Abe 15 06

Madame Bovary-ren azken emanaldia eta Flauberten auzipetzea

1856ko abenduaren 15ean argitaratu zuen La Revue de Paris aldizkariak Madame Bovary-ren azken emanaldia, III. ataleko 7-11 kapituluak. Eleberria amaitua zen. Ez erabat osorik emana, hala ere. Abenduaren 1eko emanaldia irakurri zuenean, Flaubert ohartu zen zati bat moztu ziotela —scéne du fiacre deitutakoa, kotxean promenada egiten dutena Leon Dupuis eta Emma Bovaryk—, eta gutuna idatzi zien aldizkariaren zuzendariei (Du Camp eta Laurent-Plichard jaunei) kexua azalduz. Abenduaren 15eko emanaldiarekin batera Gustave Flauberten oharra argitaratu zuten non idazleak mozketa horren berri ematen zuen, ardura ez zela berea izan gaztigatuz. (gehiago…)

Abe 14 06

Karlos Linazasororen poemak

Karlos Linazasororen poemen antologia bildu zuen XX. Mendeko Poesia Kaierak bildumak. Literaturako arizalea, poesia generoan lan handia egina da Linazasoro, baina baita beste generoetan ere, eta beti ere literaturaren itsasoan sakonera jotzen. Jardun ez zalapartasukoa, 1991koa du lehen poemarioa, Udazkeneko karabana erratua (Elkar), eta urte berekoa lehen narrazio liburua ere, Eldarnioak (Erein). Geroztik, bederatzi narratiba liburu, haur eta gazte literatura, antzerkia, aforismoak, saiakera eta sei poema liburu, antologiaz gain. Azkena 2005ekoa, Denbora aleak (Pamiela). Linazasororen antologia osorik eskaintzen dizugu.

Abe 10 06

Mexiko: antologia bat

Lopez Obrador eta Calderonen Mexiko. Oaxacako Mexiko. Durangoko Mexiko. Begi, bihotz, esku adina Mexiko daude. Ehun milioi biztanle, zazpi milioi baino gehiago mintzo dira hizkuntza amerindiarretan. Mexiko: nahuatl, yucatec, zapotec, mixtec, tzeltal, tzotzil. Mexiko: Mexiko Hiria, Monterrey, Guadalajara, Tijuana, Puebla eta hiri ez diren herriena. Mestizo, amerindiar eta zurien Mexiko. Poesiarena. Antologia bat.

Abe 06 06

A. Labaienen antzerki lanak

Ezohiko eskaintza honetan Klasikoen Gordailuak Antonio Maria Labaien idazle emankorraren teatro-lanak jarri nahi ditu sare-ibiltarien eskutan. Komediak, drama historikoak, bakarrizketak…, tolosarraren idazlanak beti dira interesgarri. Hona hemen haietako hemeretzi: Txinparta buruzagi (1921), Ostegun gizena (1930), Euskal-eguna (1931), Maya (1932), Mateo Txistu (1932), Iparragirre (1933), Galtzaundi (1935), Gizon bizarpeituti eta emazte bizartsuti… (1935) , Iruñxeme (1935), Muga (1954) , Lurrikara (1955) , Jostuna (1956) , Petrikillo (1956), Jokua ez da errenta (1960), Malentxo alargun (1962), Domenjon de Andia (1965), Kalifornia ku-ku (1967) , Pestaburu (1967), Agarren seme… Ismael (1970). Labaien gerraurreko eta gerraosteko literatura lotzen duen egileetarik jo daitekeen neurrian, aukera hau baliatu nahi dugu hemendik aurrera Klasikoen Gordailuak 1937az geroztikako lanak sareratzen hasiko dela iragartzeko.

Abe 05 06

Omar Nabarroren poemak

Edorta Jimenez idazlearen heteronimoa da poesian Omar Nabarro. Eta Edorta Jimenez narradore eta saiogile bikaina izanik, poeta handia da Omar Nabarro, eta obra oparokoa: Itsastxorien bindikapena (Susa, 1984), Egutegi esperimentala (Susa, 1985), Gizaeuropa (Joseba A. Urizarrekin batera, Susa, 1986), Gaua zulatzen duten ahausietan (Susa, 1987), Odoleko eskifaia (Elkar, 1989). XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman Omar Nabarroren obraren antologia bat bildu zuen Susa argitaletxeak, 2001ean.

Abe 05 06

Argi bila

Asteroko spotetan, Argi bila izenekoaren txanda da oraingoan; Franco Matticchio artista italiarraren marrazki batean oinarrituta, Josu Landak sortutako animazioa. Irakurtzeko grinak zertara eraman dezakeen ohartuta, beharbada hobe izango duzu badaezpadako neurriren bat hartzea: Ez dizu onik egingo.

Abe 03 06

Donna Leon: “Literaturan ez dago erantzun zuzen bakarra”

Italian ez bezala, Euskal Herrian arazorik gabe ematen ditu elkarrizketak Donna Leon idazle arrakastatsuak. Horretarako ere baliatu du Donostiako egonaldia.

Abe 01 06

Koioteren arrastoa, Edorta Jimenez

USAko kontakizunak dituzu, humanoak eta dibinoak, Koioteren arrastoa liburukoak. Edorta Jimenezek 2002 eta 2005 urteetan Kalifornia, Nevada, Idaho, Coloradora egindako bidaietan ezagututako jendearen bizimodua erretratatzen du. Euskaldun amerikanoak, Renoko unibertsitateko giroa, mormoien jai bat… eta batez ere Paiute eta Ni Mi Pui herri indigenen kezkak eta sinesmenak.

Abe 01 06

Madame Bovary-ren 5. emanaldia

Duela 150 urte Madame Bovary zatika argitaratzean, nobelaren bosgarren emanaldia eskaini zuen La Revue de Paris aldizkariak 1856ko abenduaren 1ean, eleberriaren III. zatiko 1-6 atalak, hona ekarri ditugunak. Emma Bovary mintzo zaio Monsieur Leoni: “Ni zaharregia naiz… zu gazteegia zara…, ahantzi nazazu!”. Baina maitaketan jarraituko dute: “Hain zeharo galdurik zeuden elkarren gozamenean non, han, beren etxe partikularrean zirela uste baitzuten, eta bertan bizi behar zutela hil arte, bi ezkonberri eternalen gisa”. Hamabost egun barru ekarriko dugu nobelaren amaiera.

Aza 29 06

Hizlandia, Iñigo Aranbarri

Berria egunkarian 2004-2006 urteetan Iñigo Aranbarrik idatzitako artikuluen antologia da Hizlandia liburua. Egunero euskaraz idatziz informatzearen zailaz eta ederraz dihardu. Kazetarien ohiturak eta akatsak, asmazioak eta hiztripuak agerian jartzen ditu, ohar beti bereziekin. Kazetaritza arduratsuaren bindikapena da Aranbarriren artikulu bakoitza. Hizlandia azaroaren 30ean (osteguna) 11:30etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan aurkeztuko du Susa argitaletxeak.

Aza 28 06

Maitaleak

Jon Benito eta Oihana Leundaren Maitaleak spota duzu aste honetakoa. Maitaleak ostendu egin ohi dira ikusleen begiratuetatik, baina idazleek bezalaxe irakurleek ezin eutsi bihotz bazterrak arakatzeko irritsari. Segi kuskusean beti bezain begiluze, hainbeste atsegin baduzue! Hurrengo astean: Josu Landak egindako iragarkia.

Aza 26 06

Kurt Vonnegut: zenbait iritzi petral…

1969an kaleratu zuen “Slaughterhouse-Five or The Children’s Crusade” liburuarengatik ezagutuko dute gehienek. Geroztik liburu gehiago ere kaleratu ditu Kurt Vonnegutek, baina arrazoi sendorik gabe, zientzia fikzioaren apalera gatibatu izan dituzte haren lanak.

Aza 24 06

Rimmel, Koldo Izagirre

Gurasoaren poemak dira Koldo Izagirreren liburu berrikoak. Kantu, asmakizun jolasti eta poemen bitartez istorio oso bat kontatzen digu Rimmel bildumak, lau ataletan: alabaren jaiotza, gero lehen eskolatzea, ondoren nerabezaroa eta, azkenik, etxeko babes girotik askatzea bide berri bila. Liburuko lau ataletatik bina eskaintzen dizkizugu aurrerapen gisa.

Aza 23 06

Juan Antonio Mogelen lan gehiago

Juan Antonio Mogelen idazlanei berriro ere helduz, Klasikoen Gordailuak hiru izenburu berri dakartza oraingoan. Ipuinak bezala identifikatu bildumak eibartarraren alegia edo fabula ezagun guztiak (laurogeita zortzi, orotara) biltzen ditu bere baitan, hitz lauz zein hitz lotuz idatzi-moldatuak. Mogelengan ohikoegia ez bada ere, haren Konfesio ta komunioko sakramentuen gañean erakasteak (1800) izeneko liburua gipuzkeraz idatzia dago eta alderdi guztietatik biziki interesgarria den “Erakurle euskaldunari itz-aurrekoa” darama hasierako orrialdeetan. Gaurko eskaintzarekin amaitzeko, Paskalen Gogamenak (1899) edo direnak (hamabost baino ez, eta ez frantsesak idatzitako interesgarrienak, tamalez) luzatzen dizkigu eibartarrak bizkaieraz.

Aza 22 06

Jon Alonsoren Erretzaileen eremua

Jon Alonsori nobelak eta saiakerak ezagutzen dizkiogu lehendik. Susak oraintxe argitaratutako Erretzaileen eremua da bere aurreneko ipuin liburua. Hamahiru narrazioetatik hiru eskaintzen dizkizugu hemen, eta irudizko bideo bat ere bai, liburuaren trailer gisara Alonsok egina. Sekula ezer erre ez dugun erretzaileok ez dugu erretzeari uzteko ametsa alde batera utzi.

Agenda

Efemerideak

Kritikak