1908ko urtarrilaren 31an jaio zen Atahualpa YupankiArgentinan. Amerindiar jatorriko argentinarra zuen aita eta ama berriz gipuzkoar jatorrikoa, Higinia Carmen Aran, Haran edo Haranburu deiturakoa.
Amerindiarren kultura eta ohiturak ikertzen hasi eta Argentinak eman duen abeslari ezagunetakoa izan da, eta gurean Mikel Laboa eta Maite Idirinek jarri zioten euskal ahotsa bere musikari. Berriki hil da Maite Idirin, eta bere lagun izan ziren Paulo Iztueta eta Gabriel Arestik euskarara ekarritako zenbait abesti jarri ditugu sarean, Maite Idirin kantariak 1968an Atahualpa Yupankiren abestiekin kaleratutako diskotik ekarriak.
Hiru poema-liburu argitara emanda (River Himns; Cardinal eta a little bump in the air), azken urteetan indarra hartzen ari den ahotsa dugu Tyree Daye estatubatuarrarena. AEBetako literatur munduan sorkuntza-lanerako ohiko tresna diren zenbait sari eta bekak jasotakoa, euskaraz irakur daitezke bere bost poema, Beñat Sarasolak euskaratuak.
Gerraosteko poesia galegoaren izen ezinbestekoa da Uxio Novoneyrarena, “hil aurretik ere klasikoa”, kritikari batek ondo definitu zuenez. Urtarrilaren 19an jaio zen 1930ean, Espainian errepublika aldarrikatu aurretxoan, eta gerraoste betea ezagutu, beraz. Courelgo mendi goietan bizi izan zen 50eko hamarkadan, eta han ondua da lirika moderno galegoaren gailurra den Bazterrak (Os Eidos). Koldo Izagirrek euskaratua (Novoneyra beraren laguntzaz), Pamielak eman zuen argitara, bi liburukitan, 1988an. Osorik irakur daiteke hemen.
Urtarrilaren 18 batez jaio zen Jose Maria Arguedas idazle perutarra. 1965ean kitxuaz idatzi zuen Pongoq mosqoynin, Jose Manuel Bujandak euskarari Pongoren ametsa izenburuarekin ekarria, gaur hona dakarkizueguna. Pamielak 1991n argitaratu zuen, Txema Larrearen hitzaurre batek lagunduta, narrazioa eta sei poema.
Ipuinekin lortu du harrera handiena Claire Keegan idazle irlandarrak (zenbait aldizkari ospetsutan argitaratu dizkiote), hala kritika nola irakurleen aldetik, eta egungo Irlandako idazleetan izen esanguratsua da. Ipuin-bildumez gain, eleberri parea ere publikatua du. Ametsetan errealitatea aurresumatzen duen ama eta alabaren istorio indartsua da Ekaitzak, urte hasiera honetan (Keegan bera 1968ko urtats egunekoa da) ingelesetik euskarara June Lete Larrañagak ekarri diguna.
Irakurgai zirraragarria da Gizaki espeziea, Robert Antelmerena. 1917ko urtarrilaren 5ean jaioa, militante komunista, Erresistentziako kidea, alemanek atxilotu eta kontzentrazio-esparruetara bidali zuten. Dachaun aurkitu zuten kideek 1944an, fisikoki zein psikologikoki hondoa jota (Le Douleur liburuan kontatu zuen haren itzulera Marguerite Durasek, Antelmeren emazte zena orduan). Bere esperientzia Gizaki espeziea liburuan jaso zuen, kontzentrazio-esparruei buruzko gogoeta eta testigantza libururik bikainenetako bat. Koldo Izagirrek euskaratu zuen zati bat. Historiaren orriak iraulita, Palestinako idazleek berridatz dezaketena egun.
Robert Antelme
Urtarrilaren 5ekoa da, halaber, Forugh Farrokhzad idazle irandarra. Errepresio fisikoa baino sozial eta familiarra zuzenean ezagutu zuena. Miren Agur Meaberen itzulpenean goza ditzakegu haren poemak, Munduko Poesia Kaieren bilduman.
Dio Fadwa Touqanek “nahikoa zait gure herrian hiltzea, / (…) / gure herrian hazitako haur batek / ebakiko duen lorea izateko”Aberriaren altzoan poeman. Eta dagoeneko ez dakigu loreak mozteko umerik ere geratuko den, lorerik hazteko tarterik ere birrindutako lurrean. Abenduaren 12an bete ziren 20 urte poeta palestinar handia hil zela. Eta Joseba Sarrionandiak itzulitako piezaz gain, Itxaro Bordak ere ekarri zuen euskarara Itsasora itzultzea poema. Palestinarrendako infernua bilakatua den urte honetako azken Emailuak izan dezala literaturaren txoko honetatik igorritako elkartasun ahairea.
Ander Lipusen Antzerkiaren labirintoan Ieta IIliburuek diptiko bat osatzen dute. Lehenengo liburuak Bitakora koadernoa azpi-izenburua du eta Lipusek bere ibilbide osoari errepasoa eman dio bertan. Narrazio autobiografiko bat erabili du horretarako. Estilo arin eta gertukoan idatzia, Lipusen oroitzapenen bidetik euskal antzerkiaren historia zatiak irakurri ahal izango ditugu bertan. Bigarren liburuak Artedrama baten bila azpi-izenburua du eta liburu bikoitz bat da. Hain zuzen, Lipusek bere ibilbidean gakoak izan diren idazkiak bildu ditu liburuan: batetik, Antzerkiola Imaginarioaren garaietatik honaino idatzitako artikuluen antologia. Bestetik, bere antzerkia ulertzeko moduaren azalpena. Horretarako, kontzeptuen, ideien eta erreferentzien glosario pertsonal bat egin du antzerkigileak. Osorik irakur daitezke sarean.
Refaat al-Areerpoeta eta irakaslea zen, 1979ko irailaren 23an Gazan jaioa, eta ata 2023ko abenduaren 7an hil dute Gazan bertan. Unibertsitateko literatura irakaslea eta idazlea, aktibista eta We are not numbers erakundeko sortzailea. Bere etxekoekin zegoela hil dute Gazan, emaztea ondoan eta sei seme alabaren aita zelan kendu diote bizitza .
Bere poema bat ekarri dugu euskarara:
Bustita
Mediterraneoaren ertzean,
Gatzetan bustitako gizateria ikusi nuen,
Buruz behera,
Hildakoak,
Begiak tantaka,
Eskuak zeruan gora, otoitz, edo beldurrez.
Ezin nuen esan.
Itsasoa, arabiar baten bihotza baino gogorragoa,
dantzak,
Odolez blaitua.
Harri-koskorrek bakarrik egin zuten negar.
Harri-koskorrak bakarrik.
Duela bost urte agur esan zigun Markos Gimenoermuarrak. Musika, antzerkia eta batez ere letren eta hitzen aztia izan zen Markus. Bere Zerorajasoa (palindromoak eta hitzperimentuak) blogak oraindik bere sorkuntza lanak erakusten ditu, eta berriki Joseba Sarrionandiak 101 Letrakartel liburuan palindromoak batu, testuinguru literarioa jarri eta hainbat artisten kartelak apailatu ditu liburu baten. Kartel bilduma ikusgai dago Gernikako Euskal Herria museoan apirilerarte.
Gaur, duela bost urte sarean jarritako 131 palindromo dakartzagu, edonoren gozagarri. (gehiago…)
Durangoko Azokan, Barrenkaleko ertzean topatuko dituzue aurten ere Susa literatura argitaletxeko liburuak. Abenduaren 6an (asteazkena) hasi eta abenduaren 10era (igandea) bitarte, aurtengo nobedadeak, azken urteetako liburuak, idazleak eta lagunak bertan izango gara, irakurleekin tarte bat hartu, eta literaturaz gozatzen saiatzeko.
Denbora da Saioa eta Mara ez dabiltzala elkarren gertuan. Lehena irakasle dabil, haur bat izan du aspaldiko bikotekidearekin, eta utzita du musika, nahiz eta ezer gutxi bezala mugitzen den zerbait bere barruan aspaldiko diskoak entzutera giltzapetzen denean; bigarrena, kontrara, bete-betean dabil musikaren industrian, foku ugariren pean, eta apenas agertzen den hazten ikusi zuten kaleen artera. Han lotu ziren biak musikara, abesbatzako klaseetatik gaztetxeko oholtzara, eta biengan lorratza utzi zuen norbait hil da orain. Laguntasun harreman baten une fundatzaileak, poz partekatuak eta ezkutuko mindurak dira kontakizun honen hezurdura. Euskal Herriko historia hurbilean girotuta, zeharkaldi berean ageri dira Kilometroak jairako kantu-grabaketa, herritik hirirako distantzia, Bataplan, Friburgoko okupazio giroa, gurasoen etxeetako sukaldeak eta bizitzaren xake taula zuri-beltza. Etengabe eraldaketan diren urak Lide Hernando Muñozen lehen nobelan. Sarean duzue osorik irakurgai.
Zerk bereizten du ulu bat otoitz batetik? Eta otoitz bat poema batetik? Izan al daiteke zerrenda bat poema? Izatez, ba ote da poema ez den zerrendarik? Lapurtutako testuei forma aldatzea aski da testu baten jabetza geureganatzeko? Ekar ote liteke poema liburu batera Oteizaren Klarion laborategiaproiektua? Galdera horiei jarraiki osatu dira Ulu egiteko bolondres bila poemarioko atal ezberdinak, diziplinari berari buruz hausnartuz eta poemaren muga formalak ikertuz, librearen librez, neurri eta errima guztietatik aske, noiz jostari eta noiz mamitsu, beti arakatzaile. Osorik irakur dezakezue sarean.
1845: Poeren Belea poema argitaratu zen New Yorkeko Evening Mirror aldizkarian (The Raven and Other Poems liburua 1845eko azaroaren 19an argitaratu zen)