Api
09
26
Urte asko daramatzagu Ekialde Hurbilera begira, urte asko palestinarren eta israeldarren arteko gatazkarekin. Denak bizi izango zituzkeen Gassan Kanafani idazle palestinarrak, 36 urte baizik ez zituela Mossadek hil ez balu. 1936an jaioa, gaur 90 urte, 1948an haien lurrak okupatu eta familia Libanora erbesteratua, idazletza eta kazetaritza gaztetandik landu zituen Kanafanik. Bere herriaren eskubideen aldeko ekintzailetzan ere jardun zuen FPLP alderdian. Literatura palestinar eta arabiarrean mugarri bat izan zen Gizonak eguzkitan eleberria, 1963an argitaratua, eta haren atal bat euskaratu zuen Iñigo Aranbarrik, eta Susa aldizkarian plazaratu 1993an. Hona hemen.
Api
02
26
Espainiako poesiaren ahots indartsu gisa agertzen ari da Laura Casielles Hernandez idazlearena. Baditu dagoeneko bost poema liburu, eta berriki saiakera liburu bat ere idatzia du Mendebaldeko Sahararen kolonizazioaz. Poema intimoagoekin hasia, emakumearen kontzientziatik beti ere, azken lanetan Afrika iparraldeko mundua oso presente dago haren lanetan. Xabier Bovedak ekarri digu euskarara entresaka eder bat. Batzuk Idatz & Mintz aldizkarian plazaratu ziren, eta beste batzuekin batera orain denak hemen dituzu irakurgai.
Mar
27
26

Willem Dafoe antzerkilariaren aurtengo mezua
Aktorea naiz, batez ere zinemako aktore gisa ezaguna, baina sustraiak sakon errotuta ditut antzerkian. The Wooster Group taldeko kidea izan nintzen 1977tik 2003ra bitartean. Antzezlanak sortu eta interpretatu nituen The Performing Garage antzokian (New York), eta birak egin nituen mundu osoan barna.
(gehiago…)
Mar
26
26
1911n Massachusettsen (AEB) jaioa, Elizabeth Bishop gauzen poeta dela esan liteke. Deigarria da zeinen presentzia urria duen niak haren poemetan. Agertzekotan, behatzaile eta erregistratzaile gisa azaltzen zaigu. Haren poesian haurraren begirada harritua eta bidaiariaren jakite-gosea batzen dira. Ingurua behatu, eta xehetasun ñimiñoenak deskribatuz helarazten digu. Haren literaturan ez dago orokorkeriarik, baina xehetasunok ideia eta sentimendu unibertsalez hitz egiteko baliatzen ditu. Eta dena neurritsua eta euste-ahalegin batetik pasarazia bada ere, zirrara bizia sortzen du irakurlearengan. Bishop bakardadeaz eta isolamenduaz mintzo zaigu, inkomunikazioaz, damuez, askatasunaz eta askatasun gabeziaz. Artisauen erara ekarri du Bishopen antologia hau euskarara Leire Vargas Nietok, Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan.

Mar
26
26
1930ean Buenos Airesen jaio zen Juan Gelman, emigratzaile ukrainarren seme. Kartzelan sartu zuten komunistatzat jota, eta, gerora, hainbat herrialdetan ibili zen Montoneroen ordezkari. 1976ko estatu kolpeak atzerrian harrapatu zuen, baina Videlaren erregimenak semea, erraina eta biloba desagerrarazi zizkion, eta horrek, jakina, nabarmen baldintzatu zion bizimodua ez ezik obra poetikoa ere. Sorterrian zein deserrian, Argentina eta zehazki Argentinako herri xehea izan zuen bere poesiaren ardatzean. Bereizi gabe agerrarazi zituen jendearen eguneroko intimoagoaren eta sozialagoaren lirismoa eta denuntzia, dena bat, poesia norbere izatea ez ezik denen errealitatea bera ere eraldatzeko tresnatzat hartuta. Bego Montoriok ekarri du Gelmanen poesia euskarara, fin eta jostari, eta Munduko Poesia Kaierak bildumak argitaratu bere 58. zenbakian.

Mar
24
26
“Zoriona ez dago beti / zerua bai”. Bi lerro horiek bil lezakete Zerua hemen liburuaren ikusmira. Elementu batzuek ardazten dute Oihana Aranaren poema-liburu berria: aitaren heriotzaren ondorena; maitasun berriak, hasierak eta hausturak; mina eta plazera. Zer egin gertatzen diren gauza guztiekin, zer egin gero; behintzat —traizio egin eta— poemak idatzi. Krabelinak banatzen segitzeko, bihotz gainetik arkumea libratu, negar egin, barre, hiriaz beste, esandako berben dardarara itzuli, pozera itzuli. Noiz eta hemen. Osorik irakur dezakezue sarean.

Mar
22
26
1936ko martxoaren 22an bere burua botata hil zen, 21 urte artean bete gabe zituela, Gurutz Sarasola Lotsati. Urtea zeraman olerkiak El Día eta El Pueblo Vasco-n argitaratzen, eta tarte labur horretan ahots indartsu eta partikular baten jabe zela erakutsi zuen. Garaiak eta gertaerek isildua, ezezaguna erabat, Jon Aranok eta Iñaki Segurolak plazaratu zuten 90eko hamarkadan idazle itsasondoarra, eta Alvaro Rabellik Alberdaniarekin argitaratu zuen, 2003an, haren poema guztien bilduma, Lotsati, ilunpetik argira liburuan. Armiarman ere bildu genituen Lotsatiren poemak.
Mar
19
26
Kataluniako literaturan izen ezinbestekoa da Miquel Marti i Pol-ena. Martxoaren 19 batez jaiotako poeta handia, Marta maitea gehien erosi den katalanezko poema-liburua da (euskaraz irakur daiteke, Joxemari Sestorainek itzulia, Denonarteanek argitaratua 2011n). Aurretik literatur aldizkarietara iritsi zen haren ahotsa euskaratua, Goiz-Argi aldizkarian Sabin Muniategik egindako itzulpenekin lehenbizi, eta batik bat Joseba Sarrionandiak euskarari ekarritako hamar poemekin (Maiatz aldizkarian eta Hezurrezko xirulak liburuan), eta Itxaro Bordak itzulitako poemarekin. Hemen irakur daitezke azken bienak.
Mar
16
26
Literatur aldizkarietan eta poema-antologietan ekarria izan da euskarara Cesar Vallejo poeta perutarra, gure literaturako eta poesia itzulpengintzako izen ezagunek ekarria hain zuzen ere: Mikel Lasa, Josu Landa, Edorta Jimenez, Joseba Sarrionandia, Jesus Lete eta Luigi Anselmi. XX. mende hasierako mugimendu abangoardistetan izen handia espainolezko literaturan, 1892ko martxoaren 16an jaioa, Parisen hil zen 1938an, Espainiako gerra bete-betean zela. Durango, Gernika, Bilbo azaltzen dira bere poemetan. Euskaraz argitaratutakoak hemen irakur ditzakezu.
Mar
12
26
Portugalgo literaturako izen handietako bat da Antonio Lobo Antunesena, joan den martxoaren 5ean zendu zena. Lisboan jaioa, medikua ikasketaz eta bolada batez lanbidez, 70etako hasieran Angolako gerra kolonialean jardun zuen eta esperientzia hark asko eragin zion, eta bere obra osoan dago presente.

Eleberri askoren egilea, pertsonaien psikologian barneratzeko maisua, euskaraz Gauzen ordena naturala liburua irakur daiteke, Iñigo Roque Eguzkitzak euskaratua, Literatura Unibertsala bildumaren baitan (Erein-Igela-Alberdania, 2013). Liburu horretako lehen kapitulua eskaintzen dizuegu, autoreari eta bere obrari buruz argigarria den hitzaurrearekin batera.
Mar
10
26
Gerrak planeta astintzen duen garaiotan ez da soberakoa aldarri antimilitarista. 1920ko martxoaren 10ean jaio zen Boris Vian idazleak kantu ezaguna du, Desertorea, Koldo Izagirrek euskaratu zuena, gaur gogoratzeko modukoa.

Euskarara itzuli diren eleberri pare batez gain (Ttu eginen dut zuen hilobietan ezaguna eta Egunen aparra), literatur aldizkarietan hiru pieza irakur daitezke online: Olertin Sabin Muniategik emandako Poema; Susan Joxerra Utretxek euskaratutako Drenkula; eta Antton Azkargortak Ttu-Ttuárako itzulitako Amodioa itsua da.
Mar
10
26
1940ko martxoaren 10ean hil zen Moskun Mikhail Bulgakov. Kieven 1891n jaioa, medikuntza ikasketak egin zituen eta mediku jardun 1920ra bitartean. Fronteko bere mediku esperientzia hainbat narraziotan jaso zuen.

Antzerki lanak idatzi zituen batik bat, ipuin eta eleberriekin batera, eta antzoki zuzendari gisa jardun. Maisua eta Margarita, bere maisulana, bera hil eta 30 urtera argitaratu zuen bere emazteak. Euskaraz irakur daiteke Bulgakov. Begoña Lasak euskaratu eta Barojak argitaratu zuen Mediku baten oroitzapenak liburua, hiru narrazio bilduz, 1988an. Gerora, 2001ean, Literatura Unibertsala bildumaren baitan, Txakur-bihotza euskaratu zuen Jose Moralesek, eta Ibaizabalek argitaratu. Irakurgai dituzu liburu biak.
Mar
05
26

Poeta errusiarretan gailenetako bat izan zen Anna Akhmatova, gaur 60 urte Moskun hil zena. Zenbait adituk akmeismo izeneko mugimendu literarioan sailkatu izan dute; ordura arteko sinbolismoaren kontrakarrean, poesia lurtarragoa eginez. Akhmatovak hizkera poetiko konkretua eta gardena hautatu zuen. San Petersburgoko Tsarskoie Selo aristokrata-auzoan pasatutako gaztaro pindartsuaren eta hasierako arrakastaren ondoren, errotik aldatu zitzaion bizimodua Urriko Iraultzaren ostean, senarraren fusilaketa eta semearen atxiloketarekin batez ere, eta beste zidor batzuk hartu zituen halabeharrez haren poesiak ere. Hein handi batean, heriotza, pairamendua, memoria eta dolua gailendu zitzaizkion maitasunaren gai ardatzari. Euskaraz Laura Mintegik jarri zuen lehenengoz, Ttu-Ttuá aldizkarian, eta gerora Itxaro Bordak Maiatz-en. Hemen irakur daitezke poema horiek. Edukiari ez ezik formari ere erreparatuta, Josu Landak, azkenik, Munduko Poesia Kaierak bildumarako antologia prestatu zuen, online hemen irakur dezakezuna.
Mar
01
26
Duela 30 urte, 1996aren otsailaren 29an amaitu zen, ofizialki bederen, Sarajevoko setioa. 1.425 egun eta gauren ostean. Zuzenean bizi izan zuen Izet Sarajlic idazleak, eta Sarajevoko gerrako bilduma liburuan jaso, Bosniako hiriburuko setioaren eta oro har gerraren poema bidezko kronika eta gogoeta aparta den obran. Hitzen Uberan gunean Sarajlici eskainitako artikuluan haren zenbait poema euskaratu zituen Oier Guillanek, eta gerora Iñigo Astizek zazpi poema itzuli zituen, hemen eskaintzen dizkizuegunak.

Ots
27
26
Poeta eta itsasgizona da Alexander Nerium (Fisterra, 1960), eta bere obran bi lanbide horiek nahasi egiten dira. Bere poesiak itsasoaren gogortasuna, memoria kolektiboa eta bizitzaren igarotzea uztartzen ditu. Itsasoari eskaini dio bizitza eta bere poemetan itsasoa da inspirazio eta bizitzaren metafora. Aintzane Galardik haren sei poema euskaratu ditu galegotik, eta hemen eskaintzen dizkigu.