Eka 05 19

Poesiaren pausa

Ean, 2019ko ekainean

PAUSATU BEHARRA DAGO

Pausatu beharra dago igartzeko zertan ari garen. Albo baterantz egin beharra dago, edo hobe esanda, alboetarantz; bazterretatik hobeto antzematen baita zentralitatea. Zurrunbilotik at kokatu, eta zikloek bidea egin dezaten utzi. Edo akaso, zirkuluaren hasierara itzuli, geure buruari patxadaz erreparatzeko, nola ari garen ikusteko, tresnak berritzeko, birpentsatzeko… Poesia Egunen bide honetan gorpuztu ditugun egiteko-modu ezberdinak ikusteko, oharkabean ala oharturik. Poesia Egunak bidean eraiki eta deseraiki baitira, eta geu, antolatzaileok, bide horretan ere eraiki eta deseraiki dugu gure jarduna, batzuetan kontzienteki, beste batzuetan zurrunbiloak harrapaturik.

OREKAREN SOKATIK TIRAKA

2004an ekin genion bideari, egun bakarreko ekimenarekin: Gabriel Arestiren Eguna. Omenaldia egin nahi genion, Eako herritarrok Arestirekiko zorrak kitatu nahi genituen, bere obra ezagutaraziz, herrian bertan bere obraren oihartzuna biziaraziz. Asmo hura handituz joan da. Urterik urte, Poesia Egunak Gabriel Arestiren etxEA izan dira. Etxe horretako zutabe guztiak kuestionatu ditugu denon artean. Poesia mailu bat da? galdetzen genuen 2005ean. EtxEA sendotu, berriztu, eta edertu egin dugu urte guzti hauetan, leihoak ireki dizkiogu. Oreka izan dugu iparrorratzetariko bat antolakuntzan, eta ekilibrista-lanak egin ditugu bi muturren arteko ikuspegi artistikoak gurera biltzeko: batetik, ekimen herrikoia antolatzea izan dugu jomugan; bestetik, berritzaile izateko bokazioa ere izan dugu. Bi ikuspegi artistiko horiek, herrikoitasuna eta berrikuntza, izan ziren Gabriel Arestiren sorkuntzan iparrorratz.

ESPIRITU BERRITZAILEA GURE ARNASGUNE

Tradiziotik abiatu eta ikuspegi berritzaileen elkargune izan dira Eako Poesia Egunak, adierazpideetan zein euskarrietan. Arriskua hartu dugu, eta Euskal Herriko agertoki artistiko eta literario ohikoenetan antolatuko ez zituzten egitasmo poetiko-artistikoak ekarri ditugu gurera. Poesia beste diziplina artistikoekin harremanetan jarri dugu, eta poesia-errezitaldiak ez ezik, askotariko agerpenek hartu dute herria: kontzertuak, antzerkiak, perfomanceak, solasaldiak… Horiek guztiek elikatu dute poesia-gogoa eta agerrarazi dute izan badela kultur ikuspegi berritzaile zein esperimentaletarako goserik kulturzaleon artean.

SORKUNTZA POETIKOAREN PORTU

Poesia izan dugu adierazpide eta gogoetagai nagusi; poetikotasuna izan da gure zehar-lerroa, gure sarea, gure portua. Eako herriak Poesia Egun hauetan genero poetikoari ahotsa eman dio, eta urtean zehar argitaraturiko poema-liburuak eta proposamen poetikoak ikusarazteko gune bilakatu da. 2010ean, Poesia hilda dago baina ez naiz ni izan kezkak ardaztu zuen egitaraua. Batzuetan badirudi poesiak bide egiteko ikuskizuna izan behar duela akuilu, eta gogoeta horretatik egin genuen tira 2012an, Poesia hutsa ala azukreagaz lelopean. Era berean, poesiak espazioak hartzeko dituen zailtasunez aritu ginen 2015ean, Poesia ezin da kabitu baieztapenari tiraka. Esan genuen 2018an, Lurra sustraietatik orri, ziur gaude poesiak zirrikituak ere bilatuko dituela harri artean ere, eta portu berrietan egingo duela habi.

IREKITASUNA ETA ZABALTASUNA

Lehen egunetik kultur espazio irekia eta zabala sortzea izan da gure bokazioa. Eako Poesia Egunak ezberdinen arteko enkontrua bilakatu dira. Korronte anitzetako sortzaileei egin nahi izan diegu lekua. Askatasun horrek eman du bere fruitua, pentsamendu kritikoak egin du bere bidea gurean.

ALBO-BEGIRADAREN TALAIATIK

Bidean sinergiak sortu dira; espazio berezia bertaratutako eta bertakoentzat; aurretiaz idatzita egon gabe, jakin gabe noraino edo noizarte. Orain, alboetarantz egin, pausatu, eta zazpi arrasto bildu ditugu, Eako Poesia Egunak posible egin duzuen guztiei esker onez.

1. Kultur plaza bihurtu da Ea. Poesiazaleak, literaturazaleak eta kulturazaleak. Publiko fidela izan dugu, urtero-urtero hurbildu dena, eta Eako Poesia Egunen sarea osatzeko funtsezko izan direnak. Bere txikitasunean kultur esparruan Euskal Herriko bazter guztietatik eta euskaraz hurbildu zaizkigu sortzaileak.

2.Berbiek berbie dakar. Bertarako sortu eta bertatik abiatu da hitza. Urtero proposatutako gaietatik abiatuta, hizlariek propio sortu dituzte hitzaldiak. Hitz horiek hitza ekarri dute. 2011n Berban gora iturriaren bila joan ginen, eta 2014an Hamaika eta bat Ea poesiari eman genizkion. Gerora ere, zer esanik, zer idatzirik, eta zer iritzirik.

3. Espazio naturalak kultur plaza bihurturik. Errezitaldi eta ekimen artistikoen agertoki bilakatu ditugu herriko natura-guneak: itsasertza, Bedarona eta Natxitua auzoak… Natura-guneak askotan testuinguru poetikoaren protagonista izan dira. Inguruak mugitu gaitu gunez gune eta inguruari esker sortu dira hainbat bizipen ahaztezin. Esan genuen 2016an, Eta paisaia hitz egin zen.

4. Formatu finkoa. Urteek aurrera egin ahala, formatua finkatu egin da. Poesia egunek uztaileko hirugarren asteburua okupatu dute gure agendan. Ekimenek hezurdura propioa hartu dute urteekin.

5. Artelanei lekua egin. Estetika bat errotu da karteletan zein esku-orrietan. Bertako margolari- aren grabatu eta margolanek jantzi dituzte kartelak, baita Harrikadie esku-orria eta Zaldiarri liburuxka ere. Grabatu horren ale bana jaso dute parte-hartzaileek oparitzat urtero, oroigarri gisa. Gainera, Eara etorritako artisten interbentzioak ere izan ditugu gurean poesia egunekin bat eginda.

6. Feminismoak etxea hartu du. Gora egin du emakume sortzaileen kopuruak eta parte-hartzaileen artean ere gero eta emakume gehiago izan dugu. Urteetan, emakume gonbidatuak kanpotik ekarri ditugu gurera eta euskarara. 2007an lekua egin zuen Emakumearen unibertsoak literaturan, eta ordutik hona genero-ikuspegia hizpide izan dute hainbat ekitaldik, hitzaldik edo mahai-inguruk.

7. Zaldiarri. Propio Earako egindako hainbat testurekin argitaratu da Zaldiarri bilduma. Sinergiak sortu ditugu artelan eta hitzaldien artean, beren beregizko testu eta diseinuekin.

PORROT EDER BAT DA ADIOA

Pausatu, ziklo baten amaiera heldu dela sentitzen dugulako.
Pausatu, eraldatzeko gaitasuna ez agortzeko.
Pausatu, berritzaile izateak haustura dakarrelako.
Pausatu, garai berriek modu berriak eta gogo berriak eskatzen dituztelako.
Pausatu, hutsunea eta zuloa sentitzeko eta sentiarazteko.
Pausatu, euskaraz sortutako eta euskarara ekarritako kulturan sinesten dugulako.
Pausatu, literatur plazan konfiantza osoa dugulako, mila adierazpidetan berreraikiko dela badakigulako.
Pausatu, kultura ez delako kudeaketa hutsa.
Pausatu, kultura etengabeko mugimenduan bizi delako.

ESKERRAK EMAN, DANA EMON JAKOLAKO.

Zuei, bertakooi zein gurera urtez urte etorri zareten sortzaile, hizlari, ilustratzaile, bidelagun, artista, editore eta zaletuoi. Guztiok izan gara ezinbesteko. Eskerrak zuei.
Hala ere, Eako Poesia Egunak ez dira derrigorrezkoak izan ezta izango euskaraz egiten den kulturak aurrera egin dezan.
Pausatu eta arnasa hartu.

HARIA ETEN, BIDE BERRIAK JOSTEKO

Zulo beltzaren gainean salto egin, eta zuritasun lauari aurre egiteko energia badugu oraindik. Hamabost urteotan zehar jositako haria eten, eta beste hari bati jarraitzeko intuizioa eta gogoa jaio zaizkigu eta laster helduko diogu hari berri horri. Hari zaharra eten behar, tenk, eta minez bada ere, agur esan behar diegu Eako Poesia Egunei. Minez, baina pozarren, ibilbide luze honetan ikasitakoagatik, eta utzitako arrastoagatik. Minez, baina gogoz, gorputzak atsedena eskatzen digulako, eta buruak egitasmo berrietan arakatzeko gogoa.
Poesiazale, elkartuko gaitu kultur plazak, egon ziur, eta beste hari batzuk korapilatuko ditugu elkarrekin, baita orri zuri berriekin jolastu ere.

Agenda

Efemerideak

Kritikak