Mar 17 05

Euskal literatura beste hizkuntzetan

Oso tarteka bada ere, irekitzen ditu gure literaturak beste hizkuntza batzuetako ateak, eta tarte hori ere ekarri nahi dugu guk gure artera. Azken aldian jaso ditugun zenbait itzulpen jarri ditugu sarean: Andolin Eguzkitzaren Dos anys després de la mort dels pares poema, katalanez; Kirmen Uriberen  lau poema ingelesez (aurretik zeuden bostei gehituta), eta Edorta Jimenezen Baleen berbaroa liburuko bi kapitulu, Tranchida argitaletxeak italieraz argitaratu duen itzulpenetik.

Mar 17 05

Joxe Azurmendi poemak

Joxe Azurmendik 1971n eman zuen argitara Hitz berdeak liburua, ordura arte idatzi zituen poemen bilduma. Urte berean argitaratu zuen Hizkuntza, etnia eta marxismoa saioa, eta bi horiekin hasi zuen segida luzea izan duen argitaratze bidea. Pentsamenduaren munduan ibili bada ere, literatura ez du sekula utzi, literatura pentsa-mendu/mundu horretan elementu oso inportantea izan baita. Baina poeta gisa ere lekua irabazi zuen Joxe Azurmendik  Hitz berdeak lanarekin. 2000. urtean Poesia Kaierak bilduman kaleratu zuen Susak Joxe Azurmendiren poemen antologia bat, orain osorik aurkezten dizuguna.

Mar 17 05

Liburuak Korrika

Andolin Eguzkitza idazlea eta euskaldun berriak oro har omentzen ditu Korrikaren 14. edizio honek. Edorta Jimenezek proposatuta, liburua eraman ohi du hamaika korrikalarik lekukoaren ondoan. Susa argitaletxeak ere bere liburuak eskaini dizkie korrikalariei, eta horrela Santurtziko hainbat lekuko aldaketetan Andolin Eguzkitzaren Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki liburua banatuko du korrikalarien artean. Bilboko azken 30 kilometroetan ere Andolinen liburu bana eroan ahal izango dute korrikalariek. Bizkaiko azken kilometroetan, idazle bakoitzaren herrian, bertako idazle baten liburu bana izango da lekuko aldaketaren txandan, Durangon, Iurretan, Lekeition, Ondarroan, Arratzun, Gernikan, Mundakan, Barakaldon, Getxon, Mungian, Larrabetzun, Bilbon… Korrika amaitu ostean irakurtzeko liburuak denak.

Mar 15 05

Osamu Dazai: paria soziala

Osamu Dazai (Kanagi, 1909-Tokio, 1948) II. Mundu Gerra ondorengo literatur belaunaldiko idazlerik garrantzitsuenetako bat izan zen, eta Japoniaren aldaketa garaiko literatur erreferentzia nagusietako bat, Mishima, Tanizaki edota Kawabatarekin batera. Gainbeheran dauden gizakiak dira Dazairen liburuetako protagonistak, gizakia izan / ez izan gatazkan bizi direnak eta beldurraren morroi bihurtutakoak. Dazairentzat, aldaketa garai baten biktima zen bere belaunaldia.

Mar 10 05

Xabier Lizardiren poemak

1933ko martxoaren 12an hil zen Xabier Lizardi. Euskal literaturan, batez ere poesian, nahitaezko erreferente bihurtu zen Lizardi, eta bera da XX. mendearen lehen zatiaren ikur nagusienetakoa. Antzerki-lanik ere ondu zuen, eta bere artikulugintza ere nabarmentzekoa da, hitz lauz egindako lanak, Madrilgo Gorteetatik edo euskarazko egunkariaren alde egindako artikuluak, kasu. Bere poesiaren antologia kaleratu zuen Susak 2000.urtean, XX. mendeko Poesia Kaierak bildumaren baitan. Hementxe duzue.

Mar 08 05

Don Kixote Mantxa’ko: Kixotearen euskarazko historia laburra

Ez da Kixotea haize errotetan erraldoiak ikusten dituen bakarra. Txikiarena ere bada, ez denean ere oztopoak ikusi beharra, ez daudenean ere topatu beharra. Literatur klasikoetan unibertsalena euskarara itzultzeko saiakerak egin izan dira urteetan zehar, ia mende batez. Zatika egin da itzulpena, galdu egin dira laginak. Historia kixotezkoa inondik inora itzulpenarena. Ia 400 urteko atzerapenez etorri zen Pedro Berrondorena. Aurten berrargitaratuko da.

Mar 03 05

Georges Perec… akordatzen

Gaur bezalako egun batez, 1982ko martxoaren 3an hil zen Georges Perec, Je me souviens… eta beste hainbat libururen idazlea, OULIPO literatur tailerreko kideetarik bat. Pamiela aldizkarian 1985ean Perec-en liburu horretako pasarteak euskaratu zituen Edurne Garitanok, Nik… gogoratzen dut izenburuaz. Georges Perec elkarrizketatua (bideozko formatoan, bi zatitan): 1 eta 2.

Mar 03 05

Lauaxetaren poemak

Aurten beteko da Estepan Urkiaga Lauaxetaren jaiotzaren mendeurrena eta izango da ospakizun bat baino gehiago —Sabino Arana Elkargoak berriki aurkeztu du idazlearen liburutegiaren katalogoa—. Egokiera ona da, beraz, laukiztarraren literatur-lanak irakurtzeko (edo berrirakurtzeko). Susa argitaletxeak kaleratutako XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman bada, noski, Lauaxetaren poemen antologia.

Mar 03 05

100 urte Marcel Schwob hil zela

Duela mende bat, 1905eko otsailaren 26an, hil zen Marcel Schwob idazlea. Chavillen jaioa 1867an, idazle fina eta azterlari zorrotza, liburu eder zenbait egin zituen, eta azterketa kritiko oso interesgarriak (François Villoni buruz, kasu). Euskal idazleak hurbildu dira haren obrara, eta 1986an, Baroja etxearekin, Mimoak lana euskaratu zuen Mikel Lasak. Hurrengo urtean, 1987an, Urrezko maskaradun erregea lana argitaratu zuen Pamielak, Periko Diez de Ultzurrunek itzulia. 2002an, azkenik, Bizi alegiazkoak kaleratu da Literatura Unibertsala bilduman, Ibaizabalek argitaratua, Juan Garzia Garmendiak itzulia (liburu horretako ipuin bat euskaratu eta argitaratua zuen Erein etxearekin, Ipuin gogoangarriak obran). Izan du harrerarik, beraz, idazle sinbolistak gurean. Hiru lanak eskaintzen dizkizuegu, osorik.

Mar 01 05

Ralph Ellison: ahotsik gabekoen ahotsa

Gaurko egunez jaio zen, duela 91 urte Oklahoman (AEB). Ez zituen liburu asko idatzi: nobela bat, saiakera liburu bat, hainbat ipuin egunkari eta aldizkarietan. Gehiago ez. Halere, XX. mendeko libururik garrantzitsuenetako bat utzi zuen: The invisible man. Mendearen lehen erdiko beltz, ikusezin eta baztertuen egoera deskribatzen du bere lanetan. Eta garaiko gizartea. Arrakastaren Amerika zuriaren beste aldea. Gaur gogoratuko dute Ralph Ellison.

Ots 24 05

Salvador Espriuren poemak

1985eko otsailaren 22an, orain 20 urte, zendu zen Bartzelonan Salvador Espriu, XX. mendeko Kataluniako idazle handietako bat. Narradore, antzerkigile eta poeta, bizi izan zuen garaiko erretratua egin zuen bere literaturarekin, bere ahotsa bere komunidadearenean txertatua. Bere poemak, 1965 ezkeroztik, euskaraz irakur daitezke. Sinerako liburua eta Zezen larrua osorik (Juan San Martinek euskaratuak), eta beste zenbait literatur aldizkarietan edo antologietan bilduak. Hementxe eskaintzen dizkizuegu denak.

Ots 24 05

Leuropa

Oraindik ere Konstituzioaren inguruko erreferendumaren oihartzunekin dabilela, Europak hainbat alderdi ezkutu ditu, eta horietako bat erakutsi zigun Pablo Sastrek 2002an, Leuropa eleberrian. Susak eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak kaleratua, Tximi eta Sakiren ibilerak irakur ditzakegu, Marokon eta Euskal Herrian. Hizkuntza bixi erakargarri batean idatzia, liburu bikaina eman zigun Sastrek. Osorik irakur dezakezu orain.

Ots 22 05

Laura Freixas: “Emakumea irudikatzeko modua birsortu behar dugu”

Ez da lehen aldia gai beraz hitz egiteko Laura Freixas (Bartzelona, 1958) Euskal Herrira datorrena. Lizarran eta Barañainen Literatura eta emakumeak titulupean hitzaldi bana eskaini zuen joan den ostegunean. Idazlea, egun La Vanguardia egunkariko zutabegilea, Grijalbo argitaletxeko El espejo de tinta saileko arduraduna izan zen 1994ra arte. Hitzaldien eta berriki kaleratu Amor o lo que sea (Destino, 2005) nobelaren aitzakian aritu gara berarekin solasean.

Ots 17 05

Saltzaile baten heriotza

Arthur Millerren heriotza da azken egunotan irakurgai izan duguna, idazle estatubatuarra pasa den 2005eko otsailaren 17an hil baita. XX. mendeko antzerki-autore inportanteenetako bat, haren lan ezagunena, Saltzaile baten heriotza, Xabier Galarretak euskaratua dago. 2001ean plazaratu zuen Hiria argitaletxeak, eta orain osorik dakarkizuegu.

Ots 17 05

Iñigo Aranbarriren poemak entzuteko

1998an kaleratu zuen Iñigo Aranbarrik Harrien lauhazka poema liburua, osorik 155. Literatur Emailuan eskaini genizuena. Poema liburu eder horretara gatoz berriro ere, irakurtzera ez ezik entzutera. Liburuko dozena bat poema grabatu ditu Aranbarrik, eta hemen eskaintzen dizkizugu poetaren ahotsean entzun ahal ditzazun.

Agenda

Efemerideak

Kritikak