Uzt 07 11

Su ta gar irrigarria

Ez gara musika taldeaz ari, baizik eta 1935eko otsailaren 9an Parisen taularatutako antzerki obra bati buruz: Les assureurs, Gabriel D’Hervilliez eta Claude Rolandek idatzia. Su ta gar izenburuarekin euskaratu zuen Antonio Maria Labaienek eta 1966an argitaratu zen Egan aldizkarian. Lau gizonezkok jokatzeko obra irrigarria duzu, aseguruez diharduena. Teatro-testuak webgunerako digitalizatu dugu.

Uzt 06 11

Eako 8. Poesia Egunak

Gabriel Arestiren Zuzenbide debekatua obra poetikoari buruzko mahai-inguruarekin abiatuko dira Eako Poesia Egunak uztailaren 15ean, ostiral arratsaldean. Biharamunean Beñat Sarasolaren hitzaldia eta Miren Agur Meabe, Mikel Etxaburu eta Jon Benitoren errezitaldiak izango dira. Igandean, uztailaren 17an, Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak kontatuko dute Zer egin poema batekin. Asteburuan gainera: Joseba Tapia, The Soul Stompers, Txori mugariak performancea eta Maddi Oihenart.

Eka 21 11

Erakarpen kimiko maitagarriak

Goethe idazle eta zientzialari alemaniarrak maitasunezko grinak eta zientzia uztartu zituen Hautapen-ahaidetasunak nobelan (1809). Izenburu zientifikoa daukan eleberriko protagonistak lau dira: Eduard eta Charlotte senar-emazteak eta beren etxaldera gonbidatuko dituzten Ottilia iloba eta kapitain adiskide bat. Gorputz kimikoek modu matematikoan elkar erakartzen baldin badute, berdin gertatuko ote da gizon-emakumeen artean? Hara dilema esperimental eta morala! Honela diotso Charlottek senar baroiari: “Utzidazu zinez aitortzen nire sentimendua egitasmo horren kontrakoa dela, nire aieruak ez didala ezer onik iragartzen”.

Eka 15 11

Ama, Maxim Gorki

Larunbatean, ekainaren 18an, 75 urte izango dira Maxim Gorki idazle eta iraultzailea hil zela. Zorigaiztoko haurtzaroaren ostean miseria giroan bizi izan zen gaztetan. Mingotsa goitizena hartu zuen kazetari eta idazletzarako 1892tik aurrera. Ipuinekin eta antzerki lanekin arrakasta ukan zuen, eta 1907an plazaratu zuen Ama nobela, literatura unibertsaleko handietarik bat. Jose Moralesek 1995ean argitaratutako itzulpena eta hitzaurre argigarria eskaintzen dizkizugu sarean Gorkiren gorazarrez.

Eka 14 11

Hamaika pauso 12 ordutan

Duela hiru urte Axularren Gero, duela bi Mogelen Peru Abarka, iaz Jon Miranderen Haur besoetakoa eta aurten Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso irakurriko dute Bilbon ekainaren 16an (osteguna) goizeko 8:00ean hasi eta etenik gabe, 12 orduko irakurraldian. Bilbo Zaharra euskaltegiak urtero antolatzen duen klasikoen irakurraldia izango da.

Eka 08 11

Harlemgo mutila

Harlem auzunean jaio zen James Baldwin. Richard Wrighten laguntzaz ekin zion eleberriak idazteari eta literatur kritika egiteari. Arrazakeria zela-eta Estatu Batuetan idaztea jasanezina egiten zitzaionez, Parisera joan zen 1948an. Han amaitu zuen Zoaz mendira aldarrikatzera nobela (1953), euskarara Juan Mari Mendizabalek itzulirik 1996an argitaratua eta orain osorik sarean eskaintzen dizuguna. Baldwinek bere gaztaroko giroa dakar kontakizunera, pobrezia eta beltzen aurkako indarkeria eta destaina.

Eka 01 11

Iñigo Aranbarriren nobela berria: Zamaontzia

Doi-doi iritsiko da Literaturiara, dendetara baino lehen, Iñigo Aranbarriren hirugarren nobela: Zamaontzia, kontakizun asaldagarri bat, non gatazkan sartzen diren abandonuaren atsekabea, laguntasunaren babesa, doilorkeriaren destaina. Duela urte batzuk zamaontzi bat agertu zen Abrako badian, kapitainak eta armadoreek abandonatua. Barruan hamalau marinel ziren, etxetik oso urrun, SOS aldarrika, hilabetetako soldatak kobratu gabe, bertoko jendeak emandakotik bizi behar izan zutenak. Aranbarrik ekainaren 3an eta 4an aurkeztuko du eleberria Larrabetzuko Angulerin, baina aldez aurretik osorik eskaintzen dizugu sarean.

maiatza 26 11

Joan da negua, Mikel Ibargurenen liburu berria

Mikel Ibargurenen lehen poema bildumak kartzela zuen herstura, bigarrenak deserria zuen mindura. Joan da negua du izenburua poema liburu argitaratu berriak, laugarrenak, eta heriotzaren eta bizitzaren arteko gatazka du gai nagusia. Hurbilekoen arteko gertakari lazgarriek eta minbiziaren erasoak bizipen larrietara eraman zuten Ibarguren:”heriotzaren irudia pixkanaka errebelatzen doan argazki baten antzekoa da, gero eta gardenago ikusten joan naizena”. Garai ilunetan argitasun bila, goibeltasunetik bozkariorainoko bidea urratzen duen ahotsa da Ibargurenena.

maiatza 25 11

Zazpi liburu berri Literaturian

Ekainaren 3, 4 eta 5ean egingo da Literaturiaren hirugarren edizioa Larrabetzun, eta aldez aurretik inon agertu gabeko zazpi liburu berri aurkeztuko dituzte azokan: Iñigo Aranbarri, Karmele Igartua, Alberto Ladron Arana, Goizalde Landabaso, Xabier Soubelet eta Joseba Tobar Arbuluk idatziak. Errezitaldiak egingo dituzte: Jon Benito, Antonio Casado da Rocha, Miren Agur Meabe, Paddy Rekalde eta Asier Serranok. Solasaldietan parte hartuko dute: Jon Arretxe, Yolanda Arrieta, Josi Basterretxea, Lutxo Egia, Unai Elorriaga, Mikel Etxaburu, Mikel Garcia, Jon Kortazar, Xabier Mendiguren, JM Odriozola, Beñat Sarasola, Pako Sudupe, Iban Zaldua eta irakurle klubetako hainbat lagunek. Ipuin kontaketan jardungo du Mikel Martinezek eta Erlea aldizkariaren ale berria aurkeztuko du Bernardo Atxagak. Musika emanaldiak: Ruper Ordorika, Hudaltzainak, Anari, Napoka Iria, Jon Miner. Eta antzerkia: Hura ez da lekua.

maiatza 19 11

Maiatz Solasaldiak Baionan

Maiatzaren 31 eta ekainaren 1ean izango dira Maiatz elkarteak urtero Baionan egin ohi dituen literatur solasaldiak, aurten 27. edizioa. Mahai inguruak izango dira arratsaldeko 19:30ean Euskal Museoan: lehen egunean poesia berriaz eta bigarrenean narratiba berriaz. Eta errezitaldiak arratseko 21:00etan: Itxaro Bordak eta Maddi Oihenartek lehen egunean, eta bigarrenean Eskuen sustraiak Oier Guillan eta Asier Sarasolarekin.

maiatza 17 11

5.000 liburu kritika

Armiarma atariko Kritiken hemeroteka guneak 5.000 kritika bildu ditu dagoeneko. Euskal literatur liburuei buruzkoak dira 4.100 inguru eta 900 euskarara itzulitako liburuei buruzkoak. 2001ean abiatutako gunea da hemeroteka hau, astero hedabideetan argitaratzen diren literatur kritikak jasotzea helburu duena.

maiatza 15 11

Max Frischen Su emaileak

Ehun urte dira Max Frisch jaio zela. Ospe handikoak dira Suitzako idazlearen nobelak (Stiller edo Homo Faber, bigarrena duela hamar urte Joxe Austin Arrietak itzulia), baina Max Frisch antzerkigintzan aritu zen batez ere. Su emaileak da bere obretan ezagunenetakoa, Antonio Maria Labaienek euskarari ekarria eta 1966an Egan aldizkarian argitaratua. Oraintxe teatro-testuak.com webgunean eman dugu digitalizaturik. Faxismoari buruzko alegoria hau Biedermann und die Brandstifter izenburuarekin idatzi zuen 1953an irratirako, eta 1958an moldatu zuen telebista eta oholtzarako.

maiatza 12 11

Poesiaren Astea Mikelazulon

Maiatzaren 26tik ekainaren 2ra bitartean egitarau zabala dakar Oreretako Mikelazulo elkarteak Poesiaren 11. Asterako. Juan Ramon Makusoren Huntza hezur berritan errezitaldiarekin abiatuko da; bigarren egunean herrialde arabiarretako poemak irakurriko dituzte; maiatzaren 28an bi errezitaldi: Manex Agirreren Igo gora eta Jose Luis Otamendiren Bustilehorreko poemak; maiatzaren 29ko goizean mahai-ingurua eta arratsaldean irakurraldi irekia; eta amaitzeko, ekainaren 2an, Jon Benitoren Bulkada errezitaldia.

maiatza 11 11

Julene Azpeitiaren 100 ipuin

Julene Azpeitiak Burgosen irakasle ziharduela, 1949tik 1952ra bitartean idatzi zuen Amandriaren altzoan liburua, 100 ipuin laburrez osatua. Aurten 50 urte dira bilduma eder hura Kuliska Sortan argitaratu zela, eta gogoan dauzkagu Juan San Martinek hitzaurrean paratu zituen hitzok, 1961ean: “Urri dira euskaraz Amandriaren altzoan bezain liburu onak haurrentzat. Gehiago esango nuke: oraindik zentzura sartzeke dauden umeentzat ere euskara trakets eta baldarrean egindako liburuak ikusten ditugula, pedagogiaren funtsik gabe. Julenek bete digu hutsune handi bat”.

maiatza 07 11

Txitra, Tagoreren antzezlan bat

Rabindranath Tagore Kalkutan jaio zela 150 urte direla-eta hainbat ekitaldi badira Bangladesh eta Indian. Guk ere aitzakia hori baliatu dugu, idazle bengaliarrak 1892an idatzitako Chitrangada antzezlanaren itzulpena, Txitra, Balendin Aurre Apaizek 1962an Egan aldizkarian argitaratua digitalizatzeko eta teatro-testuak.com webgunean paratzeko.

Agenda

Efemerideak

Kritikak