren ahotsa ageri duena erabat gizonezko mundu batean, ipuinaren moraleja halakoa izanagatik ere. XIX. mendean hainbat lan eta egileren plataforma izan zen Euskal-Erria aldizkarian plazaratu zuen Karmelo Etxegaraik, 1888an, Malko bedeinkatuak, kostunbrismo beteko ipuina, estilo gozoan idatzia. El Bidasoa-n 1955ean argitara emana, Arrats gorri narrazioan 36ko gerra eta zehazki Irungo borroken inguruko kronika dagi idazten ez ezik margogintzan nabarmendutako Antonio Valverde Ayalde-k. 1972koa dugu azkena, urte hori izenburuan zeraman liburu kolektiboan argitaratua, Ibon Sarasolaren Oroitzapen desmemorituaren egunek II. Ipuingintza eta orokorrean gure literatura gaur egunera —gaietan, estiloan, pertsonaietan…—jauzia eman zuen garaikoa.
Uruguaiko “45ko Belaunaldia” deritzoneko poeta handienetako bat izan zen Idea Vilariño. Belaunaldi kide gizonezkoen (Juan Carlos Onetti, Mario Benedetti) gerizpean egona urtetan, poesia idazteko dohain berezia erakutsi zuen gaztetatik. Mota ugaritako poemak idatzi zituen, amodio eta desamodiozko poema ederretatik soslai sozialagoa duteneraino, baina bikaintasunez beti. Poeta ez ezik itzultzaile aparta izan zen halaber. Garazi Arrulak euskaratutako poemak bildu ditugu Idea Vilariñoren kaieran.