80 urte bete zituenean, luzez gordean izandako libreta gris bat erakutsi eta “egin nahi duzuna” esan zion amaginarrebak Alberto Barandiaran Amillanori. Honek ziztuan ulertu zion esaten ari zitzaiona: “Egin ezazu zerbait“. Libreta hura Luis Fernandez Arregirena zen, Errepublikaren kontra 1936an altxatu zen anaia zaharrenarena. Lemoaitzen hil zuten arteko gerra ibilerak idatzita zituen han. Eta libretaren lerroen artean, galderak ondorengoentzat: zerk eraman zuen udal idazkari izan nahi zuen 18 urteko gazte hura Falangen izena ematera? Zerk, aurretik EAJn militatu zuen hura, garaiko Altsasun halako tradiziorik ezagutu gabea zena?
Haren arrastoari segika abiatu zuen erreportaje-kronika hau Barandiaranek. Artean ez zekien, ordea, beste izen bat aterako zitzaiola bidera: Pablo Amillano Baztan. Bere aitona falangista. Sarean osorik daukazu irakurgai.
Alberto Barandiaran Amillano idazlearen GUREA FALANGISTA ZEN liburuari buruz sarean argitaratzen ari den guztia. https://t.co/rmmucTlAgW
Zerua eta suaHedoi Etxartek plazaratuko duen Sortaldekoak poema liburuaren preludioa da: liburu guztian zehar dauden aipuekin osatuta daude hitzak eta irudietan poemetan agertzen diren objektuak, keinuak eta bulkadak daude. Ion Celestino eta Moisés No Duerme izan dira soinuzko piezaren buru eta Arrigurikoak ikus-entzunezkoarenean, denera 15 lagunek parte hartu dute. Sortaldekoak liburua urriaren 14ean aurkeztuko du Hedoi Etxartek Susa literatura argitaletxearekin.
Iragan asteburuan pasatu da aurtengo Literaturia, euskal letren plaza, Zarautzen. Sarrerako errezitala Lutxo Egiak egin zuen, Itzalak izenekoa. Ez alferrik, “Itzala, hitzaren ahala” zuen leloa aurtengo ekitaldiak. Aurrez aurre gozatu ahal izan genuen hura, orain gutienik testuz irakurtzen ahalko duzue.
Euskarak eman duen poema liburu ederrenen artean eder, Lizardiren Bihotz-begietan da eragin handiena izan duen obra euskal poesian: ia mende osoa pasatu da argitaratu zenetik eta ordutik honako euskal poesia ezin da ulertu Lizardi gabe. Lizardiren ahaleginak munduaren ikuskera ugaritu nahi luke eta poesia egiteko darabilen hizkuntza berrituz duindu, duinduz aberastu. Horren atzetik dabil poeta, jakite-hegoek igotako hizkera poetiko baten bila. Poeta jaio zeneko 125. urtemugan, jatorrizko testua egungo ortografia estandarrera ekarri dugu, Anjel Lertxundiren hitzaurrearekin, Zuhar Iruretagoiena artistaren esku hartzearekin eta, eranskin gisa, jatorrizko edizioa gehituta; guztia, Lizardiren poetikari irakurleak batzeko gogoz. Osorik irakur dezakezue sarean.
Heriotza hartu zuen kantagai bere bizitzaren azken zatian Jaroslav Seifert poetak. Heriotza, bizitzari kantatzeko, bizitzaren aldarria egiteko: “Baina nire bizitza hala bota, / ezertarako ez – hori, / ez dut egingo“, dio Izurri zutabea poema ederrean. XX. mendea bere herriarekin batera gurutzatu zuen idazlea, Txekiako idazle belaunaldi baten nolabaiteko ordezkari 1984an Nobel saria jaso zuenean, jaio zela 120 urte bete direlarik irailaren 23an, Iñigo Astizek, lan bikain askoan, euskarari ekarritako Seifert-en 14 poema dakartzagu.
Literaturiaren edizio berri bat egingo da irailaren 24tik 226ra bitartean Zarautzen, Itzala, hitzaren ahala lemapean. Lutxo Egia idazleak irakurriko du hasierako manifestua ostiral arratsaldean, eta ekitaldi sorta oparo bati emango zaio hasiera horrela.
Bere obrarekin erabat engaiaturiko idazlea izan da Alfonso Sastre, eta horren ondorioz, bizi izan zuen garai eta borrokekin. Ekintzaile antifrankista, askatasunaren aldeko langile Franco hil ondorenean ere, dramaturgoa da, ororen gainetik, Sastre. Antzerki-mugimendu eta konpainien sortzaile eta sustatzaile, XX. mendeko bigarren erdialdeko antzerkigintza modernoa zeharkatzen du bere obrak, salaketa, aktibismoa eta oholtza gaineko grina batuz bere testuetan. Espainiako antzerkigintzan izen ezinbestekoa, aspaldi euskal herritartutako autorearen zenbait lan ekarriak izan zaizkio euskarari, eta gaur, haren heriotzaren karietara, haietako lau hemen eskaintzen dizkizuegu: Bazterrean utzitako panpinaren istorioa (Antzerti, 1983); Ez da pale egiteko ordua (Susa, 1986); Gillermo Tellek triste ditu begiak (Hiru, 1990); eta Komando baten analisia (EIZIE, 2002).
Poesia ez zela bakarrik sentimendu bat, tripako mina ere bazela, borroka baten elea, defendatu zuen Manex Erdozaintzi-Etxartek, eta haren obran islatzen da, baina era berean bide liriko bat ere jorratu zuen, irakutzearen plazerak gidatuta. Bide horretan, arnas handiko poema luzea ondu zuen, Herri honen erraietan (Maiatz, 1985). Estiloz diskurtsiboa, gizarte libre baten nahia sumatzen du herriaren erraietan, eta poeta da erdi-minetan den populuaren emagina, Koldo Izagirrek haren antologiari egindako sarreran azaldu bezala. Osorik eskaintzen dizuegu.
Kazetari, ezkerreko aktibista politiko eta idazlea izan zen Katharine Susannah Prichard (1883-1969). Haurtzaroan Fijitik Melbournera aldatua, unibertsitate-ikasketarik egin ezinik, etxe-irakasle gisa jardun zuen gaztetxotan. Gerora, kazetari-lanetan hasi zen eta 1908an Londresera joan zen, eta freelance gisa lan egin zuen, baita Parisen, Ameriketako Estatu Batuetan eta Asian ere. 1916an itzuli zen Australiara. Australiako Alderdi Komunistaren sortzaileetako bat izan zen, eta bizitza osoan jardun zuen justizia sozialaren aldeko ekimenetan, ezkerreko emakumeen taldeetan eta idazle-elkarteetan. Hainbat eleberriren egilea (The Pioneers izan zen arrakastatsuena), ipuinak, poesia eta antzerki-lanak ere idatzi zituen. Baita testu espreski politikoak ere, Espainiako Errepublikaren alde, kasu. Autoreak arreta berezia jarri zuen herri aborigenen eta emakumeen zapalkuntza-egoera bere lanetan islatzen eta salatzen, eta haren lanak mende hasierako narraziogintza sozialean kokatu ohi dira. Jone Makazaga Irurtiak euskarara ekarri digun Ihesaldia (Flight, 1938), adibidez, beren familietatik erauzitako neskatila natiboen inguruko narrazio indartsua da.
2012ko ekainean sortu zen, lagun talde baten ekimenez, Edo! argitaletxea. Eta bost urtean 16 lan eman zituen argitara harpidedun eta lankideen borondatezko lanean oinarritutako argitaletxe honek, artea eta ilustrazioari lotutako hainbat lan tartean. Eta Karmele? izan zen argitara eman zutenetako lehenetakoa, Samara Veltek idatzitako antzezlana, eta Edotafioa azkena, 2017ko azaroan haien ibilbideari amaiera eman zion despedidako testua. Biak eskaintzen dizkizuegu.
Duela 40 urte hil zen, 1981eko abuztuaren 17an, Mariama Bâ, Senegalgo idazle eta ekintzaile feminista. Emakumearen egoera eta tradizioek horretan duten eragina salatu zuenBâk, eta nagusiki ezaguna da Hain gutun luzea eleberriagatik. Narrazio indartsua, Afrikar literatura garaikidearen ikurretako bat, tradizioa eta modernitatea, arlo publikoa eta pribatua hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen digu liburuak. Poligamiaren esperientziatik abiatuta, Ramatulayeren ahotsak garai hartako Senegalgo emakumeen istorioa eta historia gorpuzten ditu. Iokin Otaegik euskaratuta, edo! argitaletxeak plazaratu eta orain osorik eskaintzen dizuegu Hain gutun luzea.
Abuztuaren 29a bitarte, Kepa AkixoZigor eskultore eta argazkilariak “Egu iturria” izeneko erakusketa du Miarritzeko Bellevue jauregian. Hatsaren Poesia ekinaldiko ohiko kolaboratzailea, Miarritzeko erakusketan ere poema laburrak ez dira eskas. Baina obra moduan orain arte kaleratu duen behinekoena Zoro garaia izan zen, 1992an Maiatz argitaletxeak emana, orain osorik irakurtzeko moduan paratu dizueguna. Eskultorearen gisan ari zaigu poemotan ere Akixo, eleak zizelkatuz bezala.
Gaurko egunez, duela 13 urte, hil zen Mahmud Darwish, palestinarren poeta nazionaltzat jo izan dena. Haren mezu poetikoaren indarragatik, eta Palestinako herriaren eguneroko sufrimenduaren eta umiliazioaren testigantza zuzena emateagatik, Israelgo agintariek konfinamenduak eta espetxeratzeak sufriarazi zizkioten. Orain arte ere, bagenuen Darwishen poema ugari euskaraz gozatzeko aukera, baina oraingoan beste bederatzi poema gehiago ekarri dizkigu euskarara Xabier Bovedak, Idatz&Mintz aldizkariaren 70. zenbakian.
Indartsu segitzen du Booktegi webguneak lanean, ebook formatuan eskainiz literatura piezak. Munduko ahots unibertsal horietako bi ekarri ditu berriki: Saki eta John Berger britainiarrak. Nemesisen jaia euskaratu du Ana Moralesek, egun seinalatuetako opariak direla-eta gizarte konbentzioei buruzko Sakiren narrazioa. Amaia Apalauza Ollok, berriz, Bergerren Harriak ekarri dio euskarari, Palestinako gatazkari buruzko kronika-artikulu ederra.
Virginie Despentes-ek, frantsesez idatzitako literaturaren enfant terrible-ak, 2015. urtean argitaratu zuen Vernon Subutex trilogiaren lehenengo atala. Gaur egungo Parisen kokatua, nobela koral honetan Despentesek klase sozial, sexualitate eta adin anitzeko pertsonaia mordoaren testigantzak jasotzen ditu, hondoratzen ari den ongizatearen gizartearen irudi kaleidoskopiko bat sortuz. Eta hemen dakarzkizuegu Vernon Subutex 2 liburutik ateratako bi pasarte, bi boz: ezkerreko mugimendu politikoarekin desenkantatuta bizi den Loïc gaztea eta Marie Ange, emozio eta bizitza krisi bat sufritzen ari dena, Ane de la Presa Urturik euskaratuta.