Api
14
05
Euskal literaturaren lehen agerpenetik –Lingua Vasconum Primitiae (Bernard Etxepare,1545)- 1936ko gerrak ezartzen duen mugara arte ekoitzi diren euskarazko literatur testuak batzen ditu Klasikoen Gordailuak. Gordailua, testu horiek denak batu ditugun lekua delako. Ez gordeta edukitzeko, ordea. Irakurtzeko, erabiltzeko, ezagutzeko testuak dira, eta hala balia daitezen da gure asmoa.
Klasikoen gordailuan bi ahaleginen batuketa dago: Patxi Salaberri Muñoa idazle eta irakasleak egin eta zuzendu zuen Euskal Testuen Gordailua eta Susa literatur argitaletxeak abian jarritako Armiarma literatur ataria. Bien batzetik sortu da Klasikoen Gordailua; gure argitaletxearen ekimenez eta Patxi Salaberriren zuzendaritzapean.
Euskal literaturako testu klasikoen gordailua apirilaren 14an (osteguna) 20:00etan aurkeztuko dugu Gasteizko Goiuri-Villasuso jauregian, gonbidatuta zaude.
Api
12
05
Baztanen bizi da, eta azken hamar urteotan hogei liburu eta ehunka artikulu kaleratu ditu. Azken sei hilabeteetan, hiru: Liquidación por derribo (Alberdania) egunerokoa, Piloto de la muerte (Espasa) nobela eta La isla de Juan Fernandez liburua berriki. Proiektu asko ditu esku artean, hainbat lanekin ari da: 36ko gerran Nafarroan girotutako eleberri batekin, adibidez. Argitaratutako liburuen eta egiteke dituen liburuen artean harrapatu dugu.
Api
07
05
EH! Literaldia 2005 antolatu dute liburuaren egunaren karietara Sant Jordi eguna ere ospatzen dute Bartzelonako euskal etxekoek. Jon Elordik emango duen literaturari buruzko ikastaroaz gain, zenbait poesia emanaldi eta liburu aurkezpen bat ere izango dira Bartzelonan. Xabi Bordak Birika zatiak liburuan oinarritutako errezitala egingo du apirilaren 15ean (ostirala) 20:00etan. Poemekin batera Aitor Bengoetxea Ondarruk prestatutako bideoa emango dute. Bartzelonako emanaldi honen karietara, Bordaren 8 poema katalanez jarri ditugu Susaren webgunean.
Kirmen Uribe bere aldetik apirilaren 22an (ostirala) 22:00etan izango da Euskal Etxean poemak errezitatzen.
Martxelo Otamendi Egunkariako zuzendariak Plouen Mentides liburua aurkeztuko du apirilaren 23an (larunbata), Lorea Agirrek idatzitako Euria ari du Egunkariaren itxieraren kronikaren katalanezko itzulpena.
Api
07
05
Karol Wojtilaren oso bestelakoa da Jon Miranderen idazkietan irakurtzen dena. Antitesia, esan genezake. Paristar zuberotarraren poemek idazleak bizi eta sortu zuen munduaren ikuspegia ematen digute, haren kezka eta jarduerena, haren irakurketa eta sentipenena. 2002an plazaratu zuen Susa argitaletxeak Jon Miranderen poemen antologia, XX. mendeko Poesia Kaierak bilduman.
Api
07
05
Loiolara egindako bisitaz gain, bestela ere iritsi zen Karol Wojtila euskararen eremura 1980ko hamarkadan. Ez baita telebista Wojtilak agertzeko hautatutako medio bakarra. Santi Onaindiak euskaratu zituen poloniarraren hainbat poema, eta Olerti aldizkarian argitara eman. Literatur Aldizkarien Gordailuan irakur ditzakezue, edo, nahi izanez gero, Euskal Bertso eta Olerkien Hemerotekan.
Api
05
05
Ia sei urte dira Claudio Rodriguez (Zamora, 1934-Madril, 1999) hil zela. 65 urte beteko zituen bizirik balitz. Liburu bat ari zen idazten. Titulua ere bazuen liburuak: Aventura. Haren seigarren liburua izango zen, baina amaitu gabe geratu zen: hamaika poema zeuzkan eginda. Hamaika; ez gehiago.
Api
05
05
Porton (Portugal) jaio zen 1971n. Kazetaria eta idazlea da ofizioz. 1996an hasi zen idazten. Hainbat genero landu ditu: kronikak, argazki liburuak, haur literatura… baina batez ere ipuinen eta nobelen bidez egin du lekua. Gaztelaniara itzulita eman du argitara berriki Txalaparta argitaletxeak Marmeloren lanik ezagunenetako bat: Las mujeres deberían llevar libro de instrucciones nobela edo, egileak berak dioenez, saiakera nobelatua. Genero horixe du gustukoena azkenaldian.
Mar
31
05
Idazleen blogak ezagutu ditugu: Xabier Mendiguren, Markos Zapiain, Julen Gabiria. Eta orain literatur aldizkari gisara antolatutako blog bat sortu da: Volgako Batelariak. Rikardo Arregi, Juanjo Olasagarre, Ibon Egaña, Anjel Erro eta Iban Zalduak bultzatutako ekimena da. Apirilaren 6an (asteazkena) 21:00etan aurkeztuko dute Gasteizko Gora tabernan.
Mar
31
05
Mugaldekoak poema-liburua kaleratu zuen 2004an Edu Zelaietak, eta hasiak dira bere poemak beste hizkuntza batzuetako doinuak ezagutzen. Bost poema —Batzuetan; Koldarrak eta ausartak; Iturriak; Kartografoa naufragioan; Lerro berdea— itzuli dizkiote hiru hizkuntzatara: gaztelania, katalana eta esloveniera. Lehenengo biez Jordi Serra arduratu da, gaztelaniazkoan egileak berak lagunduta; eta Marjeta Prelesnik Drozg-ek egin du eslovenierazko itzulpena.
Mar
31
05
Ez zen urtarrilaren lehenarekin, Iraultzaren efemeridearekin batera joan Kubara, martxoan baizik. Koldo Izagirre idazlea. Eta Kuban bidaiatu zen, Kuba geografikoan, historikoan eta literarioan, eta bere iragazi propiotik pasatuta, haren kronika ekarri zigun 1995ean, Susa argitaletxearen eskutik: Ez duk erraza, konpai!
Mar
29
05
Berriki Parisen egin duten liburu azokan errusieraz idatzitako literatura ohoratu dute. Omenaldi horren aitzakian, Errusiako literaturako hainbat klasiko berrargitaratu dituzte frantsesez. Klasikoak ez ezik, berriak ere bai. Argia ikusi duten liburu horietarik bat da Marina Tsvietaievaren (Mosku, 1894-Jelabuga, 1941) biografia: Vivre dans le feu : Confessions (Broche, 2005). Ez da ezezaguna gurean; Tere Irastortzak itzuli ditu haren poema batzuk.
Mar
24
05
Aberri Egunarekin suertatu da aurten martxoaren 27a, Antzerkiaren Nazioarteko eguna, mundu osoan ospatzen duguna. Aurten Ariane Mnouchkine Théâtre du Soleil konpainiako kideari egokitu zaio nazioarteko manifestua idaztea. Gurean Harkaitz Canok euskaratu eta Literatur Emailuaren bitartez hedatzen dugu. Aspaldiko urteotan, Susa argitaletxeak manifestuak euskaratu eta sarean eskuragai jarri ditu.
Mar
24
05
1980ko martxoaren 25ean, orain 25 urte, zendu zen Roland Barthes idazle eta kritikaria. 1915ean Cherbourgen jaioa, Baionan hazi zen Barthes 1924an familia Parisera aldatu zen arte. Hizkuntzaren eta literaturaren pentsamenduan eta semiotikan aditua, bere teoriek eraginik izan zuten idazle askorengan. Fikzioan ere jarduna, saiogintzan egin zuen ekarririk handiena. Bere haurtzaroko Euskal Herria gogoetagai duen Roland Barthesen testu interesgarria euskaratu digu, Literatur Emailu honetarako, Koldo Izagirrek: Sud-Ouestaren argia. 1977an L’Humanitén atalka agertutakoa, ondoren Incidents liburuan bildu zen.
Euskaraz, bestalde, bere testurik esanguratsuenetako bat, Testuaren atsegina/Idazkuntzaren zero gradua, irakur daiteke, Juan Garzia Garmendiak euskaratua eta Pentsamenduaren Klasikoak bilduman 1991n argitaratua. Osorik irakur daiteke bildumaren Klasikoak.com gunean.
Mar
24
05
Bihar helduko natzaizu / goiza urratzera / gaua orraztera ene eskuekin / Bihar helduko natzaizu / pena ehizatzetik / laztan ikastetik zure behakora. Bihar gabe, aspaldi iritsia da Jose Luis Otamendi irakurleengana. Zainetan murrailak bere hirugarren poema liburua izan zen, Susa argitaletxearekin 1987an argitaratua. Orain osorik eskaintzen dizugun liburu honetako poema batzuk gainera, entzun ere egin daitezke, idazlearen ahotsetik.
Mar
22
05
Hasieran polizia nobelak idazten zituen, gero nobela politikoak. Hasierako ikerlari limurtzaileak borrero bilakatu ziren haren liburuetan. Krimenak ikertzea izan zen bere pasioa, fikziozkoak zein errealak. Rodolfo Walsh argentinarra da (Choele-Choele, 1927- Buenos Aires, 1977?) oraindik ere testigantza nobela, literatura eta kazetaritza josten lehenetakoa. 1977. urtean desagerrarazi zuten. Desagerpenaren urteurrena gogoratuko dute Argentinan asteon.