Api
25
06
Gaur aurkeztuko du Igela argitaletxeak Gianni Celatiren (Sondrio, Italia, 1937) Le avventure di Guizzardi (Guizzardiren abenturak), Parlamenti Buffi (Erretolika irrigarriak) trilogiako lehen liburua, baina hiruetarik euskaratzeko geratzen zen bakarra. Udazkenean ikusi zuten argia La banda dei sospiri (Denak hasperenka) eta Lunario del paradiso-k (Paradisuko almanaka), biek Igela argitaletxean, Pello Lizarraldek eta Fernando Reyk itzulita. Reyk euskaratu du elkarrizketa hau ere.
Api
20
06
Susa argitaletxearekin kaleratutako hiru liburuetan unibertso poetiko oso bat eratua du Juanjo Olasagarrek, batez ere azken bietan —Bizi puskak (Susa, 1996) eta Puskak biziz (Susa-Elkarlanean Fundazioa, 2000)— eraikitako territorioarekin. Lan horren antologia bat XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman argitaratutako alean irakur daiteke. Hemen daukazu osorik.
Api
20
06
Juan Inazio Iztuetaren Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira (1824) izeneko liburua dator gaurkoan Klasikoen Gordailuaren atal etnografikoa hornitzera. Bestalde, munduko erlijio nagusien aurkezpen katolikoa dakarkigu J. Martin Hiribarrenek Eskaraz egia (1858) liburuan, euskal irakurleari lehen aldiz Konfuzio, Buda, Brahma, Zoroastro, Isis eta Osiris bezalako pertsonaien berri eskainiz. Egile beraren Napoleon Lehena (1856) poema luzea dakarkizugu, Bonaparte Printzeari oparitutakoa. Amaitzeko, bi lan labur sareratu dira: Hiribarrenen Iruñeko bestak 1845 (1845) izeneko bertso-bilduma (antitaurinoa, besteak beste: Utz ordu dire zezenak,/ Espainolentzat eginak:/ Ni banintz erregetarik,/ Ez liteke zezenarik. //Horrek ez du espainola/ Izituren berehala;/ Ez dut hekien gusturik,/ Halere naski nererik./ Dena den, adio bethikotz/ Etzarete neretakotz,/ Josteta hirriskutsuak,/ Barbarian asmatuak!) eta apaizak soldadutzara behartzen zituen legaren aurkako idazkia, Arnaud Abadiak ondua: Aphezak soldado (1890).
Api
18
06
Aita-semeen arteko harremanak aztertu ditu Kenzaburo Oe-k Atarashii hito yo mezameyo liburuan. Protagonistak K. izena du. Europan zehar bidaia bat egiten ari da. Idazlea da. Idazle arrakastatsua. Familia Japonian du. Bera Europan dago, eta familia Japonian: elkarrengandik urrun daude. Bidaiako geltoki batean William Blaken poemak biltzen dituen liburu bat erosten du. Blaken liburuak bidea egiten lagunduko dio, ez Japoniara artekoa bakarrik, bizi-bidaia baizik.
Api
13
06
Sabra eta Xatilako errefuxiatu kanpamenduetako sarraskia izan zelarik, Lau orduz Xatilan testua idatzi zuen Jean Genetek, hain zuzen ere 1982ko irailean Beiruten zegoen idazleak. Palestinarren aurkako erasoaren 20. urteurrenean testua on-line jarri genuen, 36 zenbakiko Literatur Emailuan. Susa argitaletxeak 1988an argitaratu baitzuen, Mikel Antzak euskaratua, Lau orduz Xatilan, Zaindaritza zorrotza antzerki-lanarekin batera. Izan ere, Jean Geneten obraren zati inportante bat antzerki testuek osatzen dute: Les bonnes; Le balcon; Les négres; Les paravents. Orain, idazlearen heriotzaren 20. urteurrenean (1986ko apirilak 15), osorik eskaintzen dugu Zaindaritza zorrotza.
Api
13
06
Agosti Xahok Trilby aldizkarian (1844-09-11) idatzi zuen kantutegi bat argitaratzekotan zela: “Gure kantu nazionalen eta gure antzinako ahaireen naufragio handi hau eragozteko deliberatu gara argitalpen honen ateratzera, zernahiko zailtasunak ukan arren”. Ez dakigu zergatik, baina ez zuen zailtasunak arintzea lortu, eta liburua ez zen sekula inprimatua izan. Duela mende eta erdi Chants populaires de la Navarre et des Provinces Basques bilduman agertzekoak zituen kantu haiek eta, baita ere, Xahok Ariel aldizkarian eta bere liburuetan aipatu eta jasotakoak batu ditu orain Patri Urkizuk. Xahoren Kantutegia apirilaren 20an (osteguna) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan aurkeztuko du Patri Urkizuk, lagun duela Mikel Markez kantaria. Argitaldaria: Susa.
Api
11
06
Ehun urte jaio zela. Eta jaiotzea tragedia bat den sentipenak zeharkatzen ditu bere lanak. Jaio izanaz damutu? En attendant Godot da haren lanik garrantzitsuena. Absurdoaren poeta dela diote. Ezer ez izaten saiatzen dira bere pertsonaiak. Zain daude. Desagertzearen izurik gabe, ehun urteko ibilbidearen ondoren gogoratuko da Samuel Beckett asteon. Askatasun erradikal eta absolutuaren froga dira idazle irlandarrak utzitako idazlan guztiak.
Api
06
06
1881eko apirilaren 6an hil zen Jose Mari Iparragirre koblakari ospetsua Ezkio-Itsason. Urretxuarraren heriotzaren 125. urteurrena betetzen den honetan, bada, egoki iritzi dio Klasikoen Gordailuak aparteko eskaintza egin eta haren Olerkiak eta eresiak (1839-1881: 1987) sareratzeari, berak burututako obra ezagutaraziz, erabiliz eta kantatuz opatuko baitzaio omenaldirik zintzoena eta, herioak herio, biziena.
Jose Manuel Etxeita mundakarraren neurtitzak jasotzen dituen Au, ori ta bestia (1913) bertso-bilduma eta Jaioterri maitia (1910: 1988) izeneko eleberria datoz, azkenik, ezohiko eskaintza hau osatzera.
Api
06
06
1991ko apirilaren 3an hil zen, Suitzako Veveyn, Graham Greene idazlea, 1904an Ingalaterran jaioa zena. “Badirudi Graham Greeneren pertsonaiek orrialde inprimatuetatik jauzi egiten dutela, teologoei, soziologoei eta haren idazlanak irakurri dituen edonori arazoak, kezkak eta zalantzak planteatzen dizkietela” idatzi zuen haren aurkezpenean Iñaxio Lopez de Aranak. Irakurria, bederen, izan da. Eleberri askoren egilea, espiritu-gatazkaren alorrean kokatu behar dira Greeneren lan gehienak, jeneroz eskuarki espiotza-literaturan sailkatu behar badira ere —berak ere lanbide izan zuen, kazetaritza utzita—. Alor horretako lanez gain (Habanako gure gizona, Amerikar barea, Giza faktorea, Hirugarren gizona), besterik ere badu (Agintea eta Aintza, Auziaren muina). Euskarara bi eleberri ditu ekarriak: Iñaki Ibañezek Hirugarren gizona euskaratu zuen 1988an, eta Elkar argitaletxearekin plazaratu; eta Iñaxio Lopez de Aranak Giza faktorea euskaratu zuen Literatura Unibertsala bildumarako, Ibaizabalek plazaratua 1997an. Biak eskaintzen dizkizugu osorik.
Api
04
06
Hiru urte dira AEBak, indar aliatuen laguntzarekin, Irak inbaditzen hasi zirela. Petrolioagatik, bonben eztandek oihartzun egiten dutelako ezagutzen ditugun irakiarrek badute literaturarik? Badute ahotsik entzun ditzagun? Zein dira hango idazle garrantzitsuenak? Non argitaratzen dituzte euren lanak? Nolakoak dira idatzi zituzten, idazten dituzten, idatziko dituzten poema eta testuak? Inbasioa hasi zela hiru urte bete direnean, Irakeko literatura aztertzen saiatuko gara.
Mar
30
06
1921ean Lvoven (gaur egun Ukraina) jaioa, 2006ko martxoaren 27an hil da Stanislaw Lem, XX. mendeko idazle poloniar garrantzitsua eta zientzia fikzioaren alorrean mundu mailako maisuetako bat. Generoaren baitan literarioenetakoa kontsideratua, bere lanetan osagai zientifikoaz haratagoko arazo, kezka eta gogoetak izan zituen idazgai, filosofiaz blaituz bere narrazioak. Solaris da bere lanik ezagunena, baina beste hainbat eleberri eta ipuin idatzi zituen: Fiasko, Ziberiada, Transfigurazioaren ospitalea, Garaitezina, Futurologia kongresua…. Euskaraz ere irakur daiteke haren lanik. 1998. urtean Maskarada taldeak Izarretako Bitakora bakarrizketa taularatu zuen, Stanislaw Lem-en testua oinarri duen antzezlana. Teatro testuak batzen dituen gunean irakur dezakezu.
Mar
30
06
Muga geografikoa elementu fisikoa da, baina baita elementu fisikoa baino askoz gehiago. Areago mugaldekoak: mugaldeko jendea, istorioak, harremanak… Eremu horretan txertatu zuen Edu Zelaietak bere poema liburua, Susa argitaletxearekin 2004. urtean kaleratua. Lehendik Arabako Foru Aldundiarekin Jendakiak urruneko familiatan poemarioa argitaratua zuen. Osorik eskaintzen dizugu Mugaldekoak.
Mar
30
06
Lau idazleren poemak irakurtzeko gonbita luzatu nahi du gaurkoan Klasikoen Gordailuak. Gabirel Manterola zeaniztarraren Goi-izpiak izeneko poema-bilduma da lehendabizikoa, 1921ean argitaratua. Garai bertsuko Paulo Zamarriparen Gora begira (1927) eta Alejandro Bilbao Maruri’tar Erramun fraide txotinodunaren Lili-txingar (1928) eta Txindor-egadak (1964) izeneko liburuak datoz ondoren. Eskaintza osatzeko, Joseba Zubimendi, Agirre lehendakariaren adiskide abeslaria datorkigu azkenik Zumalakarregi (1935) poema sortarekin.
Mar
30
06
Baladak, koplak, sehaska kantak, bluesak… Koldo Izagirreren kantuak eta kantugaiak biltzen ditu Teilatuko lizarra liburuak, hogeita hamar urtetik hona diskoetan eta poema liburuetan argitaratutakoak eta gordean zeuzkan beste hainbat berri. Teilatuko lizarra honetara ekarri ditugunetatik erdiak Imanolek, Natxo de Felipek, Peio Serbiellek, Joseba Tapiak… musikatuak izan dira. Liburua aurkezteko, Koldo Izagirrek errezitala egingo du apirilaren 4an (asteartea) 19:30etan Donostiako Tabako Fabrikan (Egia auzunean).
Mar
28
06
Lurreko oihua. Poema, ipuin, eleberri, antzerki, egunerokoak idatzi zituen Miguel Torgak. XX. mendeko Portugalgo erreferentzietako bat da. Lurraren ahotsetik mintzo zen, lurreko jendearen ahotik, paperera biltzeko. Haren obra zabala berrargitaratzen hasi berri da Espainiako Alfaguara argitaletxea. Frantsesez haren ipuin eta nobela anitz topa daitezke. Bego Montoriok itzulita irakur daiteke euskaraz (Piztiak, Alberdania, 1997).