Urt
16
07
Azpeitian sortutako Literatuzta aldizkariak agur esan du. Bederatzi aldizkari kaleratu dituzte 2003ko uztailetik lehendabiziko zenbakia egin eta 2006ko neguan bukatzea erabaki duten arte. Azpeitian sortutako literatur lanen leiho izan da urteotan Literatuzta, eta aldizkari guztiak Interneten daude irakurgai.
Urt
15
07
Urtarrilaren 15arekin jaio zen, 1622an, Jean Baptiste Poquelin, Moliere. Frantses literaturako eta orobat literatura unibertsaleko ezinbesteko izena, antzerkiaren maisu handietakoa da Moliere. Bere bizitzari buruzko datuetan batek hartzen die gaina besteei: oholtzan hil zen, autore izateaz gain aktore ere bazena (1673ko otsailaren 17an). Bere lanak euskaraz liburu moduan plazaratu ez badira ere, izan da haren lanik euskaratua. Dollorra eta Elkorra (biak ere L’avare), mende hasieran oholtzara eramanak, argitaragabeak. Eta hemen eskaintzen dizueguna: Petan Mihiku. Paul Guilsouk Moliereren Le Médecin malgré lui obraren euskarazko egokitzapena. (gehiago…)
Urt
14
07
Ez idazle klasikoen artean, ezta gerra osteko Europa erdiko idazleen artean ere. Inongo tokian gelditu da. Ez hemen ez han: erbestean baino gehiago ahanzturaren linboan. Bere obra narratibo osoa kaleratu dela eta, Italo Svevoren literatura berreskuratzeko aukera ederra dugu egunotan.
Urt
10
07
1907ko urtarrilaren 10ean zendu zen, New Yorken, Gabriela Mistral idazlea. 1889an Txilen jaioa, bere literatur ibilbideagatik, poesia lanak batik bat, 1945eko Literatura Nobel saria eman zioten. Irakaslea, XIX. mende amaieran hasi zen poesia sariak irabazten. Amodioa gai nagusietako bat da bere obran, baina baita heriotza ere.1920ko hamarkadan Txiletik lehenbizikoz irten eta geroztik Amerika eta Europa artean bizi izan zen. Gaixorik, New Yorkera erretiratu eta 1957an hil zen, orain 50 urte. Euskaraz bere dozena bat poema irakur daitezke, denak literatur aldizkarietan publikatuak (batez ere Olerti-n), hainbat euskaratzaile izan direla: Santi Onaindia, Juan Anjel Etxebarria, Nemesio Etxaniz, Gabriel Aresti. Bertso eta Olerkien Hemerotekan aurkituko dituzu.
Lucila Goody Alcayaga zuen ponteko izena, eta Gabriela Mistral bere bi poeta gustukoenen izenak baliatuz osatu zuen: Gabriele D’Annunzio eta Frederic Mistral. Azken hau Okzitaniako poeta nagusienetakoa, Mireio bere obra esanguratsua Orixek euskaratua dago, eta Klasikoen Gordailuan irakurgai.
Gabriela Mistralen berri izan eta bere poemak irakurtzeko gune aproposa Txileko Unibertsitateak eskaintzen du. Idazlearen bizitza, kronologia, bibliografia, gutunak eta poesia lanak on-line.
Urt
10
07
Orain arte ezagutu ditugun autore zenbaiten txatal piadosoak izan daitezkeen idazlantxoak osatzera dator Klasikoen Gordailuaren aste honetako eskaintza. L.L. Bonaparteren funtsetatik ateratakoak, gaurko emanaldian honako autoreak eta idazlanak aurki ditzake irakurleak Klasikoen Gordailuan, gehienak, adierazi bezala, liburu bibliko eta dotrinen itzulpen-moldaketak eta eliz gaien ingurukoak: J.B. Duvoisinen Beste zenbait itzulpen (1853-1864, 2004), E. Intxausperen Beste zenbait itzulpen (1857-1859, 2004), J. A. Uriarteren Beste zenbait itzulpen (1857-1866, 2004), P.P Hualderen Kristiaiñaren Doktrinaren Introduzionia (1866, 2004), eta, azkenik, Klaudio Otaegiren Beste zenbait itzulpen (1863-1867, 2004) eta Eguren Jaunaren Metodoa (c. 1867, 2004).
Urt
07
07
1982ko urtarrilaren 8a zen. Tandilen hil zen Alvaro Yunque, Buenos Airesko (Argentina) probintzian, garai hartako diktadura militarrak mutututa. Ordutik mende laurden joan da. Alvaro Yunquek berak aitortua da, gas-farolak pizten zituen farola piztailea imitatuz, kontzientzia piztaile izateko bokazioa zuela. Horretaz gain, antifaxista izan zen, ezkertiarra, idazle zentsuratua… Eta, horrekin batera, baita bizitzaren eta pozaren aldeko aldarrien egile nekaezina ere.
Abe
31
06
1936ko abenduaren 31n hil zen Miguel Unamuno. Bilbotarra, euskalduna, XX. mendeko idazle eta pentsalari espainol garrantzitsuenetakoa da. Bere bizitzaren estreinako urteetan euskal munduari lotua ageri bada ere, Espainiako kultura eta gizarteko eragile bihurtu zen Unamuno, 1890eko hamarkadatik aurrera. Espainiako gorabehera sozial eta politikoetan eragina izan zuen Salamancako Unibertsitateko Errektoretzatik, Primo de Riveraren garaian erbestetik eta bere bizitzaren amaieran Madrilgo Gorteetatik, II. Errepublikaren garaian. Euskarazko bere hiru lan dakarzkizugu bere heriotzaren 70 urte betetzen diren honetan: Abel Sanchez, Laino eta Unamuno Rizal-i begira. (gehiago…)
Abe
31
06
Jose Ribamar Ferreira du izena, baina Ferreira Gullar da poesia idaztean. Brasilgo egungo poetarik laudatuenetakoa da. Gasteizko Bassarai argitaletxeak Ferreira Gullar poeta brasildarraren Barulhos (Murmullos) poema liburua kaleratu du berriki. Liburu hau aitzakia ona da Joseba Sarrionandiak Manuel Bandeiraren poemen itzulpenarekin zabaldu bidetik Brasilgo poetak ezagutzen jarraitzeko.
Abe
30
06
Abenduaren 28an hil zen Jose Maria Etxaburu Kamiñazpi, 93 urte zituela. Hogei urte zituela, herriko berriak idazten hasi zen Ekin aldizkarian eta, ondoren, Euzkadi egunkarian kolaboratu zuen. Gerra amaitu ostean, 1957an, Zeruko Argia aldizkarian hasi zen. Goiz Argi, Karmel, Anaitasuna, Jakin eta El Bidasoa aldizkarietan ere argitaratu zituen bere lanak. Haren liburu sonatuena 1936tik 1940ra bizitakoen oroitzapenak bildu zituen Neure lau urteko ibillerak da. 1963an idatzia, 1989ra arte ez zen argitaratu Auspoa sailaren baitan. Berau osorik irakurtzeko aukera eskaintzen dizugu.
Abe
29
06
1984ko Irun Hiria saria irabazi eta 1985ean argitaratutako Joannes D’Iraolaren poemak liburuarekin plazaratu zen Patziku Perurena idazlea. Ahots oso berezia, herri literaturatik eta ahozkotasunetik bezala klasizismotik edaten duena, beste hiru poema liburu argitaratu ditu: Emily (Elkar, 1987), Iraingo apaiz gaztearen Kantutegi zaharra (Elkar, 1988) eta Isileko kantak (Pamiel, 1993). 2000. urtean publikatu zen bere olerkien antologia, XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman. Hauxe duzu.
Abe
26
06
Koldo Izagirrek Donostiako Tabako Fabrikan aurkeztu zuen Teilatuko lizarra kantu liburua 2006ko apirilaren 4an errezital baten bitartez, eta jarraian arrats hartan bertan Joseba Tapiak Real Politik diskoa izan denaren premier bat eskaini zigun. Koldo Izagirreren errezital hura duzu hemen audiozko artxiboetan entzuteko, 13 kantuz taxutua, eta horietako bakoitza berbaldi batekin osatua edo iruzkindua. Izagirrek hogeita hamar urtetik hona argitaratutako kantu eta kantugaiak, eta gordean zeuzkan beste hainbat letra berri jaso ditu Teilatuko lizarra liburuan: sehaska abesti xaloak eta gaiztoak, blues malenkoniatsuak, baladak, koplak… eta baita ere kantu kultua esan genezakeena, frantsesek chanson à paroles esaten dutena, kantu berbadunak, “zer edo zer” molde jasoan esaten duten parolak, letrak. Osorik irakurtzeko daukazu liburua ere. (gehiago…)
Abe
24
06
Robert Walserren bizitza (1878-1956) haren liburuetako pertsonaien patuaren antzekoa izan zen, alderraia. Halako literatura egin zuen. Gaur 50 urte bete dira elurretan zendu zela.
Abe
21
06
Denbora, nostalgia (Baroja, 1984) poemario kaleratu zuenetik, lekua irabazi zuen euskal poemagintzan Felipe Juaristik. Orain arte kaleratu dituen hurrengo lau poema-liburuetan sendotu den lekua. Hiriaren melankolia (Baroja, 1986), Laino artean zelatari (Alberdania, 1993), Galderen geografia (Alberdania, 1997) eta Begi-ikarak (Erein, 2004). Susa argitaletxeak XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman Felipe Juaristiren poemen antologia kaleratu zuen, orain osorik eskaintzen dizuguna.
Abe
21
06
Orain arte XIX. mendearen erdi aldean L. L. Bonaparteren enkarguz burututako Biblien itzulpen garrantzitsuenen artean Duvoisinena bakarrik eskaini izan bada ere, gaurkoan haren parekoa den beste bertsio bat jarri nahi du Klasikoen Gordailuak sarean. Hona hemen, bada, J. Antonio Uriarte bizkaitarraren gipuzkerazko lan erraldoia dastatzeko zerukoa bezain bide zuzena: Biblia (1), Biblia (2), eta Biblia (3) (1858-1859, 2004).
Abe
17
06
Victor Gomez Pin filosofo kataluniarrak gizakia eta honek animaliekin eta teknologiarekin duen harremana landu ditu bere azkeneko liburuan. Humanismoa krisian dagoelako ideia hartuta, teknologiaz eta animaliez ez ezik, hizkuntzaz, pentsamenduaz eta burujabetza pertsonalaz ere ari da elkarrizketan.